Lanbide Heziketanelektronika ikasi zuen. Bilbon goizez ikasten zuen bitartean, gero arratsaldean batxilergoa ikasten zuen Txurdinagako institutuan, eta gero euskara ikasten zuen Santutxuko Karmelon, gauez, kuadrillakoekin.
Batxilergoa bukatuta soldadutzara joan behar izan zuen Leonera. Handik itzulita, 22 urterekin taxilari lanean hasi zen Bilbon, eta aldi berean irakasle-ikasketak egin zituen. Irakasletza Bilboko irakasle Eskolan ikasi eta euskal filologian espezializatu zen.
Musika-formazioaren aldetik, txikitan, 11 urterekin, institutuko koruan kantatu zuen. Gero gaztetan Bilboko Jatorki abesbatzan kantatu zuen.[2]
1980ean hasi zen irakasle espezifiko moduan, euskara erakusten Plentzian. Hurrengo urtean, ikasketak amaitu eta Arrieta-Libaoko eskolara bidali zuten, Sollube magalean. Francoren garaiaz geroko lehen irakasle euskalduna izan zen eskola horretan. Hiru urte egin zituen han, gelan adin guztietako ikasleak biltzen zirela. Hogeita bat ikaslerekin, 3 urtekoak ziren txikienak, eta 14 urtekoak handienak. Arrietatik Gorlizko eskolara jo zuen, 7 urtez aritu zen bertan.
Euskal Girotze Barnetegietako irakaslea (1991-2017)
1991n Plentziako Euskal Girotze Barnetegian lan egiteko barne-lehiaketa bat irabazi zuen, eta 26 urte egin zituen horretan gero. Plentziakoan, hemezortzi urtez.
Ikasleen motibazioa lantzeko kantua bide egokia zenez, barnetegian materialak landu eta landu, mende berriko lehen urteetan ikastaroa bukatzean CD bat banatzen zizkieten ikasleei 180 abestirekin.
«
Umeekin lan egitea gustuko izan dut beti, irakaskuntzan eman ditudan 37 urte hauetan asko gozatu dut [...] Beti erabili izan dut musika nire ikasleak motibatzeko baliabide gisa, gaur egungo erronka gazteenak motibatzea baita: euskara barnetik atera behar dugu.
2005. urtetik aurrera, bere lanerako hainbat karaoke sortu zituen De la Mazak, ikasleekin egonaldietan erabiltzeko. 2008an, ikasleek eskatuta, Youtubera igotzen hasi zen. 2019an bi kanal zituen, eta bien artean 2.500 abesti baino gehiago daude. Lehenengo hamaika urteetan, gune horrek miloi bat bisita baino gehiago jaso zituen, eta harpidedunak orain 80.000 mila baina gehiago dira bien artean.[5]
TBX.eus atariak euskarazko kanalek jaso dituzten bisitak zenbatzen ditu, eta egunean, astean, hilean, urtean… gehien ikusi diren euskarazko bideoak zein izan diren adierazten du. 2017an Txatxangorria-Euskal Karaokeak laugarrena izan zen bisitatuenen artean.[6]