Edukira joan

Galia erromatarra

Wikipedia, Entziklopedia askea

Galia erromatarra, aldi berean, antzinateko leku eta garai zehatz bat da, historialariek definitua, errealitate kultural eta administratibo-politiko batzuetatik abiatuta. Geografikoki, Galia erromatarrak egungo herrialde hauek hartzen zituen bere baitan: Frantzia, Belgika, Luxenburgo eta Herbeheretako, Alemaniako eta Suitzako zati bat. Hiru Galietako (Galia Lugdunensis, Galia Akitania eta Galia Belgika) hiri nagusia Lugdunum (gaur egungo Lyon) zen. Bestalde, Galia Narbonensea erromatartuagoa zegoen eta oso probintzia aberatsa zen. Galia Zisalpinoa, bestalde lehenago batu zen Erromatar Inperiora.

Historialari denek ez dute zertan gauza bera ulertzen Galia erromatarra aipatzen dutenean. Donald L. Wasson historialariak, kasu, Galia Zisalpinoa eta Transalpinoa Galia erromatarren barruan daudela ulertzen du.[1] Frantziako Arkeologia museo nagusiak argitaratutako Les Fiches Pédagogiques ikas materialetan, ordea, Galia erromatarra, Italiatik kanpoko Galiak dira.[2]

Pabeko Unibertsitateko historialaria den Laurent Callegarinentzat, Galia, Julio Zesarrek sortu zuen. Ordurarte greziarrek "Zeltika" izendatzen zuten eskauldea zeltek okupatzen zutena zen, eta Begak, ez ziren galoengandik asko bereizten. Egiazko diferentziak galoen eta akitaniarren artean zen. Julio Zesarren ordea, Rin eta Pirineoen artean zegoen luraldea konkistatzeko helburua ezarri zion bere proiektuari eta hari deitu Galia. Galoak, izatez, greziarrentzat zeltak zirenak izendatzeko latinoek erabiltzen zuten izendapena da.[3]

Galia erromanizatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galia Transalpinoa, Frantzia Hegoaldean, K.a. 125 eta 121 artean konkistatu zuten erromatarrek, Mediterraneoko kokstalde osoa bereganatzeko estartegiaren barruan. Gainerako Galiaren konkista, Julio Zesaren konkistarekin hasi zen, K.a. 52an, eta Soissonseko guduan amaitu zela, K.a. 486. urtean, Merovingiar dinastiako frankoek Galietako azken erromatar magister militum garaitzen dutenean eta Galia iparraldean errotzea lortu zutenean.

Lugdunum antzoki zaharra, Fourvière muinoan.
Galiak Zesarren garaian.

Galietako gerran belgak, galiarrak eta akitaniarrak amore eman zuten, ondorengo urteetan, erromatar legioei erresistentzia handirik egin gabe. Konkistatu eta hurrengo bi mendeetan, Galiak bi matxinada baino ez zituen ezagutu, K.a. 21 eta 68an.

Lau galiar lurralde definitu ditzakegu, bere konkista eta erromatartze maila ezberdina izan baitzen: Galia Zisalpinoa (Italiako zeltek osatzen zutena eta goiz konkistatua izan zena), Galia Narbonensea (hegoaldean, greziarrekin harreman goiztiarrak izan zituzten haien kolinei esker, erraz erromatartu ziren); Galia Celtica (egungo Frantziaren zati handiena hartzen zuena), Galia Belgica (iparraldean) eta Galia Akitania (non biztanleak ez ziren zeltak). Konkista ondoren Italiatik kanpo zeuden Galia haiek, berrantolatu eta probintzia berriak sortu zituzten, Galia Lugdunensis, Galia Akitania eta Galia Belgika aurretik zegoen Galia Narbonesisekin batera. Dean den, Narbonensea berezia zen, eta ez zuen Lyon hiriburutzat . Galiarrek, oro har, irabazleak imitatzea originaltasuna lantzea baino nahiago izan zuten. Erakargarritasun horrek erraztu egiten zuen Erromaren zeregina, hamarkada gutxiren buruan egitura politiko eta administratibo berriak eman baitzizkion herrialdeari, eta hiriak eta landa eremuak eraldatu zituen, Gardeko zubia bezalako obra ikusgarriak biderkatzen baititu, eta, horrela, aztarna sakon batez markatzen baitu Galia zisalpetarra.

