Gabon

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Afrikako herrialdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gabon (argipena)».
Gabongo Errepublika
République Gabonaise
Bandera Armarria
Goiburua: Union, Travail, Justice
("Batasuna, Lana, Justizia")
Ereserkia: La Concorde
Hiriburua
eta hiri handiena
Libreville
Hizkuntza ofiziala(k) frantsesa
Herritarra gabondar
Gobernua errepublika
 -  Presidentea Ali Bongo Ondimba
 -  Lehen ministroa Rose Christiane Raponda
Independentzia
 -  Frantziatik 1960ko abuztuak 17 
Azalera
 -  Guztira 267,667 km2 (76.a)
 -  Ura (%) 3,76
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2020[1]) 2.176.800
 -  Dentsitatea 8,1 bizt./km2
Dirua CFA Frankoa (CFA)
Ordu-eremua WAT (UTC+1)
Aurrezenbakia 241
Internet domeinua ga

Gabon, izen ofiziala Gabongo Errepublika[2] (frantsesez: République gabonaise), Erdialdeko Afrikako estatu burujabea da, mendebaldeko itsasbazterrean dagoena, ekuatoreak zeharkatua. Ekuatore Ginea du ipar-mendebaldean, Kamerun iparraldean, Kongoko Errepublika ekialdean eta hegoaldean, eta Gineako golkoa mendebaldean. 267.667 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2,18 milioi biztanle zituen 2020an.[1] Libreville da hiriburua eta hiri nagusia.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gabon Erdialdeko Afrikan dago, Gineako golkoaren ertzean, 3°N eta 4°S latitudeen, eta 8° eta 15°E longitudeen artean. Ipar-mendebaldean Ekuatore Ginearekin du muga, Kamerunekin iparraldean, Kongoko Errepublikarekin ekialdean eta hegoaldean, eta Ozeano Atlantikoarekin mendebaldean.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru alde bereiz daitezke:

  • Kostako lur zerrenda estua, 20 eta 300 kilometro arteko zabalera duena.
  • Barnealdeko goi-ordokia. Bertan dago herrialdeko tontorrik garaiena, Milondo mendia (1.020 metro), Chaillu mendietan.
  • Iparraldeko mendialdea, 900 metro inguruko garaierakoa.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ogooué ibaiaren eta haren adarren arroak hartzen du herrialde osoa.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima ekuatoriala du, oso euritsua urte osoan.

Landaredia eta fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oihan trinkoak estaltzen ditu lurraldearen hiru laurdenak. Zuraren ustiapena da ekonomiaren oinarri nagusietako bat, eta baso galera ingurumen arazo nagusia.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldeko lehenengo biztanleak pigmeoak izan ziren, eta ondoren bantu tribuek neurri handi batean ordezkatu zituzten. XV. mendean lehendabiziko europarrak iritsi ziren itsasertz hartara, portugaldarrak hain zuzen ere, eta lurraldeari Gabão ("gabardina") izena ipini zioten, Komo ibaiaren estuarioaren itxura zela-eta. 1875ean, Pierre Savorgnan de Brazza frantziar esploratzailea iritsi joan zen inguru haietara, eta Franceville hiria sortu zuen 1880an. 1885ean, Frantziak ofizialki okupatu zuen herrialdea, eta 1910ean Ekuatore Afrika Frantsesa (Afrique Équatoriale Française, AEF) izeneko federazioaren barnean sartu.

Albert-Bernard Bongo eta AEBetako biltzarkide Guy Vander Jagt 1973an.

1960ko abuztuaren 17an, burujabetasuna lortu zuen, arazorik gabe, bertako alderdiak prest baitzeuden Frantziaren babes neokoloniala onartzeko. Hurrengo urtean, Léon M'ba presidente hautatu zuten. Librevillek eta Parisek hitzarmen militar bat egin zuten ordena neokoloniala babesteko. Hala, 1964an estatu kolpe bat izan zen lehendakaria kargutik kentzeko, baina Frantziako gudarosteak esku hartu zuen eta kargua itzuli zion ostera M'bari. Hau 1967an hil zen, eta Defentsa ministroak, Omar Bongok, hartu zuen kargua. Bongo erdialdeko Afrikako frantses interesen jendarme bilakatu zen, erregimen aurrerakoien aurka egiteko abiapuntu gisa. 1977an, hegazkina eta armak eman zizkien mertzenario talde bati Beningo Herri Errepublikaren aurka egiteko. Nolanahi ere, Frantziarekin zituen loturetatik askatzen eta beste herrialde batzuekin harremanak izaten hasi zen.

