Frank Herbert

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Frank Herbert
Frank Herbert - 1984.jpg
Bizitza
Izen osoa Frank Patrick Herbert
Jaiotza Tacoma1920ko urriaren 8a
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Heriotza Madison1986ko otsailaren 11 (65 urte)
Heriotza modua berezko heriotza: pankreako minbizia
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Heziketa Washingtongo Unibertsitatea
Hizkuntzak Amerikar ingelesa
Jarduerak
Jarduerak idazlea, eleberrigilea, argazkilaria, kazetaria eta zientzia-fikzio idazlea
Lan nabarmenak Dune novel series
Jasotako sariak
Genero artistikoa Zientzia-fikzioa
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkak Bigarren Mundu Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Erromatar Eliza Katolikoa
IMDb nm0378541

Frank Patrick Herbert (1920ko urriaren 8a - 1986ko otsailaren 11) zientzia-fikzio idazle estatubatuarra zen, batez ere Dune, zientzia-fikzio lan ospetsua idazteagatik ezagutzen duguna.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tacoman (Washington) jaioa lan mota ugaritan jardun zuen idazle izan aurretik, hala nola, argazkilari, telebista kamara, irrati aurkezlea, kontalari etab. Famili txiro eta desegituratukoa izanik oso gazte hasi zen lanean eta ezin izan zen Unibertsitatera joan 25 urte izan zituen arte. Bertan, literatur eskola batzuetan, bere bigarren emaztea izango zena ezagutu zuen, biek ipuin batzuk argitaratuak zituztela[1].

1949. urtean Herbert eta bere emaztea Kaliforniara joan ziren bizitzera Santa Rosa Press Democratean lan egitera. Hurrengo hamarkadan Frank Herbertek San Francisco Examiner aldizkarian aritu zen erredaktore eta editore lanetan. 1952. urtean hasi zen bere lehen zientzia-fikzio kontakizunak argitaratzen eta 1955an lehen nobela ere, The dragon in the sea, kritikariak alde izan bazituen ere ez zena ondo saldu. Garai hauetan Frank Herbertek Oregoneko hondar dunei buruzko artikulu bat idazteko hasi zituen informazio bilketak bere maisu lanaren hazia bihurtu ziren eta 1959an hasi zen Dune lana idazteko behar zen ikerkuntza. Idazteari buru-belarri ekiteko Beverly, bere emaztea, lansaio osora itzuli zen saltoki handien publizitate idazle bezala 1960. hamarkadan familiaren sostengu bilakatuz[2].

Dune idazten eta ikertzen Frank Herbertek sei urte eman zituen, zientzia-fikzio lan komertzial baterako espero zena baina askoz ere gehiago.

Hasieran Dune zatituta hasi zen argitaratzen 1963 eta 1965 artean. Hainbat argitaletxetan aurkeztu bazuen ere ia hogeietan atzera bota zuten 1965ean Chilton Book Companyko editore batek liburu batean argitaratzeko eskubideak erosi zituen arte.

Dunek publiko eta kritikarien artean erabateko arrakasta lortu zuen, Hugo[3] eta Nébula[4] sari entzutetsuaz gain. 1972tik aurrera Herbertek denbora osoa idazle lanari eskaini zion eta liburu asko idazteaz gain bere ideia ekologikoak bultzatu zituen. Dune beste bost nobelekin handitu zuen hil baino lehen eta, gerora, beste idazle batzuek jarraitu zuten haren lana.

Frank Herberten psikologia eta ekologia ardurak argi ikusten dira bere lanetan. Bere bizitzako azken hogei urteetan bere familiarekin “landetxe biologiko” batean bizi izan zen naturarekin bat egiten eta bizitzeko behar zuena sortzen, lehenbizi Washingtonetik gertu eta geroago Hawaiin[5].

Dune[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduan gehien saldutako nobelen artean dago eta zientzia-fikzio lanetan ekologia jendarteratu zuena da. Eleberri honetan ekologiaz gain, giza-espeziearen bizi-iraupenari buruz, eboluzioaz eta erlijio, politika eta boterearen arteko elkarreraginari buruz dihardu.

