Futbol

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Futbolari» orritik birbideratua)

10 zenbakia duen jokalaria baloia ostikoz jaurtitzekotan da. Atezainak eskuak erabil ditzake, baloia atean sar ez dadin saiatzeko.

Futbola taldekako kirol bat da, hamaikana jokalariko bi talderen artean baloi esferiko batekin jokatua. 250 milioi jokalarik praktikatzen dute munduko 200 herrialde baino gehiagotan, eta beraz munduko kirolik hedatuena da;[1][2][3] eta diru gehien mugitzen duen kirola ere, saskibaloiarekin, 1 Formularekin eta golfarekin batera. Kirola bere muturreko bi aldeetan ate bat duen zelai laukizuzen batean jokatzen da. Jokoaren helburua baloia aurkako taldearen atean sartzea da.

Futbola antzinarotik jokatzen den baloidun jokoetako batetik eratorritako kirola da. Gaur egungo kirolaren arauak 1863an sortu ziren, Ingalaterran The Football Association elkarteak futbol arauak sortu zituenean.

Jokalariek ezin dute baloia eskuekin edo besoekin ukitu jokoan ari diren bitartean, atezaina area penalean dagoenean izan ezik. Beste jokalariek euren hankak erabiltzen dituzte, gehienetan, baloia pasa edo atera botatzeko, baina batzuetan eskuak edo besoak ez diren beste gorputzaren zatiak ere erabiltzen dituzte. Partidaren amaieran gol gehien sartu dituen taldeak irabazten du. Partidaren amaieran berdinketa baldin badago, partida horrela amai daiteke edo luzapena eta penalti jaurtiketak egin daitezke, lehiaketaren arabera. Munduan osoan, FIFA erakundeak kudeatzen du futbola, eta sei konfederaziotan banatuta dago: AFC, CAF, CONCACAF, CONMEBOL, OFC eta UEFA. FIFAk Munduko Futbol Txapelketa antolatzen du lau urtean behin.

Futboleko jokalariei futbolari deritze.

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Futbolaren historia»

Hastapenak

Dokumentuek diote gutxi gorabehera K.a. 2500ean hasi zirela antzinako txinatarrak Tsu-Chu izeneko jokoan. Tsu hitzak «oinekin baloia jotzea» esan nahi omen du, Chuk, aldiz, «larruz egindako pilota», eta enperadorearen urtebetetzeko ospakizunetan jokatzen zen.[4]

Kemari modernoaren aurkezpena Japonen.

Japoniarrek ere Kemari izeneko jokoa garatu zuten K.a. 300 eta 600 urteen artean; 8 jokalari edo gutxiago aritzen ziren partidatan eta baloiak lurra ez ukitzea zen helburua. Amerikan, Mayak eta Aztekak Pok-A-Tok jokoan aritzen ziren; baloia hankekin jo arren, helburua berau uztaian sartzea zen. Kalkuluen arabera, esaten da joko honek 3.000 urteko antzinatasuna duela.[5] Aurkitutako zelairik zaharrena, Paso de la Amada, Mexiko, K.a. 1600ekoa da.[4]

Ipar Amerikan, beranduagokoak dira Pasuckuakohowog jokoaren inguruko berriak, XVI. mendearen amaierakoak hain zuzen. 1.000 pertsonatik gorak hondartza zabaletan bildu eta baloiarekin jokatzen zuen, sarritan egun bat baino gehiago irauten zuten partida kaotikoetan. Alaskako eskimalek ere halako zerbait egiten omen zuten, baina izotz gainean; Asqaqtuk esaten zioten jokoari.[4]

Groenlandian ere futbolaren antzeko kirola jokatzen zen, eta Ozeaniako “Marngrook” izeneko jokoak, berriz, Australiako futbolaren antz handiagoa zuten ezaugarriak zituen.[6]

