Gamma interferoi
Gamma interferoia interferoi mota bat da, 12. giza kromosoman dagoen gene batek kodetzen duena [1]. E.F. Wheelock immunologoak 1965ean aurkitu zuen, eta T linfozitoek eta NK zelulek, batik bat, ekoizten dute.
Gamma interferoiaren zeregin nagusia makrofagoen aktibazioan datza. Era berean, II motako giza antigeno leukozitarioaren molekulen adierazpena aldatzen du gamma interferoiak [2]; molekula horien adierazpen aberrantea hainbat gaitz autoimmuneren atzean egon daitekeela uste da.
Gamma interferoiak jarduera bikoitza du: hantura eragin dezake, ala hanturakontrako ezaugarriak eduki. Bere portaera dagoen ingurugiroaren araberakoa izango da [3]
Gamma interferoia oso eraginkorra da birusen erreplikazioa ekiditeko. Eta hainbat bakteriok eta protozook sortutako infekzioen aurka (infekzio intrazelularrak) ere funtsezko zeregina burutzen du.
Zeluletara atxikitzen da zeluletan dagoen errezeptore heterodimeriko espezifiko bati esker, 6. giza kromosoman dagoen gene batek kodetzen duena.
Egoera patologiko batzuek (traumatismoek, infekzioek, hantura prozesu kronikoek, minbiziak eta autoimmunitateak, besteak beste) gamma interferoiaren ekoizpena areagotzen dute. Ikerketa batzuek estresa ere aipatzen dute bere sintesia areagotzen duten eragilen artean [4]. Aldiz, glukokortikoideek bere sintesia inhibitzen dute [5]
Bere erabilera terapeutikoari dagokionez, bi gaitzen aurka bere eraginkortasuna frogatu du: gaixotasun granulomatoso kronikoaren aurka (fagozitoei eragiten dien gaitza) eta osteopetrosiaren aurka (hezurretako gaixotasun genetikoa) [6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Naylor SL, Sakaguchi AY, Shows TB, Law ML, Goeddel DV, Gray PW (1983) Human immune interferon gene is located on chromosome 12 The Journal of Experimental Medicine. 157 (3): 1020–1027.
- ↑ Jean-Louis Virelizier, Nestor Perez, Fernando Arenzana-Seisdedos, René Devos (1984): Pure interferon gamma enhances class II HLA antigens on human monocyte cell lines European Journal of Immunology
- ↑ Dulce A Mata-Espinosa, Rogelio Hernández-Pando (2008): Interferón gamma: aspectos básicos,importancia clínica y usos terapéuticos Revista de Investigación Clínica, vol. 60 nº 5
- ↑ Elias Ernesto Aguirre-Siancas eta beste batzuk (2022): Efecto del estrés crónico y de la masticación sobre los niveles séricos de interleuquina-6 e interferón-gama Revista Chilena de neuropsiquiatría Vol. 60, nº 4
- ↑ Bhat MY, Solanki HS, Advani J, Khan AA, Keshava Prasad TS, Gowda H, et al. (2018ko Abendua) Comprehensive network map of interferon gamma signaling Journal of Cell Communication and Signaling. 12 (4): 745–751
- ↑ Interferón gamma (L03AB03) Vademecum