Frankismoko azken exekuzioak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Frankismo garaiko azken exekuzioak
1975 urtean izandako frankismoaren azken exekuzioak gizarte-erreakzio bizia sorrarazi zuten. Irudian, 2011 urtean haien alde eginiko omenaldiaren irudia
Noiz1975eko irailaren 27an
NortzukETAko Juan Paredes Manot (ezizenez, Txiki) eta Angel Otaegi kideak eta FRAPeko Xosé Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz
EstatuburuaFranco
NolaFusilatuta
SalaketaTerrorismoa

Frankismoaren azken exekuzioak 1975eko irailaren 27an, Francisco Franco hil baino aste batzuk lehenago, frankismoak betearazi zituen azken heriotza zigorrak izan ziren. ETA erakunde armatuko Juan Paredes Manot (ezizenez, Txiki) eta Angel Otaegi kideak, FRAP erakunde armatuko Xosé Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz kideekin batera fusilatu zituzten, guda-kontseilu batean epaitu ondoren. Fusilatzeak gizarte erreakzio eta protesta biziak eragin zituen Euskal Herrian, Espainian eta nazioartean. Ezker Abertzaleak bere Gudari Eguna fusilatze horien egun berean ezarri zuen, haien omenez.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1975eko uda amaieran, hainbat gerra-kontseilu zeuden egitear eta horietako batzuk heriotza-zigorra ekartzeko bidean. Alde batetik, Jose Antonio Garmendia eta Angel Otaegi eta,bestetik, Eva Forest, Durán eta María Luz Fernández tartean zeuden Madrilgo Correo kaleko atentatuaren sumario militarra. Carrero Blancoren atentatuaren aurkako epaiketa eta 1973ko maiatzaren 1ean polizia bat hil zen manifestazioan parte hartutako FRAPeko kideen aurkakoak ere tartean zeuden.

Terrorismoari aurrea hartu nahi ziola-eta, abuztuaren 26an, Estatuko buruzagitzak 10/1975 dekretua atera zuen, terrorismoari lotutako prezepto prozesal eta penalak txertatzen zituena. Terrorismoari aplikatzen zitzaion heriotza zigorra aurreko legeetan zegoen, jada, baina oraingoan ukitu berezi bat ematen zion:

«

Atxilotu bat aginte judizialaren esku jartzeko epea luzatzeko aukera egon daiteke, ikerketaren beharrek hala eskatuz gero, atxiloketaren ondorengo bosgarren eguna igaro arte eta hamargarren egunera arte, azken kasu honetan, entrega egin behar zaion epaileak horrela baimentzen badu. Baimen honen eskaera idatziz azaldu beharko da eta oinarri dituen arrazoiak azalduko ditu[1]

»

Gerra-kontseiluak eta kondenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 28an, gerra-kontseilu arrunta egin zen Burgosen. ETA politiko-militarreko kide Jose Antonio Garmendia Artola eta Angel Otaegi Etxebarriari heriotza zigorra esleitu zieten, 1974ko apirilaren 3an Gregorio Posadas Zurrón goardia zibila Azpeitian hil zutela-eta. Justizia Militarreko kodearen 294.a bis b) 1.a artikuluaren arabera, Garmendiak egin zuen atentatua eta Otaegik, berriz, prestakuntzan lagundu zion eta horregatik kondenatu zituzten. Garmendia atxilotua izan zen unean buruan jotako bala batek larri utzi zuen eta, egoera horretan egon zen inkomunikatuta hiru hilabetez[2]. Garmendiari heriotza zigorra kommutatu zioten eta kartzela zigorra bete behar izan zuen; Otaegi, berriz, Burgosen[3][4] exekutatu zuten.

Irailaren 19an, gerra-kontseilu sumarisimoa egin zioten Bartzelonan Juan Paredes Manot ETA politiko-militarreko kideari, ekainaren 6an Santander banketxeko sukurtsalean eginiko lapurretan, Ovidio Díaz López polizia hil zuelako. Heriotza zigorra esleitu zioten eta Bartzelonan fusilatu[4].