1979ko eta 1986ko presidentetzarako hauteskundeetan Bongo atera zen garaile; izan ere, bera zen hautagai bakarra. Gobernuaren ustelkeriak eta baliabideak alferrik galtzeak herritarren protesta biziak eragin zituen 1980ko hamarkadan. Protesta guztiak gogor zapaldu ziren. Gobernuak gogor zapaldu zuen, halaber, intelektual, ikasle eta nazionalisten Nazioa Eraberritzeko Mugimenduaren (MORENA) borroka. Gobernuak 30 tona arma lapurtu izana leporatu zion mugimenduari, 1982ko urrian, Bongo familiaren ondasunen eta frantses militarren aurkako atentatuak hasi zirenean. MORENAko hogeita zortzi kideri hamabost urteko kartzela zigorra ezarri zitzaien. Frantziako Alderdi Sozialistak gogor kritikatu zituen zigorrak, eta Bongoren eta Frantziako presidente François Mitterranden arteko harremanak gaiztotu egin ziren. Hala ere, 1984ko martxoan Bongo Frantzian izan zen. Presidenteak egin zion harrera gogor kritikatua izan zen, Frantziako gobernuak Gabonen zentral nuklearra eraikitzeko baimena eman izana bezainbeste.

1980ko hamarkadaren amaieran, Gabonen demokrazia zabaltzea aldarrikatzen hasi ziren ostera. Herritarren protesta handien ondoren, 1990ean presidenteak zuzenketak egin zituen konstituzioan, alderdi anitzeko sistema onartu zuen, eta prentsa zentsura kendu. Gainera gobernuan parte hartzen utzi zien oposizioko kideei. Aldi batez egoera baretu egin zen. Baina 1990eko maiatzean oposizioko Gabondar Alderdi Aurrerazaleko lehendakari Joseph Redjambe hil egin zuten. Port-Gentil eskualdean jendea matxinatu egin zen hamar egunez, Parisek bost mila frantses aterarazi zituen hiritik, eta gobernuak lehendakariaren guardia bidali zuen. Egoera baretu zenean, alderdi politiko eta erakunde sozial guztiak hitz egitera elkartu ziren, eta presidentetzarako hauteskunde libreak deitzea erabaki zen. Baina Bongok 1990erako deitu zituen hauteskundeak, oposizioak 1992rako nahi bazituen ere, eta bere alde baliatu zuen gobernuan egon zen hogei urteetan antolatu zuen azpiegitura. Oposizioak ez zuen antolatzeko betarik ere izan. 1990eko irailean Bongoren alderdiak (Gabondar Alderdi Demokratikoa, GAD) gehiengoa lortu zuen biltzar nazionalean.

Independentziaren Egunaren ospakizuna, 2014.

1991ko martxoko konstituzio berriak alderdi aniztasuna onartu zuen. Hala ere, politika eta gizarte egoera ez zen baretu, krisi ekonomiko gero eta handiagoaren erdian. Hurrengo hauteskundeetarako egunik finkatu ez izanak eta ikasleen protestek baliabide gehiago eskatuz, tentsio gune berriak sortu zituzten. Lehendakariak unibertsitatea itxi zuen eta bilera politikoak debekatu zituen, baina, protestak areagotzen zirela ikusita, atzera egin behar izan zuen gero. Bien bitartean, kanpo harremanetan, Gabonek garrantzi handiko papera bete zuen beste nazio batzuen arteko liskarretan. 1993ko presidentetzarako hauteskundeetan berriro atera zen Bongo garaile. Oposizioak iruzurra salatu zuen. Protesta handiak izan ziren, gogor zapalduak (30 hildako. 1994an, Parisen elkarrizketatu ondoren, koalizio gobernu bat eratu zen, hauteskunde libreak izan arte. 1995eko uztailean, erreferendumez, hautesleen % 95ek konstituzioaren erreformaren alde bozkatu zuten, presidentetzarako eta legegintzarako hauteskundeak dei zitezen. 1996an, Biltzar Nazionalerako hauteskundeetan, Bongoren Alderdi Demokratikoak 55 aulkietatik 47 eskuratu zituen. Oposizioko buruak, Paul Mba Abessolek, udal hauteskundeak irabazi zituen eta Librevilleko alkatetza lortu zen.

1998an, Mba Abessolek presidentetzarako hauteskundeak gainbegiratzeko eskatu zien Nazio Batuei, "Omar Bongok berriro iruzur egin dezan galarazteko". Garaipena, ordea, Bongorentzat izan zen berriro ere, eta 2001. urte amaierako parlamenturako hauteskundeetan ere Bongoren alderdiak irabazi zuen. Bongok gobernu koalizioarekin bat egiteko gonbita egin zien Mba Abessoleri eta haren aldekoei eta, azkenik, oposizioa uztea erabaki zuten. 2003an, Bongok Konstituzioa aldatu zuen, berriro hautagai gisa aurkeztu ahal izateko. Oposizioaren buru Pierre Mamboundouk nazioarteko erakundeek parte har zezaten eskatu zuen. 2005ean Bongok presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen berriro ere, botoen % 80 eskuraturik. Oposizioko alderdi nagusiek, ordea, hauteskunde haiek iruzurra izan zirela adierazi zuten.