Lehen garapena

Futbolaren bertsio modernoa Europan sortu zen eta bertan ere aurrekariak badira. Antzinako Grezian, Episkyrosean aritzen ziren. Beste kiroletan bezala, biluzik jokatzen zuten eta, gizonezkoak gehiago izan arren, emakumezkoek ere jokoan parte har zezaketen. Aurretik, linoz eta hilez egindako baloiek (Egiptoko hilobi batean aurkitutakoa kasu) ez zuten punparik ia eta greziarrek follis edo puztutako baloia garatu zuten. Zerrien maskuriak erabiltzen zituzten horretarako, baina belaki zatiekin egindako pilotak ere baziren.[4]

Erromatarrek Episkyrosa garatu eta izena aldatu zioten: Harpastum izena zuen Inperioaren modako jokoak (bere azken urteetan bereziki). 5-12 jokalarik erditik banandutako zelai errektangularrean jarduten zuten. Talde bakoitzak bere erdian mantendu behar zuen baloia, eta arerioa baloia lapurtu eta bere zatira eramaten saiatzen zen. Harpastuma follisa baino pilota txikiago eta gogorragoekin jokatu ohi zen.[4]

Zizeronek berak kasu bitxia deskribatu zuen: Gorteko bizartegian gizon bat hil omen zuten, bizarra mozten zioten bitartean norbaitek baloiari ostikoa jo eta leihotik barrura sartu zenean; pilotak bete-betean eskuan jo omen zion bizarginari eta bezero gizarajoari lepoa moztu zion labanak. Atheneausek ere Harpastumari buruz idatzi zuen: «Harpastum da gehien gustatzen zaidan jokoa. Ahalegina eta nekea izugarriak dira, lepoaren bira bihurriak bezalaxe». Eta Antiphanesek hauxe kontatu zuen: «Baloia hartu eta lagunari pasa zion, jokalari bat saihestu eta barre egiten zuen bitartean».[4]

Inperioaren hedapenean erromatarrak Britainiar irletara iritsi ziren, baita euren jokoa ere. Erromatarren eta britainiarren arteko Harpastum norgehiagoken berri iritsi da. Erromatarrek erraz lortzen omen zuten garaipena. Erdi Aroan Italian eta Ingalaterran jarraitu zuten baloi jokoan. Bi herrietan joko jendetsu eta bortitzak egiten ziren.[4]

XIX. mendeko bateratzeak

XIX. mendearen erdialdean, Britainia Handian, Futbol ihauteria arautzeko prozesu bat hasi zen, eta arau idatziak ezarri ziren, zabal partekatu ahal izateko modukoak. Garai hartan futbola bigarren mailako eskola pribatuetako ikasleen artean praktikatzen zen, eskola batetik bestera nabarmen aldatzen ziren arau oso zehaztugabeekin. Eskola batzuetan pilota eskuetan hartuta korrika egin zitekeen, beste batzuetan ez; batzuetan jokoz kanpoko lerro bat zegoen, baina beste batzuetan ez; batzuetan kontrako jokalariari hartu, plakatu eta ostikoka egin ahal zitzaion, eta beste batzuetan ez; batzuek pasean oinarritutako taldekako joko bat sustatzen zuten, baita pasea ere. Beste batzuetan, berriz, jokalari bakoitzaren trebetasunean eta indarrean oinarritutako banakako joko bat bultzatzen zuten. Eta eskola bakoitzean aldaera eta aldaketa amaigabeak zeuden.[7][8]

1840ko hamarkadan, Britainia Handiak garapen handia izan zuen bere trenbide-sarean, eta, horri esker, pertsonak distantzia handiagoetara joan ziren. Prozesu horrek elkargoen arteko eskumenak gauzatzea ahalbidetu zuen, baina, handik gutxira, argi geratu zen beharrezkoa zela arauak bateratzea.[7]

Futbol Elkartearen legeak 1863an ofizialdu baziren ere, Cambridgeko arauak gaur egungo kodea sortzeko oinarritzat hartu ziren eta Sheffield-eko arauek ere ezaugarri garrantzitsuak ekarri zizkioten kirol berriari.[9]

