Edukira joan

Franz Schubert

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Franz Schubert

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFranz Peter Schubert
JaiotzaHimmelpfortgrund (en) Itzuli eta Viena1797ko urtarrilaren 31
Herrialdea Austriar Inperioa
 Austriako artxidukerria
HeriotzaViena1828ko azaroaren 19a (31 urte)
Hobiratze lekuaVienna Central Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: Sukar tifoidea
Familia
AitaFranz Theodor Schubert
Ezkontidea(k)ezkongabea
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaUniversity of Music and Performing Arts Vienna (en) Itzuli
Akademisches Gymnasium
Hizkuntzakalemana
Irakaslea(k)Antonio Salieri
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea, piano-jotzailea eta irakaslea
Lantokia(k)Viena
Lan nabarmenak
Genero artistikoamusika klasikoa
Musika instrumentuapianoa
biolina

IMDB: nm0006280 Allocine: 36915 IBDB: 12366
Spotify: 2p0UyoPfYfI76PCStuXfOP iTunes: 746881 Last fm: Franz+Schubert Musicbrainz: f91e3a88-24ee-4563-8963-fab73d2765ed Songkick: 46860 Discogs: 283469 IMSLP: Category:Schubert,_Franz Allmusic: mn0000691239 Find a Grave: 931 Edit the value on Wikidata

Franz Peter Schubert (Viena, 1797ko urtarrilaren 31 - ibidem, 1828ko azaroaren 19a), Franz Schubert izenez ezaguna, musikagile austriarra izan zen. Erromantizismo musikalaren aitzindari eta Ludwig van Beethovenen antzeko sonata klasikoaren jarraitzaile kontsideratua dago. Gazte hil zen arren (31 urte), oso egile emankorra izan zen, 600 Lied inguru (ahotsa eta pianoz osaturiko konposizio motzak, abesti garaikidearen aurrendaria), 7 sinfonia (gehi amaitu barik laga zuena), musika liturgikoa, operak eta ganbera, piano eta orkestrarako lan ugari idatzi zuen. Bere obra nagusien artean daude: Die Forelle (Amuarraina) boskotea, Unvollendete (Sinfonia amaitu gabea), Grosse Sinfonie in C-Dur (Sinfonia Handia), pianorako azken hiru sonatak (D. 958, 959 y 960), Fierrabras opera (D. 796), Rosamunda antzezlanaren ustekabeko musika (D. 797) eta Die schöne Müllerin (Andre errotari ederra) (D. 795) eta Winterreise (Neguko bidaia) (D. 911) abestien zikloak.

Vienako Himmelpfortgrund aldirian jaio zen, eta musikarako ezohiko dohainak hasiera-hasieratik izan ziren nabarmenak. Aitak eman zizkion lehen biolin lezioak, eta anaia zaharrenak piano lezioak, baina Schubertek laster gainditu zituen bere maisuak. 1808an, hamaika urte zituela, Stadtkonvikt eskolan sartu zen ikasle gisa, eta Joseph Haydn, Wolfgang Amadeus Mozart eta Ludwig van Beethovenen orkestra-musikarekin ohitu zen. 1813. urtearen amaieran utzi zuen, eta etxera itzuli zen aitarekin bizitzera, non ikasten hasi zen eskolako irakasle izateko. Hala ere, konposizio ikasketak Antonio Salierirekin jarraitu zituen. 1821ean, Gesellschaft der Musikfreunde-k kide interpretetzat onartu zuen, eta horrek, Vienako herritarren artean, bere burua ezagutarazten lagundu zion. 1828ko martxoan, kontzertu bat eman zuen bere obrekin (bere karreran eman zuen bakarra) eta kritikaren arrakasta handiarekin. Zortzi hilabete geroago hil zen 31 urte zituela, eta ofizialki egotzitako arrazoia sukar tifoideoa izan zen, historialari batzuek sifilisagatik izan zela uste duten arren.

Bizi zela, Vienan miresle gutxi batzuek baino ez zuten baloratu bere musika, baina haren obrarekiko interesa nabarmen handitu zen hil ondorengo hamarraldietan. Felix Mendelssohn, Robert Schumann, Franz Liszt, Johannes Brahms eta XIX. mendeko beste musikagile batzuek haren obrak aurkitu eta defendatu zituzten. Gaur egun, Schubert mendebaldeko musika klasikoko musikagile onenen artean dago, eta bere musika herrikoia da oraindik ere.

Franz Schuberten jaiotetxea, gaur Nussdorfer kaleko 54.a

Franz Peter Schubert familia umil batean jaio zen, 13 senideetan hamabigarrena izan zelarik. Liechtental auzoan bizi ziren, eta aita irabazi urriko irakaslea zen.

Ez zen denbora asko pasa bere musikako irakaslea gaztearen talentuaz ohartzeko, eta horrela esan zion:

« Ez dut irakasteko ezer. Jaungoikoak erakutsi dizu dakizuna. »

11 urte besterik ez zuenean, kantore izan zen kapera inperialean, eta han lortutako bekak Stadkonvikteko eskolako ikasketak ordaindu zizkion. Antonio Salieriren ikasle izan zen, eta, eskolako orkestrari esker, Franz Joseph Haydn eta Beethovenen lanak ezagutzeko aukera izan zuen[1].

