Gara (egunkaria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Gara
Gara
Mota informazio orokorra
Lehen zenbakia 1999ko urtarrilaren 30a
Banatze lurraldea Euskal Herria Euskal Herria
Argitaratze hiria Donostia
Ideologia politikoa Ezkertiar eta abertzalea
Hizkuntza gaztelania, euskara, frantsesa
Maiztasuna egunero
Argitaratzea goizez
Salneurria 1,50 (2018)
Kolorea koloreko eta zuri-beltzeko orriak tartekatzen ditu
Argitaletxea Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea (EHKE S.A.)
Sortzailea Akziodun herritarrak
Zuzendaria Iñaki Soto
Erredaktore nabarmenak Iñaki Iriondo, Ramón Sola
Zutabegile nabarmenak Artemio Zarco, Floren Aoiz, Alfonso Sastre, Amparo Lasheras, Antonio Álvarez Solís
Binetagile nabarmenak Tasio
gara.naiz.info

GaraEuskal Herriko egunkaria izena ere darabil— Euskal Herriko kazeta hirueleduna da, batez ere gaztelania erabiltzen du. Erredakzio nagusia Donostiako Igara auzoan du eta gainontzeko ordezkaritzak Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Urruñan.

Lehen alea 1999ko urtarrilaren 30ean argitaratu zen, Baltasar Garzón epaileak Egin egunkaria itxi eta 6 hilabetera.

Ildo editoriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo alea karrikaratu zenetik, egunkari horrek bere egin zuen "Euskal Herriko gatazka historikoa gainditzeko helburua, printzipio demokratikoen eta euskal errealitate nazionalaren errespetutik". Hori izan da bere sormenetik Gararen ildo editorialaren ezaugarri nagusia, egunkariak berak maiz jakinarazi duen bezala. Gainera, bere burua ezkertiarra, abertzalea eta aurrerakoia definitu izan du. Bere orrialdeetan, ezker abertzaleko sektoreei ez ezik, Euskal Herriko hainbat gizarte eragile, sindikatu eta alderdiri egin die leku.

Garak bere sorreratik bertatik argi eta garbi esan izan duen bezala, "ekimen informatibo hau herri honek bizi duen testuinguru globalarekiko lotura estua du" eta "ezin bereiz daiteke bere jaiotza baino sei hilabete lehenago jazotako gertakariarengandik". Gertakari hori Egin egunkariaren eta Egin Irratiaren itxiera da (1998ko uztailaren 15a) Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzón epailearen aginduz. Gertakari horrek euskal gizarteko sektore zabal bat eskaintza informatiborik gabe utzi zuen.

Jaiotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behar horri erantzuteko eta komunikazio esparrua zabaltzeko helburuarekin jaio zen Gara. Eta sorkuntza kanpaina herritar erraldoi batek ahalbidetu zuen, bere sorreratik izaera herritarra baitauka egunkari horrek. 10.000 euskal herritar eta atzerritar akzionista bilakatu ziren kanpaina horren bitartez. Gehienbat herritarrengandik jasotako 1.000 milioi pezetako kapitalarekin jaio zen Gara. Lehenengo lantaldea 65 profesionalek osatzen zuten, Mertxe Aizpurua lehenengo zuzendariaren esanetara.

1999. urteko urtarrilaren 9an "0 zenbaki bat" zabaldu zuen Garak eta bertan bere asmo eta egunkari berriak sortzeko arrazoiak azaltzen zituen. Bertan zehazten ziren bere jarrera informatibo eta editorialaren ezaugarri nagusiak. 198 egun soilik igaro ziren Gararen ernari alditik jaiotzaraino.

Gara egunkariaren zati gehiena gaztelaniaz idatzita badago ere, egunkariak hasieratik egin dio leku berezia euskarari eta berariaz gaineratu ditu hizkuntza honetako edukiak, ehuneko handi batean. Gainera, jaiotzatik azaldu izan du euskararen normalizazioaren aldeko jarrera. Bestalde, Le Journal du Pays Basqueren itxieraz geroztik, noizean behin frantsesez idatzitako artikuluak ere argitaratzen ditu.

Zuzendariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiotzetik 2004 arte Mertxe Aizpurua izan zen zuzendari, orduan Josu Juaristi orduko erredaktore buruari eman zion lekukoa eta horrek 2011ko urtarrilaren 30ean orduko iritzi saileko arduradun Iñaki Sotori utzi zion zuzendari kargua.

Hainbat gizarte eragile eta alderdi politikoren hitzetan, Gara, bere sorreratik, jazarria izan da Espainiako Estatuaren aldetik, Eginen oinordekoa dela aitzakipean. Gainera, Garako erredakzio kideek ETAri egindako elkarrizketa dela-eta, zuzendariek behin baino gehiagotan deklaratu behar izan dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hala ere, Fiskaltzak ezarritako salaketak bertan behera geratu dira beti.

Garak jasan duen erasorik larriena, alta, beste bide batzuetatik iritsi da, Espainiako Gizarte Segurantzak Eginek ustez zor zituen zergen arduradun egin baitzuen. Bahikuntza saihesteko, eta bide judiziala ustiatu bitartean, Garak bere burua "ordainketa-etendura"n deklaratu zuen.

Hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Informazio orokorreko hedabide hau Euskal Herri osoan banatzen da. Garak 73.000 irakurle ditu egunero Euskal Autonomi Erkidegoan eta 18000 Nafarroan (Cies, 2016) bere paperezko edizioan eta Interneten azken hilabetean 132.000 bisitari izan zituen Nafarroan eta EAEn.

Edukiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalaren ondoren, papereko edizioan hurrenkera honetan ageri dira atalak: eguneko gaiak, iritzia, Euskal Herria, mundua, ekonomia, kirolak, eskelak, kultura, zinema eta ikus-entzun. Edizio digitalean, berriz, ez daude hainbeste atal. Eguneko gaiak, ekonomia, Euskal Herria, iritzia, kirolak, kultura eta mundua atalak soilik ageri dira.

Papereko edizioaren goiko aldean data (zenbakia eta asteko eguna), zenbakia eta prezioa ageri dira. Horrez gain, berezitasun bat ere badauka Garak, izan ere, Euskal preso politikoen kopurua ageri da “free them all” esaldia alboan duela. Webgunean ere ageri da (www.naiz.eus).

Edizio digitalean, irakurlea beste hedabide batzuetara bideratzen duten loturak ageri dira (Bilbotarra, Iruindarra, 7K, Gaur8, Mediabask, Kazeta, Info7 eta 11 Telebista).

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gararen enpresa argitaratzailea Baigorri argitaletxea S.A. da.

Baigorri Argitaletxea S.A enpresa Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea S.A.ren barruan dago. Talde honen baitan beste hedabide batzuk ere argitaratzen dira: paperezko edizioa dutenak (Gaur8, Zazpika, Mediabask), beste batzuk ikus-entzunezkoak (Info7 Irratia) eta beste batzuk digital hutsak (Kazeta). Hamaika TBren bazkideetako bat ere bada EHKE.

Gararen erredakzioaren antolaketari dagokionez, Politika, jendartea eta nazioarteko berriemaileak Iñaki Iriondo, Ramon Sola, Mertxe Aizpurua eta Dabi Lazkanoiturburu dira. Aktualitateaz Euskal Herri mailan Iraia Oiarzabal arduratzen da, mundu mailan Ainara Lertxundi eta ekonomiaz Txisko Fernandez. Naiz.eus Amaia Ugarteren ardura da. Kirolaz Asier Aiestaran arduratzen da eta kulturaz, berriz, Xole Aramendi arduratzen da. Aurreikuspenen eta edizio jarraipenaren arduradunak Mikel Jauregi eta Alazne Basañez dira (2018).

Negozio eredua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paperezko edizioari dagokionez, Gararen eguneroko prezioa 1,5 eurokoa da astelehenetik ostiralera, larunbatetan Garak eta berarekin datorren Gaur8 astekariak 1,8 euro balio dituzte eta igandetan Garak eta 7K igandekariak 2,5 euroko prezioa dute (2018).

Online edukiei dagokienez, eduki guztiak ez dira doakoak. Eduki jakin batzuetara sarbidea izateko ordaindu beharra dago. Webgunera sartzean hainbat albiste edota artikuluk giltzatxo bat dute titulu ondoan, hauek dira sarbide mugatua duten edukiak. Paywall mota desberdinen artean, freemium sistema darabil Naiz-ek: hau da, eduki batzuk doakoak dira eta beste batzuk, premium direnak, hots, ordaindu egin behar direnak.

Ordaindu beharrezko edukietara sartzeko harpidetu beharra dago eta hainbat harpidetza aukera eskaintzen dituzte.

Auzien kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau da "Gara" egunkariak izan dituen auzien kronologia:

2000ko uztailaren 20a: Baltasar Garzón epaileak ustekabeko auto bat eman zuen. Bertan, Orain-Egin eta EKHE-Gara taldeen arteko enpresa segida baieztatu zuen. Helburua 1999. urte amaieran Egineko langileek eskatu zuten langabezia prestazioa jasotzea oztopatzea zen. Sei hilabete lehenago, Hernanin argitaratutako egunkaria itxi egin zuten, magistratu berak aginduta.

2000ko uztailaren 28a: Garzonen autoaren ostean, FOGASAko (Soldatak Bermatzeko Funtsa) Idazkaritza Orokorrak erabaki zuen langileei ukatzea lanpostua galtzen duen edozein langileri eskubidez dagozkion prestazioak.

2001eko azaroaren 20a: Arrotza den epai eremu batean Garzónek egin zuen esku-hartzea argitu zuen agiria. Soldatak Bermatzeko Funtseko Idazkaritza Orokorrak txosten bat igorri zuen, eta bertan, ofizialtasunik gabeko bilera batean hartutako behin-behineko konpromisoak aipatzen ziren. Hala ere, txostena zehatza da honakoa adieratzean: "Ez da egokia edozein ekintza hastea EKHE-GARA taldearen ardura ondorioztatzeko".

