Gamazada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Gamazada XIX. mendeko Nafarroa Garaiko herri matxinada bat izan zen.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sagastaren gobernuaren Ogasun Ministroak, German Gamazo liberalak, 1841eko Lege Hitzartuak ezarritako zerga-araubide forala ezereztatzea saiatu zenean sortu zen.

Manifestazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1893 eta 1894 urteetan Nafarroa Garaian, bai herriaren, bai erakundeen mobilizazio orokorrak manifestazioak eta sinadura bilketak eragin zituen.

Adibidez, Iruñean, 1893ko ekainaren 4an, Gamazoren neurriaren aurkako manifestazio batek kaleetan 15.000 lagun baino gehiago bildu zituen, estamentu eta ideologia guztietakoak. Hau Nafarroan ordura arte izandako manifestaziorik handiena izan zen.

Erakundeek 120.000 sinadura inguru bildu zituzten neurriaren aurka, Nafarroa Garaiak 300.000 biztanle izanik. Hala ere, ezin izan zuten neurria baliogabe utzi, baina ministroak kargua utzi zuenez, legea ez zen inoiz indarrean jarri. Foruen defentsak Hegoaldeko herrialde guztien batasuna indartu zuen, bai eta Laurak Bat goiburua ere.

1894ko ekainaren 3an matxinada armatua ere bazegoen: bi egunetan zehar Lopez Zabalegi sarjentuak bost kideekin batera Obanos eta Garesen izan zuena.

Etxabe-Susaetak El Partido Carlista y los Fueros liburuan adierazi zuenez, Maria Kristina erregeordeak Martínez-Campos jeneralari galdetu zion eskua sartu behar zuenetz eta honela erantzun zion jeneralak:

« Andrea: Beste probintzia bat izango balitz, gogoan izango genuke bertan lege orokorra ezartzea, beharrezkoa izanez gero, indarra erabiliz; Nafarroa Garaia bakarrik izango balitz, oraindik bide bera erabiliko genuke, baina gogoan hartu behar dugu Nafarroa Garaiak beste hiru probintziak aldamenean dituela, eta Nafarroa Garaia erasoz gero, euskal herritar guztiek haren alde egingo luketela, eta haiekin batera Espainiako karlista guztiek; probintzia haietan matxinada orokorra sortuz eta berriro guda zibila. »

Gamazada goresteko, Nafarroa Garaiko herri eta hiri askotan kale eta plaza nagusiei Foruak izena jarri zieten. Iruñean bertan Sarasate pasealekuan Foruen monumentua eraiki zen, nafar askatasuna gogoratzeko, Nafarroako Jauregiaren ondoan.

Arana Goiri anaiak Gamazadan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sabin Arana» eta «Luis Arana»
1894ko otsailaren 18an, Gamazada matxinadan, Nafarroako Castejón udalerrian Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek erabilitako bandera eta lema: Jaun-Goikoa eta Lagizarra - Bizkaitarrak Agur Eiten Deutse Naparrei

1894ko otsailaren 18an Nafarroako Castejón udalerrian lorpen hura ospatzeko ekitaldi edo manifestazio masibo eta erraldoi bat antolatu zen.[1] Hori dela eta, Arana Goiri anaiak eta abertzale talde bat zekartzan tren berezi bat Bilbotik Iruñera ailegatu zen.[1] Arana anaien talde abertzale hau manifestazio hartara batu eta bizkaitarrek nafarrenganako elkartasuna adierazten zuen honako esaldia zeraman pankarta ondo zuri eta hizki gorriduna erakutsi zuten:

« Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra. - Bizkaitarrak agur eiten deutse Naparrei.
Dios y Ley Vieja. - Vizcaya saluda a los Navarros..
[1]
»

Pankarta hura, aurretik eta gau batez Iruñeko Cafe Iruñan diseinatu eta Estanislao Aranzadi nafar diputatuaren Juana emazteak josi zuen.[2][3]

Aipatzekoa da, manifestazio hartara bertaratu zen bizkaitar abertzaleen ordezkaritzako kideek haritz hosto orlegi eta lokarri zuri-gorriz osatutako ikurrak zeramatzatela.[2]

Manifestapen hartara Euskal-Erria eta Bilboko Zirkulu Integrista elkarteak ere bertaratu ziren. Nafarroako Foru Aldundiak Sabin Aranari gonbidapena luzatu eta hark nafar aldundiei aurrean honako hitzaldi hau zuzendu zien:[1]

« Hemen dauden bizkaitarren izenean, eta bizkaitar guztienean ere esango nuke, denak Nafarroan baitaude, eta baita "Bizkaitarra" egunkariaren izenean ere, haren zuzendaria naizenez, Nafarroako Foru Aldundia begirunez agurtu eta gogoz eskertzen dut, Espainiar Gobernuaren egitasmo injustuen aurrean izandako jarrera abertzale eta heroi kanpainarengatik, eta gure aldetik, otoi, gure herriaren anaia den, gure bihotzeko herri maitea den, nafar herriari besarkada indartsu bat eman bezaiola. »
Sabin Arana Goirik Nafarroako Foru Aldundian emandako hitzaldia.[4]

Iruñetik Bilbora itzultzean, Sabin Aranak zorion mezu bat idatzi eta bere amaieran honako hitz hauek jarri zituen:[1]

« Gora Nafarroa! Gora Euskeria! »
Sabin Arana Goiri.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f (Gaztelaniaz)  Auñamendi Eusko Entziklopedia, Gamazada (La), Euskomedia.org, http://www.euskomedia.org/aunamendi/60321 .
  2. a b (Gaztelaniaz)  Auñamendi Eusko Entziklopedia, Bandera. Bandera vizcaína en la Gamazada, Euskomedia.org .
  3. (Ingelesez)  Olle, Jaume, «Basque Flags of National Type», Electronical Bulletin of Vexillology from Cataloniasque Flags of National Type, http://www.ctv.es/USERS/jolle/news16g.htm .
  4. Gamazada. Auñamendi entziklopedia. Euskomedia.org (Gaztelaniaz)

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gamazada Aldatu lotura Wikidatan