Gambia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gambiako Errepublika
Republic of The Gambia
Bandera Armarria
Goiburua: Progress, Peace, Prosperity
("Aurrerapena, Bakea, Aurrerakuntza")
Ereserkia: For The Gambia Our Homeland
HiriburuaBanjul
Hiri handiena Serekunda
Hizkuntza ofiziala(k) ingelesa
Herritarra gambiar
Gobernua Errepublika presidentzialista
 -  Presidentea Adama Barrow
Independentzia
 -  Erresuma Batutik 1965ko otsailaren 18 
Azalera
 -  Guztira 10,689 km2 (159.)
 -  Ura (%) 11,5
Biztanleria
 -  Zenbatespena  (2020[1]) 2.229.200
 -  Dentsitatea 208,5 bizt./km2
Dirua Dalasi = 100 butut (GMD)
Ordu-eremua UTC (UTC0)
Aurrezenbakia 220
Internet domeinua gm
Commonwealth, UA eta NBE erakundeetako kidea.

Gambia (ingelesez: The Gambia), izen ofiziala Gambiako Errepublika[2] (ingelesez: Republic of The Gambia), mendebaldeko Afrikako estatu burujabea da. Iparraldean, ekialdean eta hegoaldean Senegal dauka, eta mendebaldean Ozeano Atlantikoa. 10.689 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2,2 milioi biztanle zituen 2020an.[1] Hiriburua Banjul da, baina Serekunda da hiririk jendetsuena.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikako estatu txikienetako bat da Gambia. Iparrraldean, ekialdean eta hegoaldean Senegalekin du muga, eta mendebaldean Ozeano Atlantikoa dauka. Gambia ibaiaren harana hartzen du osorik, eta ontziz ibiltzeko modukoa da luzera eta ibilbide osoan (320 kilometro). Klima tropikala du, eta landaredia oihana da ibai-ertzean, eta sabana oihanaz harago. Baso-eremu handiak soildu dira kakahuetea hazteko lursail gehiago lortzeko eta egurra ateratzeko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wolof, malinke eta fulani herriak XIII. mendean jarri ziren bizitzen gaur egun Gambia den lurraldeetan. 1455. urtean, portugaldarrek Gambia ibaia aurkitu zuten, eta 1588an britainiar merkatariei saldu zizkieten ibai haren gaineko eskubideak, baina, artean, ez zuten europarrek bizileku egonkorrik antolatu bertan. 1663an, ibaian dagoen uharte bat erosi zioten britainiarrek bertako buruzagi bati, eta Fort James gotorlekua eraiki zuten. 1681ean, frantsesak heldu ziren, eta bizileku hartu zuten Albredan, Fort James gotorlekuaren aurrez aurreko ibai-ertzean. Ondorengo urteetan liskarrak gertatu ziren bi herrialdeen artean.

1783ko Versaillesko Itunean, Britainia Handiak Gambia ibaiaren gainean zituen eskubideak onartu ziren eta baita Frantziak Albredan zituenak ere. Britainiarrek 1807an esklabotasuna debekatu zutenean, Bathurst gotorlekua eraiki zuten Gambia ibaiaren bokalean esklaboen salerosketa hari amaiera emateko. 1857an, frantsesek Albredaren gaineko eskubideak saldu zizkieten britainiarrei, eta 1889an Gambiako mugak zedarritu zituzten Frantziak eta Britainia Handiak, biak elkar hartuta. Britainiarrek beren babespeko lurraldetzat hartu zuten Gambia osoa 1894an.

1965ean lortu zuen independentzia Gambiak, eta 1970. urtean errepublika bihurtu zen; Dawda Jawara izan zen lehenbiziko lehendakaria. 1970eko hamarkadan, turismoarekin batera, prostituzioa eta droga trafikoa zabaltzen hasi ziren Gambian, eta oposizio musulman antolatua sortu zen orduan. 1981ean, ahalegina egin zuten musulman batzuek Jawara lehendakaria kargutik kentzeko, haren ordez islamiar erregimen iraultzailea ezartzeko eta horrekin ustelkeria ofiziala amaitzeko. Senegalgo gudarosteak esku hartu zuen, eta matxinada zapaldu. Izan ere, Gambiaren eta Senegalen artean konfederazio bat (Senegambia) eratzeko asmoa zegoen lehenagotik, eta estatu-kolpeak asmo hori gauzatzea eragin zuen.

