Edukira joan

Gaintzako ekisaindua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gaintzako ekisaindua
Jatorria
Sortzailea(k)Michiel Esselbeeck
Sorrera-urtea1661
Ezaugarriak
Materiala(k)zilarra
Dimentsioak57 (altuera) × 23 (zabalera) × 155 (sakonera horizontalean) cm
Kokapena
LekuaSan Martin eliza
Iruñeko Elizbarrutiko Museoa

Gaintzako ekisaindua [1] Araitz ibarreko Gaintza herrian (Nafarroa Garaia) gorde den ekisaindu edo kustodia bat da, zilarrezko bitxi barroko ikusgarria eta Amsterdamgo lantegi ospetsu batean jatorria duena. 2024. urtetik Iruñeko Elizbarrutiko Museoan dago, eraberritze sakon baten ondoren.[2]

Mendeak eman zituen ekisainduak Gaintzako San Martin elizan. 1990eko hamarkadan, Asunción eta Mercedes Orbe ahizpek (zilargintzako adituak) aztertu zuten eta bere balio aparta baieztatu zuten, datazioa eta egiletza zehaztearekin batera. Data zilarrean dago zizelkatua, eta egilearen inizialak ere bai, M.E., zeinek identifikatzen duten argiki Amsterdango Michiel Esselbeeck zilargilearekin (alemana jaiotzez, baina Herbehereetan kokatua).[3]

Esselbeeck protestantea zen, baina katolikoentzako enkargu asko egin zituen. Esate baterako, bere kustodia nabarmen bat schuilkerken edo eliza katoliko klandestino batentzat egin zen,eta Utrechteko Catharijneconvent museoan gordea dago 21. mendean.

Esselbeecken lanak Europako museo nabarmenetan daude 21. mendean: Rijksmuseum eta Gemeentemuseumen Herbeheretan, Danimarkako Museo Nazionalean, eta Moskuko Kremlineko Museoan, besteak beste.[4] Ekisaindu hau Gaintzara nola iritsi zen, inork ere ez daki.

Forma ondulatuak ditu kustodiak, gustu barrokoarekin bat, eta eskuz garraiatu eta erakusteko egin zen. Oinarrian, Itun Zaharreko lau pasarte daude lau medailoitan: Abraham eta Melkisedek (Has 14:18: hizkuntza batzuetan Melkisedek esaten zaie kustodiei), mana janari miraritsuarena (Ir 16), Elias aingeru batek elikatua (1 Erg 19:5), David bere osteak apaizen ogi sakratuarekin elikatzen (1 Sm 21:7). [1] Sinbolikoki, sinesmen katolikoan eukaristiaren aurrekari sinbolikoak dira Itun Zaharreko pasarte horiek, ogi edo janari sakratuaren kontzeptuarekin lotuak baitaude, eta hortaz, zentzua dute bereziki kustodia batean agertzea, tresna liturgiko honen funtzioa baita eukaristiako ogia (ostia) erakustea, transubstantziaziorekin Kristoren gorputza bera bihurtu dena.[3]

Erdiko gorputzean, hodei-idulki batean, dago eguzki-izpi formako erdigunea, ostia jartzen den tokia: forma horrek ematen dio ekisaindu edo eguzki saindu izena objektu honi euskaraz (kustodiaz gain). Bi aingeru adoratzaileek seinalatzen dute ostiaren tokia esku batekin, eta bestearekin gainean den koroa bati eusten diote, Kristoren erregetza aldarrikatzen duen sinboloa. Koroa oso bitxia da, mitra bat zatitua, eta Austriako koroa inperialaren irudikapena dela uste da.[2] Pieza errematatzen du kalbario batek.

Ekisaindua Iruñeko Elizbarrutiko Museoan.

Michiel Esselbeecken beste lan batzuk:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Informazio panela (2025).
  2. a b (Gaztelaniaz) Medina Rodríguez, Ester. (2024-10-30). «Esta custodia permaneció escondida entre montes vascos» Alfa y Omega (kontsulta data: 2025-10-30).
  3. a b (Gaztelaniaz) Orbe Sivatte, Mercedes. (1993). Un Ostensorio holandés en Gainza, Navarra / Mercedes de Orbe Sivatte, Asunción de Orbe Sivatte.. (kontsulta data: 2025-10-30).
  4. (Gaztelaniaz) «Michiel Esselbeeck - Obras de arte en venta» gallerease.es (kontsulta data: 2025-10-30).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]