Edukira joan

Gabarra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gabarra.

Gabarra edo kabarra ibai edo kanal batean merkantzia astunak garraiatzeko erabiltzen den hondo zapaleko ontzia da, sakonera txikiko ibilguetarako aproposa. Euskarazko kabarra bide da jatorrizko izena, gaztelaniarako ere.[1] Ontzi honen zorua erabat laua izaten da. Gabarra gehienak ez dira autopropultsatuak eta atoiontzi baten beharra dute tiratzeko edo bultzatzeko.

Atal nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Hondo laua: ontziaren behealdea oso laua da, sakonera txikiko uretan nabigatzea errazten du.
  • Karga-eremua: zama astunak eramateko, zabalera handiko eremua da.
  • Amarralekuak: sokak eta kateak lotzeko erabiltzen den tokia, gabarra portuan edo beste ontzi batekin lotzeko.
  • Atoi-puntuak: bultzatzen duen atoiontzia konektatzen den edo bertatik tira egiten duen tokia.[2]

Materialari dagokionez, gabarra gehienak egurrez edo altzairuz eginak izaten dira, erabilera eta garaiaren arabera.[3]

Historia eta erabilera tradizionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gabarrak XIX. eta XX. mendeetan[2] izan zuten erabilera handiena. Historian zehar, hainbat gabarra mota erabili izan dira Euskal Herriko portu eta ibaietan, tamainaren eta funtzioaren arabera. Portu txikietan - Donostia, Pasaiako badian edo Ondarroako itsasadarrean - gabarra arinagoak erabiltzen ziren, zamaketa arinak egiteko eta mugikortasun handiagoa izateko.

Bilbon, berriz, handiagoak ziren. Bilboko portuan, esaterako, gabarrak funtsezkoak ziren burdina, ikatza eta bestelako zamaren garraiorako.[4] Itsasadarraren bidez, zamak portutik barrualderaino eramaten zituzten, edo alderantziz. Langile askok horietan lan egiten zuten, eta Bilbo industrialaren irudi ohikoetako bat ziren.[5]

1960ko hamarkadara arte, gabarrek eginkizun garrantzitsua izan zuten Bilboko portuko jardueran. Teknologia berrien eta garraio-sistemaren modernizazioaren ondorioz, erabilera gutxituz joan zen.[6]

Gaur egungo erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, gabarrak ia ez dira erabiltzen garraio praktikoetarako, garraio modernoagoak (kamioiak, trenak eta itsasontzi handiagoak) nagusitu direlako. Hala ere, hainbat lekutan gabarrak helburu turistiko edo kulturaletarako egokitu dira.[5]

Zenbait hiritan, antzinako gabarren antzeko ontziekin ibaian zehar bidaiak eskaintzen dira, eta beste batzuetan ontzi hauek zaharberrituta erakusgai jartzen dira museoetan, bertako industria eta portuko historia ezagutarazteko.[5]

Gabarrek industria garaiko bizimodua eta lan egiteko moduak irudikatzen dituzte. Herri askotan, batez ere portuetan hazitako komunitateetan, gabarrak eguneroko bizitzaren parte ziren. Gabarrari lotutako ogibideak ere bazeuden: gabarrari, zamaketari edo ontziolak, besteak beste.

Gaur egun, gabarra batzuk kontserbatuta daude ondare historiko eta kultural gisa. Museoetan ikus daitezke, eta herri askotan erakusketak edo festa bereziak egiten dira gabarrek eta portuko bizitzak izan zuten garrantzia gogoratzeko.[5]

Non ikus daitezkeen gaur egun

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
"Bilboko Itsas Museoa"

Gabarrak hainbat lekutan ikus daitezke:

Sakontzeko, irakurri: «Athleticen gabarra»

1960an, Gabarra nº 1[3] izeneko ontzia eraiki zuten Erandion, Bilboko porturako. Hasieran, lanetarako ontzi sinple bat zen, portu-lanak erraztea zen helburua. Ontziak ez zuen motorrik eta atoiontzi baten beharra zuen mugitzeko. Bere lana portuan zama eta mantentze-lanak egitea zen.

1983an, Athletic Clubek Liga eta Errege Kopa irabazi zituenean gabarra Bilboko ikur bihurtu zen.[9] Garaipen historiko hori ospatzeko, jokalariak gabarra honetan igo ziren eta Bilboko itsasadarrean zehar ibili ziren. Milaka lagunek ontzia jarraitu zuten ibaiaren bi ertzetatik. Ordutik, garaipenak ospatzeko jokalariak gabarra honetara igotzen dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskal Herria itsastarra; San Juan baleontzitik. Elkar/Lekuko, 45 or. ISBN 978-84-9027-383-8..
  2. a b (Ingelesez) SafelinkEditor. (2023-07-27). «Gabarra: ¿Qué es una gabarra y cuáles son sus beneficios?» SafeLink Marine (kontsulta data: 2025-05-16).
  3. a b (Gaztelaniaz) «¿Qué es una gabarra?» La Voz de Galicia 2024-04-11 (kontsulta data: 2025-05-08).
  4. «Bilbo eta bere portua» Uniport Bilbao 2018-07-11 (kontsulta data: 2025-05-16).
  5. a b c d «Hiriaren tamainako portua» Berria 2012-08-31 (kontsulta data: 2025-05-16).
  6. (Gaztelaniaz) Caro, Raúl Villa. (2015-05-29). «La gabarra más famosa de la historia marítima es una pontona» Fundación Exponav en Ferrol (kontsulta data: 2025-05-08).
  7. «Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa» Bizkaia.eus (kontsulta data: 2025-05-16).
  8. «Thames River Boats» www.thamesriverboats.co.uk (kontsulta data: 2025-05-16).
  9. (Gaztelaniaz) «Gabarra Athletic» Itsasmuseum Bilbao (kontsulta data: 2025-05-08).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]