Izpirituen erromanizazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pont du Gard. Erromatar inperioko akueduktu ikusgarrienetako bat

Bere liburuak Hiru Galietako hiriburuan saltzen zirela jakin zuenean, Plinio Gazteak, harriturik, honela idatzi zuen: «Ez nuen uste Lugdunumen liburu saltzailerik zegoenik!»

Datu horrek erromanizazioaren neurria ematen du: ez zen bakarrik bizitza publikoaren markoa berregin, ezta arkitektura erromatarra hirien itxura aldatu, gaur egun "bizimodu erromatarra" deituko litzatekeenaren zabalkundea sakon errotu zen Galietan.

Julio Zesarren garaipena eta konkistaren ondoren, istiluak sortu ziren, batez ere Akitania probintzian, baina Agripak eta M. Valerio Messalla Corvinok erreprimitu zituzten.[4] K.a. 39. urtetik aurrera, Agripak hego-mendebaldean akitaniarren aurka eta ipar-ekialdean iparraldeko belgikar leinuen aurka borrokatu behar izan zuen, bide sare hartako ardatz nagusietako bi defendatzearren. Hamar bat urte geroago, baziren oraindik matxinadak, baina M. Valerio Mesalaren kanpainek azkena eman zioten akitaniar herrien erresistentziari K.a 27. urtean.

Sacrovirren matxinada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Galia erromatarra Goi Inperioan.

K.a. 21ean, Tiberioren garaian, neurri fiskalek matxinada eragin zuten Loira ibaiaren behe arroko zenbait herri galiarretan, tartean Andeavoak (egungo Anjou aldean) eta turonak (Loira hegoaldean, Tours inguruan) altxatu ziren. Beste herri batzuk ere batu ziren matxinadara: treviroak (Mosela ibaian) Julius Florusen gidaritzapean Ardenetan, heduarrak eta sekuanak (Saona ibaian) Julio Sacrovirren gidaritzapean Lyondik gertu.[oh 1] Baina Lyongo garnizio erromatarrak, Rhinetik etorritako legioek indartuta, berehala amaitu zuen altxamendua. Galtzaile, Sacrovir eta Florus bere buruaz beste egin zuten.

69-70eko matxinada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar Inperioak krisi politiko larria izan zuen gure aroko I. mendean, Neronen oinordekotza zela eta, Galba, Oton, Vitelio eta Vespasianorenren arteko liskarrak eragin zituenak. Lau enperadoreen urtea izan zen.

K.o. 69. urtean, Batabiarrak erromatarren aliatuak ziren. Caius Julius Civilis batabiar-erromatarra espetxeratua izan zen germaniar klan etsaiekin bat egiten zuelakoan, baina, geroago, Galbak askatu zuen. Galba hiltzean, gerra zibila piztu zen Vitelio Otonen artean lehenengo, eta Vitelio eta Vespasianoren artean. C. Julius Civilisek uko egin zion Vitelio laguntzeari Germania Behereako legioak gidatzen zituenean. Civilisek Castra Vetera (egungo Xanten hiritik gertu) erromatar kanpamentua setiatu zuen eta hartu. Vitelioren desagertu zen eskualde hartatik eta Vespasiano askoz geroago iritsiko zen hura baketzera. Gidaritza hutsune horren gerra zibileko egoeran sortu zuen armada. Testuinguru horretan, 69-70eko neguan, Civilisek hiru buruzagi galiarrekin bildu zen Kolonian (Germania Behereko hiriburua): Julius Sabinusekin, lingoien ordezkaria, eta Julius Classicusekin eta Julius Tutorekin, treveren ordezkariak zirenak. Inperio batavo-germaniar bati lotutako inperio galiar autonomo bat eratzeko proiektua adostu zuten, ondoren, erromatar inperioarekin berdinetik berdinera negoziatzeko asmoarekin.

Veterako kanpamentua libratu nahian ibili zen Vocula jeneral erromatarra hil egin zuten. Classicusek Galiar Inperioa aldarrikatu zuen eta Julio Sabinok Galietako zesar titulua hartu zuen.[oh 2] Azken hori, hala ere, desagertu egin zen Vesouletik gertu, koalizioan sartzeari uko egin zioten sekuanen aurka borrokan ari zela.