Senegambia 1982ko otsailean sortu zen ofizialki. Konfederazioaren buru Abdou Diouf jarri zuten, Senegalgoa bera, eta, hari laguntzeko, ministro-kontseilu konfederatu bat eta bi nazioetako kideez osatutako legebiltzarra eratu ziren. Herrialde bakoitzak bere ezaugarriak eta barne-antolaketa gorde zituen; hala ere. 1985. urteaz gero, bi herrialdeen arteko loturak sendotzeko eta elkar babesteko hitzarmenak ez sinatzen eta ez betetzen hasi zen Gambia. Aitzitik, 1989an elkar babesteko hitzarmen bat egin zuen Nigeriarekin, herrialdearen defentsa ziurtatzeko eta, aldi berean, Senegaletik aldentzeko. Hitzarmen horrek, berez, Senegambiari uko egitea esan nahi zuen. 1991ko maiatzean, Gambiak eta Senegalek beren arteko harremanak oneratzeko lehen urratsak egin zituzten, elkarren laguntzarako hitzarmen bat sinatuz. 1993an, gobernuak nazioa adiskidetzeko neurriak hartu zituen; besteak beste, amnistia ematea onartu zuen erregimena erorarazten saiatu zirenentzat.

1994ko uztailean, militarrek estatu-kolpea jo zuten, eta Yahya Jammeh tenientea bilakatu zen estatuburu; Dawda Jawara lehendakaria Senegalera erbesteratu zen. 1996ko abuztuan, konstituzio berria onartu zen. Yahya Jammehk, estatuaren politika onbideratzeko lehen urrastzat hartu zuen konstituzio hura. 1998an, buruzagi musulman ugari atxilotu zituzten, eta 1999an oposizioaren buru Ousainou Darboek adierazi zuen gobernuak bere alderdiko kideak atxilotu zituela eta demokrazia hura lege gezurtietan oinarritua zela.

2001eko hauteskundeetarako lehendakariak alderdi politikoen debekua kentzea erabaki zuen, baina Jammehk irabazi zituen berriro ere hauteskundeak, nazioarteko behatzaileek onartuta. Hala ere, oposizioak iruzurra salatu zuen. 2002an, Parlamentuak komunikabideei buruzko lege berri bat onartu zuen, 1996ko konstituzioaren guztiz kontrakoa. Lege haren arabera, erakunde berri bat sortuko zen, besteak beste, honako ahalmen hauek zituena: kazetari guztiak erregistratzekoa, beren iturriak azaltzera behartzekoa, baimenik gabeko oharrak argitaratzeagatiko isunak ematekoa eta egunkariak ixtekoa.

Adama Barrow presidentea 2017ko Independentziaren Egunaren ospakizunean.

2006an, hainbat militar eta zibil atxilotu zituzten estatu-kolpe bat prestatzearen salaketapean; gobernuaren arabera, gudarosteko buru Mbure Cham, Inteligentziako buru Abdulaye Kujaby eta Alieu Jobe, Altxor Publikoaren zuzendari ohia, izan ziren estatu-kolpe haren bultzatzaile. 2014ko abenduaren 30ean, Gambiako Gobernuak ukatu egin zuen estatu-kolpe saiakera egon zela. Izan ere, goizaldean presidentearen jauregiari eraso zioten; hala ere, Yahya Jammeh presidentea atzerrian zegoen.[3] 2016ko hauteskundeetan, oposizioaren hautagaia, Adama Barrow, nagusitu zitzaion Yahya Jammehi, botoen %43,9 eskuratuta.[4] Ondorioz, 22 urteren ondoren, Jammehek boterea utzi eta herrialdetik alde egin zuen.[5]

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gambia errepublika presidentzialista da. Errepublikako presidentea da estatuburu eta gobernuburu, eta berak aukeratzen du gobernua. Parlamentuak ganbera bakarra du, Nazio Biltzarra, 58 kidez osaturik dagoena.[6]

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toki-gobernuko zortzi eskualdetan dago banatua herrialdea.

