Fructuoso Orduna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Fructuoso Orduna
Bizitza
Jaiotza Erronkari1893ko urtarrilaren  23a
Herrialdea  Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza Madril1973ko abuztuaren  27a (80 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak eskultorea
Kidetza San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia

Fructuoso Orduna Lafuente (Erronkari, 1893ko urtarrilaren 23a - Madril, 1973ko abuztuaren 27a) nafar eskultorea izan zen.

Papiniano (Madrilgo Justizia Jauregia)

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zaragozan egin zituen lehen arte-ikasketak, Lasuén maisuarekin. Gero, Madrila joan zen, Mariano Benlliurerekin ikastera, Nafarroako Foru Aldundiaren beka bati esker. Diru-laguntza hori berritu egin zioten 1920an, Ordunak Erakusketa Nazionalean hirugarren domina irabazi zuenean. Sari hori bi obrengatik eman zioten: Roncalés izena zuen lan horietako batek, eta marmolezko buru bat zen, artistaren aitaren erretratua; besteak, berriz, Pelotari zuen izena. Lehena erabakigarria izan zen saria emateko, eta Madrilgo Arte Modernoko Museoan dago orduz geroztik.

1917tik 1922ra, Erroman ikasi zuen, beste beka bati esker. Michelangeloren lanak aztertu zituen Italian. Artelan haien eragina nabari zaio, besteak beste, Post nubila Phoebus izeneko multzoari. Lan horri esker, urrezko domina irabazi zuen 1922ko Erakusketa Nazionalean. 1923an, lau lan aurkeztu zituen Madrilen, arestian aipatutakoekin batera, Biblioteken eta Museoen Jauregian: Kristo, Gaiarreri eskainitako hilarria, neskato baten burua eta eserleku apaingarri bat. 1924ko Erakusketa Nazionalean ere parte hartu zuen, eta baita beste hainbat erakusketatan ere Venezian, Parisen (Udazkeneko Erakusketa), Belgikan eta Herbehereetan.

Harria eta marmola landu zituen, batez ere. Indar handiko irudiak dira Ordunarenak. Hasieran, Michelangeloren eragin nabarmena izan bazuen ere, estilo pertsonalago baten bidetik abiatu zen gero, heraldika eta idealizaziotik gertu dauden irudiak sortzeko ahaleginean. Izan ere, asmo monumentalez egin zituen Ordunak eskultura gehienak: Madrilgo Almudena katedraleko Kristo Gurutziltzatua, Pedro Navarro Olivetoko kondearen omenezko monumentua (Erronkariko Garde herrian), Las Ciencias izeneko alegoria (Ramón y Cajal Institutua, Madril), Papiniano (Justizia Jauregia, Madril), José Sanjurjo jeneralaren omenezko monumentua (Iruñea), Fray Diego de Estellaren omenezko monumentua (Lizarra), Valentín Gaiarreren omenezko monumentua (Erronkari) eta Madrilgo Ramiro de Maeztu Institutuko Francisco Francoren monumentua.

Erretratugile ere aritu zen, eta hauek ditu lan aipagarrienak: eskultorearen aita, emaztea, Maria Luisa iloba, Huarte Mendikoa doktorea eta Ezequiel Endériz.

Kronikagilearen tankeran lan egin zuen Ordunak: formaren poetikari erabateko lehentasuna eman ordez, zirrara sortu nahi zuen ikuslearengan, alegoriaren edo bolumen monumentalaren bidez. Aparteko trebetasun teknikoa zuen. Oreka zuen helburu nagusia irudia lantzean, eta hieratikotasuna bere-berezko asmoa zuen.

1962an, Madrilgo Arte Ederretako Akademiaren kide egin zuten. 2001ean, Erronkariko seme kuttun izendatu zuten.


Lan nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Foru Aldundiaren egoitza, Iruñean. Frontoiko eskulturak Fructuoso Ordunak eginak dira.
Alfonso XIII.aren omenezko monumentua (datarik gabea), Madrilen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biografia
Nafarroa Garaia
Artikulu hau Nafarroa Garaiko biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.