Frantzia Askea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Frantzia Askearen Gobernua
Gouvernement de la France Libre
Gouvernement de la France Combattante (1942tik)
1940 – 1944
Erbesteko gobernua

bandera

armarria


Ereserkia

[[Fitxategi:La Marsellesa
|280px]]
Vichy france map.png
Geografia
Hiriburua Paris
Erbestean: Londres, Aljer
Kultura
Hizkuntza(k) Frantsesa
Historia

Frantzia Askearen Gobernua, frantsesez Gouvernement de la France Libre, edo, besterik gabe, Frantzia Askea, erbestean 1940an, Charles de Gaullek sortu zuen gobernuaren izena da. Erbesteko hiriburua Londresen lehen eta Aljerian ondoren izan zuen. 1942ko uztailaren 13tik izena Gouvernement de la France Libretik Gouvernement de la France Combattante izatera pasa zen.

Frantzia Askea Charles De Gaulle jeneralak erbestetik sortu zuen Londresen, 1940 ekainaren 18an, BBC bitartez, borrokoan jarraitzeko frantziarrei egin zien deialdiaren ondoren. Deialdi hori 17an, bezperan, Philippe Pétainek, III. Errepublikaren gobernu-buruak egin zuenaren erantzun zuzena izan zen; Petainek, alemanarrekin armistizioa negoziatzen zuen bitartean Frantziako Armadari borrokak gelditzeko eskatu zion. Ekainaren 22an Petainek Alemaniarekin menia sinatu zuen.

Ondoren, uztailaren 10ean, Vichyn bildutako Assemblée Nationalek konstituzio berri bat idazteko eta botere guztia Pétainen eskuetan uzteko lege berri bat onartu zuen. Uztailaren 11an Pétainek bere burua «Frantziar estatuaren burua» izendatu zuen, Vichyko Erregimenari hasiera emanez. Egun berean Charles de Gaullek Pétainen gobernua ilegitimotzat jo zuen eta Frantziako Askearen Conseil de défense de l'Empire gobernua sortu zuen; gobernu honen agindupean zegoen armada, bestetik, Forces françaises libres (FFL) izena hartu zuen.[1]

1943ko ekainaren 3an Frantzia Askea "Comité français de Libération nationale (CFLN)" zelakoan integratu zen eta 1943ko abuztuan "Frantziar Indar Askeak" Armée française de la Libération-en.

Frantzia Askearen sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charles de Gaulle jenerala.

Frantzia Askea Charles de Gaulle jeneralaren alemanen aurkako benetako enbido pertsonala izan zen. Hasierako ideia Erresuma Batuko kostaldetik borrokarekin jarraitzea izan zen. Ekainaren 18tik aurrera pertsonaz pertsona proposamenaren aldeko jarrera bera hartzen joan ziren. 1940ko ekainaren 28an Winston Churchill, Erresuma Batuko Lehen Ministroak, jenerala "gerran jarraitzen duten frantsesen agintaria" bezala onartu zuen. Une hartan Erresuma Batuan militar frantses asko zeuden, batzuk Dunkerketik helduak, bestetzuk Norvegiatik, baina borrokaren alde definitu zirenak gutxiengo bat izan zen; gehienek Frantzia okupatura itzultzea onartu zuten. Hiru mila inguru izan ziren de Gaullen aldeko jarrera hartu zutenak.

Frantzia Askeak sinbolo bezala Lorrenako Gurutzea hartu zuen.

1940ko udan gazte asko bolondres moduan aurkeztu ziren. Une hartan de Gaullen haientzat erresistentziaren ikurra zen. Jeneralak gazte haiek ofizialak bezala prestatzeko, 1941ko otsailan, École des Cadets de la France Libre sortu zuen. Oso gazteak ziren borrokarako baina gerorako prestatuak nahi zituzten. Gazte haien ardura Charles Laurent sindikalistaren lagunak ziren Colin Kroniq-ek eta Pierre Zedou-k hartu zuten.

Frantziar Indar Askeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzia Askearen itsas armada 1940an.

Frantsesez: Forces Françaises Libres edo FFL, Bigarren Mundu Gerran 1940ko ekainaren 22ko armistizioaren eta Alemaniaren okupazioaren ondoren Ardatzaren aurka borrokatzen jarraitu zuten frantziar soldaduak izan ziren.

Armada bakarra baino zenbait gudaroste ezberdin izan ziren. Nagusia eta famatuena Charles de Gaullek sorturiko erakundea bazen ere, Tunisian 1943ko hasieran Henri Girauden zuzendaritzapean borrokatu zuen armadak ez zuen de Gaullekin harremanik[2].