14 urterekin sortu zituen lehen liedak, ahotsa eta pianorako musika-poemak, eta 18 urterako maisu lanak zituen eginak, Gretchen am Spinnrade adibide, Goethen poemetan inspiratutako lehen lieda; 19 urterekin, bazituen 250 lied baino gehiago eginak.

Gaitasun handia bazuen ere, aitak bere lanaren oinordeko nahi zuen, eta haserrea piztu zen aita-semearen artean; azkenean, Franzek etxetik alde egin zuen.

Etxetik kanpo eta musika ogibide hartuta, Schubert Franz von Schoberren etxean bizi zen[2]. Ez zuen sekula bere musika lanarekin bakarrik bizitzea lortu, eta adiskideen laguntza behar izan zuen bizirauteko. Franzek ez zuen bere opera edo orkestra lanik estreinatu edo argitaratzerik lortu. Ez zuen harreman luzerik izan, ezta seme-alabarik, baina lagun talde ona izan zuen, bere artea estimatzen zuena. Arazo ekonomikoez lepo, betaurrekoak soinean, herabetasunez betetako itxuran beti, urte haietan, gainera, sifilisak hartu zuen konpositorea.

Irakasle aitaren eskolan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Schubert gaztea, Josef Abelen Olio-pintura

1813aren bukaeran, Schubertek Stadtkonviktetik alde egin zuen, eta etxera itzuli zen St. Anna Normal-hauptschule-n irakaskuntza ikasketak jasotzeko. 1814an, aitaren eskolan sartu zen ikasle gazteenen irakasle. Bi urte baino gehiagoz, monotonia handia sentitu zuen gazteak[3].​ Hala ere, baziren hori konpentsatzen zuten interesak. Salierirekin, konposizioari buruzko ikasgai pribatuak jasotzen jarraitu zuen, eta hark bere beste edozein maisuk baino esperientzia tekniko erreal handiagoa eman zion 1817an banandu baino lehen[4].

1814an, Therese Grob izeneko soprano gazte bat ezagutu zuen, bertako zeta ekoizle baten alaba, eta obra liturgiko batzuk idatzi zituen (Salve Regina eta Tantum ergo bana barne) harentzat. Halaber, soprano bakarlaria izan zen haren 1.  Mezan (D. 105), 1814ko irailean[5][3].​​ Schubertek berarekin ezkondu nahi zuen, baina 1815eko ezkontza-onarpenaren lege zorrotzak oztopatu egin zuen[6], legearen arabera senargai izan nahi zuenak familia mantentzeko bitartekoak zituela frogatu behar baitzuen[7].​ 1816ko azaroan, Laibachen (orain Ljubljana, Eslovenia) musika postu bat ezin lorturik egon ondoren, Schubertek Thereseren anaia Heinrichi abesti bilduma bat bidali zion, familiak XX. mendera arte gorde zuena[8].

Bere urterik emankorrenetako bat 1815a izan zen. 20.000 musika konpas baino gehiago konposatu zituen, eta, horien erdia baino gehiago, orkestrarako izan ziren, bederatzi eliz obra (agnostikoa izan arren)[9][10],​​ sinfonia bat eta 140 lied inguru [11].​ Urte horretan ere, Anselm Hüttenbrenner eta Franz von Schober ezagutu zituen, eta bere bizitza osorako lagun bihurtu ziren. Joseph von Spaunek beste lagun bat ere aurkeztu zion, Johann Mayrhofer[12].​ Urte horietan, Erlkönig lieda konposatu zuen, Johann Wolfgang von Goetheren izen bereko poema batean inspiratua.

1815ean, aitarekin bizi izan zen etxean. Ama 1812an hil zitzaion. Eskolan jarraitu zuen irakasten eta musika eskola pribatuak ematen, eta horrekin nahikoa diru irabazten zuen bere oinarrizko beharretarako, tartean arropa, eskuizkribuetarako papera, lumak eta tinta, baina, luxuetarako, diru gutxi edo batere sobratu gabe[13].​ Spaunek oso ondo zekien Schubert ez zegoela gustura eskolako bizitzarekin eta kezkatuta zegoen haren garapen intelektual eta musikalarekin. 1816ko maiatzean, Spaun Landskrongasse-ko bere apartamentutik (hiriaren erdigunean) Landstraße aldiriko etxe berri batera aldatu zen. Egoitza berrira aldatu ondoren egin zuen lehen gauzetako bat, berarekin egun batzuk pasatzera gonbidatzea izan zen. Hori izan zen, seguruenik, Schuberten lehen bisita etxetik edo eskolatik kanpo[14].​ Eskola-maisu izan zen urteetan izan zuen zorigaitzak depresioaren zantzu goiztiarrak emango zituen ziurrenik, eta ia ziur da ziklotimia pairatu zuela bizitzan zehar[15].

Maynard Solomon musikan adituak iradoki zuen Schubert erotikoki gizonek erakartzen zutela[16], eta tesi hori, batzuetan, sutsuki eztabaidatu izan da[17][18].​​ Aldiz, Rita Steblin musikan eta Schuberten adituak adierazi zuen: «emakumeak jazartzen» zituela[19][20][21][22][23][24].​​​​​​ Schuberten sexualitateari buruzko teoriak eragina izaten hasi dira bere obraren artikulu akademikoetako interpretazioan[25].

