Francisco Javier Castaños

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Francisco Javier Castaños
Francisco Javier Castaños
Zahartzaroko erretratua, 1848 ingurukoa, Vicente López Portaña margolariak egina.
Datu pertsonalak
Izen osoa Francisco Javier Castaños Aragorri Urioste Olabide
Jaio 1758ko apirilaren 22a
Madril ( Espainia)
Hil 1852ko irailaren 24a
Madril ( Espainia)

Francisco Javier Castaños Aragorri Urioste Olabide (Madril, Espainia, 1758ko apirilaren 22a1852ko irailaren 24a) Espainiako Armadako jenerala eta politikaria izan zen.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madrilen jaio arren, euskal jatorrikoa zen, gurasoak Juan Felipe Castaños Urioste eta Maria Concepción Aragorri Olabide zituelarik, biak ala biak familia onekoak:

Ama Lapurdiko Ainhoa herrian jaioa zen 1723an.[2][3] Amaren aita eta osaba, jatorriz Hendaiako leinu batekoak, merkatari ziren Donibane Lohizunen,[4] baina María Concepción jaio eta segituan Donostiara joan ziren denak bizitzera.[5] Bertan, Aita eta Osabak negozio berria aurkitu eta Pasaian negua igarotzen zuten baleazale lapurtarren untzijabeen Donostiako kontsignatario bilakatu ziren.[6]

Maria Concepción Aragorri bi aldiz ezkondu zen, bi senarrak militarrak eta jatorriz Bizkaiko Enkarterrietako leinu esanguratsuetakoak zirelarik:[7] Lehenbizikoa Sopuerta herriko Manuel Antonio de las Casas y de la Cuadra (1703-1745)[8][9] izan zuen, Donostian kokaturik zegoen Gipuzkoako Marinako intendentea eta José de Urrutia y de las Casas jeneral ezagunaren osaba.[10][11] Baina Manuel hil zenean, 1756an berriz ezkondu zen, oraingoan Portugaleteko Juan Felipe Castaños Uriosterekin (1715-1774).[12]

Castañostarrak izatez Galdamestik zetozen, hain zuzen ere Juan Feliperen aita Francisco aipatu herri horretan jaio eta Portugaletera ezkondu zelarik. 1720an azken herri honetako alkate izan zen. Uriostetarrak berriz Portugalete bertakoak ziren.[13][14][15] Juan Felipek bere karrera profesionala ejertzitoan Donostian hasia zuen, osaba Felipe Urioste Larrazabali lagunduz, zeina Marinako komisario ordenatzaile eta "Indietako" epaile zen.[16] Ondoren, hurrenez hurren, Galdamesko korrejidore,[17] Armadako ordenatzaile, Filipe V.a Espainiakoaren enbaxadore Parmako dukerrian eta amaitzeko, Kataluniako itsas intendente izan zen.[18][19]

Francisco Javier Castañosen familia, bai amaren aldetik eta bai aitaren aldetik, sartu-sarturik zegoen Espainiako goi politika eta ekonomian, Armadan eta administrazio kolonialean: Amaren anaia Simon Aragorri Olabidek (1720-1801) Santanderren jarri zuen negozioa eta 1761ean liburu bat idatzi zuen: Reflexiones sobre el estado actual del comercio en España, oso garrantzitsua izan zena bere garaian.[20] Simon denborarekin bankari garrantzitsu[21] bilakatu ez ezik, Karlos III.aren Ogasun ministro ere izan zen. Azkenik, 1769an Irandako lehen markes izendatu zuen Espainiako errege horrek.[22]

Francisco Javier-ek arreba bat izan zuen: Maria Concepcion Castaños Aragorri (1759-1831),[23] Francisco Luis Héctor de Carondeletekin ezkondua 1777an,[24] hots, Luisiana eta Floridako espainiar lurraldeetako gobernadore eta Quitoko Errege Audientziako lehendakari izango zenarekin.

