Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Garoñako zentral nuklearra» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Santa María de Garoñako zentral nuklearra
Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra hemen kokatua: Espainia
Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra
Informazio orokorra
Koordenatuak 42° 46′ 30″ N, 3° 12′ 30″ W / 42.775°N,3.20833333°W / 42.775; -3.20833333Koordenatuak: 42° 46′ 30″ N, 3° 12′ 30″ W / 42.775°N,3.20833333°W / 42.775; -3.20833333
Udalerria Santa María de Garoña
 Espainia
Energia mota Energia nuklearra
Jabea Nuclenor
Eragilea Iberdrola, Endesa
Eraikitze urtea 1966
Martxan jartzea 1971ko martxoaren 2a
Gelditzea 2012ko abenduaren 16a
Ekoizlea General Electric
Mota BWR-3
Erreaktoreak martxan 1 (466 MW)
Urtean sortutako potentzia 3.742 GW·h (2011)
Funtzionamendua
Egoera Zerbitzuz kanpo
Talde kopurua 1
Erregaia Uranio aberastua
Garoñako zentral nuklearra ixtea eskatzen zuen manifestazio baten afixa, Gasteizen, 2009an.

Santa María de Garoñako zentral nuklearra —laburturik, Garoñako zentral nuklearra izenaz ezagunagoa— Santa María de Garoña herrian (Burgos, Espainia) dagoen zentral nuklearra da, 466 megawatteko BWR erreaktore bakarraz hornitua. 1971ko martxoaren 2an hasi zen sistema elektrikora argindarra ematen[1] —horrenbestez, 2006an Zoritako zentral nuklearraren jarduera behin betiko gelditu zutenetik, Espainiako estatuan alhan den zentral nuklearrik zaharrena da—, eta 2009 arte lanean izango zela ezarri zen hasierako baimenean. Gerora baimenaldia luzatu zioten, eta 2013ko uztailean bukatu zitzaion baimena. Geroztik, ez du argindarrik sortzen.

Nuclenor enpresa da zentralaren jabea; eta Nuclenorren jabeak, berriz, Endesa eta Iberdrola dira, erdibana. Jabe horientzat, zentral nuklearrak urtean 250 milioi euroren mozkinak sortzen ditu, batez ere zaharra izateagatik (dagoeneko amortizatuta dago), Espainian energia nuklearrak dituen berezitasunengatik eta Espainiako argindar merkatuko disfuntzioengatik.[2]

Hainbat elkarte ekologistek eta alderdi politikok Garoñako zentral nuklearra ixteko eskatu dute, dituen akatsengatik eta akatsok dakartzaten arriskuengatik. Akatsik aipatuena pitzadurena da, eta horregatik da ezaguna mila eta bat pitzadurako zentrala ezizenaz. Ekologisten iritziz, Europako zentralik arriskutsuenetakoa da Garoñakoa.[3]

2017ko abuztuaren 1ean, Espainiako Gobernuak zentral nuklearra behin betiko itxiko zuela iragarri zuen[4].

Zentrala ixtea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar estatuan martxan den zentral nuklearrik zaharrena izan arren, 2009ko ekainaren 5ean Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) zentral nuklearra beste hamar urtez alhan izateko gomendioa eman zuen. 2009ko ekainaren 2an, ordea, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak zentralaren jardueraren bukaera 2013an izango zela erabaki zuen,[5] nahiz eta hauteskunde-kanpainan Garoña berehala geldiaraziko zuela agindu.

Nuclenorri 2012ko irailaren 5ean amaitu zitzaion Garoñako zentralaren jarduera luzatzeko eskaera egiteko epea. Eskaerarik aurkeztu ez zuenez, 2013ko uztailean itxi beharko zuen zentral nuklear hori. Zentrala behin betiko ixteko beharrezko diren txostenak aurkezteko eguna ere jarri zion CSNk Nuclenorri: enpresak azaroaren 6rako aurkeztu beharko zituen dokumentu horiek.[6] Dokumentuak ez ziren epe horren barruan aurkeztu. Nuclenor, hala ere, Espainiako Gobernuarekin negoziatzen aritu zen, zentrala 2013tik aurrera ere lanean izateko aukeren bila.[7]

Zentral nuklearra ixteko erabakia bertan behera utzi izanaren aurkako elkarretaratzea, Gasteizen, 2013ko maiatzaren 25ean.