Ondorio horretara iristeko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako unitateetako nagusiek Idazkaritza Orokorrean aurkeztu zuten txostena. Txostenean argi dago ez dela enpresa segidarik izan. Izan ere, ez dira ondasunak transferitu, ez egoitza soziala, ez eta langileak ere, kazeta proiektu berrian "gutxi gorabehera ORAINgo langileen erdia besterik ez baitzen hasi."

2001eko abenduaren 17a: Garzonek Gizarte Segurantzako Altxortegi Orokorreko Prozedura Berezietako Idazkaritza Orokorra-TGSSri erabaki bat igorri zion. Bertan, 2001-10-18ko eta 2001-11-14ko ofizioak aitzakiarik gabe erantzutera behartu zuen. EKHEko Administrazio Kontseiluak irregulartasun horien berri izan zuenetik TGSSak urte eta erdiz aitzakien eta isiltasunaren bidez erantzuen zien.

2002ko urtarrila: Baigorri eta KIEren legezko ordezkaitzak TGSSko Zuzendaritza Orokorrari idatzi bat bidali zion. Idatzian eskatu zion informa zezala EKHEn eragin zezakeen behin-behineko enpresa segidaren gainean.

2003ko martxoaren 6a: TGSSko Zuzendaritza Orokorrari egindako informazio eskaerari erantzunez, TGSSk bere gain hartu zuen enpresa segidari dagokion gaia; Orain taldearen jarduerak behartuta itxi eta ia bost urtera eta Baltasar Garzónek autoa eman eta ia hiru urtera.

2003ko ekainaren 9a: Ezohiko lastertasunez, 2003ko ekainaren 9an, Gizarte Segurantzako Altxor Orokorreko zuzendari orokorrak bi ebazpen eman zituen. Horietan, Baigorri izendatu zuen Gizarte Segurantzarekin Orainek zuen zergaren "arduradun solidarioa" (4.673,326,94 euro); eta KIE, berriz, Hernani Inprimategiak Gizarte Segurantzarekin zuen zergarena (441.824,15 euro). Uztailaren 5a jarri zuen 5,1 milioi euroko zorra borondatez ordaintzeko epe muga.

2003ko ekainaren 22a: Baigorri eta KIEren abokatu Kepa Landak Garari eskainitako elkarrizketan azaltzen duenez, Gizarte Segurantzaren jardunbidearen atzean "bultzada politikoa" dago eta ez du oinarri juridikorik.

2003ko ekainaren 26a: Bidegabekeria salatzeko, Garako langileek agiria plazaratu zuten. Beren lanpostuen alde borroka egingo dutela adierazi eta uztailaren 4rako elkarretaratzera deitu zuten.

2003ko uztailaren 2a: Garako zuzendaritzak bilerak abiatu zituen eragile sozial, politiko eta sindikalekin.

2003ko uztailaren 4a: Garako langileek elkarretaratzeak egin zituzten Baionan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Egun berean, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako eledunak esan zuen ez zuela ezer esatekorik auziaren gainean, "bi aldeen arteko gauza baita".

2003ko uztailaren 5a: Beren kabuz 5,1 milioi euro ordaintzeko Baigorriri eta KIEri emandako epea bukatu zen. Egun horretatik aurrera, Gizarte Segurantzak bi enpresen kontrako ordaintzeko hertsatze bideari ekin ziezaiokeen. Egun berean, alor frankotako aurpegi ezagunek agiria aurkeztu zuten "sinfonia polifoniko bateko ahotsa isilarazi" nahi dutela salatzeko.

2003ko uztailaren 9a:Prentsa askatasunaren defentsan antolatutako talde horrek, langileekin batera, Kontxako Badia osoa hartu zuen giza katera deitu zuen hilaren 19rako.

2003ko uztailaren 19a: "Denok Gara" lelopean milaka herritarrek hartu zuten parte giza katean.

2003ko abuztuaren 8a: Baigorri eta KIEren ordaintze-eteteak egin ziren publiko, "GARAren etorkizuna ziurtatzearren".

2004ko urriaren 17a: Gizate Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren erabakia dela-eta Baigorri eta KIEren ordezkaritza legalak helegite bana aurkeztu eta gero, Administrazioarekiko zazpigarren Epaitegi Nagusiak epaia kaleratu zuen. KIEren helegitea onartu zuen eta Gizarte Segurantzaren ekinbideak atzera bota zituen. Hain justu, Hernani Inprimategiaren eta KIEren artean ez dagoela enpresen ondorengotzarik esan zuen.

2005eko apirilaren 18a: Espainiako Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Salaren Laugarren Atalaren erabakia, apirilaren 6an hartutakoa, egin da publiko. Horren arabera, Administrazioarekiko Zazpigarren Epaitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka Gizarte Segurantzaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako helegitea onartu da eta, horrenbestez, Hernani Inprimategiaren ustezko 441.824 euroko zorraren "arduradun solidario" egin du KIE.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koordenatuak: 43° 18′ 04.37″ N, 2° 01′ 00.77″ W / 43.3012139°N,2.0168806°W / 43.3012139; -2.0168806