Adiskideen laguntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Johann Michael Vogl eta Franz Schuberten karikatura, Franz von Schober, (1825).

1816an, aldaketa esanguratsuak gertatu ziren. Franz von Schober-ek, familia oneko eta baliabide ekonomiko batzuk zituen ikasle batek, Schubert gonbidatu zuen bere amaren etxean berarekin bizitzera. Proposamena bereziki egokia izan zen, Schubertek Laibach-eko kapera-maisu posturako eskaera aurkeztu berri baitzuen arrakastarik gabe, eta aitaren eskolako irakaskuntza-lanei berriro ez ekitea erabaki baitzuen. Urte amaieran, Schober-en apopilo bihurtu zen[26]. Denbora batez, etxeko baliabideak handitzen saiatu zen musika klaseak emanez, baina laster utzi zituen, eta konposizioan hasi zen. «Goizero konposatzen dut, eta, pieza bat bukatuta dagoenean, beste bat hasten dut»[27].​ Urte horretan, orkestra- eta abesti-lanak izan zituen ardatz, baina liedak idazten ere jarraitu zuen[28].​ Lan horren zati handi bat ez zen argitaratu , baina eskuizkribu eta kopiak ibili ziren lagun eta miresleen artean[29].

1817ko hasieran, Schoberrek Johann Michael Vogl aurkeztu zion, Schubert baino hogei urte zaharragoa zen baritono ezaguna. Vogl Musikagileak abesti asko idatzi zituen Voglentzat, zeina Vienako musika-zirkuluetan bere defendatzaile nagusietako bat bihurtu baitzen. Joseph Hüttenbrenner (Anselmen anaia) ere ezagutu zuen, haren musikaren sustapenean paper bat jokatu zuena[30]. Horiek, eta gero eta handiagoa zen lagun eta musikari talde batek, Schuberten lana sustatu, bildu eta, hil ondoren, gordetzeko ardura hartu zuten[31].

1817ko amaieran, aitak beste postu bat lortu zuen Rossauko eskola batean, Lichtentaletik hurbil. Schubert berarekin itzuli zen, eta, gogoz kontra, irakaskuntza lanak hartu zituen. 1818ko hasieran, Gesellschaft der Musikfreunde entzutetsuan sartzea eskatu zuen laguntzaile gisa onar zezaten, baina baita bere musika, batez ere bere abestiak, arratsaldeko kontzertuetan jo ahal izateko ere. Baztertu egin zuten «amateurra ez zela» argudiatuz, nahiz eta garai hartan eskola-maisu aritu zen eta dagoeneko baziren musikari profesionalak elkarteko kideen artean[32][33].​​ Hala ere, prentsan arreta gehiago irabazten hasi zen, eta obra sekular baten lehen aurkezpen publikoak, 1818ko otsailean egindako obertura batek, prentsaren laudorioak jaso zituen Vienan eta atzerrian[34].

Schubertek 1818ko uda Johann Karl Esterhahzy kondearen familiarentzako musika-irakasle gisa eman zuen Zselizeko (orain Želiezovce, Eslovakia) haren jauregian. Saria nahiko ona zen, eta bi alabei pianoa eta kantua irakasteko bere funtzioa nahiko arina zen, eta horrek zoriontsu konposatzeko aukera ematen zion. Baliteke bere Martxa militarra re Maiorren (D. 733, 1. zk.), pianoko beste dueto batzuez gain, Marie eta Karolinerentzat idatzi izana[35]. Zselizetik itzultzean, Mayrhofer lagunarekin jarri zen bizitzen[33].

1820ko hamarkadaren hasieran, Schubert schubertiada izenez ezagutu ziren bilera sozialak zituzten artista eta ikasleen zirkulu oso batu baten parte zen. Bilera horietako asko Ignaz von Sonnleithner-ek Gundelhof-en zuen apartamentu handian egiten ziren (Brandstätte 5, Viena). Inguruan zuen lagunarte itxi hark kolpe latza jaso zuen 1820. urtearen hasieran. Austriako poliziak Schubert eta bere lau lagun atxilotu zituen, zeina, Frantziako Iraultzaren eta Napoleondar Gerren ondoren, erne baitzegoen jarduera iraultzaileen eta gazte edo ikasleen edozein bilera susmagarriren aurka. Bere lagunetako bat, Johann Senn, epaitua izan zen; urtebete baino gehiagoz espetxeratua, eta, gero, Vienan sartzea debekatu zioten betirako. Beste lauak, musikagilea barne, «errieta gogorra» egin zieten, neurri batean, funtzionarioei, «hizkuntza iraingarri eta desohoragarri batez iseka egiteagatik»[36]. Schubertek Senn inoiz berriro ikusi ez bazuen ere, haren poema batzuk musikatu zituen, Selige Welt (D. 743) eta Schwanengesang (Zisnearen kantua) (D. 744). Jazoera izan zitekeen Mayrhoferrekin izandako liskar baten arrazoia, une horretan berarekin bizi baitzen[37].

