Frenzelen maniobra
| Frenzelen maniobra | |
|---|---|
| Deskribapena | |
| Identifikatzaileak |
Frenzelen maniobra, beste izenez Marcante-Odaglia maniobra, erdiko belarriaren konpentsazio maniobra bat da, urpekaritzan eta abiazioan airearen presio aldaketak berdintzeko oso erabilia.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hermann Walter Gotthold Frenzel otorrinolaringologoak garatu zuen 1938an, Wehrmacht naziaren Luftwaffeko ofiziala zela, Junkers Ju 87 Stuka bonbardaketari-pilotuak entrenatuz; pilotu hauek pikatuan erasotzen zuten, presio atmosferiko aldaketa handiak jasanez. 1953an maniobra honen garapena egin zen Italian, Duilio Marcante (1914-1985) urpekariaren proposamenez eta Giorgio Odaglia (1929-2018) medikuaren ikerlanarekin.[1]
Teknika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mugimendua zein presioa erabiltzen ditu: mihiak birikekiko lotura ixten du, ahosabaiaren goiko eta atzeko aldean kokatuz. Sudurra atzamarrekin itxia dugula, irenstearen antzeko mugimendua hasten da "P", "T" edo "K" soinua ahoskatuz. Horrela, ponpa gisa jokatuz, aho-barrunbean dagoen airea konprimitzen da erdiko belarrirantz bultzatuz, eta Eustakioren tronpak irekiz.[2]
Prozedura pausuz pausu:
- Sudurra ixtea, pintza eginez.
- Aho-irteera ixtea, mihiaren aurrea (ohiko bertsioan) edo atzea erabiliz (azken honek mugimendu oso txikia, baina trebetasun handiagoa eskatzen du).
- Glotisa ixtea.
- Mihia atzerantz eta gorantz mugitzea, airea konprimituz.
- Itxitako glotisa (zintzur-sagarra) gorantz mugitzea, airearen konpresioa handituz.
Maniobra hau, behin praktika pixka bat hartuta, seguruena eta eraginkorrena da. FIPS urpekaritza federazioaren eskuliburua aipatuz:
| « | "...ez du biriketako hiperpresiorik erabiltzen, ez du biriketan eraginik, beraz, ez du alterazio kardiobaskularrik eragiten, Valsalvari egozten zaizkion albo-ondorioak baztertuz. Hori bereziki gomendagarria da apneentzat; trebetasun gehiago eskatzen badu ere, Valsalva baino are presio handiagoa lor dezake, azkar egiten da eta etengabe errepika daiteke ahalegin minimoarekin eta erraztasun handiarekin". | » |
Valsalvaren aldeko abantailak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Valsalvaren maniobraren aldean, Frenzelenak hiperpresio askoz ere txikiagoa du. Bestalde, pintza bat erabili ezkero bi eskuak libre gelditu daitezke. Gainera, Frenzela arnas-zikloaren edozein unetan egin daiteke, eta ez du eragozten odola bihotzera itzultzea.[3] Esfortzu oso txikiarekin eta bizkor egitekoa da, nahi den beste bider errepikatu daitekeelarik. Valsalvak, ostera, muskulu kontrakzio gehiago behar du, horrek dakarren oxigeno kontsumo gehigarriarekin.[2]
Diafragmaren indarra erabiltzen ez duenez, prezisio handiagokoa da eta horrenbestez apnea praktikatzaileentzat erosoagoa, behin eta berriz jaitsiera bizkorrak egiteko. Valsalva -30 mtaraino soilik erabil daiteke, hortik behera biriketan ez baita gelditzen maniobra egiteko behar den besteko airerik;[2] Frenzelak, ostera, -80 mtaraino balio du. Halere biriketako barotrauma arriskua (hiperpresioak biriketan eraginiko kaltea) kontuan hartu beharrekoa da: konpentsazio maniobrak bizkor ikasi badaitezke ere, esperientzia gutxiko urpekarien birikak ez daude presio horietara ohituak, eta honen eragina katastrofikoa izan daiteke.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Brubakk, Alf O., ed. (2007). Bennett and Elliott's physiology and medicine of diving. (5th ed., repr. argitaraldia) Saunders ISBN 978-0-7020-2571-6. (kontsulta data: 2024-12-15).
- ↑ a b c (Ingelesez) bigboss. (2019-12-02). «Equalization Techniques in Freediving» Big Blue Diving Koh Tao (kontsulta data: 2024-12-15).
- ↑ «CV Physiology | Venous Return - Hemodynamics» cvphysiology.com (kontsulta data: 2024-12-15).
- ↑ (Ingelesez) Farrell, Emma. (2023-07-19). «The Definitive Guide to the Frenzel Technique - With Emma Farrell» Go Freediving (kontsulta data: 2024-12-15).