Futbol modernoa

1863an joko arau zehatzak idatzi ziren eta orduan sortu zen egungo futbola Ingalaterran. Urte gutxi beranduago, 1867an, lehen futbol taldea (Sheffield Football Club) zelaira irten zen.[4]

Data zehatza eta onartua ezartzea zaila bada ere, futbolaren jaiotza 1863ko urriaren 26a izan zen, “The Football Association” sortu zeneko eguna.[10]

Futbol zelaia

Futbol zelaia

Jokorako lekua 45 eta 90 metro bitarteko zabalera eta 90 eta 120 metro bitarteko luzera duen belarrezko zelaia izaten da. Area bakoitzean hiru zutoinek osatutako ate bat egoten da. Zelaia bi zatitan banatzen da eta ateen aurrean bina area egoten dira: area txikiak atezaina inork oztopatu ezin duen gunea da, eta area handia atezainak baloia eskuaz jokatu dezakeena eta defentsak ari den taldeak egiten duen falta penalti bezala adierazten dena.

Zelaiaren ezaugarriak

Ondorengo arau hauek kontuan izan behar dira ere:

  • Neurriak: 90-110 m luze eta 45-90 zabaleko laukizuzena izan behar da.
  • Markatzeko modua: Zelaia <12 cm-ko zabalera duen marra nabariarekin markatu behar da. Ertz bakoitzean poste bat kokatzen da, >1.5 m neurtzen zuena eta banderatxo bat zuena gainean. Zelaia erditik banantzen da marra batez. Zelaiaren erdian puntu bat dago, eta puntua zentroa izanik, 9.15 m-ko erradioa duen zirkunferentzia bat dago.
  • Ate marra: Bi marra ate marratik perpendikularki, ate zutoin bakoitzaren barrualdetik 5.5 m urrunduta eta zelaiaren barrualderantz 5.5 m sartuta. Bi marra horiek, ate marraren paraleloa den beste marra batekin elkartuko dira.
  • Area penala: Bi lerro perpendikular markatuko diote ate lerroari 16,5 m-tara. Ate zutoin bakoitzaren barruko partearen, 16.5 m sakondu. Eta lerro paralelo batekin elkartuko dute helburuaren lerroa zelaian. Penalaren area bakoitzean penal puntu bat marraztuko da zutoinen arteko erdi marraren 11 m-ko distantzian. Area penal bakoitzaren kanpoaldetik erdi-zirkulu bat marraztuko da, penal puntua zentroa izanik 9.15 m-ko erradioaren distantziara.
  • Izkinako area: Izkinaren bandera bakoitzetik 1m-ko erradioa duen zirkunferentzia zatia marrazten da zelaiko lau ertzetan.
  • Atezaindegiak: Ate marra bakoitzaren erdian atezaindegiak jarriko dituzte, 2 zutoin bertikalez egongo dira osatuta, izkinaren banderen distantzia 7.32 m izanik eta langaluze horizontal batez elkartuta, langaluzearen eta lurraren arteko distantzia 2.44 m izanik. Ateak lurrera finkatuta egon beharko dira, arriskurik ez egoteko. Atezaindegiak zuriak izaten dira normalean.

Jokoaren arauak

Sakontzeko, irakurri: «Futbol arauak»

Futbol partida baten 10 jokalari eta atezain batek osatutako bi taldek jokatzen dute. Talde batek gola lortu duela esaten da baloia arerioaren atean sartzea lortzen duenean. Jokoaren helburua arerioak baino gol gehiago lortzea da.

Jokoaren hasiera

Bi taldeetako bakoitzak 11 jokalari izango ditu gehienez, eta 7 gutxienez. Partidan zehar, jokalari horiek ordezkoekin aldatu ahal izango dira. Jokalari titularretako batek atezaina izan beharko du. Baimenduta dago taldeko atezain batek eta beste jokalari batek posizioa trukatzea norgehiagokan zehar, betiere etenaldi batean bada, arbitroaren baimenarekin.

