Fred Rogers

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Fred Rogers
Fred Rogers, late 1960s.jpg
Bizitza
Jaiotza Latrobe (Pennsylvania)1928ko martxoaren 20a
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Lehen hizkuntza ingelesa
Heriotza Pittsburgh2003ko otsailaren 27a (74 urte)
Hobiratze lekua Unity Cemetery Itzuli
Heriotza modua : urdaileko minbizia
Hezkuntza
Heziketa Dartmouth College Itzuli
Pittsburgheko Unibertsitatea
Thiel College Itzuli
Rollins College Itzuli
Pittsburgh Theological Seminary Itzuli
Hizkuntzak ingelesa
Jarduerak
Jarduerak ministroa, txotxongilolaria, abeslaria, autorea, musikagilea, hezitzailea, gidoilaria, kantugilea, telebista aurkezlea, telebista-ekoizlea, teologoa eta telebista-aktorea
Jasotako sariak
Musika instrumentua pianoa
ahotsa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Presbiterianismoa
Alderdi politikoa Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoa
IMDb nm0736872
FredRogersSignature.svg

Fred McFeely Rogers (1928ko martxoaren 20a - 2003ko otsailaren 27a) pertsona ospetsua izan zen AEBetako telebistan, musikaria, txotxongilolaria, idazlea, ekoizlea eta eliz ministro presbiterianoa. Ezaguna zen, 1968tik 2001a bitartean bera izan zelako Mister Rogers' Neighborhood (Rogers jaunaren auzoa) haurrentzako saioaren sortzailea, musikagilea, ekoizlea, gidoigile nagusia eta aurkezlea.[1] Erritmo lasaiak eta aurkezlearen portaera patxadatsuak markatu zuten saioa.

Latrobe herrian jaio zen, Pennsylvanian, Pittsburgh-etik gertu, 1951n musikan graduatu zen Rollins Collegen, Floridan. Berehala telebistan hasi zen lanean, hasieran NBC katean, New Yorken. 1953an Pittsburghera itzuli zen, NET telebista-sarean (geroago PBS) WQED kanalean haurrentzako saioetan lan egitera. Graduatu zen Pittsburgheko Teologia Seminarioan eta 1963an ministro presbiteriano ordenatu zuten. Eskolak hartu zituen Pittsburgheko Haur Hezkuntza Eskolan, eta han hasi zen 30 urteko elkarlana Margaret McFarland haur-psikologoarekin. Kamera atzean egin zuen lan, The Children’s Hour (Haurren ordua) saioan, eta 1963an lan egin zuen Misterogers haur saioan, 15 minutuko haur saioa, Kanadan egina, zuri-beltzean, non garatu zituen geroago erabiliko zituen karakter eta set asko. 1968an Pittsburghera itzuli zen, ekoizteko Mr. Rogers’ Neighborhood, zeina iritsi baitzen ia 900 atal egitera, 2001 arte. Saioak azpimarratzen zituen haurraren garapena, sentimenduak, pentsamendu etikoa, gizalegea, tolerantzia, partekatzea eta auto estimua. Hala ere, gai delikatuak ere tratatzen zituen, hala nola, familiako animalia baten heriotza, neba-arreben arteko liskarrak, jaio berri baten etorrera, etxez aldatzea, eskola berri batean sartzea eta dibortzioa.

Rogers 2003ko otsailaren 27an hil zen, urdaileko minbiziak jota. George W. Bush presidenteak eman zion Askatasunaren aldeko Presidentearen Domina. Horrez gain, jaso zituen berrogei ohorezko gradu eta Peabody saria. Telebistaren Fama Aretoan sartu zuten. TV Guide aldizkariak 35. sailkatu zuen Telebistaren Inoizko Izarrik Handienak deritzon zerrendan. Smithsonian Erakundeak, bestalde, Rogersen jertse bat gordetzen du “Amerikar historiako altxor” gisa.