Omar Bongo 2009ko ekainaren 8an hil zen.[3] Haren seme Ali Bongo Ondimbak hartu zuen kargua behin-behinean, eta hauteskundeetara deitu zuen ondoren. Bera izan zen garaile, nahiz eta oposizioaren hautagaiek iruzurra salatu. 2016an berriz egin zituzten bozak, eta emaitza estuekin irabazi zuen Bongok. Europar Batasunak kritikatu zuen prozesu haren zilegitasuna. 2019ko urtarrilean, estatu kolpea ematen saiatu zen militar talde bat.[4]

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1991ko konstituzioaren arabera, Gabon errepublika presidentzialista da. Errepublikako presidentea da estatuburua, eta bozkatze unibertsalaren bitartez hautatzen da, zazpi urteko agintaldirako. Lehen ministroa da gobernuburua. Parlamentuak bi ganbera ditu: Senatua (102 kide) eta Biltzar Nazionala (143 kide).[5]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Gabonen banaketa administratiboa»

Gabon bederatzi probintziatan banaturik dago, eta probintziak 37 departamenduz osaturik daude.

Gabongo probintziak.
Probintzia Hiriburua Population
(2020ko zenb.)[1]
Eremua
(km2)[1]
1 Estuaire Libreville 1.076.500 20.740
2 Haut-Ogooué Franceville 301.400 36.547
3 Moyen-Ogooué Lambaréné 83.300 18.535
4 Ngounié Mouila 121.200 37.750
5 Nyanga Tchibanga 63.500 21.285
6 Ogooué-Ivindo Makokou 76.100 46.075
7 Ogooué-Lolo Koulamoutou 79.000 25.380
8 Ogooué-Maritime Port-Gentil 189.400 22.890
9 Woleu-Ntem Oyem 186.300 38.465
Gabon 2.176.800 267.667

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mpongwe etniako kideak dantzan.

2020an 2,18 milioi biztanle inguru zituen.[1] Adinari dagokionez, biztanleria honela dago banaturik: 0-14 urte bitartekoak, % 36,4; 15-24 urte bitartekoak, % 21,9; 25-54 urte bitartekoak, % 32,5; 55-64 urte bitartekoak, % 5,2; eta 65 urtetik gorakoak, % 4.[5]. Bizi itxaropena 69 urtekoa da: 67,3 urtekoa gizonezkoena eta 70,8 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[5]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldeko lehenengo biztanleak pigmeoak izan zirela uste da. Gaur egun, baina, biztanle gehienak bantuak dira, berrogei bat talde etnikotan banatuak (fangak, nzebiak, punuak, mbeteak, kweleak...). Fangak eta kweleak iparraldean dira nagusi, eta punuak eta nzebiak hegoaldean. Europar biztanleak, frantsesak gehienbat, gutxiengo ahaltsua dira.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantsesa da hizkuntza ofiziala.[5] Hizkuntza indigenarik mintzatuena fangera da.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristauak dira biztanleen % 82, katolikoak eta protestanteak, batez ere, eta musulmanak % 9,8 (2012ko zenbatespena).[5]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oihan ustiapena 1970eko hamarkadan.

Gabonek mea baliabide aberatsak ditu, uranioa eta manganesoa, eta petrolio hobiak itsasoan eta lehorrean. Burdina meategi handiak ere badaude, munduko aberatsenak nonbait, eta beruna eta zilarra ugari. Gainera baso aberatsak ditu (okumea, kaoba, kevazingoa, ebanoa). Gabon da munduko okume ekoizle nagusia. Hala, meategien eta basoen ustiapenean oinarritzen da ekonomia. Nolanahi ere, biztanle gehienek lurra landuz ateratzen dute bizibidea: mandioka, bananak, azukre kanabera, taroa eta arroza lantzen dituzte bizitzeko. Esportatzeko lantzen dira kakaoa, kafea, olio palmondoa eta kakahuetea. Dagoen industria apurra zurarekin, petrolioarekin eta janarien eraldaketarekin lotuta dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Gabon: Provinces, Cities & Urban Places. citypopulation.de Noiz kontsultatua: 2020-12-5.
  2. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  3. Zubiria Kamino, Pello. Omar Bongo Françafrique-ren xefa hil da. Argia astekaria, 2009ko uztailak 5, CC BY-SA 3.0, argia.eus Noiz kontsultatua: 2020-12-5.
  4. Estatu kolpea ematen saiatu da militar talde bat Gabonen. Berria egunkaria, 2019ko urtarrilak 7, CC BY-SA 4.0, berria.eus Noiz kontsultatua: 2020-12-5.
  5. a b c d e Gabon. CIA - World Factbook, cia.gov Noiz kontsultatua: 2020-12-5.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]