Jokalari bakoitzak oinarrizko janzkera bat izan beharko du: mahukadun kamiseta edo jertsea, praka motzak, galtzerdiak, zango-babesak eta oinetako egokiak. Bi taldeetako jantzien koloreak eta atezainenak argi eta garbi bereizi behar dira. Kapitainek (talde bakoitzaren ordezkari diren jokalariak) identifikazio-markaren bat eraman beharko dute, arbitroak beharrezkoa denean deitu ahal izateko.

Futbola forma esferikoko baloi batekin jokatzen da, larruzkoa edo baimendutako bestelako materialez eginda dagoena. 68 eta 70 zentimetro arteko zirkunferentzia izango du, 410 eta 450 gramo arteko masa eta 0,6 eta 1,1 atmosfera arteko presioa itsas-mailan. Jokalariek gorputzeko edozein atalekin ukitu eta mugitu dezakete baloia, besoekin izan ezik. Atezainak abantaila bat du: bere gorputzeko edozein atal erabil dezake horretarako, baina bere penalti-area barruan bakarrik.

Partidari hasiera emateko, talde bateko jokalari batek edo gehiagok baloia aurkariaren aterantz mugituko dute erdiko lerroaren erdiko puntutik, eta une horretan arauzko denbora zenbatzen hasiko da. Gauza bera egiten du beste taldeak bigarren zatiaren hasieran. Gol bakoitzaren ondoren ere gertatzen da egoera berbera, gola jaso duen taldeak sakea egiten baitu.

Faltak eta jokoari berrekitea

Baloia eskuekin hartu dezakeen bakarra atezaina da, beti ere area handiaren barruan. Talde bereko jokalari batek atezainari baloia eman eta gero eskuarekin hartzen badu, falta da.

Norgehiagoka bakoitza arbitro nagusi batek kontrolatuko du. Arbitro hori lehiaketaren antolakuntzak izendatuko du, eta bera izango da partiduaren agintari nagusia eta jokoaren arauak betearazteko arduraduna. Epailearen erabaki guztiak behin-betikoak dira. Berak bakarrik alda dezake erabaki bat, baldin eta jokoa edo partida berriz hasi ez bada. Gainera, bi arbitro laguntzaile edo marrazainak (lineako gizona) izango ditu eskura erabakiak hartzen laguntzeko. Laugarren arbitro bat ere badago, eta horrek berretsi egiten du; horretaz aparte, ordezkoak eta teknikariak kontrolatzen ditu. Laugarren arbitroak, gainera, ordezkapenak eta arauzko denbora gehitzea adierazten ditu. Epaileak kargu hartuko dio jokalari bati, kargu hartze hori merezi duen arau-hauste bat egiten duenean.

Jokalari batek beste bat jotzen duenean edo jotzen saiatzen den bakoitzean, bultzatzen duenean, abantaila bat ateratzeko atxikitzen duenean, txistua botatzen duenean edo baloia bere eskuekin ukitzen duenean (atezainak izan ezik), epaileak zuzeneko jaurtiketa libre bat markatuko du arau-haustea egin ez zuen taldearen alde, arau-haustea gertatu zen lekutik exekutatuko dena. Penalti-arean gertatzen diren faltak penalti izango dira (penalti-arean markatuta dagoen zirkulutik jaurtiko direnak).

Jokalari batek modu arriskutsuan jokatzen badu, arerioa oztopatzen badu edo atezainari baloia eskuekin ateratzea galarazten badio, arau-haustea egin ez duen taldearen aldeko zeharkako jaurtiketa libre bat markatuko da, arau-haustea egin den lekutik exekutatuko dena. Gainera, zeharkako jaurtiketa libre bat egingo da atezainak pilota bere eskuetan 6 segundo baino gehiagoz mantentzen badu, taldekide batengandik edo zuzenean hegaleko sake batetik jasotzen badu.

Arbitroa jokalari bati txartel gorria erakutsiz.

