Galiziar nazionalismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pintaketa independentista Portugaleko Valencia do Minho hirian, Galiziako mugatik gertu

Galiziar nazionalismoa Galiziaren naziotasuna eta bere autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen duen ideologia politikoa da, gaur egungo Galizian hainbat alderdi politikok, sindikatuk, herri mugimenduk eta erakundek sostengatzen dutena. Bere ildo politikoa XX. mendearen hasieran agertu zen, estaturik gabeko beste nazioen antzera XIX. mendean sortutako mugimendu kulturalari ("Rexurdimento") esanahi politikoa eman nahian.

Oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Galiziaren naziotasuna onartu
  • Asturias eta Gaztela-Leongo eskualde galizieradunen integrazioa Galizian edo -bederen- haien hizkuntza-eskubideak kontuan hartu

Ildo nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi izan dira historian zehar galiziar nazionalismoaren joera nagusiak: burujabetza gehiago eskatzen duen ildo politikoa, Espainiarekin apurtu gabe (autonomia gehiago, konfederalismoa...) eta ildo politiko independentista, berezko Estatua eskatzen duena. Lehena izan da orain arte nazionalismoaren ildo nagusia eta hauteskundeetan emaitza hobeak lortu dituena. Bigarrenak ez du inoiz lortu ordezkaritza Galiziako Parlamentuan, eta ezker muturrekoaren ideologiari lotuta dago

Galiziako nazionalismoaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rexurdimento izeneko mugimenduak nazionalismo galegoaren hazia jarri zuen XIX. mendeko bigarren erdialdean. Rexurdimento (berpizte, euskaraz) mugimendu kulturala zen, Galiziako hizkuntza eta literaturari aro oparoa eman ziona. Hizkuntzarekin batera, Galiziako nortasuna eta kulturaren aldeko mugimendua zen, aurre-nazionalistatzat jo daitekeena.

Rosalia de Castrorekin batera, Eduardo Pondal, Manuel Curros Enriquez, Valentin Lamas eta Manuel Murguia, besteak beste, izan ziren garai hartako galizierazko idazle nagusiak, Galiziako hizkuntza ilunpetik atera eta indarberritu zutenak.

Rexurdimentorekin batera Galiziako mugimendu erregionalista agertu zen, Asociación Regionalista Gallegaren inguruan. Manuel Murguia eta Alfredo Brañas izan ziren bultzatzaile nagusiak.

Nazionalismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irmandades da Falaren sorrerarekin (1916an) lotzen da galiziar nazionalismoaren agerpena. 1918an nazionalismoaren aldeko hautu garbia egin zuen erakunde horrek, erregionalismoa baztertuz. Era berean, Galiziako autonomia eta galizieraren ofizialtasuna ere eskatu zituen.

Primo de Riveraren diktaduraren ostean, 1931ean Partido Galeguista sortu zen, Alfonso Rodriguez Castelao eta Alexandre Boveda buruzagiak zituena. Alderdi politiko honek arrakasta handia izan zuen Espainiako II. Errepublikaren garaian, 300.000 botoetako sabaia eskuratuz. Partido Galeguistaren inguruan eskuineko zein ezkerreko sentsibilitateak zeuden, eta baita autonomistak eta independentistak ere. 1936ko Espainiako hauteskundeetan Fronte Popularrean integratu zen, eta Galiziarako autonomia estatutua lortu, Espainiako Gerra Zibilak eta frankismoak ezerezean utzi zutena (egitasmoa ez zen martxan ipini)

Diktaduraren osteko nazionalismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francoren garaipenak (1939an) Espainiako Gerra Zibilean espainiarra ez zen nazionalismo ororen kontrako errepresio bortitza ekarri zuen. Diktadura berriak abertzale galiziar asko exekutatu zituen (Alexandre Boveda, besteak beste) eta beste askok erbesteko bide samina hartu behar izan zuten (Castelaok berak, esaterako).

1963an Galiziako Alderdi Sozialista (PSG) sortu zuten Ramón Piñeirok eta Xose Manuel Beirasek, denborarekin Bloque Nacionalista Galegon integratuko zena. 1966an Union do Povo Galego (UPG) erakunde marxista-leninistak Galiziako egoera testuinguru kolonial batean kokatu zuen, autodeterminazio eskubidea eskatuz. Frankismoaren azken urtean (1975ean) Asamblea Nacional Popular Galega agertu zen, ezkerreko abertzaletasuna indartzekotan.

Transizioaren lehenengo hauteskundeetan (1977an) nazionalismoak, oso zatikatua, emaitza apalak lortu zituen (botoen %10 inguru, guztira). 1981ean Galiziak bere lehenengo autonomia estatutua lortu zuen, nazionalitate hitza aipatzen zuena (EAE-ko eta Kataluniako estatutuen antzera). 80ko hamarkadak alderdi abertzale berri batzuen agerpena ikusi zuen: Bloque Nacional Popular Galego (ezkerrekoa eta independentista), BNG (1982an sortua, aurrekoa desagertu zenean; ezkerrekoa eta soberanista), Esquerda Galega (ezkerrekoa), Coalición Galega (zentro-eskuinekoa eta autonomista), Partido Nacionalista Galego (liberala), etab. Alderdi horietako gehienak desagertuta daude dagoeneko, BNG izanik bizirik dirauen alderdi nazionalista bakarra. Honek bere hautes-sabaia 2024ko Galiziako hauteskundeetan lortu zuen, botoen %32rekin.

Oro har, Galiziako nazionalismoa ez da inoiz izan Hego Euskal Herrikoa edo Kataluniakoa bezain indartsua, eta bere eragina gizartean apalagoa da.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]