Lizar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fraxinus» orritik birbideratua)
Lizar
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaLamiales
FamiliaOleaceae
Generoa Fraxinus
Azpibanaketa
Ikusi testua
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakash wood (en) Itzuli, manna (en) Itzuli, swamp ash (en) Itzuli eta olive ash (en) Itzuli

Fraxinus edo, izen arruntez Lizar, Oleaceae familiako zuhaitz generoa da. Latinetik dator Fraxinus hitza eta xabalina edo gezia esan nahi du (lizarraren zuraren antzinako erabilerari egiten dio erreferentzia).

Banaketa geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

45 espezie deskribatu dira genero honen barruan. Gehienak, ipar-hemisferioko gune epel eta subtropikaletan banatzen dira. Ipar Amerika (20 espezie) eta Asia (20 espezie) dira banaketa handiena erakusten duten lurraldeak. Europa, Asia mendebaldean (5 espezie) eta Afrika Ipar mendebaldean (2 espezie) generoaren errepresentazioa txikiagoa da.[2]

Euskal Herrian lau espezie nagusi aurki ditzakegu; Fraxinus ornus L., Fraxinus pennsylvanica Marshall espezie aloktonoak eta Fraxinus excelsior L. eta Fraxinus angustifolia Vahl. espezie autokotonoak; azken biak dira, halaber, gure lurraldean banaketa geografikorik zabalena dutenak. [3]

Banaketari dagokionez, F. excelsior kantaurialdean arrunta da eta F. angustifolia berriz, gehiago hedatzen da eskualde mediterranearrean.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitz hosto erorkorrak dira, eta adaskak begietan lodituak dituzte. Hosto antolaketa mota bat baino gehiago deskribatu dira. Aurkako hostoak izan daitezke, maiz bertizilatuak (3ko bertizilotan), inparipinatuak edo, zenbaitetan, foliolo bakarrera murriztuak.[3]

Enborraren azala leuna izaten dute. Zuhaitz gazteenek lentizela eliptiko ugari aurkezten dituzte eta helduenek aldiz gainazal arrakalatuagoa eta grisakara. Zurtoinak borobilduak, trinkoak eta adar ugarirekin agertzen dira. Adarrak, grisakarak hauek ere, iletsuak edo soilak izan daitezke espeziaren arabera. Ernamuinen kolorea ere espeziearen ezaugarri espezifikoa da; oro har marroiak edo beltzak izaten dira.[2]

Loreak txikiak izaten dira eta hermafroditak zein unisexualak izan daitezke. Lore guztiak muturreko edo galtzarbeko panikulatan bilduak agertuko zaizkigu. Bestalde, kaliza kanpai-erakoa da eta 4 gingilekoa; hala ere, ez da beti agertzen. Gehienetan ez dute korolarik izaten, eta garatzekotan, 2-6 petalo askez osatua egoten da.[3]

Fruitua samara erakoa da eta puntako zatian hegala garatzen du.[3]

Espezie nagusien kokapen geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko Ipar Amerika
Mendebaldeko eta hego-mendebaldeko Ipar Amerika
Mendebaldeko Paleartikoa (Europa, iparraldeko Afrika eta hego-mendebaldeko Asia)
Fraxinus excelsior
Ekialdeko Paleartikoa (erdialdeko eta ekialdeko Asia)


Fraxinus ornus L.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lore ikusgarriko zuhaitza da eta beraz, apaingarri gisa erabilia. Lore hauek 4 petalo zuri luze eta estu izaten dituzte, eta gainera oso usaintsuak dira. Muturreko edo galtzarbeko panikula handietan bilduak daude.[3]

Fraxinus ornus loretan

Banaketa geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Era naturalean Europa hegoaldetik eta Asia mendebaldetik hedatzen da. Euskal Herrian, orain dela gutxi populazio bat aurkitu zen, Araban, eta duela gutxi ere Burgos iparraldean aurkitutako beste batzuekin batera, erlikia isolatuak dira. Egun arte ikertu denaren arabera, jatorrizko banaketa-area orokorretik urrun kokatzen dira.[3]

Fraxinus pennsylvanica Marshall[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian jatorrizkoak diren espezietatik hosto ezaugarriengatik bereizten da batik bat. Hauek, garbiki peziolatutako 5-7 eta zenbait kasutan 9 foliolodunak dira, luzeran 15 cm artekoak eta zabaleran, 2,5-5cm bitartekoak.

Fraxinus pennsylvanica-ren hosto egitura

Ipar Amerikakoa da jatorriz, baina zenbait ibaien ertzetan bertakotzen da.[3]

Fraxinus excelsior, influoreszentzia arrak

Fraxinus excelsior L.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fraxinus excelsior-en hostoak

Lizar arrunta (Fraxinus excelsior) Oleaceae familiako eta Fraxinus generoko zuhaitza da, hosto galkorrekoa.