Beste alde batetik, zenbait anaia eta arrebaorde izan zituen amaren lehen ezkontzatik: Luis de las Casas y Aragorri, Sopuertan jaioa, Kubako gobernadore eta Cádizko kapitain jeneral izan zen. Simon berriz, Londresen enbaxadore. Rosa María, Espainiaren zerbitzura zegoen Alejandro O'Reilly irlandar jeneral ezagunaren emazte izan zen. Engracia Pedro Gómez Iribar-Navarrarekin ezkondu zen, zeina Kataluniako Errege Audientziako epaile izan zen; eta, azkenik, Isabel. Isabel Jeronimo Giron Montezumarekin ezkondu zen, berau besteak beste 1797 eta 1807 bitartean Nafarroako erregeorde izan zen. Beraz, haien seme Pedro Agustín Girón jenerala, Castañosen iloba izango zen.[25] Bukatzeko, Pedro Agustín 1814 eta 1820 bitartean Nafarroako erregeorde izan zen Jose Ezpeletaren alabarekin ezkondu zen, eta besteak beste Francisco Javier Girón izeneko semea izango zuten. Francisco Javierrek Guardia Zibila sortuko zuen 1844ean, artean oraindik bere osaba zahar Castaños bizi zelarik.

Castaños Espainiako Armadan eta politikan horren urrun heltzea ez zen izan beraz salbuespen harrigarria, familiako joera baizik.

Armadako karrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita militarra zenez, Francisco Javier Castaños Madrilen jaio eta laster hasi zen bera ere armadan. 1793an Konbentzio Gerran (1793-1795) parte hartu zuen, zehatz-mehatz Mendebaldeko Pirinioetan. Euskal Herrian honako leku hauetan borrokatu zuen: Urduñan (Bizkaia), Eugin (Nafarroa Garaia) eta San Martzialen (Irun, Gipuzkoa), azken honetan larriki zauritua izan zelarik (bala bat eskuineko belarriaren azpitik sartu eta ezkerrekoaren gainetik atera zitzaion). [26][27] Osaturik, borroka hauen ondorioz mariskal bilakatu zuten.[28]

1802an Ferrol Erresuma Batuaren erasoetatik defenditzeagatik teniente jeneral izendatu zuten. Bi urte geroago, Zamakolada giroan, Castaños lausengatu nahirik Portugaleteko udalaren interesak Madrilgo gortean defenditu zitzan, herri horretako udalak ohorezko alkate izendatu zuen.[29][30]

Iberiar Penintsulako Gerra (1808-1814) hasi zenean, Andaluzian armada sortzeko agindua jaso ondoren bertako kapitain jeneral bihurtu zen, bere azpian zenbait jeneral zituelarik. Handik gutxira, Bailengo guduan (1808ko uztailak 19an) garaipena lortu zuen. Dena den, egia esan ez zen batailan egon eta borrokaren pisua bere meneko Reding eta Coupigny jeneralek eman zuten. Behin bataila amaituta, ikusirik Castañosek garaipenaren meritu guztia soilik berea zela aldarrikatzen zuela, berehala polemika haundia sortu zen, askok garaipenaren meritua Castañosena ez baino Coupigny eta Reding-ena eta bereziki azken honena izan zela esan zutelarik. Gaur egun ere, historialari ugarik uste horixe dute. Horren aurrean, beste batzuek aldiz, taktika Reding-ena bai baina estrategia globala Castañosena zela argudiatzen dute. Edozein kasutan, Espainiako gobernuak Bailengo garailetzat beti Castaños jo izan zuen[31] eta bataila honek emandako prestigioarengatik, armada osoko buruzagi nagusi bilakatu zen. Geroago, Madrileko Batzar Goreneko lehendakari izendatu zuten [32] [ikus Batzar probintzial (Iberiar Penintsulako Gerra)].

1810eko otsailak 1 eta 1810eko maiatzak 29 bitartean Espainia eta Indietako Erregentzia kontseiluko lehendakari izan zen.