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rogers jaio zen Latrobe herrian, Pennsylvanian, gurasoak James Rogers eta Nancy McFeely zituela.[2] Aita negozio-gizona zen. Ama, bestalde, Pittsburgheko familia aberats batekoa zen, eta ospitaleko boluntario gisa aritu zen Bigarren Mundu Gerran eta ondoren. Amaren aldeko aitona, Fred McFeely, McFeely Brick enpresako lehendakaria zen, Latrobeko enpresarik handienetakoa. Rogers hazi zen adreiluzko mantsio handi batean, Latroben bertan.[3]

Rogersek jasotako arreba bat zeukan, Elaine, eta igaro zuen bere denbora librerik gehiena McFeely aitonarekin, zeinak musika maite zuen. Bost urte zituela hasi zen Rogers pianoa jotzen, eta bere amarekin kantatzen.[4]

Txikitan, Rogers lotsatia eta gizena zen. Asma tarteko, sarri etxean jasotzen zituen eskolak. Kosta egiten zitzaion lagunak egitea, eta sarri burla egiten zioten gizena zelako, deitzen baitzioten "Fat Freddy" (Freditxu potolo).

Institutuan hasi zenean, ostera, Rogersek bere burua seguruago ikusten hasi eta popular bihurtu zen. Ikasleen Batzordeko presidente izen zen, Ohorezko Elkarte Nazionaleko kide eta urteko liburuko editore nagusi. 1946an graduatu zen institutuan. 1946tik 1948ra Dartmouth Collegen ikasi zuen, eta handik Rollins Collegera joan zen, Winter Park-en, Floridan, non Musika konposizioan titulatu baitzen 1951n.

Rollins-en ikasten ari zela, Rogersek ezagutu zuen Sara Joanne Byrd, zeina Oakland hirikoa baitzen, Floridan. Ezkondu egin ziren 1952ko ekainaren 9an. Bi seme eduki zituzten: James (1959) eta John (1961).

Karrera telebistan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rogers 1949an, institutu garaian

Unibertsitatean ikasi ondoren, Rogers seminarioan sartu zen, baina telebistan nahi zuen lan egin. CNN telebistari emandako elkarrizketa batean, Rogersek esan zuen: “Telebistara joan nintzen, gorrotatzen nuelako hura zelan erabiltzen zen, eta pentsatu nuelako izango zela beste moduren bat tresna zoragarri hura erabiltzeko, ikusleak hezte aldera”.

1951n lana eskatu zuen NBC katean, New Yorken. Hasi zen ekoizlearen laguntzaile moduan, eta gero platoko zuzendari bihurtu zen, musika-saioak egiten, hala nola Your Hit Parade, The Kate Smith Hour eta The Voice of Firestone. Halaber, lana egin zuen Gabby Hayes-en haur saioan.

Rogersek utzi egin zuen NBC, onartzen ez zuelako agentziak haurrak erabiltzea publizitaterako. 1954an hasi zen txotxongiloekin lanean The Children’s Corner (Haurren txokoa) saioan, WQED Pittsburgheko telebista publikorako. Saioak Sylvania sari bat irabazi zuen haur-saiorik onenari, eta AEBetan eman zen, NBC katean.

Bazkaltzeko zuen denboran, Rogersek Teologia ikasi zuen Pittsburgh Teologia Seminarioan. Hala ere, berak ez zuen nahi predikatzerik, eta agindua jaso zuen, ordenatu ondoren, segitzeko haurrentzako saioak egiten telebistan. Elkarlanean segitu zuen Pittsburgheko Unibertsitatearen Haur Garapena eta Zaintza programarekin.

1963an, Kanadako Telebista Publikoak (CBC) Rogers kontratatu zuen Misterogers egin zezan, 15 minutuko haur saioa. Rogers Torontora joan zen, eta han saioak hiru denboraldi iraun zuen. Hiru urte eginda, Rogers AEBetara itzuli zen.

1966an Rogersek saioaren eskubideak berreskuratu zituen CBC katetik, eta eraman zuen saioa WQED telebista katera, Pittsburghen, non aurrez lan egin baitzuen The Children’s Corner saioa egiten.

Mister Rogers' Neighborhood[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rogers eta X Hontza aldizkari baten azalean, 1969

Mister Rogers' Neighborhood (Rogers jaunaren auzoa) haur-saioa 1968an hasi zen emititzen, eta guztira 895 atal egin ziren. Hasi zen National Education Television izeneko telebistan, zeina geroago bihurtu baitzen The Public Broadcasting Service (PBS), AEBetako telebista publikoa. Atal berrietako azkenak 2000. urtean grabatu ziren, baina hasi ziren emititzen 2001eko abuztuan. 1985erako, AEBetako bizilagunen %8k ikusten zuten saioa.

