Galesko historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Galesko historia Neoliton hasi zen, non gizakiak lurralde horretan bizi baitziren. Idatzitako historia erromatarren etorrerarekin hasi zen, ordea, K. o. 48an. Britaniako probintziaren barruan, 400 inguran erromatarrek alde egin zuten, eta Gwynedd edo Powys gisako printzerriak sortu ziren egungo Galesen.

Gruffydd ap Llywelyn erregeak XI. mendearen erdialdean Gales osoa eta Ingalaterrako hainbat toki ere bereganatu zituen. Anglo-saxoien eta ingelesen aurkako gerrak 1282ra arte iraun zuen. Izan ere, urte horretan Ingalaterrako erresumak Gales konkistatu baitzuen. Matxinadak gorabehera, XVI. mendean Galesek guztiz egin zuen bat Ingalaterrarekin. Hala ere, bertako hizkuntza eta kultura gorde egin ziren.

XVIII. mendean Industria Iraultzak eta Pizkunde Metodistak eragin handia izan zuten Galesen gainean. XIX. mendean, Galesko hego-ekialdea azkar industrializatuta, populazioa izugarri handitu eta ingelestu zen. XX. mendean, Bigarren Mundu Gerraren ostean, ikatz eta altzairu industriek gainbehera pairatu behar izan zuten. Sozialistak lehendabiziko alderdi politiko bilakatu zen. Nazionalismoa ere sortu zen eta 1966an estreinekoz eserleku bat eskuratu zuten Londresen. Erreferendum baten bidez 1997an Cardiffen Galesko Biltzarra ezarri zen.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bryn Celli Dduko trikuharria.

Egungo gizakiak azken 29.000 urteetan bizi dira Galesen, nahiz eta etenik gabeko bizialdia azken Izotz Arotik (K. a. 12.000 eta 10.000 bitartetik) hona dator. Izan ere, une horretan Europako ehiztari-biltzaileak Britainia Handira migratzen hasi ziren.

Izotz Aroaren ondoko garaietan, Europa eta Britainia Handia bereizita geratu ziren itsasoaren maila igo zelako (K. a. 7.000-6.000). John Daviesen esanetan, galestarren zenbait ipuin eta kondairatan (Irlanda eta Galesen arteko tartea handitzea) gertaera horren oroitzapen folklorikoa izan zitekeen.[1]

Horren ondoren, itsasoa zeharkatuz ere etorri zen jendea, oraingo honetan Iberiar Penintsulatik.[2] Neolitoko kolonizatzaile hauek bertakoekin nahastuta, bizimodua aldatu zuten, janariaren ekoizpenari ekin baitzioten. Basoak moztu zituzten, abereentzako larreak sortzeko eta lurra ereiteko, eta zeramika eta ehunak egiten hasi ziren. Halaber, trikuharriak, Pentre Ifan, Bryn Celli Ddu eta Parc Cwm long cairn, esaterako, eraiki zituzten. Erromatarrak iritsi orduko, galestarrak hainbat tributan zeuden bananduta: Deceangli, Ordovices, Cornovii, Demetae eta Silures.

Kolonizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galesko tribuak erromatarren garaian.

Galesen lehen aipu historikoa K. o. 48koa da. Tazito historialari erromatarrak adierazi zuen Britaniako probintziako buruak Galesko ipar-ekialdeko "deceangli"-ren errendizioa jaso zuela. Gotorleku erromatar andana eraiki ziren egungo Galesen hegoaldean. Britainia Handia osoan hobekien gorde den anfiteatroa dago bertan.

Erromatarrek uhartea 410ean abandonatu ondoren, behe aldeko lurrak tribu germaniarrek okupatu zituzten. Nolanahi ere, goiko aldeko lurraldeetan jatorrizko biztanleen estatu independienteak sortu ziren. Erromatar-britainiarren biziraupen temati hau mendebaldeko erresumetan egungo Galesen oinarria izan zen. Ekialdeko erresuma saxoi eta angloen kontrako borroketan ezarri zen muga: Wat's Dyke, esaterako. VIII. menderako, oro har anglo-saxoiekiko muga ezarrita zegoen.

Kornuallesen 722an eta Bretainian 865an egin zen bezala, Galeskoek bikingoekin bakea hitzartu zuten, eta anglo-saxoien aurka borroka egin zezaten laguntza eskatu zieten. Hala, 878an, galestar batuek eta Danimarkako bikingoek Mertziako anglo-saxoiak garaitu zituzten. Orobat, 1063an, Gruffydd ap Llywelyn printze galestarrak, Norvegiako bikingoekin aliatuta, Mertziakoak berriro gailendu zituen.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Owain Glyndŵr-en estatua Cardiffko udaletxean.

800etik aurrera, Rhodri Mawr (erregetzan 844-877) printzeak Gwynedd eta Powys printzerriak bereganatu zituen zenbait ezkontza zirela medio. Haren seme-alabek hiru leinu nagusiak sortu zituzten, nor besteen aurka borrokan. Haren ondorengo batek, Gruffydd ap Llywelyn erregeak (erregetzan 1039-1063) lehengusuen lurraldeak konkistatu zituen Powys printzerritik, eta Ingalaterraino ere iritsi zen haren boterea. John Davies historialariaren hitzetan, Gruffydd "Gales lurralde osoaren gainean gobernatu zuen errege galestar bakarra izan zen... Hala, 1057tik 1063ean hil zen arte, Gales osoak haren aginpea onartu zuen. [...] Buru bakarra izateko balentriak ez zuen aurrekaririk ez ondorengorik".[3] Owain Gwynedd (1100-1170) princeps Wallensium (galestarren printzea) titulua erabili zuen lehena izan zen.

Ingalaterrako erregeek titulu hori onartu zuten. Baina hainbat gatazka zirela eta, tartean Galesko Llywelyn-en emaztea, Eleanor, atxilotzea, Edward I.aren lehendabiziko inbasioa etorri zen. Bakea laburra izan zen eta 1282an Edwarden behin betiko konkista iritsi zen. Llywelyn-en heriotzarekin, irauten zuten Galesko jaunek Ingalaterrako erregeari omenaldia egin zioten haien lurren truk. Boterea bermatu nahian, Edwardek harrizko gaztelu gotor andana eraiki zituen.

Madog ap Llywelyn -zeinek bere burua Galesko Printzea deitu zion- 1294an matxinatu ondoren, Owain Glyndŵr-reraino ez zegoen beste altxamendurik. 1404an Owain Galesko Printze bezala koroatu zen Frantziako, Gaztelako eta Eskoziako ordezkarien aurrean. Nolanahi ere, matxinadak ez zuen arrakastarik izan, eta 1415erako amaituta zegoen.

Ingalaterrarekiko batasun formala, ordea, ez zen 1536ra arte iritsi. Horren ondoren, Galesko legea, indarrean konkistaz geroztik ere, guztiz Ingalaterrako legeak ordeztu zuen.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Galesko historia Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Davies, John (1994). A History of Wales. London: Penguin. pp. 4 - 6. ISBN 0-14-014581-8.
  2. "Genes link Celts to Basques". BBC News website. BBC. 2001-04-03. http://news.bbc.co.uk/1/hi/wales/1256894.stm. Retrieved on 2008-08-05.
  3. Davies, John (1993). A History of Wales. London: Penguin. pp. 100. ISBN 0-14-014581-8.