1940ko uztailaren 1an De Gaullek lurreko lehen legioa sortu zuen. Partaideak Norvegiatik joandako espedizio taldearen 1.300 soldadu eta berez izena eman zuten pertsonak ziren. Abuztuaren 15ean 2.721 gizon zituen, tartean 123 ofizial. FFL barruan ere, 1940. urtean, beste bi sail sortu ziren: Forces aériennes françaises libres, batetik, 300 hegazkilari Erresuma Batuan eta 100 inguru Erdialdeko Ekialdean, eta Forces navales françaises libres, uztailaren 15ean, 882 soldadu zituena, tartean 30 ofizial.[3] Émile Muselier itsas indarren eta, probisionalki, aireko indarren komandantea izendatu zuten. Halaber, de Gaullek Frantzian zehar espioi eta sabotaje sarea sortu zuen, Bureau central de renseignements et d'action (BCRA) zelakoa; sarea Passy koronelaren agindupean zegoen.

Gobernu autoritatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

De Gaulle jeneralak berehala Frantzia Askearen instituzioak sortzeari ekin zion. Egoera ahulean zegoen zeren eta Vichyko gobernuak britainiarren txontxogilo bezala erakutsi nahi baitzuen. Gobernu berria ezartzeko Londresen aldizkari ofiziala sortu zuen, Bulletin officiel des Forces françaises libres alegia. Aldizkaria lehen aldiz 1940ko abuztuaren 15ean plazaratu zen. Lehen zenbakian publikazioaren eta sortzen ari zen administrazioaren behin-behinekotasuna adierazten zuen, Frantzia etsaiengandik libre gelditu arte jarraitzeko asmoz. 1941ko urtarrilatik aldizkari ofizialak Frantzia Askatuaren antolaketarako lege eta aginduak argitaratzen zituen, hau da, haren oinarri legalak. Lan horretan de Gaullek René Cassinen laguntza izan zuen.

Arazo ekonomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940 abuztuaren 7an Charles de Gaullek eta Erresuma Batuak Frantziako koloniak eta Frantziaren independentzia babesteko ituna sinatu zuten. Halaber, Gobernu Britaniarrak Frantzia Askea ekonomikoki laguntzeko konpromezua hartu zuen ere. Ideia De Gaulleri ez zitzaion gehiegi gustatzen eta nahiago izan zuen jasotzen zituen diru kopuruak prestamo moduak jaso, ondoren, gerra bukaeran itzultzeko konpromesuarekin. Beste modu batez egin izana arriskutsua izan omen zen zeren eta erregimen berriaren britaniarrekiko menpekotasuna bezala ulertuko baitzen. Berez, horrela egin zen eta gobernu berriak gerra bukatu aurretik, dena ordaindu zuen.

Frantzia Askeak bazuen diru iturri batzuk: kolonia asko haien alde zeuden eta ekoiztutako produktuek dirua ematen zuten. Halaber, Galesen arrantza-itsasontzi frantsesek lan egiten zuten eta hori beste iturri bat zen. Azkenik, frantsesek britaniarrei merkataritza ontziak alokatu zizkieten.

Charles de Gaullentzako gai hauek garrantzi handia zuten. Uneoro, Erresuma Batuaren Gobernutik kanpoko errealitatea zela erakutsi behar zuen zeren eta Vichyko Frantziak haren urrats guztiak kontrolatzen zituen eta haren aurkako propaganda bezala erabil zezakeen edozein hankasartzea. Pétainenen Gobernuak Gestaporen laguntza zuen lan horretan. Haien helburua Frantze Askearen gobernua ingelesen menpekoa bezala erakustea zen.

Frantziaren koloniak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Félix Éboué, Txadeko gobernadorea, eta Charles de Gaulle, 1940an.
Zalditeria Damaskon, 1941an.

Frantziak kolonia ugari zituen eta hasiera-hasieratik De Gaullek haien bere aldeko jarrera irabazten saiatu zen. Lurralde horiek Alemaniako kontroletik urruti zeuden eta horri esker, batzuk De Gaullekin lerrotu ziren; Afrikako iparraldekokoak, aldiz, Vichyko gobernuaren alde egin zuten. Frantzia Askearekin bat egiten lehendabizikoa India izan zen, 1940ko uztailan. Jarraian Hebrida Berriak, Polinesia Frantsesa eta Kaledonia Berria bide berean aritu ziren. Félix Ébouék, Txadeko gobernadorea, 1940ko abuztuaren 26an bat egin zuen gobernu berriarekin. Kolonia horiei esker, errealitate militarretik harago, Frantzia Askeak estatu irudia lortu zuen.