Saioa beti hasten zen Rogers etxera iristen, abesti bat kantatzen zuela, "Won't You Be My Neighbor?" (Izango al zara nire auzokidea?). Ondoren, etxeko zapatillak jantzi eta jertsearen kremailera lotuko zuen. Jertse guztiak bere amak egindakoak ziren. Bere saioan, Rogers bidaian joango zen, ikusleei gauza berriak erakutsi eta film laburrak jarriko zituen, "Picture, Picture" atalean. Atal bakoitzean Rogersek bisitatuko zuen Fantasiaren auzoa ("Neighborhood of Make-Believe"), non aurki baitzitezkeen tranbia bat, gaztelu bat eta erresumako bizilagunak, King Friday XIII (Ostiral XIII. erregea) barne.

Atalen artean, Rogersek elikatu egiten zituen akuariumeko arrainak. Beti ematen zion audientziari horren berri, zeren neska itsu batek gutun bat idatzi zion esanez jakin nahi zuela noiz elikatzen zituen arrainak. Saioa amaitzen zen Rogers hegan egiten, esanez “A zelako sentimendu ona”.

Rogersek uste zuen inportantea zela berdin jokatzea grabatzen ari zela edo kameratik kanpo. Esan zuen: “Edonori egin ahal diozun saririk handiena da zure nortasun zintzoa eskaintzea. Uste dut haurrek urrutitik antzeman dezaketela faltsukeria”. Berak idazten zuen saioko musika ia guztia. Erakutsi nahi zien haurrei euren burua maitatzen, eta baita besteena ere, eta abesti lasaigarriak erabiltzen zituen hitz egiteko haurtzaroko beldurren inguruan. Behin ospital batean egin zuen saioa, erakusteko haurrei ospitalak ez direla leku beldurgarriak.

Bere saioan gai sozialak jorratuko zituen, Robert F. Kennedy-ren hilketa adibidez, edo arrazismoa eta dibortzioa. Atal famatu batean, Rogersek hankak uretan freskatzen ipini zituen haurrentzako piszina txiki batean, Clemmons ofizialaren ondoan (François Clemmons), zeina baitzen afrikar-amerikarra, egunaren beroa aitzakia hartuta. Eszenak inklusioa zabaldu nahi zuen, AEBetan arrazen arteko bereizketa eguneroko kontua zen garai batean.

Rogers Clemmons ofizialarekin, 1986

Rogersen beste ezaugarri bat zen haur elbarrituak hartzen zituela bere saioan. 1981eko atal batean, Rogersek gonbidatu zuen mutiko kuadraplegiko bat, Jeff Erlanger, zeinak erakutsi baitzion zelan zebilen bere gurpildun-aulki elektrikoa eta azaldu baitzion zergatik behar zuen hura. Erlangerrek eta Rogersek batera kantatu zuten “It’s You I Like” (Zeu maite zaitut). Grabatu aurretik, Erlanger saioaren jarraitzaile amorratua zenez, eta haren gurasoek gutun bat bidali zioten Rogersi ea elkar ezagutu zezaketen.

Saio guzti-guztiak hitz hauekin amaitzen zituen Rogersek:

“Zu zeu izanda bakarrik, berezi egin duzu egun hau. Mundu osoan ez da zu bezalako pertsonarik; eta maite zaitut zaren bezalakoa”.

Saioan sekula ez zuen hitz egin bere sinesmenaren inguruan, ez baitzuen nahi inork saiotik aldendua sentitzerik. Golkoko gerra garaian, kontsolatu zuen audientzia, esanez auzoko haur guztiak ondo zainduko zituztela. Rogersek eskatu zien gurasoei agintzeko ondo zainduko zituztela beren haurrak.

Irailaren 11ko eraso terroristen ostean, Rogersek grabatu zituen zerbitzu publikoentzako iragarkiak, zelan eztabaidatu haurrekin mundu zabaleko albiste tragikoak. Esan zien ikusleei “bilatu laguntzaileak”. Aipu hori biral bihurtzen da AEBetan albiste tragikoak gertatzen diren bakoitzean. Orduan Rogersek hitz hauek egin zituen:

“Mutikoa nintzela, ikusten nituenean gauza beldurgarriak albistegietan, amak esaten zidan: ‘Bilatu laguntzaileak. Beti aurkituko duzu jendea besteei laguntzen’. Gaur arte, bereziki ‘hondamendi’ garaietan, amaren hitzak gogoratzen ditut, eta kontsolatu egiten naiz ikusita zenbat jende dagoen laguntzeko prest —hainbeste jende bihotz onekoa mundu honetan”.

