Edukira joan

Gabrielle d'Estrées eta haren ahizpa bat

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gabrielle d'Estrées eta haren ahizpa bat
Jatorria
Sortzailea(k)ezezaguna
Sorrera-urtea1594
IzenburuaGabrielle d'Estrées et une de ses sœurs
MugimenduaFontainebleauko eskola
Ezaugarriak
Materiala(k)olio-pintura eta oak panel (en) Itzuli
Dimentsioak96 (altuera) × 125 (zabalera) cm
Genero artistikoabiluzia
Egile-eskubideakjabetza publiko
Deskribapena
Kokapena
LekuaRoom 824 (en) Itzuli
BildumaLouvreko margogintza saila
InbentarioaR.F. 1937-1 eta RF 1937 1
JabeaFrantziar Estatua
Historia
ErakusketakEuropeana 280

Gabrielle d'Estrées eta haren ahizpa bat (frantsesez: Gabrielle d'Estrées et une de ses soeurs, frantses ahoskera: [ɡabʁiɛl dɛstʁe e yn də sɛ sœʁ]) artista ezezagun batek egindako margolana da, 1594 ingurukoa. Egun, Parisko Louvre museoan dago eta, ustez, Fontainebleauko eskolako kide batek pintatu zuen.[1][2]

Margolana Gabrielle d'Estréesen, Henrike III.a Nafarroakoaren amorantearen potreta da, bainu-ontzi batean biluzik dagoela; aldamenean, ahizpa du eta atximur egiten dio titiburuan.[3]

Interpretazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pinturak Gabrielleren haurdunaldia iragartzen du

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Titiburuari atximur egiteko keinua Gabrielle Henrikeren seme Zesar Borbongoaz haurdun zegoen seinaletzat jo izan da. Louvre museoaren webgunearen arabera: "Ahizpak Gabrielle d'Estréesen eskuin bularrari atximur egiteko daukan modu samur bezain bitxiak Henrike III.aren semeaz haurdun egotea sinbolizatzen duelako iritzia eragin du askotan. Atzealdean zerratzen ari den emakume gazteak interpretazio hori berresten bide du, agian sehaska bat prestatzen ari dela."[4] Gabriellek heltzen duen eraztunak Henrikeren koroatze-eraztuna dela uste izan da, antza denez, Henrikek bere amodioaren seinale eman baitzion, andrea hil baino justu lehenago.

Interpretazio erotikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamazazpigarren mende hasieran, Pierre de Bourdeillek, Brantômeko jaunak, margolana ikustera joan zen emakume talde baten istorioa kontatu zuen. Esaten duenez, koadroak "emakume zuriak biluzik" elkarrekin erakusten ditu bainu-ontzi batean, eta gehitzen du "elkar ukitu, sentitu, haztatu eta laztantzen dute[la], eta elkar txirikordatzen dir[el]a, eta elkar karesatzen". Pierre de Bourdeillek dioenez, emakume taldea koadroa ikusten ari zenean, taldeko "andre handi batek manerak guztiz galdu zituen... irudiaren aurrean eta, bere maitalearengana itzuliz, honela esan zion, margolanean ikusten zuen maitasun-eromenak erotuta [bezala]: 'Gehiegi luzatu gara hemen. Goazen berehala nire zalgurdira eta goazen nire etxera, ezen... ezin baitut luzaroago eraman nire barruko sua. Kanpora behar du eta asea izan, su-minetan bainaiz.'"[5]