Orduan, Caius Julius Aupex-ek, Remen lehen magistratuak, Galiako hiri guztiei batzar inperial bat proposatu zien, Reimsen (Durocortorumen), 70eko abuztuan. Aupex Erromarekin akordioa lortzearen aldekoa zen eta delegatuen gehiengoa berekin bat egin zuten, treberen eta lingoien delegatua zen Valentinoren (Julius Valentinus) iritziaren aurka.

Vespasianok Kinto Petilio Zerial Germania Behereko legatu izendatu zuen. Erromatar jenerala Treverisen sartu zen, Galiarren arteko desadostasunak profitatuz eta erabiliz: K.o. 70eko abenduan, zenbait liskarren ondoren, Zivilis, Klasiko eta Tutor menderatu zituen. Valentin, borrokari eutsi ziona, harrapatu eta exekutatu egin zuten. Julius Sabino, berriz, bederatzi urtez ezkutuan egon ondoren harrapatua izan zen. Bere emazte Eponina Langresekoarekin batera exekutatua izan zen Vespasianoren aginduz.

Gertaera horrek, galiarrak elkarren aurka jarri zituena –Julius Sabinus bera germaniarrekin aliatua izanik–, barne desadostasunei sor zaie, eta ez, erromatarren nagusitasuna amaitu nahia izateari. K.o. III. mendearen erdialdera arte iraun zuen ezarri zen "bake armatua".

Inbasioen garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Galiako galtzadak

162an, Armenian partiarrek Erromatar Inperioa inbaditu zuten bitartean, germaniarrak ziren katoak Belgikako iparraldean infiltratu ziren. K.o. 166. urtean, Juli Zesarren Ariovistus[oh 3] germaniarra Rhin ibaitik haratago bultzatu eta 200 urte geroago, Kuadoak eta Markomanoak (germaniarrak ere) Danubio ibaia zeharkatu eta Alpeak zeharkatzen dituzte. 172. urtean beste tribu batzuk sartu ziren Alsazian. Germaniar mehatxua geldiarazteko azken bi mendeetan eraikitako defentsa-lerroan lehen eten hauekin, germaniar presioa areagotu egiten da Galia erromatarrean.

Galietako inperioa (260-273)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

III.mendean Erromatar Inperioak krisi larria izan zuen, Anarkia Militarra deritzona. Eraso basatiak jasan zituen, ondorio iraunkorrekin: lapurretak eta aberastasun pilaketak, bahituak edo esklaboen harrapaketa barne. Krisi politiko eta ekonomikoa pairatu zen, txanponaren debaluazio garrantzitsu batean islatu zena (txanponak balio fiduziario erreala baino altuagoa duenean). Ezegonkortasun politiko handi hura, gerra zibilak eta bagauden biderkatzea atzerriko sartu-irtenak baino larriagoak izan ziren. Jeneral batzuek Galien kontrola hartu zuten Rhin ibaiaren limesaren defentsa bermatzeko, eta euren burua "Galietako enperadore" izendatu zuten.

270-275 urteetan, tokiko gerretan parte hartu zuten edo horien beldur ziren hiritarrek harresi eraginkorrez hornitu zituzten euren hiriguneak.[oh 4] Divodurum Mediomatricorum (Metz), Limonum (Poitiers), Avaricum (Bourges) bezalako hiriak 70, 50 eta 40 hektarea barne hartzen zizuten barrutiez inguratu ziren , barruko lurrak guztiz okupatuta ez bazituzten ere. Agendicum (Sens) 25 hektareatan hedatzen zen, Tullum Leucorum (Toul) 12 ha-tan, Lutèce (Paris) eta Condate Riedonum (Rennes) 10 ha hartzen zituzten bitartean. Egokitzapen horiek guztiek, beren zentroak babesteko, lehen alboerri sortzen dituzte. Batzuetan, arrazoi estrategikoengatik murriztu ziren, eta hiriaren bizi-kalitatea eta jai-irudia bermatzen zuten egokitzapen hidraulikoak desantolatu zituzten.