Bere lagunek «Schwammerl»[Oh 1]ezizena eman zioten, Gibbs-ek «tripontzi» edo «onddotxo» gisa itzultzen duena[38][39], metro eta erdi pasatxoko altuera baino ez baitzuen[40].​ Gibbsek ere esan du batzuetan gehiegi edan zezakeela, eta bere gehiegizko alkohol kontsumoari buruzko aipamenak «... ez dira ondorengo txostenetan bakarrik agertzen, baita haren bizitzako dokumentuetan ere»[41].

Heldutasun musikala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Schubertiada, Julius Schmid-en olio-pintura, 1897koa.

1819 eta 1820ko konposizioek aurrerapen nabarmena erakusten dute estiloaren garapenean eta heldutasunean[42].​ Otsailean hasi zuen Lazarus oratorio amaitu gabea (D. 689). Geroago, obra txikiago batzuen erdian, Der 23. Psalm (D. 706) ereserkia; Gesang der Geister über den Wassern (D. 714) oktetoa; Quartettsatz do minorren (D. 703), eta pianorako Wanderer-Fantasie do Maiorren (D. 760). 1820an, bere bi opera antzeztu ziren: Die Zwillingsbrüder (Anaia bikiak) (D. 647) Theater am Kärntnertor-en ekainaren 14an, eta Die Zauberharfe (D. 644) Theater an der Wien-en abuztuaren 21ean[43].​ Ordura arte, bere konposiziorik handienak (mezak alde batera utzita) Gundelhof (Brandstätte 5, Viena) orkestra amateurrera mugatuta zeuden, bere etxeko schubertiadatatik sortutako elkarte bat. Haren posizioa prestigio handiagoa hartzen hasi zen publiko zabalagoari zuzenduz[43].​ Editoreek, ordea, urrun jarraitzen zuten, eta Anton Diabellik, zalantzan, bere lan batzuk enkarguz inprimatzea onartu zuen[44]. Lehenengo zazpi opus (abesti guztiak) termino horietan agertu ziren. Gero, enkarguak bertan behera gelditu ziren, eta egile-eskubideengatik diru-sarrera urriak jasotzen hasi zen. Egoera pixka bat hobetu zen 1821eko martxoan, Voglek Erlkönig (D. 328) abestia abestu zuenean, arrakasta itzela izan zuen kontzertu batean[45].​ Hil horretan, Schubertek bariazio bat konposatu zuen Diabelliren bals bati buruz (D.  718), eta Vaterländischer Künstlerverein argitaratzen lagundu zuten berrogeita hamar musikagileetako bat izan zen.

Schubertek inoiz baino tinkoago ekin zion bi operen ekoizpenari, zeinekin, hainbat arrazoirengatik, ez zuen ia arrakastarik izan. Hala eta guztiz ere, hogei proiektu eszenikotan murgildu zen, eta azkar ahaztu ziren guztiak. 1822an, Alfonso und Estrella (Alfonso eta Estrella) lanari uko egin zioten, neurri batean haren libretoaren ondorioz (bere lagun Franz von Schoberrek idatzia)[46].​ 1823an, Fierrabras (D. 796) ere baztertua izan zen: Domenico Barbajak, gorteko antzokietako enpresa gizonak Alemaniako opera berriarekiko interesa galdu zuen, neurri handi batean, Gioachino Rossiniren ospeagatik eta Italiako opera-estiloagatik, eta Carl Maria von Weberren Euryantheren porrotagatik[47]. Zentsoreak Die Verschworenen (D. 787) debekatu zuen, itxuraz bere izenburuagatik[48], eta, bi gauen ondoren, Rosamunda (D. 797) erretiratu zuten, Schubertek musika intzidentala idatzi zuen obraren kalitate eskasagatik.

Opera-porrotak gorabehera, bere ospea etengabe handitzen ari zen beste esparru batzuetan. 1821ean, Gesellschaft der Musikfreunde-k bazkidetzat onartu zuen, eta bere musikaren interpretazio kopurua nabarmen handitu zen[49].​ Emanaldi horiek bere ospea azkar hazten lagundu zuten Gesellschafteko kideen artean[49], eta publiko orokorrak bere izena ezagutzen lagundu zuten[46].​ Gesellschafteko kide batzuek, bereziki Ignaz von Sonnleithner eta bere seme Leopold von Sonnleithnerrek, eragin nabarmena zuten elkarteko arazoetan, eta, horren ondorioz eta Schuberten ospe gero eta handiagoaren ondorioz, Gesellschaftek hiru kontzertu garrantzitsutan sartu zituen bere lanak 1821ean. Apirilean, bere gizonezko ahotsentzako laukote bat interpretatu zen, eta, azaroan, Obertura mi minorren (D. 648) obraren lehen emanaldi publikoa egin zen[49].​ Oberturaren estreinaldiaren egun berean eta kontzertu desberdin batean, Der Wanderer (D. 489) abestia interpretatu zen[46].

1822an, Schubertek Weber eta Beethoven ezagutu zituen, baina topaketek ez zuten emaitza onik izan. Hala ere, Beethovenek bere dohaina aitortu omen zuen zenbaitetan. Bere hil-ohean, Beethovenek, antza, mutilaren obra batzuk aztertu, eta oihu egin zuen: «Zinez, jeinu jainkotiarraren txinparta Schubert honengan dago!». Beethovenek «munduan sentsazio handia eragingo zuela ere» iragarri zuen, eta damutu zen lehenago hartaz gehiago jakin ez izana. Bere operak eta pianorako obrak ikusi nahi zituen, baina gaixotasun larriak eragotzi egin zion[50].