PBS diruz laguntzeko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969an, Rogers agertu zen AEBen Senatuko Komunikazio Azpibatzordearen aurrean. Bere helburua zen Senatuari eskatzea diruz lagun zezala PBS AEBetako telebista publikoa, zabaldu baitzen diru publikoa murriztuko ziola. Sei minutuko inguruko testigantzan, Rogersek azaldu zuen beharrezkoa zela telebista publikoak eskaintzen zuen heziketa sozial eta emozionala. Argudiatu zuen berea bezalako saioek laguntzen zietela haurrei hiritar hobeak izaten.

Rogers testigantza ematen AEBetako Senatuan PBSri diruz laguntzeko, 1969

Azpibatzordeko presidenteak, John O. Pastorek, ez zuen Rogersen berririk, ez eta haren lanaren ingurukorik, eta zenbaitetan eraman gutxikoa izaten zen. Dena dela, Rogersi entzun ondoren, Pastorek adierazi zuen haren testigantzak oilo-ipurdia eragin ziola, eta gehitu zuen: “Uste dut zoragarria dela. Esango nuke irabazi dituzula 20 milioi dolarrak”. Handik lasterrera, Senatuak gehitu egin zuen PBSentzako diru laguntza 9 milioi dolarretik 22 milioira.

Bestelako lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1978an, bere saioa grabatzeari utzi eta aurkeztu zuen elkarrizketa saio bat PBS katean, izena zuela “Old Friends… New Friends” (Aspaldiko adiskideak… Adiskide berriak). Saioan denetik elkarrizketatu zituen: aktoreak, kirol izarrak, politikariak eta poetak. Saioak 20 atal iraun zuen.

Behin bakarrik agertu zen Rogers telebistan bera ez zen beste norbait antzezten, eta hori gertatu zen 1996an, predikari bat antzeztu zuenean Dr. Quinn, Medicine Woman sailaren atal batean. Beste behin, bere buruari ahotsa jarri zion “Arthur Meets Mister Rogers” atalean, Arthur telesailean.

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rogersek apartamentu bat zeukan New York hirian, eta udako etxe bat Nantucket Uhartean, Massachusetts-en. Ez zituen bereizten kolore gorriak eta berdeak. Bizimodu osasuntsua eraman zuen, goizero igeri egiten, bat ere erre barik. Begetarianoa zen, uste baitzuen okela jatea ez zegoela ondo, esaten zuela: “Ama duen ezer ez dut jan nahi”. Zurrumurruak gorabehera, sekula ez zuen Itsas Armadan borrokarik egin SEAL moduan Vietnamgo gerra garaian, eta sekula ez zuen tatuajerik egin bere gorputzean.

1991n Pittsburgh Penguins izotz-hockey taldeak izendatu zuen Rogers kapitain ospetsu, NHL ligak 75 urte betetzen zituela aprobetxatuta.

Goizero-goizero, Rogersek erantzun egingo zituen jasotako gutun guztiak, eta postetxera bidali.

1992an Peabody saria jaso zuen, telebistan egindako lanaren bikaintasuna aitortzeko. 1999an, berriz, Telebistaren Fama Aretoan sartu zuten.

William Hirsch lagunak egindako elkarrizketa batean Rogersek esan zuen sexualitatea balantza batean neurtuko balitz, orduan: “Ni erdi-erdian nengoke. Zeren emakumeak erakargarri aurkitu ditut, eta baita gizonak ere”. Horrek pentsarazi zien zenbait irakurleri Rogers bisexuala zela.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretiratu eta gutxira, 2002ko abenduan, diagnostikatu zioten urdaileko minbizia. 2003ko urtarrilean ebakuntza egin zioten, baina arrakasta barik.

Hil zen 2003ko otsailaren 27an Pittsburgheko bere etxean, koman sartu ondoren. Emaztea alboan zuen hil zenean. Hilabete falta zitzaion 75 urte betetzeko.