Usurpazioak Proboren agintaldian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

280-281 urteetan, Probo enperadoreak bi usurpazio jasan behar izan zituen, Koloniako Prokulo eta Bonosusena, laster zapalduak izan zirenak.[5][6][7]

Marcus Aurelius Carausius "Karausio", erromatar menapiar ofiziala, bagauden aurka borrokatu zen Maximianoren aginduetara. Horrek, iparraldeko eta ipar-mendebaldeko itsasertza defendatzeko ardura eman zion. Baina, Maximianorekin gatazkan sartu zenean, Imperator izendatu zuen bere burua, bagauden eta germaniarren klanekin aliatu zen, eta 286an erromatar Britaniara igaro zen. Ondoren, Boulogne-sur-Meren lehorreratu zen, Rotomagusen (Rouen) sartu zen eta azken hiri hori bere hiriburu bihurtu zuen. Maximianorekin egindako akordio baten bidez, enperadoreak Augusto[oh 5] maila aitortu zion 289an, baina "itsasoko enperadore" titulua hartu zuen, eta ez Galietako enperadore titulua. Britania uhartetik kanpo, bere agintea itsasertzean bakarrik onartu zen.

293an Dioklezianok "Galietako Zesar" izendatu zuen Konstantzio Kloro. Ondoren, Maximianok (Mendebaldeko Erromatar Inperioaren augustoa) Karausiorekin amaitzeko agindu zion. Gesoriacumi ( Boulogne-sur-Mer) eraso egin zioten eta morinen errendizioa lortu zuen. Britaniako uhartean, Karausioren teniente batek, Allectus izenekoak, Karausio hil zuen, eta haren ondorengotza aldarrikatu zuen. 297 arte ez zen Konstantzio Kloro uhartera joan eta itsasoaren inperioarekin amaitu. Allectus ere hil egin zuten.

297an, Dioklezianok Galia administratiboki berrantolatzea erabaki zuen, tentsio politikoak eta zailtasun ekonomikoak murriztuz (cf. behean).[8]

Siagrioren administraziopeko lurraldea.

Godoek, 410ean Erroma arpilatu zutenak, hiriburu bat ezarri zuten Tolosan, eta 418an Honorio enperadoreak Akitaniako probintziako foederati eta gobernari gisa onar zitzan lortu zuten, bandaloen aurkako laguntzaren truke.

Erromatar Inperioaren gainbeherak, Mendebaldean batik bat, eta hirien arteko gerra zibilen txikizio izugarriek, istilu-giroa sortu zuten. Hiriguneetan ezarrita zeuden barbari-ak (soldaduak) arduratzen ziren segurtasun polizialaz, hornikuntza bila edo harrapakin bila zebiltzan beste barbaroen pasabideak oztopatuz. Landa-eremuko herrietan, zerga eta tasekin itota, matxinadak eta bagauda odoltsuak jasan zituzten beste behin. Migrazio-korronteak elikatu zituzten, eta errefuxiatuen uhinak sortu ziren, ustez, oparoagoak edo baketsuagoak ziren eskualdeetarantz. Horrela, hiri txikiak abandonatu egiten dira, lurralde huts itzelak eta aztarna monumentalak utziz. Talde edo tribu barbaroak, beren talde armatuekin, ez ziren denak oldarkorrak, eta batzuetan okupatzaileekin akordioak egiten zituzten bakean bizitzeko. Harrien oinarri edo aztarnekin liluratuta zeuden, jainkoek edo erraldoiek eraiki zituztela uste baitzuten. Begi bistatik galtzen diren landazabal igarotzen dituzten komunikazio-bideetatik mugitu ziren, eta beren bidaietan, kolomadiak hondatuta zituzten eraikinak eta hiribilduak, hiri eta aglomerazio bakartiak, landa zabal irekiak eta landu gabekoak topatu zituzten.

Galia 481ean.

435-437an, Tibaton (edo Tibatto) "bagauda enperadorea" aukeratu zuten bere tropek baina hura ere erailda izan zen. Azken lurralde galo-erromatarrak agindu zituzten jeneral erromatarrek pretorioko prefektua edo patrizio titulua eman zitzaien, baita erromatarren errege ere, baina enperadore titulua saihestu zuten. Hauek izan ziren:

