Frantzisko (aita santua)

Frantzisko[1] (latinez: Franciscus, eliztar latinean /franˈtʃiskus/ ahoskatua) —jaiotzako izen-deiturez Jorge Mario Bergoglio[oh 1]— (Buenos Aires, Argentina, 1936ko abenduaren 17a - Vatikano Hiria, 2025eko apirilaren 21a) Eliza Katolikoaren 266. aita santua izan zen, 2013ko martxoaren 13tik bere heriotza arte. Aurretik Buenos Airesko artzapezpikua izan zen. 2001etik kardinal titulua zuen. Jesusen Konpainiako kidea, ordena horretako lehendabiziko aita santua izan zen, bai eta Amerikan jaiotako lehena ere (eta V. mendetik, Europakoa ez zen lehena).
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familia katoliko batean jaio zen 1936ko abenduaren 17an, Buenos Airesko Flores auzoan. Mario José Bergoglio italiar migratzailearen eta Regina María Sivori italiar migratzaileen alabaren bost seme-alabetatik zaharrena zen. Jorge Mariok, 2025ean hil zenean, bizirik zuen senide bakarra arreba Elena zen, bost senideetan gazteena; tarteko hirurak Jorge Mario aita santu bihurtu aurretik hil ziren.[2]
Argentinar baten afizio eta ohituretan hazi eta bizi izan zen. Gaztetan gogoko izan zuen tangoa dantzatzea,[3] eta beti izan zen San Lorenzo futbol taldearen zalea.[4]
Apaiz bidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingeniari kimiko gisa graduatu zen Bergoglio, baina apaiz sartzea erabaki zuen gero. Filosofia lizentziaduna ere bazen, eta Santa Feko eskola batean literatura eta psikologia eskolak eman zituen 1964 eta 1965 bitartean. Gainera, Teologia ikasketak egin zituen 1967tik 1970era[5].
Erran bezala, Bergogliok apaiz sartzea erabaki zuen 1958an, 21 urterekin, non eta Jesusen Lagundian, eta Villa Devoto seminarioan aritu zen lehenik fraidegai. 1969ko abenduaren 13an apaiz izendatu zuten, eta geroztik luzea izan zen haren ibilbidea[5].
Buenos Airesko artzapezpikua izan zen, bai eta bi aldiz Argentinako Konferentzia Episkopalaren lehendakaria ere. Estatutuak zirela eta, ezin izan zuen bere burua berriro kargurako aurkeztu. Horren ondorioz, 102. batzar nagusian, Santa Fe de Vera Cruzeko artzapezpiku José María Arancedo hautatu zuten haren ondorengo.
Bergoglio eta diktadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertsio guztiz kontrajarriak daude Bergogliok Videla jeneralaren agindupeko Argentinako diktadura garaian (1976-1981) jokatu zuen rolaz. Adibidez, hil ondorengo biografietan, Berria egunkari euskaldunak argitaratu zuen zenbaitek leporatzen ziotela "eskuin muturreko erregimenarekin kolaboratu izana"[6], baina El Pais kazeta espainolak publikatu zuen "bere kargutik, zenbait jazartu politikori ihes egiten lagundu" ziela[7].
Abel Gilbert kazetariak kontakizun itxuraz zintzoagoa egin zuen eta alde batekoek zein bertzekoek adierazitakoa jasotzen saiatu zen zenbait egunkaritan argitaraturiko artikulu batean[8].