2.700 lagun baino gehiago elkartu ziren haren hiletan, Heinz Hall aretoan. Rogers lurperatuta dago Latrobeko Unity hilerrian.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002an George W. Bush AEBetako presidenteak eman zion Askatasunaren aldeko Presidentearen Domina haurren heziketaren alde egindako lanagatik. Haren hitzetan, “Fred Rogersek erakutsi du telebistak gaztetxoen bihotzak goxatu eta espirituak elikatu ditzakeela”.

2003an AEBetako Senatuak ebazpen bat onartu zuen Rogersen bizitza ospatzeko. Rogers hil ondoren, AEBetako Kongresuak 111. ebazpena onartu zuen, Rogers ohoratzeko, “hark eskainitako zerbitzu gogoangarriagatik haurren bizitzak hobetze aldera, haren konpromiso irmoagatik errukiaren indarra erakuste aldera, eta haren dedikazioagatik ontasuna etsenpu bidez zabaltzeko”.

Fred Rogersi eskainitako estatua, Pittsburgh-en

2004ko Urteberri egunean, Michael Keatonek, zeinak aktore bihurtu aurretik lan egin baitzuen Mister Rogers’ Neighborhood saioan, aurkeztu zuen PBS telebistaren saio berezi bat: America's Favorite Neighbor (Amerikaren auzokiderik gogokoena). Urtero, Rogers jaio zen egunean Latrobe haren jaioterriak eta Pittsburgh hiriak egun bat antolatzen dute, “Won’t You Wear a Sweater” (Ez duzu jertse bat jantziko?), Rogers ohoratzeko. 2003an Nazioarteko Astronomia Batasunak asteroide bat bataiatu zuen Fred Rogersen ohorez: 26858 Misterrogers.

Rogersen jertse ospetsuetako bat Smithsonian Erakundeak erosi zuen, eta berau erakusten da “Amerikako historiaren altxorra” izeneko erakusketan. 2009an Pittsburgh hiriak estatua bat eskaini zion Rogersi.

2018ko urtarrilean publiko egin zen Tom Hanks aktoreak antzeztuko zuela Rogersen bizitzan oinarritutako film batean, A Beautiful Day in the Neighborhood (Egun zoragarri bat auzoan), Marielle Heller-ek zuzendua.[5] Filma TIFF zinemaldian estreinatu zen, Toronton, 2019ko irailean.[6] 2018ko ekainean dokumental bat estreinatu zen, Won't You Be My Neighbor? (Izango al zara nire auzokidea?), Rogersen bizitzan eta ondarean oinarrituta. Dokumentalak oso kritika onak jaso zituen, eta berak egin du diru gehien dokumental biografikoen artean.[7] 2018ko martxoan AEBetako Posta Zerbitzuak zigilu bat eskaini zion Rogersi. 2018ko irailaren 21ean, Google Doodlek stop-motion bideo bat eskaini zuen Mister Rogers' Neighborhood-ena (Rogers jaunaren auzoa). 2018ko urriaren 23an, World Series txapelketako lehen partidan, Googlek Pixel 3 mobilaren iragarkiz aurkeztu zuen, Rogersen abesti batean oinarritua, “Did You Know” (Bazenekien).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Emmanuel, Steven M. (2016-01-20) Revisiting Mister Rogers' Neighborhood: Essays on Lessons About Self and Community McFarland ISBN 9780786472963 . Noiz kontsultatua: 2019-09-10.
  2. (Ingelesez) «Early Life» Fred Rogers Center for Early Learning & Children's Media . Noiz kontsultatua: 2019-09-10.
  3. (Ingelesez) King, Maxwell (2018-09-04) The Good Neighbor: The Life and Work of Fred Rogers Abrams ISBN 9781683353492 . Noiz kontsultatua: 2019-09-10.
  4. «WQED Multimedia: Pittsburgh Magazine» web.archive.org 2005-01-03 . Noiz kontsultatua: 2019-09-10.
  5. A Beautiful Day in the Neighborhood . Noiz kontsultatua: 2019-09-10.
  6. (Ingelesez) Lee, Benjamin (2019-09-04) «Oscar season heats up as J-Lo, Hanks and an imaginary Hitler head to Toronto» The Guardian ISSN 0261-3077 . Noiz kontsultatua: 2019-09-10.
  7. Won't You Be My Neighbor? . Noiz kontsultatua: 2019-09-10.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]