  • Aetius, Erromak izendatutako administratzaile militarra, Galia eta Germaniak berrantolatu zituen Katalauniako Zelaietako Gudua irabazi ondoren 451. urtean.
  • Ægidius, Belgika Primaren administratzaile galiar-erromatar jenerala, bere soldadu eta laguntzaile barbaroek izendatua.
  • Siagrio, azken horren ondorengoa. Bere botere erreala zenbait hiri-gotorlekutara mugatzen zen. Saliarren errege, administratzaile eta gerra-buruzagia zen Klovis I.ak irabazi zuen 486ean, Soissonsko guduan. Klovisek, gerrako errege txiki baten semea eta frankoen buruzagi laguntzaile xume bat besterik ez zen, eta hala ere erromatarren administrazio ofizialarekin bukatu zuen. Klovisek alamanei irabazi zien (495), baita burgundiarrei ere (500). 507an, Loira ibaia gurutzatu zuen Tolosa Garonako Bisigodoen Erresuman gaindi, eta Septimaniako mugetara heldu. Alariko II.a erregea hiltzera heldu zen, Vouilléko guduan. Monarkia franko merovingiarraren fundatzailea eta ia Galia osoko errege bihurtu zen. Ondorioz, Erromako berant inperioaren Ekialdeko enperadoreak kontsul titulua eman zion.[9]

Antolaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.o. 27an Galiako errolda orokorra egin ondoren, Augustok administrazio-antolaketa bat ezarri zuen eta honako hauek osatzen zuten Galietako probintziak:

  • Galia Narbonensea, senatari mailako prokontsul batek zuzenean administraturiko erromatar probintzia;
  • Alpeetako Probintzia (Alpes Cottiae, Alpes Maritimae eta Alpes Poeninae), enperadorearen jabetza pertsonalak ziren eta prokuradore batek kudeatzen zituen.
  • Galia Iletsua (Gallia Comata), Lyonen bizi zen Hiru Galietako legatu baten agintepean zeuden; administratiboki hiru probintziatan banatua zegoen: Galia Belgika, Galia Akitania eta Galia Lugdunensea. Probintzia horietako barne antolakuntzarako, 60 edo 64 hiritan (hiri barrutietan, civitates alegia) banatuak zeuden. Antzinako galiar eta akitaniar tribuen lurraldea berreskuratu zuten gutxi gorabehera civitateek.

Domizianoren garaian, Galia Belgika hiru probintziatan banatu zen: Belgika, Germania garaia eta Germania Beherea.

Ondoren, 297an Dioklezianok, Galiako probintziak banatu zituen probintzia txikiagoak lortzeko.[10] :

  • Galia Belgika (Belgica), hiru probintziatan banatua: Belgika Lehena (Belgica Prima), Belgika Bigarrena (Belgica Secunda) eta Sekuandarra (Maxima Sequanorum, edo Belgika hirugarrena);
  • Galia Lugdunensea, bitan banatu zuen Tetrarkiak: Lugdunensis Prima, hiriburua Lyonen (Lugdunum) zuena, Lugdunensis Secunda, hiriburua Rouenen zuena, eta geroago, Konstatino I.ak. berriz banatu zituen Lugdunensis Tertia (hiriburua Toursen zuena) eta Lugdunensis Senonia (hiriburua Sensen zuena) sortuz.
  • Galia Narbonensea ere hiru probintziatan banatu zuten: Narbonensis Prima (Lehena), Narbonensis Secunda (Bigarrena) eta Vienarra (Gallia Viennense);
  • Galia Akitania (Akitania): Aquitanica prima edo Aquitania prima (Lehena), Aquitanica Secudna edo Aquitania Secunda (Bigarrena) eta Novempopulania (edo Aquitanica Tertia edo Aquitania Tertai (hirugarrena));
  • Alpeak (Alpes Graia, Alpes Poeninae, Alpes maritimae) Italiako penintsulan zegoen Galia Zisalpinotik banadu zituzten eta Galia Trasalpinoarekin lotu.

418an, ediktu batek probintzietako batzarrak berrantolatu zituen, biltoki gisa Arles emanez, azken urteetan Galietako pretorioko prefekturaren egoitza izan zena (barbaroen sarekaden arrisku handiegia zuen Treverisen ordez).[11]

Erromatar Inperioko elizbarrutiak 400ean.

Tetrarkiaren pean, probintziak erromatar inperioaren bi diozesitan bildu ziren:

  • Galietako diozesia, honako hamaika probintzia hauek osatzen zutena: lau lugdunenseak, bi belgikarrak, bi germaniarrak, Sekuandara eta Alpes Poenninae eta Alpes Graiae;
  • Vienako diozesia, gainerako zazpi probintziek osatua: Akitaniako biak, Novempopulania, Narbonako biak, Vienarra eta Itsas Alpeak; Septem Provinciae ere deituak.

