Fruta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fruta-denda Bartzelonako azoka batean.

Fruta esaten zaie landare landu edo basatietatik lortzen diren fruitu jangarriei. Oro har, zapore gozo edo garrantzarengatik, usain bizi eta atseginagatik eta nutrizio-ezaugarriengatik, gehienbat fresko, zuku edo postre gisa (eta, neurri txikiagoan, beste prestakin batzuetan) jaten dira, heldutasun organoleptikora iritsi ondoren edo egosi ondoren.[1]

Gozogintzan ez ezik, sukaldaritzan ere baliatu izan da fruta antzina-antzinatik, gaur egun baino gehiago, noiznahi: odolkiarekin frijiturik, haragi gorriekin, txerrikiarekin, entsaladan, marmelada, pastel, konfitura, jele, izozki, konpota, sorbete, tarta, budin, mazedoniak osatzeko... Gurean, Ameriketatik patata heldu arte, jakien lagungarriak —babak ez ezik— gaztainak, pikuak eta sagarrak ere izan ziren. Egun, globalizazioaren ondorioz, fruta tropikalak noiznahi agertzen dira gure mahaian, elikabidearen aberasgarri.[2]

Nutrizioaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fruta kontsumitzeak kaloria gutxi ematen ditu eta ur asko (pisu freskoaren %80-95); beraz, organismoa hidratatzen laguntzen du. Digestio-aparatuaren funtzionamendu egokiari laguntzen dio, elikagaien zuntza ematen baitu. Salbuespenetan izan ezik (adibidez, Elaeis guineensis fruitutik lortutako kokoa eta palma-olioa), frutek ez dute koipe aserik ematen. Zenbait frutak organismoarentzat funtsezkoak diren gantz-azidoak sortzen dituzte, hala nola fruitu lehorrak edo aguakateak. Frutak, gainera, energia-iturri garrantzitsua dira organismoarentzat, karbohidrato disolbagarri asko baitituzte, eta azkar asko erabil baitaitezke.[2]

Elikagai gisa, frutek ekarpen garrantzitsuak egiten dizkiote dietari. Oro har, aberatsak dira bitaminetan, gatz mineraletan eta antioxidatzaileetan. Bitamina eta mineral batzuk, hala nola C bitamina eta potasioa, fruten menpe daude neurri handi batean, hornidura-iturri gisa. Zenbait frutak, hala nola angurriak edo meloiak, ur-indize handia dute.[2]

Osasunarentzat biziki mesedegarria da fruta:[2]

  • gehiegizko pisua hartzea galarazten dute, arrunt betegarriak eta kaloria gutxikoak baitira,
  • gaitz batzuk prebenitzen dituzte (mineral eta bitaminen iturri izaki, defentsa immunitarioak ugaltzen dituztelako),
  • bihotz gaixotasunen eragozle dira (zuntz eta antioxidatzaile asko dutenez, kolesterolari oxidatzea galarazten diote),
  • diabetesaren kontrakoak dira (fruituen gluzidoek gluzemia kontrolatzen dute),
  • hainbat minbiziri garatzea eragozten diete (digestibokoei, birikakoei),
  • hezurrak sendotzen dituzte (kaltzio eta antioxidatzaile asko dutelako)…

Gastronomiaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alor honetan ere frutak multzotan sailkatu ohi dira, ezagutza sistematizatze aldera:[2]

  1. garratzak (limoia, laranja, pomeloa),
  2. oskoldunak (amanda, pinazia, gaztaina),
  3. lehorrak (abrikot belarria, mahaspasa, aran melatua),
  4. gorriak (marrubia, mugurdia, ahabia),
  5. mamitsuak (banana, pikua, anana),
  6. pipitadunak (udarea, mahatsa, meloia, sagarra),
  7. hezurdunak (muxurka, arana, gerezia),
  8. exotikoak (guaiaba. mangoa, papaia), etc.

Fruta kontserbatzeaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasoitik kanpo ere kontsumitu ahal izateko, fruta prestatu beharra dago, kasuan kasuko galarazpenak (beroa, argitasun, hezetasuna) saihesteko eta etsaiei (bakterio, legamia, urdinei) aurre egiteko, hara:[2]

  1. kontserban: airerik gabe beroturik, hermetikoki itxitako flasko edo potoetan, ezti edo likido batean, eskuarki;
  2. lehorturik: pusketak egin eta aire zabalean deshidrataturik, klimak aukera hori ematen duen tokietan;
  3. azukretan: azukrez estali eta flaskoa itxirik, azukreak hezetasuna erauziko dio;
  4. alkoholetan: alkoholak azukreak bezalaxe dihardu, frutari hezetasuna erauziz;
  5. marmelada edo erreximenta bihurtua: frutak, zuritu eta hezurgabeturik, birrindu eta azukrez (fruta, %45 / azukrea, %5luze kuzinatuko dira, ore tankerako ukia erdietsi arte;
  6. jele moduan: fruta zuku edo estraktuak eta azukrea (%50 / %5egosiko dira;
  7. fruta edariak: frutak birrinduz edo zanpatuz gero, ura eta azukrea eransten zaie.