Latinetik dator Fraxinus hitza, eta xabalina edo gezia esan nahi du. Excelsior hitzak aldiz, zuhaitzaren garaierari egiten dio erreferentzia.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

40 m arteko zuhaitz sendoa da. Hostoak aurkakoak dira, inparipinatuak 7-13 eta zenbait kasutan 15 folioloz osatuak. Orokorrean hostoak lantzeatuak eta krenatu edo serrulatuak direla esaten da, hau da, ertzetan koska biribildu eta ez oso sakonak dituztela. Inguru berean bizi diren espeziekin alderaturik udaberrian hostoak beranduago garatzen ditu eta udazkenean ere lehenak izaten dira erortzen.[3]

Enborraren gainazala grisakara eta leuna da, lentizelak garatzen ditu adar eta zuhaitz gazteetan. Gainazala arrakalduz doa ale helduenetan.[2]

Loreak hostoen aurretik garatzen dira eta ez dute kalizik, periantorik ez eta korolarik ere. Lore berriak aurreko urtean garatu diren adasken gaineko panikuletan (panikula motzak eta aurkakoak) biltzen dira.[3]

Fruitua samara erakoa da, zapaldua eta hazi bakarrekoa. Hazi hau fusiformea izaten da, eta esan bezala, samara barruko barrunbe batean kokatzen da.[3]

Loraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaberrian loratzen da. Fruituak udazkenean heltzen dira, hala ere, sarritan neguan zuhaitzetan irauten dute, hurrengo udaberri hasieran sakabanatuz. Aipagarria da, loreak hostoak baino lehen zabaltzen direnez, fruituak aurreko urteko adarretan aurkituko ditugula normalean.[3]

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso hostoerorkorretan bizi da, lurzoru freskoetan. Aukeran, baso aberats eta sakonak nahiago izaten ditu. Lurzoru eta hezetasun-baldintza egokiak baditu, zuhaitz aitzindari bezala jokatzen du, hau da, kide dituen beste espezie batzuk baino hazkuntza potentzial handiagoa du lursail berrietan. Hotzarekiko erresistentzia ere erakusten duenez, leku askotara hedatu da. 400-1800 metro bitarteko altuerako guneetan aurki genezake.

Baldintza klimatikoei dagokienez, gaztetan itzala onar dezakeen arren, heldutasunean gune eguzkitsuak behar ditu, baina betiere ongi hidratatuak.

Banaketa geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako zatirik handienean hedatzen da, ipar, hego eta ekialdeko muturretan salbu. Euskal Herriari dagokionez, kantaurialdean arrunta da, baina mediterraneo aldera hurbildu ahala urrituz doa, azkenerako F. angustifoliak (lizar hostotxikiak) erabat ordezkatzen duen arte.[3]

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egurra zuria edo zertxobait arrosatua dauka, malgua eta zaila, lanabesen kirtenak, gurdiak eta torneriak egiteko oso egokia. Bestalde, bai egurra eta bai bere ikatza kalitatezko erregaiak dira. Hosto eta kimuak ganadu bazkatarako oso aproposak direnez, zuhaitz hauek lepatu egin ohi dira. Euskal Herrian, artaldeak bazkatzen diren mendi larreetan erabilera hau oso hedatua dago, eta beraz ohikoa da lizarra saroietan landatzea.[3]

Fraxinus excelsior. Zuhaitz enborraren zehar-ebakia.

Fitoterapian folioloak eta enbor-azala erabili izan dira hanturaren aurkako tratamendu, diuretiko eta laxante gisa.

Kantaurialdeko Euskal Herriaren mitologian sustraitutako zuhaitza da, eta bere adarrek oraindik ere etxeen sarrerak babesten dituzte udaberrian. San Joan gauean, lizar adaxka berri bat jarri behar omen da etxeko atean, eta aurreko urtekoa suan erre. Lizarra ez da bedeinkatu behar; berez da bedeinkatua, Lekuonaren liburuan aurkitzen den esaerak, sinesmen honi egiten dio erreferentzia.

Fraxinus angustifolia Vahl[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fraxinus angustifolia edo lizar hostotxikia ere deitua; Oleaceae familiako eta Fraxinus generoko zuhaitza da. Fraxinus hitzak, latinez xabalina edo gezia, lizarraren zuraren antzinako erabilerari egiten dio erreferentzia. Angustifolia-k “hosto estuko” esan nahi du.

Taxonomia [6][7][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau azpiespezietan (aditu batzuen arabera espezie ezberdinak direnak) sailkatzen da.