Bi diozesiak Galietako pretorioko prefekturaren menpe geratu ziren. Galietako Prefekturan, Hispaniako eta Bretainiako diozesiak zeuden ere.

Galiaetako Diozesiaren mapa (Galliae). 400. urtea

Konkistatik, erromatarra iraun zuen Kristau Aroko IV. mendera arte, baita V. mendearen hasiera arte ere, hau da, Erromatar Inperioaren mendebaldeko zatiaren amaiera arte, barbaroen inbasioen garaian, eta bereziki frankoena.

Erromatar Galiako hiriburua, edo, hobeto esanda, galiarrena, Lyon izan zen, orduan Lugdunum deitua, Erroma eta Augustoren gurtza inperialaren erdigunea. Lyonek erromatar txanpona jotzeko eskubidea izan zuen, pribilegio handia Erromatar Inperioan lehen mendean.

Galiak garrantzi handia izan zuen Inperioan. Inperioko probintziarik populatuena izan zen: 8 edo 10 milioi biztanle inguru zituela kalkulatzen da. Europako merkataritzaren erdigune neuralgikoa izan zen, ibai eta lehorreko komunikabideek Europa iparraldea eta Britania, Hegoaldearekin konektatzen zuen, Atlantikoa, Mediterraneoarekin, eta Europa ekialdeko limesa hegoaldeko eta mendebaldeko lur hornitzaileekin.

Zazpi probintzien diozesia. 400. urtea.

Arrazoi ezberdin horiengatik, Erromak Galia bultzatu zuen, pixkanaka galiarrei erromatar hiritartasuna emanez lehen mendetik aurrera.

Erromatik frankoen erresumara

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatartzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galietako konkistaren ondoren, litekeena da, gerraren izugarrikerien ondoren, galiarren gehiengoak bakea nahi izatea, eta horren bermatzaile berriak erromatarrak izatea. Gainera, Erromak inposatutako erregimena galiar eliteen aldekoa izan zen, horiek erromanitatearen abantailez baliatu baitziren (aisialdia, kultura, bizitzeko artea ...) eta Erromaren zerbitzura jartzen baziren, beren pribilegoak konfirmatuta ikusten baitzituzten.

L'Armée romaine en Gaule (1996) liburuan, Michel Reddé historialariak Galiako aristokraziaren tradizio gerlaria Erromatar Inperioaren baitan nola aprobetxatu zen erakusten du, lehenik, barne-bakea bermatzeko (Galiako zalditeria ospetsuaren ekitateek beren ekipamendua eta tradizioak mantendu zituzten, hegal bakoitza herri berean errekrutatzen zelarik; batzuek txanpona egiteko pribilegioa lortu zuten (Torigexen sekuanak, adibidez), eta, ondoren, Germaniaren konkistaren negozioan parte hartuz.

Oso goiz, Galia baketzeaz arduratzen ziren erromatar tropak limesera eraman zituzten (Rhin eta Danubio ibaietan zehar), hiru mendetan Galia modu eraginkorrean babesteko. K.a. 12. urtean, erromatar armada ia ez zegoen Galian.

Galia 511n.

Frankoen konkista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badirudi Iparraldean eman zen mundu frankorako trantsizioa erraz eta pixkanaka egin zela V. mendetik aurrera, eta hainbat arrazoirengatik izan zela:[oh 6]

  • Jada inbasioen aurretik, erromatarrak "barbaroekin" harremanetan egon ziren: erromatar armadan mertzenario frankok eta germaniarrek zerbitzatzen zuten. Gutxi batzuk Inperioaren mugen barruan kokatu ziren, Erromak lurrak eman eta federatu estatusa eman baitzien. Herri horiek, beraz, erromatarren usadio eta ohiturak ezagutzeko aukera izan zuten eta batzuek latina ikasi zuten.
  • Inbasio handiek oroitzapen ikaragarriak utzi bazituzten ere, garai hartako idatziek erakusten duten bezala, barbaroak galo-erromatarrak baino askoz gutxiago ziren, eta erraza zitzaien biztanleriarekin bat egitea. Aristokrazia nagusi horrek galiar erromanizatuak azpiratu zituen, hainbesteraino non frankoak eta galiar-erromatarrak ez baitziren gehiago bereizi behin Goi Erdi Aroan jatorrizko erresuma frankoen mutazioa burututa.
  • Arrazoi berberengatik, Burgundiarren eta Gallo-erromatarren arteko bat-egitea azkar gauzatu zen, lege komunak sortuz (Gombette legea).
  • Hegoaldean, bisigodoen erlazioa Erromarekin sakonagoa eta zaharragoa zen eta berez, haiek ere mundu latinoan nahiko integratuta zeuden.