Jokalari batek txartel horia (kargu-hartzea) edo gorria (kanporatzea) jaso ahal izango du, araudian zehaztutako arau-hausteren bat egiten badu. Jokalari batek txartel gorri bat jasotzen badu, zelaitik botako dute eta ezin izango da beste batekin ordezkatu, gainera, zigorraren arabera, hurrengo partida edo bat baino gehiago galdu ditzake. Jokalari batek partida berean bi txartel hori jasotzen baditu, txartel gorria jasoko du eta kanporatu egingo dute. Txartelak jokalariek jokoaren arauak betearazteko modu bat dira.

Baloia helmugatik irteten bada defentsako jokalari batek ukitu ondoren, korner bat emango zaio aurkariari. Erasotzaile batek azken aldiz ukitzen badu, helmugako sake bat emango zaio defentsa taldeari. Baloiak hegaleko lerroetako batetik zelaia uzten badu, azken aldiz baloia ukitu ez duen taldeari hegaleko sakea emango zaio.

Jokalari batek baloia alboko marratik kanpora botatzen badu, alboko sakea egiten du aurkako taldeak. Bere zelaiko hondoko marratik kanpora badoa, kornerra da eta beste taldearen zelaiko hondoko marratik kanpora badoa, ateko sakea.

Epaileak jokalariak ohartarazi ditzake arauz kontrako ekintzaren bat eginez gero. Futbolean ohartarazpenak txartel horia eta txartel gorria erakutsiz egiten dira, ekintzaren arabera. Bi txartel hori edo gorri bat ikusten dituen jokalariak zelaia utzi behar du. Epaileak talde bereko 5 jokalari bidaltzen baditu, partida amaitutzat ematen da, eta talde horrek galtzen du.

Iraupena eta emaitza

Partida baten iraupena, erregelamenduaren 7. arauan zehaztutakoa, 45 minutuko bi denbora berdinekoa izango da, eta tarteko atsedenaldia ezin izango da 15 minututik gorakoa izan; iraupena lehiaketa bakoitzaren araudiak ezarri beharko du. Denboraren erdi bakoitzaren iraupena aldatu ahal izango da baldin eta lehiaketaren arauek horretarako aukera ematen badute, eta arbitroa eta bi talde parte-hartzaileak ados badaude partida hasi aurretik. Partida jokatu bitartean galdutako denbora zati bakoitzaren amaieran berreskuratu beharko da, eta epaile nagusiaren esku geratuko da horien iraupena.

Kirolaren helburua aurkariak baino gol gehiago sartzea da. Talde batek gol bat sartu duela esango da, baloiak helmuga erabat gainditzen duenean zutoin bertikalen artean eta aurkariaren atearen zutoin horizontalaren azpitik igaroz (betiere aldez aurretik joko-arauak urratu ez badira). Bi taldeek gol kopuru bera sartzen badute, partida berdindutzat joko da.

Esan bezala, partida batek 45 minutuko bi zati izaten ditu, 15 minutuko atsedenarekin tartean. Jokoan zehar izandako geldiuneak direla-eta, epaileak minutu batzuk luzatu dezake zati bakoitza. Denbora tarte honi deskontu-denbora deritzo.

Jokoaren 90 minutua igarotakoan berdinketarekin amaituz gero, luzapena jokatu daiteke partidak derrigorrezko irabazle bat izan behar badu; adibidez, kanporaketetan. Luzapen hau 15 minutuko bi zatik osatzen dute. Hala eta guztiz ere, berdinketak jarraitzen badu, penalti jaurtiketak egiten dira irabazlea erabaki arte. Penalti gehien sartzen dituenak irabazten du norgehiagoka. Kasu askotan, partida berdinketan amaitzen denean, bi taldeetako bat irabazletzat jotzeko moduren bat bilatu behar da, eta hori lortzeko hainbat modu daude. Partida berdinduta amaitzen bada, luzapen bat edo denbora gehigarri bat joka daiteke. Luzapen edo denbora horrek bi zati izaten ditu, gehienetan 15 minutukoa bakoitza, eta bertan hasierako partida jarraitzen da. Gainera, luzapena denbora baino lehen amaitzeko bi modu daude: urrezko gola eta zilarrezko gola, nahiz eta forma horiek alde batera utzi diren azken urteetan.

Penalti bidezko gol bat.