Bergogliok diktadurarekin kolaboratu izana Emilio Mignonek salatu zuen 1986an publikoki, Iglesia y dictadura liburuan. Mignonek desagertua zuen alaba eta Bergogliori "konplizitate maltzurra" izatea leporatu zion. Horacio Verbitsky kazetaria harago joan zen eta Orlando Yorio eta Francisco Jalics apezen bahiketarekin lotu zuen Bergoglio. Verbitsky-k adierazi zuen bi apez jesuita horiek kontatu ziotela Bergogliok traizionatu zituela eta militar kolpisten esku utzi. 2013an, Bergoglio aita santu bilakatu zelarik, kontu horren ingurura itzuli ziren hainbat kazetari. Baina Yoriok 13 urte zeramatzan hilik eta Jalics-ek ez zuen ezer gehiago gaineratu nahi izan; afera hura "bukatutzat" jo zuen. Gainera, aipatzekoa da 2010ean Bergogliok parte hartu izan zuela diktadura garaiko giza eskubideen urraketei buruzko epaiketa batean eta auzi honi dagokionez Bergogliok aitortu zuela armadako buruarekin bi aldiz batzartu zela bi apaizen gainean galdetzeko, baina ez ziotela deus argitu; epaimahaiak ez zuen erantzukizun penalik atzeman Bergoglioren jokabidean.
2019an hasi zen gorpuzten Bergoglioren jokabideari buruzko kontrako iritzia. Urte hartan, Aldo Duzdevich idazle peronistak -Bergoglio peronismoaren jarraitzailetzat jo izan da- Salvados por Francisco liburua argitaratu zuen, zeinean 25 pertsonak kontatu baitzuten nola diktadura garaian Bergogliok babestu zituen, ezkutatu zituen edo Argentinatik ihes egiten lagundu zien.
Horacio Verbitsky kazetariari, baina, Vatikanoren gehiegikeria iruditu zitzaion Bergoglio erresistentziaren heroi gisa aurkezte hura, eta bere ikerketei ekin zien berriz. Los fantasmas del papa Francisco izeneko liburua apailatu zuen, Bergoglioren kolaborazionismoaren inguruko froga gehiagorekin, baina ez zuen paperean argitaratu nahi izan, aita santu bezala hartua zuen bidea ontzat jotzen zuelako eta ez zuelako eskuin konfesionalarekin bat egin nahi. Liburua online dago irakurgai[9]. Ez zen, nolanahi ere, Bergogliorekiko ikuspegia aldatu zitzaion bakarra izan. Abel Gilbert kazetariak bere artikuluaren bukaeran kontatu zuen Hebe de Bonafini Maiatzeko Plazako Amen aktibistak bere garaian "zabor" gisa kalifikatu zuela Bergoglio, baina aita santu zela Vatikanora joan zela bisitatzera eta berarekin adiskidetu zela. Modu berean, Maiatzeko Plazako Amonen lehendakari Estela de Carlottok ere laguntasun harremana izan omen zuen Franciscorekin[8].
Aita santua 2013tik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2005ean, Joan Paulo II.a hil eta gero egin zuten konklabean, Joseph Ratzinger eta Bergoglio pareko ibili ziren hurrengo aita santua hautatzeko bozkaketetan, harik eta argentinarrak bere burua baztertu zuen arte, kardinalek alemaniarra aukera zezaten[10].
Ratzinger, Benedikto XVI.a izenarekin, 2013 arte izan zen aita santu. Urte hartako otsailaren 11n iragarri baitzuen kargua utziko zuela, otsailaren 28an, bere ministerioarekin aitzinera jarraitzeko nahikoa indar ez zuela argudiatuta[11].
Benediktoren ukoa eta gero 115 kardinalek eginiko konklabean Bergoglio izan zen bozkatuena, eta Frantzisko izenarekin aita santu izendatu zuten martxoaren 13an[5]. Kardinalek 25 ordu eta hainbat bozketa behar izan zituzten Bergoglio hautatzeko.
2014ko irailaren 24an, Jozef Wesolowsky artzapezpiku ohi poloniarra, 2008 eta 2013 artean Errepublika Dominikarreko nuntzioa izana, etxeko atxiloaldian ezarri zuen Frantzisko aita santuak, haren aurkako pederastia salaketaren auzia erabaki bitartean. 2014ko ekainean, Wesolowsky apaizgotik kanporatu egin zuten, auziari buruzko ebazpenik artean izan ez arren, salaketak «bereziki larriak» zirelako.[12] 2014ko azaroaren 25ean, Europako Parlamentuan egin zuen hitzaldian, immigrazioaz jardun zuen eta 'immigrazio politika egokiak' aldarrikatu zituen.[13]
2015eko urtarrilaren 1ean, Loiolara joateko gonbidapena egin zion Iñigo Urkulluk, Ricardo Blázquez Bilboko apezpiku ohiaren bidez.[14] 2019ko abuztuaren 28an, bere aitasantutza-aldian, Frantzisko aita santuak migratzaileak eta errefuxiatuak hartzeko konpromisoa indartu zuen, eskualdeko liderrek sustatutako ekimen berritzaileak babestuz. Elkarretaratze horietako batean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu zen.