Gure arteko ohiko frutak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrela esaten zaie dagoeneko bakan edo exotikotzat jotzen ez diren frutei, hots, gurean eta antzeko klima epeletan ugaltzen eta kontsumitzen direnei. Hona horietako batzuk: abrikot, albertxikoa (Prunus armeniaca), ahabia (Vaccinium myrtillus, V. microcarpum), ahuakatea (Persea gratissima), amanda, arbendola (Prunus dulcis, P. amygdalus), anana (Ananas, sp.), andere-mahatsa (Ribes rubrum, R. nigrum, etc.), angurria, sandia (Citrullus vulgaris, Cucumis v., Cucurbita citrullus), arabisagarra (Citrus paradisi), arana (Prunus domestica), arkakaratsa (Rosa canina), banana (Musa sapientum), basaran gorria (Prunus spinosa), bergamota (Citrus aurantium, subsp. bergamia), gaztaina (Castanea sp.), gerezia (Prunus avium, Prunus cerasus), gurbitza (Arbutus unedo), hurra (Corylus avellana), intxaurra (Juglans regia), irasagar, kodoina (Cydonia oblonga), kakia (Diospyros kaki), kiwia (Actinidia deliciosa), klementina (Citrus reticulata C. deliciosa x C. aurantium var amara), laranja (Citrus x sinensis), mahats zuri eta beltza (Vitis vinifera), mandarina (Citrus reticulata), marrubi, mailuki, arrega (Fragaria vesca), masusta, maruga (Rubus fructicosus), meloia (Cucumis melo), melokotoi, tuaxa, mertxika, muxika (Prunus persica), mingrana (Punica granatum), mizpira (Mespilus sp.), mugurdia (Rubus idæus), paraguaioa (Prunus persica, var platycarp, var nucipersa), piku zuria, piku beltza (Ficus carica), sagarra (Malus sp.), madari, txermen, udarea (Pyrus communis), etab.[2]

Fruta tropikal edo exotikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Halakotzat hartzen dira klima tropikaleko edo subtropikaleko eskualderen batetik (Ekialde Urrun, Latinoamerika, Karibe edo Afrikatik, batik bat) ekarritako frutak; hauek ez dute pairatzen hotzik eta, areago, tenperatura 4ºC-tatik jaisten denean garatzeari utzi edo endekatu egin daitezke. Fruta horiei askotan "exotiko" derizte hemen, baina hitz horrek ez du deus argitzen, ez du adierazten zein habitatetik datozen. Normalean gozoak dira eta postreetako osagai gisarta hartzen ditugu Euskal Herrian.

Horra hor gure artean ezagunak diren horietako batzuk: abrikota (Mammea americana), ahuakatea (Persea americana), anakardoa (Anacardum occidentale), anana (Ananas comosus), anona ezkatatsua (Annona squamosa), aran nataldarra (Carissa macrocarpa), aran-datila (Diospyros lotus), arrosa-sagarra (Syzygium jambos), babakoa (Carica pentagona), badama edo amanda malabarra (Terminalia catappa), banana (Musa paradisiaca), banana ñimiñoa (Musa acuminata), barbadina (Passiflora quadrangularis), Barbariako pikua (Opuntia ficus-indica), datila (Phœnix dactylifera), durioa (Durio zibethinus), feijoa (Acca sellowiana), gerezi antilarra (Malpighia glabra), gerezi brasildarra (Eugenia brasiliensis), gerezi kaienarra (Eugenia uniflora), grabiola (Annona reticulata), grabiola arantzatsua (Annona muricata), granadilla (Passiflora laurifolia), guaiaba (Psidium guajava), guapurua (Myrciaria cauliflora), ikakoa (Chrysobalanus icaco), iuiuba (Ziziphus mauritiana), jaka (Artocarpus heterophyllus), janbosa (Syzygium samarangense), kainitoa (Chrysophyllum cainito), kakia (Diospyros kaki), karanbola (Averrhoa carambola), kokoa (Cocos nucifera), laranjilla (Solanum quitoense), litxia (Litchi chinensis), longana (Euphoria longan), mameia (Pouteria sapota), mangoa (Mangifera indica), mangostana (Garcinia mangostana), marakuia (Passiflora edulis), marrubi-guaiaba (Psidium cattleianum), mizpira japoniarra (Eriobotrya japonica), monbin gorria (Spondias purpurea), monbin horia (Spondias mombin), ogi-arbola (Artocarpus sp.), papaia (Carica papaya), sapota (Diospyros digyna), sapotilla (Manilkara zapota), Tahitiko andere-mahatsa (Phyllanthus acidus), tamarilloa (Tamarindus indica), tximino-ogia (Adansonia digitata), txirimoia (Annona cherimola).[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]