Hemeretzigarren mendearen lehen erdian, Gabrielle d'Estrées eta haren ahizpa bat zintzilik zen Parisko Polizia Prefeturan. Ver Heyden Del Lacey doktoreak 1935eko artikulu batean adierazi zuen "inork ez daki[ela] zergatik edo nola heldu ote zen hara; jende guztiak erabiltzen zuen ate baten gainean jarri [zuten]."[6] Azaldu zuenez, egun batean, "goi-funtzionario kikil bat" margolanarekin ohartu zen, eta "jendearen begirada begiluzetik... margolana estaltzeko ideia izan zuen, gainetik errezela berde bat jarriz". Horrek iradokitzen du funtzionarioak margolana erotikotzat jotzen zuela, edo likitstzat, baina kendu ordez, ezkutatu zuen eta, ondorioz, irudia ageriko sekretu bat bihurtu zuen, edo ikusi ezin den beste zerbait. Horren ondotik noizbait, Ver Heyden de Lacey doktoreak dio "norbaitek [irudi ezkutua] inspirazio zoriontsu bat izan zuen, ekitaldi zibiko batean [polizia-etxean] parte hartzera deitutako begirada artistikoei eta artean trebatutakoei erakustekoa... Ekitaldi berezi [hori] prestatzen... irudia behar bezala garbitzeko agindu zuten... [baina] errezela kentzean, irudi-marko huts bat [baino ez zuten aurkitu]".

Hogei eta hogeita batgarren mendeetan, Gabrielle d'Estrées margolana emakumezko homosexualitatearen adierazletzat hartu ohi da. Koadroak badu sarrera bat Encyclopedia of Lesbian Gay Histories and Culturesen eta lesbianismoaren historiari buruzko webguneetan agertzen da, adibidez, Sappho.com.[7] LGBT komunitatetik kanpora ere, margolana lesbianismoaren irudikapentzat jotzen da askotan. 1991n, L’Événement du jeudi aldizkari frantsesaren azalean agertu zen, lesbianen modari buruzko istorio baten harira.[8] 2002an, Alemaniako Berdeen Alderdiak poster bat sortu zuen sexu bereko ezkontzen alde eta, bertan, Gabrielle d'Estréesen potreta antzezten zuten bi emakumezko aktore agertzen ziren.

Hainbat arte-historialarik eta kritikarik irudiaren homoerotismoa aztertzen dute, baina batzuetan ez dute onartzen. Louvre museoaren webguneak, adibidez, ez du aipatzen lesbianismoari buruzko interpretaziorik.

Ezker eskuaren aldeko joera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pintura honek ezker eskuaren aldeko joera bitxia dauka. Gabrielleren ahizpak ezker eskuaz egiten dio atximur eskuineko titiburuan, eta berbera ezker eskuinaz heltzen du eraztuna, eta atzealdeko jostuna ezker eskuaz josten ari da. Gainera, atzealdean zintzilik dagoen margolana pertsona biluzi baten behealdekoa da, baina zurrumurruak besterik dioen arren, ez dio zakilari ezker eskuaz heltzen; oihal gorri zati batek haren sexu-organoak estaltzen ditu.

Erreferentziak eta iturriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erreferentziak
  1. (Ingelesez) Gabrielle d'Estrées and one of her sisters, mheu, 2009. Eskuratze data: 2013-13-17.
  2. (Ingelesez) Usher, Phillip John. Epic Arts in Renaissance France. , 151 or. ISBN 9780199687848.
    Aipua: «Portrait présumé de Gabrielle d'Estrées et de sa sœur la duchesse de Villars…»
    .
  3. (Ingelesez) Hagen, Rose-Marie. (2002). What Great Paintings Say, Volume 2. Taschen, 205 or. ISBN 9783822813720..
  4. (Frantsesez) Portrait présumé de Gabrielle d'Estrées et de sa soeur la duchesse de Villars, Louvre museoaren webgunea.
  5. (Ingelesez) Selections from Pierre de Bourdeilles, Seigneur de Brantôme, Lives of Gallant Ladies: A Critical Introduction and Annotated Edition.
  6. (Ingelesez) "A Picture of Gabrielle d'Estrées attributed to François Pourbus le Jeune," Connoisseur, 96 (1935): 137-8.
  7. (Ingelesez) Encyclopedia of Lesbian and Gay Histories and Cultures.
  8. (Frantsesez) L’Événement du jeudi 361. zenbakia, 1991ko urriak 3–9.
Iturriak

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]