Schubertiadak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Schubert ez zen saloi handi eta etiketa nobleren zale, eta bizitza bohemioa eraman zuen Vienan, intelektualez inguratuta, tabernatik tabernara eta giro herrikoietan murgildurik. Inguru horretan jaio zen Schubertiada terminoa: musika eta irakurketara dedikaturiko jatorri ezberdineko artisten biltzarrak.[51][52]

Franz Schuberten Saulengasseko etxea

Schubert XIX. mende hasierako austriar musikari nagusienetakoa da, Vienan jaiotakoa, gainera. 31 urte besterik ez zuen bizirik iraun, baina aparteko lan musikala sortu zuen. Miresten zuen Beethovenen itzalean hezi zen, eta haren heriotzaren urtebetera hil zen bera. Bizitzan zehar, ez zuen errekonozimendurik izan, heriotzaren ondoren baizik.

Bizitzaren azken urteetan, maisu lan ugari idatzi zuen: Wanderer-Fantasie, D. 760, pianorako (1822) edo Wilhelm Müllerren poemetan inspiratutako Die schöne Müllerin (Errotari ederra) (1823).

1824an, Der Tod und das Mädchen (Heriotza eta dontzeila) hari laukotea idatzi zuen, ezagunenetako bat, eta, bizitza bukatzen ari zitzaionean, Winterreise, D. 911, Op. 89 (1827), oinazearen eta bakardadearen eraginpean, berriro Müllerren poemetan oinarriturik.

Schubertek ez zituen 31 urte besterik, eta fuga ikasten hasita zegoen. Sifilisak edo gonorreak hartu zuela uste da[53], eta sukar tifoidea erantsi zitzaion, 1828ko azaroaren 19an hil zen arte.

Garai hartan gazte galdutzat hartu bazuten ere, alkohol zale eta noizbehinkako harremanetan murgiltzen zena, gaur desoreka bipolarra duen gaixoa ikusiko genuke biografo askoren ustez. Horrek argituko luke zergatik utzi zituen bukatu gabe hainbat maisu lan[54]. 1822ko urriaren 30ean, Sinfonia Si minorren hasi zuen, baina, bi mugimendu txukun-txukun osatu ondoren, bertan behera geratu zen hirugarrena hasterakoan. Eskuizkribua Anselm Hüttenbrenner lagunaren esku geratu zen, eta 40 urtez gorde zuen. 1865ean, Johann von Herbeck orkestra zuzendariari eskaini zion, eta urte hartako abenduan zuzendu zuen Vienan, bukatu gabeko lanaren estreinaldia. Ez dakigu zergatik geratu zen amaitu gabe, baina, zenbaiten ustez, ezin izan zuen ziurtatu lortutako kalitate bera mantenduko ote zuen. Horrela ezagutzen dugu gaur: diptiko asimetriko baino orekatua, Allegro moderato bat hasieran eta Andante con moto bat Mi Maiorren gero.

Gaixotasuna eta heriotza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Franz Schuberten hilobia Vienako Hilerri Nagusian.

Sormen lan horren erdian, bere osasuna okertuz joan zen. Schuberti buruz, aspalditik esaten zen «bide okerretik» zebilela; haren zaletasunez, alkoholez, tabakoz eta kafeinaz eta haren hedonismoz eta «sentsualitatez» hitz egiten zen, eta horrek noizbehinkako harremanak izatera eraman zuen[55]. 1820ko hamarkadaren amaieran, bere osasunak okerrera egin zuen, eta heriotzatik gertu egotearen beldur zela adierazi zien lagun batzuei. 1828ko uda amaieran, Ernst Rinna medikuak ikusi zuen, eta hark sendabiderik gabeko gaixo zegoela eta ziurrenik laster hilko zela susmoak baieztatu ahal izan zituen[56].​ Sintometako batzuk bat zetozen merkurio bidezko pozoitzearen sintomekin[57][Oh 2].​​ Azaroaren hasieran, berriz gaixotu zen, eta buruko mina, sukarra, artikulazioen hantura eta gonbitoak izan zituen. Oro har, elikagai solidoak ezin zituen atxiki, eta bere osasun egoerak okerrera egiten zuen. Hil baino bost egun lehenago, bere lagunak, Karl Holz biolin-jotzaileak, eta bere hari-laukoteak bisita egin zioten berarentzat jotzeko. Beethovenen 14. Hari-laukotea izan zen entzun nahi izan zuen azken musika-lana. Holzek aipatu zuen: «Harmoniaren erregeak bidaiarako gonbidapen adiskidetsua bidali dio abestiaren erregeari»[58].

Franz Schubert Vienan hil zen 31 urte zituela, 1828ko azaroaren 19an, bere anaia Ferdinanden apartamentuan. Sukar tifoideoa diagnostikatu zioten ofizialki heriotzaren arrazoitzat, nahiz eta beste teoria batzuk ere proposatu diren, sifilisaren etapa tertziarioa barne[56]. ​Bizitza osoan miretsi zuen Beethovenen ondoan lurperatu zuten, Schubertek hala eskatuta, Währingeko (Viena) hilerrian[59]. Schubertek zuzia eramana zuen Beethovenen hiletan, bera hil baino urtebete lehenago[60].

