Frantziako Atzerritar Legioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Ikurra

Frantziako Atzerritar Legioa (frantsesez: Légion Étrangère) Frantziako indar armatuen eliteko infanteriako unitate militarra da. Luis Filipe Frantziakoak 1831n sortu zuenetik, hainbat gerratan hartu du parte, besteak beste mundu gerra bietan.

Lehen Karlistaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1834ko apirilean sinatutako Aliantza Laukoitzaren hitzarmenari jarraiki, Frantziak eta Britainia Handiak babesa emango zieten Portugalgo eta Espainiako Gobernu liberalei beren gerra zibiletan. 1834ko abuztuan, Espainiak hitzarmen hartan baldintza bat eranstea lortu zuen, Frantziak karlistei mugak ixteko konpromisoa hartuz. Hori ez zen aski izan, ordea, eta 1835ean, Martínez de la Rosaren gobernuak zuzenean gudarosteak bidaltzeko eskatu zuen. Frantziarrak eta britainiarrak karlistaldian zuzenean ez parte hartzen saiatu ziren, eta horretarako boluntarioen tropa bereziak edo Atzerritar Legioa bidali zituzten.

Atzerritar Legioa Aljeriako gerran zaildua zegoen, eta nazionalitate askotako abenturazale bitxi bezain diziplinatuek osatzen zuten. 1835eko ekainaren 27an Aljertik abiatu ziren eta, Mallorcan berrogeialdia egin ondoren, Legioa osatzen zuten 5.000 gizonak Tarragonara iritsi ziren abuztuaren 16an.

Bernelle jenerala zen Legioaren agintari nagusia, baina haren izaera ahularen ondorioz, Joseph Conrad alsaziar ofizial eta Bernelleren hurrengoa zen benetako buruzagia. Bere soldaduek asko maite eta miresten zuten Conrad. Barbastron hil zen 1837ko maiatzean, karlisten erasoaldi baten ondoren bere legionarioen ihesaldia eragozten zebilenean.

Frantziako Atzerritar Legioak egindako lehen ekintza Lleidako Guimerá gaztelukoa izan zen, 1835eko irailean. Gaztelua defendatzen zeuden 80 karlistek amore ematea lortu ondoren, fusilatu egin zituzten. Karlistek ez zieten hori sekula barkatu, eta beren esku erortzen ziren legionario guztiak bertan fusilatzen zituzten.

1835eko abenduan legioak Zangoza aldera jo zuen, eta hurrengo hilaren hasieran Gasteiz aldera. Arlabango ekintzan parte hartu zuten, Britainiar Legio Laguntzailearekin batera, eta han jasandako galera handien ondorioz, Gasteiza itzuli behar izan zuten.

1836an zehar, Frantziako Atzerritar Legioak gorriak ikusi zituen. Jan edan eta arropa gutxi zuten, ordainketak berandu iristen ziren eta guduek, lizentziamenduek eta desertzio ugariek eragindako galerak osatzea gaitza zitzaien. Legionario askok eta askok desertatu eta karlistekin bat egin zuten, eta haietako 850ekin batailoi bat osatu zuten: Aljeriar batailoia.

1837ko martxoan, Atzerritar Legioa karlistekin borrokatu zen Larraintzarren eta Aizpitarten. Handik bi hilabetera, Errege espedizioan, Huescako eta Barbastroko guduak borrokatu ziren. Azken hori oso gogorra izan zen Legioarentzat, Aljeriar Batailoiko desertoreen aurka borrokatu behar izan baitzuen, eta Conrad buruzagia galtzeaz gain, ia erabat suntsituta gelditu zen.

Uztailean Legioa berrantolatu eta zalditeria eta artilleria espainiar armadaren barruan gelditu ziren. Atzerritar Legioko gainerako gorputzak gainbeheran sartu ziren, harik eta 1838ko abenduan behin betiko desegin zen arte.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frantziako Atzerritar Legioa