1812ko irailak 9an[33], frantziarrak Bilbotik botatzea lortu ondoren, Gabriel Mendizabal jeneralak Bizkaiko Batzar Nagusiak deitu zituen urriak 18rako Bilbon bertan, 1812ko Espainiako Konstituzioaren zina egiteko. Batzar Nagusien gehiengoa ordea, 1808 arte izan zuen botere politikoa berreskuratzearen aldekoa zen eta beraz, Cádiz-era ordezkari batzuk bidali zituen Espainiako Erregentziarekin Konstituzioaren eta Bizkaiko foruen arteko egokitzapena negoziatzeko. Espainiako Erregentziak ordea ez zuen inolaz ere Batzar Nagusien proposamena onartu eta aitzitik Castaños jenerala bidali zuen Batzar Nagusietako desorden horiek zapaltzeko ("reprimir dichos desórdenes"),[34] nahiz eta jeneral hau, egia esan, ideologikoki sobera liberala ez izan eta aitzitik bai ordea joera kontserbadorekoa.[35] Honetaz gain, Probintziako buruari (Antonio Leonardo de Letona) Konstituzioa lehenbailehen eta oso osorik aldarrikatzeko agindu zion.[36][37] Edonola ere, 1812ko abenduak 31ean frantziarrak berriz sartu ziren Bilbon[38] eta Konstituzioaren zina egin gabe geratuko zen momentuz.

Bien bitartean, 1812ko abenduak 4an, Erregentziak espainiar armada erabat berregituratua zuen. Armadako buru goren ordea Arthur Wellesley britainiarra zen (Wellington-go markesa) eta honi ez zitzaion erabat gustatu neurria, ejertzito espainiarrak beste modu batean berrantolatzea proposatu zuelarik. Hala, 1813ko urtarrilak 21ean Erregentziak zenbait aldaketa egin zituen, horren arabera, hortik aurrera soilik lau ejertzito egongo zirelarik. Castañosi hain zuzen ere horietatik azkena zen Laugarren Armadako burutza eman zioten. Armada horren barruan Extremadura, Galizia, Asturias, Santander eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako gerlari taldeak sartzen ziren. Horren ondorioz, besteak beste Gabriel Mendizabal eta Francisco Espoz y Mina euskal jeneralek eta hauen gizonek bere meneko bilakatu behar izan zuten. Castañosen iloba Pedro Agustín Girón berriz haren gertuko laguntzaile izendatua izan zen, armada horretako Estatu Nagusiko buru gisa.[39]

1813ko ekainak 15ean, Gorteen aginduz, Erregentziak Castaños Laugarren Armada espainiarreko buruzagitzatik kendu zuen, Estatuko kontseilari izendatzeko.[40][41] Dirudienez, arrazoi nagusienetako bat zera izan zen, Castañosen liberalismo epelak ez zuela konfiantzik pizten Erregentzian. Bere ordez Manuel Freire jenerala ipini zuten, zeina ideologikoki fidagarriagotzat jotzen zuten.[42] Baina Freire abuztuak 9an baino ez zenez helduko, bien bitartean Castañosek probisionalki buru izaten jarraitu zuen.[43] Hala, probestuz Gasteizko Gudua eta gero (1813-VI-21) frantziarrek ia erabat alde egin zutela Gipuzkoatik, berak zuzendu zituen uztaila amaieran Deban bildutako Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Hauek, uztailak 31ean Espainiako Konstituzioa onartu zuten.[44] Dirudienez, hein batean behintzat Castañosek eginiko presioarengatik izan zen:

"Sabido es, para los versados en la historia del país euskaro, que el general Castaños, en Deva, hizo jurar casi violentamente la Constitución á las Juntas Generales de Guipúzcoa, allí congregadas, llegando hasta presidir varias de las sesiones [Véase la Historia General de Guipúzcoa, de D. Nicolás de Soraluce], para ejercer así mayor presión".[45][46]

Edonola ere, hala jardutean Castaños ez zen bere kabuz ari, Erregentziaren ordenak jarraitzen baizik. Are gehiago, esan daiteke bere jarrera nahiko moderatua edo kontziliadorea izan zela,[47] Gipuzkoako batzarkideek azkenean Espainiako konstituzioaren zina modu anbiguo eta baldintzatu batean egin baitzuten, sortuko zen diputazio berriari konstituzioa eta foruak uztartzeko enkargatuz. Gobernazio ministerioari ez zitzaion hori batere gustatu baina konstituzioa bere osoan ezarri arazteko une aproposago baten zain, momentuz onartu egin zuen.[48][49]

Azkenik, abuztuak 9an Freire jenerala Tolosara heldu zen Castaños ordezkatzera - non une horretan espainiar armadaren koartel nagusia zegoen - eta egun batzuk geroago, abuztuak 18an, azken hau Bilbora abiatu zen, bertan irailak 9 arte egundoko omenaldiak egin zizkiotelarik "Bizkaiko jaurerriko seme" eta "Bailengo garaile" gisa.[50]