1872an, Franz Schuberten omenezko monumentu bat eraiki zen Vienako Stadtparken[59]. 1888an, Schubert eta Beethovenen hilobiak Vienako hilerri nagusira eraman zituzten, eta orain Johann Strauss (semea) eta Johannes Brahmsen hilobiekin batera aurki daitezke[61]. Anton Bruckner, hilotzak hobitik ateratzean, presente egon zen, eta bi hilkutxetan bilatu zuen, eta haien burezur gurtuak eskuetan mantendu zituen[62]. Währingeko hilerria parke bihurtu zen 1925ean, Schubert Park izenekoa, eta haren hilobi zaharra busto batek markatzen du. Schuberten epitafioak, bere adiskide Franz Grillparzer poetak idatziak, honela dio: «Die Tonkunst begrub hier einen reichen Besitz, aber noch viel schönere Hoffnungen» (Musikaren arteak altxor preziatua lurperatzeaz gain, are itxaropen distiratsuagoak lurperatu ditu hemen)[63].

Schuberten musika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1884 eta 1897 artean, Breitkopf & Härtel argitaletxeak Schuberten obra osoa argitaratu zuen. Lan bikaina egin zuen Eusebius Mandyczewski musikologo eta musikagileak abestien edizioan.

  • 1. sinfonia Re Maiorren, D. 82
  • 2. sinfonia Si bemol Maiorren, D. 125
  • 3. sinfonia Re Maiorren, D. 200
  • 4. sinfonia Do minorren, D. 417 (Tragikoa)
  • 5. sinfonia Si bemol Maiorren, D. 485
  • 6. sinfonia Do Maiorren, D. 589 (Txikia)
  • 7. sinfonia Mi Maiorren, D. 729
  • 8. sinfonia Si minorren, D. 759. Bukatu gabe. Zenbaitetan 7.a esaten zaio. Lehen bi mugimenduak daude bukatuta; hirugarrena hasita eta laugarrenaren arrastorik ez dago.
  • 9. sinfonia Do Maiorren, D. 944 (Handia). Askotan 7.a edo 8.a esaten zaio.
  • 10. sinfonia Re Maiorren, D. 936A. Piano bertsioan soilik.

Ganbera-musika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1. hari laukotea Sol minor/Si bemol Maiorren, D. 18
  • Sonatensatz, D. 28, piano hirukoterako
  • 2. hari laukotea Do Maiorren, D. 32
  • 3. hari laukotea Si bemol Maiorren, D. 36
  • 4. hari laukotea Do Maiorren, D. 46
  • 5. hari laukotea Si bemol Maiorren, D. 68
  • Haize zortzikotea Fa Maiorren, D. 72
  • 6. hari laukotea Re Maiorren, D. 74
  • 10. hari laukotea Mi bemol Maiorren, D. 87
  • 7. hari laukotea Re Maiorren, D. 94
  • Flauta, viola, gitarra eta txelo laukotea, D. 96
  • 8. hari laukotea Si bemol Maiorren, D. 112
  • 9. hari laukotea Sol minorren, D. 173
  • 11. hari laukotea Mi Maiorren, D. 353
  • Biolin eta piano sonata La Maiorren, D. 574
  • Hari hirukotea Si bemol Maiorren, D. 581
  • Piano boskotea La Maiorren, Amuarraina, D. 667 .
  • Quartettsatz (laukote-mugimendua) Do minorren, D. 703
  • Trockne Blumen bariazioak (Die Schöne Müllerin lanetik), piano eta flauta, D. 802
  • Zortzikotea Fa Maiorren, D. 803
  • 13. hari laukotea La minorren, D. 804 (Rosamunde)
  • 14. hari laukotea Re minorren, D. 810 (Der Tod und das Mädchen)
  • Arpeggione sonata, D. 821 (arpeggionerentzako, gaur egun cello edo biola)
  • 15. hari laukotea Sol Maiorren, D. 887
  • Rondo distiratsua piano eta biolinerako D. 895
  • Piano hirukoterako nokturnoa, D. 897
  • 1. piano hirukotea Si bemol Maiorren, D. 898
  • 2. piano hirukotea Mi bemol Maiorren, D. 929
  • Biolin eta piano fantasia Do Maiorren, D. 934
  • Hari boskotea Do Maiorren, D. 956

Pianoa bakarrik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 21 sonataz eta 4 impromptuz osatutako 2 bilduma (D. 899 y D. 935), 6 momentu musikal eta abar.