  • Fraxinus angustifolia subsp. angustifolia, mendebaldeko Europa eta ipar-mendebaldeko Afrikakoa.
  • Fraxinus angustifolia subsp. oxycarpa (M. Bieb. ex Willd.) Franco & Rocha Afonso (syn. F. oxycarpa M. Bieb. ex Willd.), ekialdeko Europa eta hego-mendebaldeko Asiakoa.
  • Fraxinus angustifolia subsp. syriaca, Ekialde Hurbila eta mendebaldekoa Asiakoa.
  • Fraxinus angustifolia subsp. danubialis, erdialdeko Europakoa.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fraxinus angustifolia Parisko lorategian

Tamaina ertaineko zuhaitza da, baina, baldintzak egokiak badira, 25 metro arteko garaiera eta 1.5 metroko diametroko enborra izan dezake. Hostoak aurkako eran ezarrita ditu, pinatuak dira, 15-25 cm artekoak eta 5-13 foliolotan banatuak; eseriak edo ia. Hostoak oinean osoak izan arren gainontzeko ertzetan morfologia krenatu-serrulatua (koska edo hortz biribilduekin, ez oso sakonak) erakusten dute. Kasu askotan alboko nerbioak adina hortz izaten dituzte, edo bestela batzuk gutxiago.[3]

Enborraren azala leuna eta kolore argikoa izaten da zuhaitz gaztetan, hazi ahala ordea, zartatu eta interguneak edo konkorrak agertzen zaizkio.[2]

Ernamuinak kolore marroi argikoak dira, eta ezaugarriak F.excelsior edo lizar arruntetik bereizteko balio digu, azken honenak beltzak baitira urte sasoi guztietan zehar.[2]

Loreak dioikoak eta lizar arruntaren kasuan ez bezala, oso goiztiarrak dira. Ez dute ez kalizik ez eta korolarik garatzen, eta aurreko urteko adasketan ezarritako panikuletan (aurkakoak) biltzen dira.

Fruitua samara erakoa da, ilegabea eta kolore horixkakoa.

Loraldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaberri hasieran edo  zenbaitetan, eta betiere hotzegia izan ez bada, negu bukaeran ere loratzen da. Fruituak aldiz, udaren bukaeran heltzen dira.[3]

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haran hondoetan eta ibai ertzetan bizi da. Orokorrean maila freatikoa gainazaletik gertu duten lurzoru freskoetan, silizetan aberatsak direnak. Gune freskoenetan makal (Populus) eta sahatsen (Salix) ondoan topa dezakegu, bai eta zumar (Ulmus) eta arteekin (Quercus ilex.) batera zenbait ibarretan.[8]

Banaketa geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fraxinus angustifolia espeziearen banaketa geografikoa Europan.

Arraza tipikoa eskualde mediterranearreko mendebaldean hedatzen da. Euskal Herrian, mediterraneo aldean Fraxinus excelsior edo lizar arruntaren lekua hartzen du. Bereziki ibarbasoetan, hau da, lurralde lehorretan ibai eta ur bilduen ertzean agertzen diren basoetan, topatuko dugu. Hare klima lehorragoa duten eskualdeetan, kostaldeko guneetan ere azaldu daiteke.[3][8]

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egur iraunkor eta malgua duenez, lantzeko erraza da eta gurdingintzan zein lanabes kirtenak egiteko erabiltzen da. Lizar hostotxikiaren zurak kolpe jarraiak oso ondo jasaten ditu, eta beraz, zenbait kirol tresna egiteko oso aproposa da.[3] Ebanisterian ere asko erabili da, garatzen dituen zainak ederrak baitira eta apaingarri gisa molda baitaitezke. Gainera, zuhaitzaren egurra zein bere ikatza erregai bikainak dira; ganaduak ere bazkarako gustokoa du.[8]

Fitoterapian ere erabiltzen da, ikusi baita hostoek ezaugarri diuretikoak eta erreuma aurkakoak azaltzen dituztela.

Ohikoa da lorategietan lizar hosto txiki barietate bat landatzea. Hauek foliolo bakarrera murriztutako hostoak izaten dituzte.[8]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Fraxinus L.. in: Germplasm Resources Information Network. Ameriketako Estatu Batuetako Nekazaritza Saila 2006-04-03.
  2. a b c d e «Flora Iberica. Plantas vasculares de la Península Ibérica e Islas Baleares» www.floraiberica.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).
  3. a b c d e f g h i j k l m n o p q I., Aizpuru,. (2010). Euskal herriko zuhaitz eta zuhaixken gida. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco ISBN 9788445730515. PMC 868798162. (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).
  4. Species Records of Fraxinus. in: Germplasm Resources Information Network. Ameriketako Estatu Batuetako Nekazaritza Saila.
  5. Fraxinus L.. in: ITIS Standard Reports. Integrated Taxonomic Information System.
  6. Römer, Johann Jakob. (1797). Flora Europaea inchoata /. Ex Officina Raspeana, (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).
  7. Keith., Rushforth,. (1999). Collins wildlife trust guide trees : a photographic guide to the trees of Britain and Europe. HarperCollins ISBN 0002200139. PMC 41338335. (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).
  8. a b c d Elwes, Henry John; Henry, Augustine. «FRAXINUS ANGUSTIFOLIA, NARROW-LEAVED ASH» The Trees of Great Britain and Ireland (Cambridge University Press): 879–881. ISBN 9781107252813. (Noiz kontsultatua: 2019-03-20).