Gambiako toki-gobernuko eskualdeak
Toki-gobernuko eskualdeak[1]
Izena Eremua
(km2)
2003ko
errolda
2013ko
errolda
Hiriburua Barrutiak
Banjul 12,2 35.061 31.054 Banjul 3
Kanifing 75,6 322.735 377.134 Kanifing 1
Brikama 1.764,3 389.594 688.744 Brikama 9
Mansa Konko 1.628,0 72.167 81.042 Mansa Konko 6
Kerewan 2.255,5 172.835 220.080 Kerewan 7
Kuntaur 1.466,5 78.491 96.703 Kuntaur 5
Janjanbureh 1.427,8 107.212 125.204 Janjanbureh 5
Basse 2.069,5 182.586 237.220 Basse Santa Su 7
Gambia 10.689 1.360.681 1.857.181 Banjul 43

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gambiak 2,2 milioi biztanle inguru zituen 2020an,[1] eta biztanleriaren dentsitate handienetako bat Afrikako herrialdeen artean: 208,5 biztanle kilometro koadroko. Adinari dagokionez, biztanleria honela dago banaturik: 0-14 urte bitartekoak, % 36; 15-24 urte bitartekoak, % 20,1; 25-54 urte bitartekoak, % 35,8; 55-64 urte bitartekoak, % 4,4; eta 65 urtetik gorakoak, % 3,7. Bizi itxaropena 65,8 urtekoa da: 63,5 urtekoa gizonezkoena eta 68,3 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[6] Alfabetizazio maila % 50,8koa da, eta 50 sendagile daude 100.000 pertsonako; jaioberrien heriotza-tasa munduko handienetakoa da: 1.000 jaioberritik 55 hiltzen dira (2020ko zenbatespena).[6] Datu horiek argi erakusten dute herrialdearen aurrerabide eskasa.

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru etnia nagusi daude: mandingak % 42 dira, fulak % 18 eta wolofak % 16.[7] Diolak, soninke edo serahuliak, serereak, manjakak eta banbarak ere daude.[6]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesa da mintzaira ofizial bakarra; fula eta wolofera dira bertako hizkuntza nagusiak.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musulmanak dira gambiar gehienak (% 95,7); % 4,2 kristauak dira, eta % 1 baino gutxiago erlijio tradizionalen jarraitzaileak.[8]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Serekundako merkatua.

Brikama (81.007 biztanle 2013an), Bundunka Kunda (55.360 biztanle), Sukuta (47.048 biztanle) eta Talinding (40.562 biztanle) dira nerrialdeko hiri nagusiak.[1] Beti ere, bederatzi udalerriz osaturik dagoen Serekunda da hirigunerik jendetsuena.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomiaren oinarri nagusia kakahuetearen produkzioa da. Horretarako erabiltzen da lantzeko dagoen lurraren parterik handiena. Nolanahi ere, azkeneko urteotan lur gehiago prestatzen ari dira, bestelako gai batzuk ere landu ahal izateko, eta estatuaren ekonomia produktu bakar baten morrontzatik ateratzeko. Dagoen industria-apurretik kakahuetea eraldatzekoa da nagusia. Turismoak ere pisu handia du ekonomian, gero eta handiagoa.

Gambiar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Gambia. citypopulation.de Noiz kontsultatua: 2020-12-6.
  2. Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  3. Rodriguez, Mikel. Gambiako Gobernuak ukatu egin du estatu-kolpe saio bat gertatu dela. Berria, 2014ko abenduak 30, CC BY-SA 4.0, berria.eus Noiz kontsultatua: 2020-12-6.
  4. Gambian aro berri bat hasi da oposizioak bozak irabazi ostean. Berria, 2016ko abenduak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus Noiz kontsultatua: 2020-12-8.
  5. Perez Zala, Ander. Jammehek amore eman du, eta Gambian aro politiko berri bat hasi da. Berria, 2017ko urtarrilak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus Noiz kontsultatua: 2020-12-8.
  6. a b c d The Gambia. CIA - World Factbook, cia.gov Noiz kontsultatua: 2020-12-8.
  7. Berriaren Estilo Liburua: Gambia. berria.eus Noiz kontsultatua: 2020-12-9.
  8. 2019 Report on International Religious Freedom: The Gambia. state.gov Noiz kontsultatua: 2020-12-9.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]