Pianoa, 4 esku

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Franz Schubert
  • Fantasia Sol Maiorren, D. 1
  • Fantasia Sol minorren, D. 9
  • Fantasia Do minorren, D. 48
  • 4 Polonesa Do minor, Si bemol Maior, Mi Maior eta Fa Maiorren, Op. 75, D. 599
  • 3 Martxa heroiko en Si minor, Do Maior eta Re Maiorren, Op. 27, D. 602
  • Rondoa Re Maiorren, Op. post. 138, D. 608
  • Sonata Handia Si bemol Maiorren, Op. 30, D. 617
  • Dantza alemana bi hirukote eta bi Ländlerrekin, D. 618
  • Abesti frantses batean oinarritutako bariazioak Mi minorren, Op. 10, D. 624
  • Obertura Fa Maiorren, Op. 34, D. 675
  • 3 martxa militar Do Maior, Sol Maior, Mi bemol Maiorren, Op. 51, D. 733
  • Sonata Do Maiorren (Grand Duo), Op. post. 140, D. 812
  • Tema original batean oinarritutako bariazioak La bemol Maiorren, Op. 35, D. 813
  • 4 Ländler Mi bemol Maior, La bemol Maior, Do minor eta Do Maiorren, D. 814
  • Divertimentoa hungariar erara Sol minorren, Op. 54, D. 818
  • 6 Martxa Handi eta trioak Mi bemol, Sol menor, Si menor, Re mayor, Mi bemol mayor, Mi mayor, Op. 40, D 819
  • Tema frantses batean oinarritutako divertimentoa Mi minorren, Op. 63, D. 823 2
  • Motibo frantsesetan oinarritutako divertimentoa Si minorren, Op. 84, No. 1, D. 823
  • Motibo frantsesetan oinarritutako divertimentoa Mi minorren, Op. 84, No. 2, D. 823
  • 6 polonesa Re minor, Fa Maior, Si bemol Maior, Re Maior, La Maior eta Mi Maiorren, Op. 61, D. 824
  • Grand funeral March Do minorren, Op. 55, D. 859
  • Grande Marche Héroique La minorren, Op. 66, D. 885
  • 2 Marches Caractéristiques Do Maiorren, Op. posth. 121, D. 886
  • Hérold-en Marie operako tema batean oinarritutako bariazioak Do Maiorren, Op. 82, D. 908
  • Martxa (Haurren Martxa) Sol Maiorren, D. 928
  • Fantasia Fa minorren, Op. 103, D. 940
  • Duoa (Lebensstürme) La minorren, Op. posth. 144, D. 947
  • Rondoa La Maiorren, Op. 107, D. 951
  • Fuga Mi minorren, Op. posth. 152, D. 952
  • Allegro moderato Do Maiorren, D. 968
  • Andante La minorren, D. 968
  • Tema original batean oinarritutako bariazioak Si bemol Maiorren, Op. posth. 82, No. 2, D. 968 A

Konposizio sakratu eta liturgikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1. meza Fa Maiorren, D. 105
  • 2. meza Sol Maiorren, D. 167
  • 3. meza Si bemol Maiorren, D. 324
  • 4. meza Do Maiorren, D. 452
  • 5. meza La bemol Maiorren, D. 678
  • 6. meza Mi bemol Maiorren, D. 950
  • Meza alemana (Deutsche Messe), D. 872
  • Kyrie-a Re minorren, D. 31
  • Kyrie-a Si bemol Maiorren, D. 45
  • Kyrie-a Re minorren, D. 49
  • Kyrie-a Fa Maiorren, D. 66
  • Salve Regina Si bemol Maiorren, D. 106
  • Totus in corde offertorium-a, D. 136
  • Stabat Mater Sol minorren, D. 175
  • Tres sunt offertorium-a, D. 181
  • Graduale, D. 184
  • Salve regina offertorium-a, D. 223
  • Salve Regina Fa Maiorren, D. 379
  • Stabat Mater Fa minorren, D. 383
  • Salve Regina Si bemol Maiorren, D. 386
  • Tantum ergo Do Maiorren, D. 460
  • Tantum ergo Do Maiorren, D. 461
  • Magnificat, D. 486
  • Auguste Jam Coelestium, D. 488
  • "Salve regina" offertorium-a, D. 676
  • Sechs Antiphonen zu Palmsonntag, D. 696
  • 23. salmoa, D. 706
  • Tantum ergo Do Maiorren, D. 739
  • Tantum ergo Re Maiorren, D. 750
  • Salve Regina Do Maiorren, D. 811
  • Tantum ergo Mi bemol Maiorren, D. 962
  • 92. salmoa, D. 953
  • Offertorium-a, D. 963
  • Hymnus an den heiligen Geist, D. 964
  • Der 92. Psalm (93, tôw l'hôdôs, Salomon Sulzerrek eskatuta), D. 953
  • Lazarus (Wien 1820, D 689, Stadttheater Essen 1928), August Hermann Niemeyer