Galia erromatarraren kronologia K.a. 52tik 511ra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Paul Petit, bere Histoire générale de l'Empire romain liburuan, Sacrovir eta Florusen interes pertsonalak nabarmentzen ditu, italiar lukurreroekin zorra handiak baitzituzten.
  2. ↑ Izen hori erabiltzen da gertakari motz hori deskribatzeko. Mommsenek erabili zuen eta gauza bera egin izan duten beste historiagile berrigo batzuek ere, hala nola, Paul Petit edo Jean-Louis Brunaux.
  3. ↑ Suaboen errege. Galian, Alsazian, bizitzen geratu ziren galiarren arteko gerretan parte hartu ondoren.
  4. ↑ Batzuetan, argi eta garbi, inguruneko barne segurtasun ezagatik edo atzerriko erasoak jasan zituzten hiriek oso gutxi sufritu zuten, baina badirudi amore eman zutela zabaldu zen izuaren edo segurtasun nahiaren aldeko modaren aurrean.
  5. ↑ Enperadore maila
  6. ↑ Ohar zite: ohar horiek galiarrei eta zeltiberiarrei ere aplikatzen zaizkie bisigodoekiko beren erresuman.
  7. ↑ Soilik probintzai erromatatuenak eta baketsuenak bilatzen ziren Senaturan probintziak, hau da, Senatuak zuzenean gobernatzen zituel eta ez enperadoreak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Wasson, Donald L.. «Roman Gaul» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2025-03-29).
  2. ↑ La Gaule romain. Les Fiches Pédagogiques. Musée Archéologie Nationale.
  3. ↑ (Gaztelaniaz) Hiriart, Eneko; Callegarin, Laurent; Gardes, Philippe; Réchin, François. «La singularidad cultural del área pirenaico-occidental: dinámicas y persistencias entre la Edad del Hierro y la Época romana» ASJU 52-1/2 (2018): 323-343.  doi:https://doi.org/10.1387/asju.20206. ISSN — e-ISSN: 2444-2992 0582-6152 — e-ISSN: 2444-2992..
  4. ↑ Theodor Mommsen. Erromaren historia.
  5. ↑ Eutropio, Breviarium historiae Romanae, IX, 1
  6. ↑ Aurelio Victor, De Caesaribus, 3
  7. ↑ Augustoen Historia, Lau tiranoak.
  8. ↑ Marie Grivel (2010) La Civilisation gallo-romaine dans le Jura, territoires et cultes, Lons le Saunier, Musée d’Archéologie du Jura, 11. orriko mapa.
  9. ↑ «Derecho pirenaico / Zuzenbide Piriniarra - NabarraldeDenda» www.nabarralde.com (kontsulta data: 2018-10-06). 215. or.
  10. ↑ Marie Grivel (2010), 11. or. mapa.
  11. ↑ Palanque, Jean-Rémy. (1934). «La date du transfert de la Préfecture des Gaules de Trêves à Arles» Revue des Études Anciennes 36 (3): 359–365.  doi:10.3406/rea.1934.2772. (kontsulta data: 2025-03-29).

Bibliografia osagarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Kolektiboa, Pierre Ouzoulias eta Laurence Tranoyren zuzendaritzapean (2010) Comment les Gaules devinrent romaines, Paris : La Trouvée, 318 orrialde, ISBN 9782707159076
  • Bedon, Robert (1999) Les Villes des Trois Gaules de César à Néron, Picard .
  • Bedon, Robert (2001) Atlas des villes, bourgs, villages de France au passé romain, Picard.
  • Gros, Pierre (1991) La France gallo-romaine, Nathan. (ISBN 2-09-284376-1)
  • Roman, Danièle eta Yves (1997) Histoire de la Gaule. VIe siècle av. J.-C., Fayard, 792 or.
  • Van Andringa, William (2017) La Religion en Gaule romaine. Piété et politique, Ier-IVe siècle apr. J.-C., Éditions Errance.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]