Garai beretsuan, Donostiako setioan (1813ko uztailak 7 eta irailaren 8 bitartean), hiri hura suntsitzeko eta donostiarrak hiltzeko agindua eman zuela leporatu zaio.[51][52][53] Hala ere, historialarien arteko iritzi orokorrak dio agindua Castañosek eman izana dokumentatu gabeko zurrumurrua dela. Xabier Alberdi Lonbide, Carlos Rilova Jericó eta Alvaro Aragon Ruano historialarien ustez, agindua segur aski britainiar agintariek eman zuten.[54][55][41][41]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Castaños ideologikoki nahiko kontserbadorea zen baina bere bizitzako konstante bat Madrilgo unean uneko agintariekin - absolutista zein liberal - orokorrean harreman onak izatea izan zen. Zentzu honetan, Angel Fernández de los Ríos politiko, idazle eta historialariak berarengatik honako hitz hauek esan zituen: "Es siempre amigo del que manda, porque está bien con todos los partidos". Dena den, posible da Bailengo garaipen hark emandako prestigioaren ondorio ere izatea.[56]

Fernando VII.a Espainiakoaren agintaldian absolutismoaren alde egin zuenez, Kataluniako kapitain jenerala izan zen.

1825ean Gobernuan hartu zuen parte, eta gero senatari bilakatu.[57]

1833ko uztailak 12an Isabel II.a erreginak Bailengo duke izendatu zuen. Geroago, aipatu erregina oraindik adin txikikoa zenez, Erregentzia Kontseiluko presidente izan zen eta azkenik haren tutore 1844an.

Zentzu honetan, hurrengo urtean Isabel II.ak herpes gaixotasuna harrapatu eta sendatzeko medikuek itsasoan bainatzeko agindu ziotenean, Castaños funtsezkoa izan zen erregina konbentzitzen Donostiara etortzeko. Hiri honetako udala lehenengoa izan zenez Espainiako estatu guztitik Isabel II.a erregin aldarrikatzen (1833), hura Donostiara etortzea bertako elitearentzat nolabaiteko saria zen.[58] Erabaki honek Donostiaren norabide ekonomiko eta soziala aldatuko zuen onerako ala txarrerako.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madrilen hil zen 1852ko irailak 24an 96 urterekin. Ez zen ezkondu eta ez zuen seme alabarik izan, horren ondorioz, Bailengo duke titulua bere iloba Luis Carondelet Castañosek jaso zuen. Honen seme Eduardo de Carondelet y Donado 1851an Portugaleteko lehen markes izendatua izan zen eta bere aita hiltzean, 1869. urtean Bailengo hirugarren duke bilakatu zen. Eduardo de Carondelet honek eta bere emazteak (Jose Manuel Collado oligarka donostiarraren alaba)[59] 1878an Donostiako Aiete baserria eta bere lurrak erosi eta bertan izen bereko jauregi eta parke ezaguna eraiki zituzten.[60]