Berdintasunak jarraitzen badu, penaltiak egingo dira. Talde bakoitzak penaltiak txandaka jaurtitzean datza, bakoitzak guztira 5 jaurti arte. Gauzatutako 10 penalti edo penaltien ondoren berdintasunak jarraitzen badu, talde bakoitzeko penalti bat exekutatzen jarraituko da irabazle bat izan arte.

Luzapenaren eta penaltien erabilera oso ohikoa da futbol modernoan, eta horren adierazle nagusia Munduko Futbol Kopako azken faseko kanporaketa-faseak dira. Lehiaketa batzuetan, hasierako partida amaitu ondoren zuzenean hasten dira penaltiak betetzen, luzapena erabili gabe. Sistema horren adibide argia dira Amerika Kopako kanporaketa-faseak.

Adibide guzti hauetan partida bakarra jokatzen zen, baina badira beste txapelketa batzuk non kanporaketa faseak bi partiduetara jokatzen diren, joan-etorriko partidak deiturikoak. Giltza (bi partidak) berdinketan amaitu ote den erabakitzeko, bi taldeen aldeko golak batzen dira bi partidetan, eta emaitza berdina lortzen badute, giltza berdinketan amaitu zela esaten da. Kasu batzuetan, giltza berdinduta amaitzen bada, berdinketa hausteko sistema bat erabiltzen da, luzapenarekin edo jaurtiketa penalekin, eta horiek giltzaren bigarren partida amaitzean exekutatzen dira.

Beste kanporaketa fase batzuetan berdinketa hausteko beste modu bat erabiltzen da, luzapena edo penaltiak egin aurretik: bisitarien golak. Bi partiden buruan talde bakar batek ere ez bazuen bestea aldeko goletan gainditu, talde bakoitzak bisitari gisa jokatu zuen partidan sartutako gol kopurua zenbatuko da. Bi partiden buruan talde batek bisitarien gol gehiago sartu bazituen, bera izango da irabazlea, baina bisitarien goletan ere berdintasunak jarraitzen badu, luzapena ezarriko da. Sistema horren adibide dira Amerikako Libertadores Kopako eta UEFAko Txapeldunen Ligako kanporaketa-faseak.

Futbola 17 lege arautzen dute unibertsalak direnak, nahiz eta horien barruan zenbait aldaketa baimentzen diren emakumezkoen, haurren eta seniorren futbolaren garapena errazteko. Arauak argi eta garbi definituta egon arren, aplikazioetan zenbait desberdintasun daude, hainbat alderdiren ondoriozkoak, adibidez, jokoa garatzen den eskualdea. Alde batetik, Europan, bereziki Ingalaterran, arbitroak faltekin eta arau-hausteekin permisiboagoak izateagatik nabarmentzen dira, modu horretan ohartarazpenak eta kanporatzeak murriztuz; beste leku batzuetan, aldiz, Hego Amerikan adibidez, faltak sarriago zigortzen dira txartelekin.

Jokoaren arauak International Football Association Boardek definitzen ditu, FIFAk eta Erresuma Batuko lau elkarteek osatzen duten erakundeak. Aldaketa bat onartzeko, gutxienez FIFAren botoak eta Erresuma Batuko elkarteen 4 botoetatik 2 izan behar ditu.

Jokalarien funtzioak

Atezaina: futbolean, atezaina aurrelariak golik ez sartzeko funtzioa duen jokalaria da, horretarako eskuez baliatu ahal delarik (bere area barruan aurkitzen bada). Oso posizio espezializatua da eta taldeetan arruntena atezain bakarra edukitzea izaten da. Bizkarrean izaten duen zenbaki ohikoena 1, 13 edo 25 izaten da.

Atzelaria: atzean dauden jokalariak dira. Horien helburua kontrako taldeak golik ez sartzea da. Atzelarien dortsal ohikoenak 2tik 6ra izaten dira. Normalean, jokalari indartsuenak eta handienak atzelariak izaten dira eta ia beti futbol partidu bateko talde batek lau atzelarirekin jokatzen du, bi zentral eta bi hegalekoek osatuta.