Irailaren 11 eta 12an, FRAPeko kideen aurkako gerra-kontseilu sumarisimoa egin zen Madrilen. Arrazoia 1975eko uztailaren 14an egindako atentatua izan zen, Lucio Rodríguez poliziaren hilketa, alegia. Bost kide epaitu zituzten eta haietako hiru heriotza zigorrera kondenatu. Manuel Blanco Chivite eta Vladimiro Fernández Tovar barkatu eta kartzela zigorra bete behar izan zuten, baina José Humberto Baena Alonso Hoyo de Manzanaresen (Madril) fusilatu zuten. Epaitutako beste bi kideek ere kartzela zigor handiak jaso zituzten: 30 urte Pablo Mayoral Ruedak eta 25 Fernando Sierra Marcok.

Aurrekoaren egoitza berean -El Goloso-, irailaren 18an, beste gerra-kontseilu sumarisimoa egin zen abuztuaren 16an Carabanchelen Antonio Pose Rodríguez goardia zibila hil zuten FRAP-eko militanteen aurka. José Fonfrías Díaz 20 urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten eta beste 5 kide heriotza zigorrera, baina haietako hiru barkatu zituzten eta kartzelara bidali: Concepción Tristán López eta María Jesús Dasca Pénelas (haurdun zeudelako biak) eta Manuel Cañaveras de Gracia. Beste biak, berriz, Ramón García Sanz eta José Luis Sánchez-Bravo Solla, fusilatu egin zituzten Hoyo de Manzanaresen.

Beraz, hamaika pertsonak jaso zuten heriotza zigorra. Hala ere, irailaren 26ko Ministro-kontseiluak kondenatutako sei barkatu zituen eta beste bostei ezarritako zigorrak betetzeko agindu. Exekuzioak biharamunean egin ziren.

Fusilamenduak bertan behera uzteko saiakerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saiakera asko egin ziren exekuzioak bertan behera uzteko. Bartzelonako Abokatu Elkargoan protesta bat baino gehiago egon zen eta Vatikanoak ere mugimenduak egin zituen. Paulo VI.ak klementzia eskatzen zuen mezua bidali zuen. Suediako lehen ministro Olof Palme Stockholmeko kaleetara atera zen, kondenatuen familientzako laguntza eske. Nicolás Franco diktadorearen anaiak ere ondo pentsatzeko eskatu zion eta Otaegiren amak Jubany kardenala, Iniesta apezpikua eta Vicente Enrique y Tarancón kardinala bisitatu zituen.

Exekuzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irailaren 27an bete ziren indultua ez zuten jaso heriotza zigorrak. Bartzelonan, hil zuten 21 urte zituen Juan Paredes Manot, Txiki eta Burgosen, berriz, 33 urteko Angel Otaegi, biak ETA politiko-militarreko militanteak. Hoyo de Manzanaresen (Madril), berriz, 22 urteko José Luis Sánchez Bravo, 27ko Ramón García Sanz eta 24ko José Humberto Baena Alonso hil zituzten, FRAP-ekoak denak.

Hoyo de Manzanaresen fusilamenduak hamar goardia zibil edo polizi, sarjentu bat eta teniente batek osatzen zituzten hiru tropelek egin zituzten, denak borondatez. 09:10ean, poliziek Ramón García Sanz fusilatu zuten. Handik hogei minutura, José Luis Sánchez Bravo eta, handik gutxira, Xosé Humberto Baena. 10:05ean, dena bukatuta zegoen, jada. Exekuzio publikoa zen, baina familiak ezin izan zuen bertan egon. Erretorea izan zen gertuko bakarra eta horrela kontatu zuen une latz hura:

« Piketeetan parte hartu zuten polizia eta goardia zibilez gain, beste asko iritsi ziren autobusez. Xaxatzeko etorri ziren eta, asko mozkortuta zeuden. Fusilatutako batia azken igurtzia ematera hulbildu nintzionean, oraindik bizirik zegoen. Pelotoi buru zen tenientea inguratu zen eta azken tiroa eman zion, apartatzeko denborarik eman gabe niri. Odolak zipriztindu ninduen.[5] »

Goiz hartan bertan eman zien lur hiru gorpuei Hoyo de Manzanaresen. Geroago, Sánchez Bravoren hondakinak Murciara eraman ziren eta García Sanzenak, berriz, Madrilgo kanposantu zibilera.