Lehendakariak Share plana aurkeztu zion, Europan migratzaileen harrera ekitatiboa erantzunkidetasun-printzipioetan oinarritutako eredua. aita santuak pertsonalki agurtu zuen Urkullu audientzia orokor batean, eta oparitzat Gernikako Arbolaren ikur bat jaso. Planak, Pietro Parolin kardinalaren bidez Vatikanoak babestua, Europa inklusiboago eta solidarioago bati buruz Frantzisko aita santuak zuen ikuspegia islatzen zuen. Frantziskok bereziki baloratu zuen tokiko elkarteetan zentratutako ikuspegia eta elizbarrutien inplikazioa, apezpikuen batzarrei Estatuekin batera proposamen horrekin bat egitera bultzatuz. Gertakari horrek Frantziskok duintasunean eta giza errespetuan oinarritutako integrazio-politiken jarrera defendatzailea azpimarratu zuen.[15]
Bizitzaren azken uneak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2025eko apirilaren 21ean, Pazko asteko astelehenarekin, 09:52an, Vatikanok komunikatu bat argitaratu zuen erranez Kevin Joseph Farrell Egoitza santuko kamerlengo eta apezpikuak jakinarazi zuela aita santua goiz hartako 07:35ean zendu zela, Santa Marta etxean.[7] Arratsaldean informatu zuten garuneko iktus batek jota hil zela.
Bizitzaren azken bi hilabeteak gaixorik eman zituen Frantziskok. Otsailaren 14an Erromako Gemelli ospitalean sartu zuten, pneumonia gogor batek jota. Han izan zen martxoaren 23 arte. Senda agiria eman zioten, eta bere egoitza ofizialera itzuli zen, baina ordutik gutxitan agertu zen jendaurrean, oso parte-hartze laburrekin.
Apirilaren 20an, Berpizkunde Igandearekin, aita santua San Pedro plazako ohiko balkoira atera zen, Urbi et Orbi ohiko bedeinkapena ematera. Orduko kronikek diote nekatuta nabaritzen zitzaiola, apenas hitz egiterik zuela eta egin izan zuen bakarra izan zela fidelei Pazkoa zoriontsua opatzea.[6][7]
Hain zuzen ere, egun hartako goizean izan zuen Frantziskok herrialde bateko agintari batekin azken bilera. aita santuak 11:30ean hartu zuen Santa Marta bere etxean Estatu Batuetako lehendakariorde James David Vance; elkartze pribatua izan zen, minutu gutxi iraun zuen, eta elkarri Pazko zoriontsua opatzeko baino ez omen zuen balio izan.[16]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1982: Meditaciones para religiosos.
- 1986: Reflexiones sobre la vida apostólica.
- 1992: Reflexiones de esperanza.
- 1998: Diálogos entre Juan Pablo II y Fidel Castro.
- 2003: Educar: exigencia y pasión.
- 2004: Ponerse la patria al hombro.
- 2005: La nación por construir.
- 2006: Corrupción y pecado.
- 2006: Sobre la acusación de sí mismo.
- 2007: El verdadero poder es el servicio.
- 2012: Mente abierta, corazón creyente.
Entziklikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2013: Lumen fidei
- 2015: Laudato si'
- 2020: Fratelli tutti
- 2024: Dilexit nos
Ondorengotza apostolikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Scipione Rebiba kardinala
- Giulio Antonio Santorio kardinala (1566)
- Girolamo Bernerio kardinala (1586)
- Galeazzo Sanvitale artzapezpikua (1604)
- Ludovico Ludovisi kardinala (1621)
- Luigi Caetani kardinala (1622)
- Ulderico Carpegna kardinala (1630)
- Paluzzo Paluzzi Altieri Degli Albertoni kardinala (1666)
- Benedikto XIII.a aita santua (1675)
- Benedikto XIV.a aita santua (1724)
- Klemente XIII.a aita santua (1743)
- Bernardino Giraud kardinala (1767)
- Alessandro Mattei kardinala (1777)
- Pietro Francesco Galleffi kardinala (1819)
- Giacomo Filippo Fransoni kardinala (1822)
- Carlo Sacconi kardinala (1851)
- Edward Henry Howard kardinala (1872)
- Mariano Rampolla del Tindaro kardinala (1882)
- Antonio Vico kardinala (1898)
- Filippo Cortesi artzapezpikua (1921)
- Zenobio Lorenzo Guilland artzapezpikua (1935)
- Anunciado Serafini apezpikua (1935)
- Antonio Quarracino kardinala (1962)
- Frantzisko aita santua[17]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Italiar jatorriko Bergoglio abizena gaztelaniaz /βerˈɣoɣljo/ ahoskatzen da; eta italieraz, /berˈgɔʎʎo/
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Alpert, Emily. (2013-3-13). «Vatican: It's Pope Francis, not Pope Francis I» Los Angeles Times.
- ↑ (Gaztelaniaz) Fest, Sebastián. (2025-04-21). «María Elena, la hermana del Papa Francisco que vive en Buenos Aires al cuidado de unas monjas» El Mundo (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) Metalli, Alver. (2014-01-08). «BERGOGLIO Y EL TANGO. Le gusta, lo bailaba, y ahora tiene uno propio: “Ahora, papa Francisco”» Tierras de América (kontsulta data: 2025-02-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) «¿Qué le debe el club argentino San Lorenzo al papa Francisco?» BBC News Mundo 2014-08-06 (kontsulta data: 2025-02-25).
- ↑ a b c «Jorge Mario Bergoglio argentinarra da aita santua» Berria 2013-03-13 (kontsulta data: 2025-04-23).
- ↑ a b «Larunbatean egingo dute Frantzisko aita santuaren hileta ekitaldia» Berria 2025-04-22 (kontsulta data: 2025-04-22).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Domínguez, Íñigo. (2025-04-21). «Muere el papa Francisco, un vendaval social y reformador en la Iglesia» El País (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Gilbert, Abel. (2025-04-21). «El pasado argentino del papa Francisco: entre la Iglesia social y las sombras bajo la dictadura» El Correo de Andalucía (kontsulta data: 2025-04-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) lahaine.org. «[Libro "Los fantasmas del Papa Francisco"»] @LaHaineInfo (kontsulta data: 2025-04-24).
- ↑ Press, Europa. (2013-03-13). «Bergoglio fue uno de los más votados en el anterior cónclave y se retiró en favor de Ratzinger» www.europapress.es (kontsulta data: 2025-04-22).
- ↑ «Aita santuak uko egin dio karguari» Berria 2013-02-11 (kontsulta data: 2025-04-23).
- ↑ «Pederastiaz akusatutako apaiz bat etxean atxilo edukitzea agindu du Frantziskok», Berria, 2014-09-25
- ↑ «Frantzisko aita santua: 'Egia, egia da eta ez dugu ezkutatu behar'», EiTB, 2014-11-25
- ↑ «Loiolara joatera gonbidatu du Urkulluk Frantzisko aita santua», Berria, 2015-01-02
- ↑ (Gaztelaniaz) Press, Europa. (2019-08-28). «Urkullu presenta la propuesta Share en el Vaticano y saluda al papa Francisco» www.europapress.es (kontsulta data: 2024-12-13).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El Papa se reúne en privado con vicepresidente de Estados Unidos - Vatican News» www.vaticannews.va 2025-04-20 (kontsulta data: 2025-04-21).
- ↑ (Ingelesez) «Pope Francis (Jorge Mario Bergoglio, S.J.)» Catholic Hierarchy (kontsulta data: 2024-05-03).