1861ean Portugaleteko udalak kale bati haren izena eman zion.[61]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Francisco Javier Castaños y Aragorri, Auñamendi Entziklopedia
  2. Juan Castaños Y Urioste y Maria Aragorri Y Olavide, Antepasados de LUIS ANTONIO ORTIZ DE PINEDO ANGULO
  3. Castaños. Los de Bizkaia. Ascendientes del famoso General de la Guerra de la Independencia: Castaños Aragorri, Genealogías vascas
  4. ARAGON RUANO, A.: "Con casa, familia y domicilio". mercaderes extranjeros en Guipúzcoa durante la Edad Moderna (155-200 orriak). Salamanca: Ediciones Universidad de Salamanca. Studia historica. Historia moderna, 31. alea, 2009. 200. orria. [Textu hau eskuragarri dago Internet-en honako helbide honetan: http://dialnet.unirioja.es/servlet/autor?codigo=14744]
  5. ASTIGARRAGA, J.: Las "reflexiones sobre el estado actual del comercio en España" (1761), de Simón de Aragorri: Contenido, estudio de fuentes y primera interpretación. Murtzia: Asociación Española de Historia Económica, 1109. lan dokumentua, 2011ko abendua. 7. orria [Textu hau eskuragarri dago Internet-en honako helbide honetan: http://www.aehe.net/2011/12/dt-aehe-1109.pdf.]
  6. ARAGON RUANO, A.: "Con casa, familia y domicilio". mercaderes extranjeros en Guipúzcoa durante la Edad Moderna (155-200 orriak). Salamanca: Ediciones Universidad de Salamanca. Studia historica. Historia moderna, 31. alea, 2009. 200. orria. [Textu hau eskuragarri dago Internet-en honako helbide honetan: http://dialnet.unirioja.es/servlet/autor?codigo=14744]
  7. Luis de las Casas y Aragorri, Auñamendi Entziklopedia
  8. Caballero De Santiago Manuel Antonio De Las Casas Y De La Cuadra y Maria Aragorri Y Olavide, Antepasados de LUIS ANTONIO ORTIZ DE PINEDO ANGULO
  9. El general Castaños y Portugalete, Monografías históricas de Portugalete
  10. Juan Antonio de las Casas y de Llanera, Geneall.net
  11. Agustina De Las Casas y de La Quadra, Geneall.net
  12. El general Castaños y Portugalete, Monografías históricas de Portugalete
  13. El general Castaños y Portugalete, Monografías históricas de Portugalete
  14. Castaños. Los de Bizkaia. Ascendientes del famoso General de la Guerra de la Independencia: Castaños Aragorri, Genealogías vascas
  15. http://somo.blogcindario.com/2008/04/00130-alcaldes-de-portugalete.html
  16. GARMENDIA ARRUEBARRENA, J.: La Real Compañía Guipuzcoana de Caracas y su contribución en Sevilla (47-58 orriak). Donostia: Eusko Ikaskuntza, Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía, 8. zenbakia, 1986. 51. orria. [Textu hau eskuragarri dago Internet-en honako helbide honetan: http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/vasconia/vas08/08047058.pdf. 51. orria]
  17. Castaños. Los de Bizkaia. Ascendientes del famoso General de la Guerra de la Independencia: Castaños Aragorri, Genealogías vascas
  18. Felipe de Castaños, Auñamendi Entziklopedia
  19. GIMÉNEZ LÓPEZ, E.; MARTÍNEZ NARANJO, J.: La expulsión de los jesuitas de Cataluña (115-136. orriak). Butlletí de la Societat Catalana d'Estudis Històrics, 20. zenbakia. 2009. [Textu hau eskuragarri Internet-en honako helbide honetan: http://www.cervantesvirtual.com/obra-visor/la-expulsion-de-los-jesuitas-de-cataluna/html/891c38bb-ca8e-4b54-b1ae-9810d83fa634_10.html]
  20. ASTIGARRAGA, J.: Las "reflexiones sobre el estado actual del comercio en España" (1761), de Simón de Aragorri: Contenido, estudio de fuentes y primera interpretación. Murtzia: Asociación Española de Historia Económica, 1109. lan dokumentua, 2011ko abendua. [Textu hau eskuragarri dago Internet-en honako helbide honetan: http://www.aehe.net/2011/12/dt-aehe-1109.pdf.]