Afrikan gauzak ez ziren errezak izan, batez ere Dakarreko lehorreratze guduan gaullistek jasan zuten porrota ondoren. Borroka horretan Vichyko aldekoek aurre egin zieten eta baxa ugari izan zituzten. Arrakasta izan zuten, aldiz, Georges Catroux jeneralaren operazioekin, 1940ko urriaren hasieran. Catrouxek Ekuatore Afrika Frantsesaren aurka erasoa zuzendu zuen eta aste gutxitan kolonia osoaren atxikimendua lortu zuen. Ondorioz ere, Kamerun gaullistekin bat egin zuen. De Gaulle orduan Brazzavillera joan zen, egungo Kongoko Errepublikan, eta "Conseil de défense de l'Empire" sortu zuen, urriaren 27an. Hori izango zen Frantzia Askearen organu gorena. Hauek izan ziren batzar berriaren lehen partaideak: Catroux jenerala, Muselier amiralordea, De Larminat jenerala, Félix Éboué, Txadeko gobernadorea, Sautot gobernadorea, Cisé medikua, René Cassin, d´Argenlieu eta Philippe Leclerc koronela.

Azaroaren 16an, De Gaullek Journal Officiel de la France libre Brazzavillen argitaratzen du, Frantzia Askearen hiriburu ofizialean. Hala ere, mugimenduaren administrazioa Londresen jarraitzen zuen. Aldizkari horretan adierazpen ofizial garrantzitsua egin zuen Vichytko gobernuaren zilegitasuna zalantzan jartzen; ondoren, Pétainek onartutako legeak bertan behera utzi zituen.

Ekimen hauek Erresuma Batuari arazo legalak planteatzen zizkion. Londresen erbesteko gobernu asko zeuden, besteak beste, Poloniakoa, Txekoslovakiakoa, Beljikakoa, Norvegiakoa...) baina horiek, inbasio unean, benetako gobernuak ziren. De Gaullek ez zuen zilegitasun hori: haren menpe soldadu batuzk besterik ez zeuden; Frantziako gobernu zilegiko partaiderik ez zegoen berarekin. Winston Churchilli hori guztia haserretzen zion.

1941eko abuztuaren 14an Franklin Delano Roosevelt presidenteak, AEBren izenean, eta Winston Churchillek, Britainia Handiaren izenean, Atlantikoko Gutuna sinatu zuten. Dokumentu horretan herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zuten eta, horretaz baliatuz, De Gaullek Londresen Farantzia Askearen benetako gobernua sortu zuen. Horretakaro Ingalaterrara ihes egindako Frantziako Erresistentziaren buruen laguntza izan zuen: sindikalistak, alderdi politikoen buruak, sektore desberdinetako ordezkariak... Batzar horri "Comité national français" deitu zioten eta, ofizialki, 1941ko irailaren 24an sortu zen. Batzorde hau behin-behinekoa zen berriro ere Frantzian hauteskunde libreak egin artekoa.

1943ko batasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

De Gaulle eta Giraud jeneralak Roosevelt eta Churchill aurrean eskua elkar ematen, Casablancako bileran, 1943ko urtarrilaren 14an.

Azkenik, 1943ko ekainaren 3an, Londresko "Comité national français" eta Aljeriako agintari zibila eta militarra, Giraud jeneralaren agindupean, "Comité français de la Libération nationale" (CFLN) erakundean bat egin zuten. Egoitza Aljerren zegoen eta De Gaullek eta Giraudek elkarrekin lehendakaritza bere gain hartu zuten.

1943ko abuztuaren 1.tik aurrera Giraud jeneralaren indarrak Afrika iparraldean (Marokoko Protektoratu Frantsesa, Aljeria Frantsesa eta Tunisia) Frantziar Indar Askeekin bat egin zuten, "Armée française de la Libération" sortuz.

Izendapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta eguneroko hizkuntzan "Frantzia Askea" eta "Frantziar Indar Askeak" gerra osoan erabiliak izan, ofizialki lehenengoa 1942an desagertu zen eta bigarrena, 1943an, beste erakunde berrietan integratuak.

Ikus, baita ere[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   , http://www.euskara.euskadi.eus/r59-738/eu/contenidos/termino/_c02225/eu_f_1149/f1149.html .
  2.   Levisse-Touzé, Christine L'Afrique du Nord dans la guerre, 1939-1945 Albin Michel .
  3.   , Jean-Louis Crémieux-Brilhac, La France libre, Gallimard, 1996, 86-88 eta 91-95. or. .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frantzia Askea Aldatu lotura Wikidatan