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Schwamm» alemana da (Austriako eta Bavariako dialektoetan) txanpinoiei erreferentzia egiteko, eta, «-erl» bukaerak, txikigarri egiten du.
  2. Merkurioa orduan sifilisarentzako tratamendu komuna zen, eta horrek, berriz ere, Schubertek pairatzen zuela iradokitzen du.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. http://www.biografiasyvidas.com/biografia/s/schubert.htm
  2. http://www.pianored.com/schubert.html
  3. a b Duncan 1905, 13-14 orr. .
  4. Duncan 1905, 9 orr. .
  5. Benedikt, Erich. «Notizen zu Schuberts Messen. Mit neuem Uraufführungsdatum der Messe in F-Dur» Österreichische Musikzeitschrift 521-2/1997.
  6. Steblin 1998.
  7. Gibbs 2000a, 39 orr. .
  8. Newbould 1999, 64 orr. .
  9. McKay 1996, 308 orr. .
  10. Hutchings 1967, 166 orr. .
  11. Newbould 1999, 40 orr. .
  12. Gramit 1997, 108 orr. .
  13. McKay 1996, 55 orr. .
  14. McKay 1996, 59 orr. .
  15. McKay 1996, 138 orr. .
  16. Solomon, Maynard. (1989). «Franz Schubert and the peacocks of Benvenuto Cellini» 19th-Century Music 12.
  17. «Schubert: Music, Sexuality, Culture» 19th-Century Music 173-101.
  18. (Ingelesez) «Schubert à la Mode» The New York Review of Books 1994-10-20.
  19. Steblin, Rita. (1993). «The Peacock's Tale: Schubert's Sexuality Reconsidered» 19th-Century Music (Berkeley, California: Univ. of California Press) ISSN 0148-2076.
  20. Steblin..|izena=Rita |urtea=1996 |izenburua=Babette und Therese Kunz: neue Forschungen zum Freundeskreis um Franz Schubert und Leopold Kupelwieser |lekua=Viena |argitaletxea=Vom Pasqualatihaus | isbn=3901254161}}
  21. Steblin, Rita. (1997). «Schubert's 'Nina' and the True Peacocks» The Musical Times 138.
  22. Steblin, Rita. (1998). Die Unsinnsgesellschaft: Franz Schubert, Leopold Kupelwieser und ihr Freundeskreis. Böhlau ISBN 3-205-98820-5..
  23. Steblin, Rita. (2001). «Schubert's Problematic Relationship with Johann Mayrhofer: New Documentary Evidence» in Barbara Haggh Essays on Music and Culture in Honor of Herbert Kellman. Paris-Tours: Minerve.
  24. Steblin, Rita. (2008). «Schubert's Pepi: His Love Affair with the Chambermaid Josepha Pöcklhofer and Her Surprising Fate» The Musical Times.
  25. Horton, Julian. (2015). Schubert. Routledge, 66 or. ISBN 9781472439376..
  26. McKay 1996, 68 orr. .
  27. Duncan 1905, 26 orr. .
  28. McKay 1996, 56 orr. .
  29. Gibbs 2000a, 44 orr. .
  30. Newbould 1999, 66 orr. .
  31. Duncan 1905, 90-93 orr. .
  32. McKay 1996, 75 orr. .
  33. a b Newbould 1999, 69-72 orr. .
  34. Gibbs 2000a, 59 orr. .
  35. Newbould 1999, 235 orr. .
  36. Gibbs 2000a, 67 orr. .
  37. Gibbs 2000, 68 orr. .
  38. Gibbs 2000a, 7 orr. .
  39. Gibbs 2000b, 20 orr. .
  40. McKay 1996, 70 orr. .
  41. Gibbs 2000a, 97 orr. .
  42. Hadow, William Henry. Encyclopædia Britannica. 24 Londres, Nueva York: The Encyclopædia Britannica Company, 380 or..
  43. a b Austin 1873, 46-47 orr. .
  44. Wilberforce 1866, 90-92 orr. .
  45. Wilberforce 1866, 25 orr. .
  46. a b c Newbould 1999, 173 orr. .
  47. Denny 1997, 245-246 orr. .
  48. Gibbs 2000a, 111 orr. .
  49. a b c McKay 1996, 101 orr. .
  50. Thayer et al. 1921, 299-300 orr. .
  51. https://web.archive.org/web/20120229210015/http://www.taller54.com/schubert.htm
  52. https://web.archive.org/web/20120304054105/http://www.arts-history.mx/discos/index.php?id_disco=9109
  53. http://www.culturageneral.net/musica/clasica/compositores/schubert.htm Dokumentu idatzirik ez badugu ere, sintomatologiak horrelako zerbaitera darama.
  54. http://books.google.es/books?id=R3_PTtmcjHcC&printsec=frontcover&hl=es#v=onepage&q&f=false
  55. Gibbs 2000a, 109 orr. .
  56. a b Newbould 1999, 275 orr. .
  57. Gibbs 2000a, 168-169 orr. .
  58. Deutsch 1998, 300 orr. .
  59. a b Duncan 1905, 79-80 orr. .
  60. Gibbs 2000b, 144 orr. .
  61. Gibbs 2000a, 197 orr. .
  62. (Ingelesez) «The Morbid Fascination of Anton Bruckner» Interlude 2014-08-11 (Noiz kontsultatua: 2019-09-03).
  63. Gibbs 2000b, 133 orr. .
Otto Erich Deutsch-en lanak

Otto Erich Deutsch, XX. mendearen lehen erdian lan egin zuen eta ziurrenik Schuberten bizitzan eta obran adituena izan zen. Schuberten lanen katalogoaz gain, Schuberti buruzko material ugari bildu eta antolatu zuen.

XIX. mendeko eta XX. mendeko hasierako adituak
Gaur egungo adituak
Sinfonien zenbakikuntza

Ondorengo iturriek Schuberten azken sinfonien zenbakikuntzaren inguruko nahasmena argitzen dute. Bukatu gabea 7. zk. eta 8. zk. izenez argitaratu zen, ingelesez eta alemanez.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Franz Schubert Aldatu lotura Wikidatan