Nobela urruneko etorkizunean gertatzen da, Inperial Galaxia feudal batean. Arrakis edo Dune izeneko planeta lehor batean Inperioarentzat behar beharrezkoa den Melange espezia Fremen izeneko basamortuko herriak jasotzen du. Boterea Enperadorea eta hainbat Etxe Nagusiren artean banatzen da eta hauetako batean Paul Atreides jaiotzen da, batzuen esanetan Fremen herriarentzat mesias, diktadore eta martiri izatera deitua dagoena[2].

Film egokitzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

David Lynchek 1984ean Dune pantaila handira eraman zuen[6]. Zenbait zale eta kritikarien gustukoa izan ez arren Oscar sarietarako izendatua izan zen eta denborarekin gurtzazko pelikula bihurtu zen. Frank Herbert bera ere nahiko pozik azaldu zen egindako egokitzapenarekin.

Aurrerago, 2000. urtean, Sci-Fi telebista kateak minisail bat egin zuen Frank Herbest's Dun[7] izenekoa eta 2003an Frank Herbert's Children of Dune[8]. Bi sailek Emmy Sariak lortu zituzten.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere lan asko serie-argitalpen moduan argitaratu ziren hasieran eta gerora liburu bezala. Hurrengo zerrendan datozen datak liburuaren argitalpenari dagozkio[9].

Dune[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Dune, 1965
  • Dune Messiah, 1969
  • Children of Dune, 1976
  • God Emperor of Dune, 1981
  • Heretics of Dune, 1984
  • Chapterhouse: Dune, 1985

Brian Herbertek, Frank Herberten semeak, eta Kevin J. Anderson idazleak Dune saga luzatu dute Frankek idatzitako anotazio eta eskema batzuk kutxa itxi batean aurkitu eta gero. Dunen azaltzen diren gertaeren aurretiko historia kontatuz bi lan osatu dituzte (Prelude to Dune eta Legends of Dune) eta bi ondorengo (Hunters of Dune eta Sandworms of Dune) lan osoari amaiera emateko. Beste zenbait liburu ere idatzi dituzte Dune unibertsoan hainbat arlo jorratuz[10].

Beste nobelak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • The Dragon in the Sea, 1956. Under Pressure eta 21st Century Sub izenburupean ere argitaratua.
  • The Green Brain, 1966
  • The Eyes of Heisenberg, 1966
  • Destination: Void, 1966, 1978an berraztertua
  • The Heaven Makers, 1968
  • The Santaroga Barrier, 1968
  • Whipping Star, 1970
  • Soul Catcher, 1972
  • The Godmakers, 1972
  • Hellstrom's Hive, 1973
  • The Dosadi Experiment, 1977
  • The Jesus Incident (Bill Ransomekin elkarlanean), 1979
  • Direct Descent, 1980
  • The White Plague, 1982
  • The Lazarus Effect (Bill Ransomekin elkarlanean), 1983
  • Man of Two Worlds (Brian Herbertekin elkarlanean), 1986
  • The Ascension Factor (Bill Ransomekin elkarlanean), 1988
  • High-Opp, 2012
  • Angels' Fall, 2013
  • A Game of Authors, 2013
  • A Thorn in the Bush, 2014

Hauez gain istorio labur asko idatzi zituen, banaka naiz ale bakarrean bilduta argitaratuak, fikziozkoak ez ziren liburuak, saiakerak eta nabarmendutako artikuluak ere[9].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BBC Edited gide entry (Ingelesez)
  2. a b Dune, 50 years on: how a science fiction novel changed the world The Guardian,2015eko Uztailaren 3a (Ingelesez)
  3. Hugo Sariak 1965 (Ingelesez)
  4. Nebula Sariak 1965 (Ingelesez)
  5. Frank Herbert: Science Fiction Author Frank Herberti elkarrizketa (Ingelesez)
  6. Pelikularen fitxa IMBD (Ingelesez)
  7. Minisailaren fitxa IMDB (Ingelesez)
  8. Minisailaren fitxa IMDB (Ingelesez)
  9. a b Herberten bibliografia ISFDB (Ingelesez)
  10. The sons of Dune Brian Herbert eta Kevin Andersoni elkarrizketa (Ingelesez)