  21. PUIG-SAMPER,M.; REBOK, S.: Un sabio en la meseta. El viaje de Alejandro de Humboldt a España en 1799. Berlin: Universität Potsdam, Institut für Romanistik, Humboldt im Netz (International Review for Humboldtian Studies), III, 5. zenbakia, 2002. 5. orria. [Textu hau eskuragarri dago Internet-en honako helbide honetan: http://www.uni-potsdam.de/u/romanistik/humboldt/hin/pdf/hin5/rebok.pdf.]
  22. Castaños. Los de Bizkaia. Ascendientes del famoso General de la Guerra de la Independencia: Castaños Aragorri, Genealogías vascas
  23. Juan Castaños Y Urioste y Maria Aragorri Y Olavide, Antepasados de LUIS ANTONIO ORTIZ DE PINEDO ANGULO
  24. María de la Concepción Castaños y Aragorri, Geneall.net
  25. Luis de las Casas y Aragorri, Auñamendi Entziklopedia
  26. Castaños, la gloria de Bailén, ArteHistoria, la página del Arte y la Historia en Español
  27. Francisco Javier Castaños y Aragorri, Auñamendi Entziklopedia
  28. Francisco Javier Castaños y Aragorri, Auñamendi Entziklopedia
  29. La batalla de Portugalete, El Correo, 2008-08-20
  30. Francisco Javier Castaños y Aragorri (1758-1852), Enportugalete.com - El periódico gratuito de Portugalete
  31. http://www.catedrageneralcastanos.org/documentos/18_21_de_noviembre_2008.pdf. 55-56. orriak
  32. Francisco Javier Castaños y Aragorri, Auñamendi Entziklopedia
  33. Liberación de Santander y Bilbao, Guerra de la Independencia en Google Maps
  34. AGIRREAZKUENAGA, J.: Casimiro Loizaga Vildosola: La definición de los principios del régimen Foral de Bizkaia o del régimen constitucional en el marco de la Constitución Española de 1837 para lograr su articulación y compatibilildad (1782-1841). 225-226. orriak. In: Notitia vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako aldizkaria. 2002, 1. zenbakia. [Textu hau honako helbide elektroniko honetan dago: http://www.prosoparlam.org/admin/uploadpdf/b1ce78_Loizaga.pdf]
  35. GUERRERO ACOSTA, José Manuel: 31 de agosto de 1813: Martes de gloria en San Marcial. Valladolid: Galland Books, 2013. 28. orria.
  36. AGIRREAZKUENAGA, J.: Patrones de resiliencia comunitaria: De las Juntas Generales al Parlamento Vasco (1812-1980). Galeusca-Historia. II Kongresua. Bilbo: Uztailak 2-4, 2012. 5. orria. [Testu hori honako helbide elektronikotik jeitsi daiteke: http://galeuscahistoria.com/textos2.php])
  37. GARCÍA DE CORTÁZAR, F.; MONTERO, M.: Historia de Vizcaya. De los orígenes, la Edad Media y el Antiguo Régimen, a los siglos XIX y XX. Donostia: Txertoa, 1994. 181-182 orriak.
  38. Liberación de Santander y Bilbao, Guerra de la Independencia en Google Maps
  39. GUERRERO ACOSTA, José Manuel: 31 de agosto de 1813: Martes de gloria en San Marcial. Valladolid: Galland Books, 2013. 24-25. orriak.
  40. "El 12 de agosto fue relevado del mando del cuarto ejército español el General Castaños, por haberle llamado las Córtes á desempeñar su plaza de Consejero de Estado, sucediéndole el Mariscal de Campo Manuel Freire, y destinado al ejército de Cataluña al de igual clase Don Pedro Agustin Giron, Comandante general del Centro. Castaños, que conoció el pretesto con que la Regencia le separaba del mando, escribió en estos términos al Ministro de la Guerra: "Tengo la satisfacción de entregar al Mariscal de Campo Freire, sobre la frontera de Francia, el mando del ejército que he tomado en Aldea Gallega, delante de Lisboa". (MUÑOZ MALDONADO, JOSE: Historia política y militar de la Guerra de la Independencia de España contra Napoleon Bonaparte desde 1808 á 1814. Tomo III / escrita sobre los documentos auténticos del gobierno por el Dr. D. José Muñoz Maldonado. Madril: Imprenta de D. José Palacios, 1833. 420. orria) [Testu hau eskuragarri dago Internet-en honako helbide honetan: http://books.google.es/books?id=_8dCAAAAYAAJ&printsec=frontcover&hl=es&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false].