Erdilaria: erdilaria futbolean zelaiaren erdian jokatzen duen pertsona da. Posiziorik ospetsuena da kirol honetan, hauek bai defentsa lanetan eta baita eraso lanetan ere murgiltzen direlako. Beste gauza batzuen artean, baloiak berreskuratzea, erasoetarako jokaldiak egitea edota baloiaren jabetza mantentzea da beraien lana. Euskal Herrian badaude erdilari ospetsu asko; ospetsuenak Xabi Alonso, Mikel Arteta eta Raul Garcia dira.

Aurrelariak: aurrelaria futbolean jokatzen duen jokalari bat da, eraso posizioetan ibiltzen dena, hots, aurkariaren atetik hurbil, taldearen aldeko gol gehientsuenak eginez. Posizio hain aurreratu honekin defentsa lan gutxiago egiten du, baina taldean gol gehien egiten du. Bizkarreko zenbaki ohikoenak 7, 9 eta 11 izaten dira. Eskuin hegalean, erdian edo ezker hegalean ibiltzen dira. Munduko aurrelari ospetsuenak, Cristiano Ronaldo, Messi, Ribery etb... dira.

Futbolari ospetsuak

...

Talde garrantzitsuak

Mundukoak

Euskal Herrikoak

Ipar Euskal Herrian ez dago futbol talde garrantzitsurik, estatuko lehen edo bigarren mailan jokatu duenik. Izan ere, beste kirol batzuek indar handiagoa dute Ipar Euskal Herrian; errugbiak, bereziki.

Selekzio nazionalak

...

Euskal Herriak Euskal Herria ez du talde ofizialik, baina bada Euskal Herriko futbol selekzioa, lagunarteko partidak jokatzen dituena.

Futbol Txapelketa Nagusiak

Euskal Herrikoak

Espainiakoak

Frantziakoak

Europakoak

Afrikakoak

Amerikakoak

Mundukoak

Erreferentziak

  1. Guttman, Allen. «The Diffusion of Sports and the Problem of Cultural Imperialism». In Eric Dunning, Joseph A. Maguire, Robert E. Pearton. The Sports Process: A Comparative and Developmental Approach. Champaign: Human Kinetics. 129. orr. ISBN 0-88011-624-2. «the game is complex enough not to be invented independently by many preliterate cultures and yet simple enough to become the world's most popular team sport»
  2. Dunning, Eric. «The development of soccer as a world game». Sport Matters: Sociological Studies of Sport, Violence and Civilisation. London: Routledge. 103. orr. ISBN 0-415-06413-9. «During the twentieth century, soccer emerged as the world's most popular team sport»
  3. «Team Sports». Catastrophic Injuries in High School and College Sports. Champaign: Human Kinetics. 57. orr. ISBN 0-87322-674-7. «Soccer is the most popular sport in the world and is an industry worth over US$400 billion world wide. 80% of this is generated in Europe, though its popularity is growing in the United States. It has been estimated that there were 22 million soccer players in the world in the early 1980s, and that number is increasing. In the United States soccer is now a major sport at both the high school and college levels»
  4. a b c d e f g h Letona, Xabier. (2006-06-18). «4.000 urte baloiari ostikoka» Argia CC-BY-SA lizentzia.
  5. (Ingelesez) [http://news.bbc.co.uk/hi/spanish/misc/newsid_4934000/4934718.stm "F�tbol" maya de gira en Alemania. ] 2006-04-22 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  6. «Aboriginal Football - Marn Grook» web.archive.org 2006-05-12 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  7. a b «BBC - Cambridgeshire - Sport - Cambridge... the birthplace of football?!» www.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  8. «The History Of English Football» web.archive.org 2007-01-18 (Noiz kontsultatua: 2022-05-31).
  9. «Sheffield F.C. - The Club» web.archive.org 2007-08-19 (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).
  10. «El AreA: Historia del Fútbol» www.el-area.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-01).

Ikus, gainera

Kanpo estekak