Protestak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heriotza zigorren aurkako protestak Alemanian

Irailaren 26an Ministroen kontseiluak aho batez eta Francisco Francoren ildoak jarraituz ,11 heriotza zigorretatik 5 aurrera eramatea erabaki zuenean, zirrara ez zen nolanahikoa izan. Hala ere, Espainiako prentsak erregimenaren eskuzabaltasuna goraipatu zuen, 6 indultuak eman zituelako eta, Hubo clemencia izenburupean, erregimenari men egiten zion, inongo erreparorik gabe.

Salbuespen egoeran zegoen Euskal Herrian, greba orokorrerako deia egin zuten eta arrakastaz jarraitu zioten, paroak zabaldu ziren espainiar hiri askotan eta exekuzioak kondenatzen zituzten protestak mundu osoan.

Chistian Grobet suitzar abokatuak epaiketetan izandako irregulartasunak salatu zituen. Txikiren gerra-kontseiluan behatzaile izan zen Giza-Eskubideen Nazioarteko Federazioaren eta Giza-Eskubideen aldeko Suitzar Ligaren izenean eta horrela zion irailaren 12ko informean:

« Espainiako epaiketak jarraitzen dituenetik, behean sinatzen duen honek ez du sekula, epaiketa simulakro baten aurrean dagoen inpresioa hain garbia izan, salatuen etorkizunean erreparatzen badugu, gezur siniestro bat.[6] »

Luis Echeverría Mexikoko lehendakariak Espainia Nazio Batuen Erakundetik botatzea eskatu zuen eta mendebaldeko 12 herrialdek enbaxadoreak erretiratu zituzten Madrildik. Hiri bat baino gehiagotan, manifestariek espainiar enbaxadari eraso egin zioten eta Lisboakoa, adibidez, erre egin zuten.

Erregimenak manifestazio erraldoiarekin erantzun zuen, elkartasuna erakutsiz. José Ignacio San Martín teniente koronelak prestatu zuen eta fisikoki oso ahul agertzen zen Francisco Franco -azken agerraldi publikoa izango zuen-, orduan Asturiasko printze zen Joan Karlos Borboikoaren ondoan.

« Espainian eta Europan gertatzen dena konspirazio masoniko-ezkertiar baten ondorio da, sozialki subertsio komunista-terrorista batez lagunduta; gure ohore; haien lotsa.[7] »

Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irailaren 27a larunbata zen eta 3 egunerako greba orokorra hasi zen. Erantzun zabala izan zuen, 200.000 langilek egin zutela estimatzen baita. Hirugarren greba orokorra zen irail horretan eta abuztuan ere izan ziren protestak. Salbuespen egoeran zeuden Bizkaia eta Gipuzkoa, baina lantegiak geratu egin ziren, dendak eta tabernak itxi eta arrantza-ontziak kaian geratu. Manifestazioak izan ziren herri garrantzitsuenetan eta Poliziak eta Goardia Zibilak erreprimitu zituen, benetako munizioa erabiliz.

Hiletak egin ziren euskal herri gehienetan eta, irailaren 30eko 19:00etan, Donostian, Artzain Onaren katedralean Setien gotzainak egin zuen, 30 apaizen ondoan. Ezin izan zuten egin, poliziak hartu baitzituen enparantza eta eliza. Hala ere, jendetza bildu zen eta iskanbila gogorrak izan ziren ordu txikietan ere. Bala tiroak izan ziren eta haur bat zauritu zuten.

Greba orokorreko hiru egunak protesta orokor bilakatu ziren Euskal Herriko herri eta hirietan. Gobernuaren erantzuna Polizia eta Goardia Zibilaren errepresioa izan zen, baina ondo kostata isilarazi zituzten[2].

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]