  41. a b c Carlos RILOVA JERICÓ, Alvaro ARAGON RUANO:«La penúltima campaña de las guerras napoleónicas (V). El 14 de julio y el general Castaños», El correo de la historia, 2013-07-15.
  42. GUERRERO ACOSTA, José Manuel: 31 de agosto de 1813: Martes de gloria en San Marcial. Valladolid: Galland Books, 2013. 28. orria.
  43. Castaños y Aragoni, Francisco Javier. Duque de Bailén (1758-1852), MCNBiografías
  44. SORALUCE Y ZUBIZARRETA, Nicolás: Historia General de Guipúzcoa. [Lourdes Soria Sesé-ren argitalpena]. Donostia: Fundación para el estudio del derecho histórico y autonómico de Vasconia. Textos jurídicos de Vasconia. Gipuzkoa, 2. zenbakia, 2011. 621-622. orriak. [Textu hori eskuragarri dago Internet-eko honako helbide honetan: http://fedhav.eu/sites/default/files/TJV-Guipuzkoa-2-Soraluce.pdf.]
  45. SORALUCE, Pedro María: Cartas inéditas referentes al sitio, bombardeo y destrucción de San Sebastián. Madril: Boletín de la Real Academia de la Historia. Tomo XXXI, Cuaderno V, 1897. 360. orria. [Textu hori honako helbide elektroniko honetatik jeitsi daiteke: http://www.cervantesvirtual.com/obra/cartas-inditas-referentes-al-sitio-bombardeo-y-destruccin-de-san-sebastin-0/]
  46. J. Agirreazkuenagak ere antzeko gauza dio: "La sensación de algunos alcaldes fue que la jura se realizó con algunas reservas. El alcalde de Aya preguntaba a la Diputación que "Tengo entendido que el juramento que se prestó al por al Junta General fue con ciertas reservas (...)" (AGIRREAZKUENAGA, J.: Patrones de resiliencia comunitaria: De las Juntas Generales al Parlamento Vasco (1812-1980). Galeusca-Historia. II Kongresua. Bilbo: Uztailak 2-4, 2012. 8. orria. [Testu hori honako helbide elektronikotik jeitsi daiteke: http://galeuscahistoria.com/textos2.php])
  47. ARAGÓN RUANO, A.; GUERRERO ACOSTA, J.M.: «¿Héroe o villano? El papel del general Castaños». In: 2013. Suplemento sobre el bicentenario de la quema de San Sebastián. Diario Vasco, 2013-VIII-31.
  48. AYERBE IRIBAR, Mª Rosa: El gobierno de Gipuzkoa: Entre la tradición y el cambio (1808-1814). Iura Vasconiae, 8/2011. 437. orria. [helbide elektroniko honetan eskuragarri: http://fedhav.eu/sites/default/files/Iura%208_385-460-Ayerbe.pdf]
  49. SÁNCHEZ ARRESEIGOR, Juan José: El primer constitucionalismo vasco. Historia Contemporánea 35, 2007. 776-777 orriak. [Helbide elektroniko honetan eskuragarri: http://www.ehu.es/ojs/index.php/HC/article/viewFile/4123/3673]
  50. Carlos RILOVA JERICÓ, Alvaro ARAGON RUANO: «La penúltima campaña de las guerras napoleónicas (y XIII). Un balance histórico sobre un Bicentenario», El correo de la historia, 2013-09-09.
  51.   Miranda de Lage-damon, Paloma, «Donostia-San Sebastián (historia: época moderna). Declaraciones testificales juradas», Auñamendi Entziklopedia, http://www.euskomedia.org/aunamendi/45923/35138 .
  52. «Primer manifiesto del Ayuntamiento de Donostia del 7 enero 1814».
  53. Antonio MENDIZABAL ETXEBERRIA: Donostia, 1813ko abuztuak 31n, Egunkaria, 2001-VIII-31
  54. Xabier ALBERDI LONBIDE, Carlos RILOVA JERICÓ: «Novedades históricas para el 31 de agosto de 2010», Los papeles de Pedro Morgan, 2010-08-31.
  55. Carlos RILOVA JERICÓ, Alvaro ARAGON RUANO: «Decidnos, ¿quién quemó realmente San Sebastián en el año 1813?. Algunas reflexiones sobre la Historia y la Pseudohistoria a partir de un libro de Iñaki Egaña», El correo de la historia, 2012-09-03.
  56. http://www.catedrageneralcastanos.org/documentos/18_21_de_noviembre_2008.pdf. 57. orria.
  57. Espainiako senatuaren webgunea
  58. El palacio de Aiete, El Diario Vasco, 2006-XI-19
  59. http://www.geneall.net/H/per_page.php?id=617944
  60. El palacio de Aiete, El Diario Vasco, 2006-XI-19
  61. La batalla de Portugalete, El Correo, 2008-08-20

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francisco Javier Castaños Aldatu lotura Wikidatan