Halaxe, zentral nuklearra irekita mantentzea onartu zuen Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN), 2013ko maiatzaren 24an emandako erabakiz. CSNko osoko bilkurak dituen bost kideetatik, Espainiako Alderdi Popularrak (PP) izendatutako biek eta Convergencia i Uniok (CiU) izendatutakoak erabaki horren alde bozkatu zuten; eta Espainiako Langile Alderdi Sozialistak (PSOE) izendatutako biek, aurka. Azken horietako batek, Cristina Narbonak, adierazi zuenez, zentral nuklearra ixteko dokumentu teknikoak prest zeuden ordurako, baina egin ziren presioen ondorioz CSNk presaz erabaki behar izan zuen Nuclenorrek epez kanpo eskatutako baimen hori onartzea. PPren Arabako bozeramaileak ohartarazi zuen PSOEk eta EAJk ez dutela zentral nuklearra itxi, ixteko aukera izan dutenean.[8]

Behin CSNren oniritzia jasota, azken erabakia Espainiako Industria Ministerioaren esku zegoela, ministerio horrek Garoñako zentral nuklearra uztailaren 6a baino lehen ixtea erabaki zuen, ez zegoelako denborarik Nuclenorren eskaera aurrera eraman ahal izateko lege betekizun guztiak garaiz egiteko. Industria, Energia eta Turismoko ministro José Manuel Soriak azaldu zuenez, itxierak ez du zerikusirik segurtasunarekin, arrazoi ekonomikoengatik itxiko da.[9] Ekologistak Martxan taldeak dioenez, ordea, indarretxe nuklear horren segurtasun arazo larriak konpontzeko xahutu beharko litzatekeen diru kopuru handiari zor zaio itxiera.[10] Dena dela, berriz irekitzeko aukerarik bada oraindik: ustiapen baimen berri bat eska lezake Nuclenorrek, edo ekonomia arrazoiengatik gelditutako zentral nuklearrak berriz alhan jartzeko baimen berezi bat (lortzen errazagoa) onar lezake Espainiako Gobernuak.[11]

Zentral nuklearraren argindar sorkuntzako jarduera behin betiko gelditutakoan, 40 urte inguru iraungo dute zentral nuklearra ixteko lanek.[12].

2014ko abenduaren 18an, Kongresuko oposizioko alderdiek zentral nuklearra ixteko konpromisoa hartu zuten[13].

Abenduaren 26an jakin zenez, Araba Garoñarik Gabe-k "mobilizazio handi bat" egingo zuen otsailaren 28an[14].

2015eko urtarrilaren 12an jakin zenez, Garoña irekitzeko dekretua Estrasburgora eramatea proposatuko zuen PSE-EEk Arabako Biltzar Nagusietan. Izan ere, zentral nuklearra irekitzearen ingurumen eragina ez aztertzea Europako zuzentarauen aurka zihoan[15].

2017ko abuztuaren 1ean, Espainiako Gobernuak zentral nuklearra behin betiko itxiko zuela iragarri zuen[16].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Nuclenor: «Garoña: Construcción», Nuclenor.es.
  2. (Gaztelaniaz) Ekologistak Martxan: «El argumento para prolongar la vida de Garoña es falso», 2012-01-09.
  3. Iñaki Petxarroman: «Mila pitzadurako zentrala», Berria, 2012-01-06.
  4. Garoña ixtea erabaki du Espainiako Gobernuak. 2017ko abuztuaren 1a. Berria.info (Euskaraz)
  5. Mikel Peruarena: «2013 arte zabalik egongo da», Berria, 2009-07-03.
  6. Mikel Peruarena: «Garoñaren alde, baina helegiterik gabe», Berria, 2012-10-04.
  7. Garikoitz Goikoetxea: «Garoñako zentralaren jarduna eten egingo dute igandean», Berria, 2012-12-11.
  8.   «Garoña ixteko dokumentua prest zeukan CSNk, PSOEko ordezkariak azaldu duenez», Berria, 2013-05-28, http://paperekoa.berria.info/harian/2013-05-28/013/001/garoa_ixteko_dokumentua_prest_zeukan_csnk_psoeko_ordezkariak_azaldu_duenez.htm .
  9.   «Garoña uztailaren 6a baino lehen itxiko duela dio Espainiako Gobernuak», Argia, 2013-06-19, http://www.argia.com/albistea/garona-itxiko-dute-uztailaren-6rako .
  10. (Gaztelaniaz) Ekologistak Martxan: «Garoña se cierra», 2013-06-19.
  11. (Gaztelaniaz) Juana Viúdez: «Soria confirma el cierre definitivo de Garoña el próximo 6 de julio», El País, 2013-06-19.
  12.   «Bizitza erdi bat, zentrala husterako», Berria, 2012-09-14, http://paperekoa.berria.info/harian/2012-09-14/009/001/bizitza_erdi_bat_zentrala_husterako.htm .
  13. Oihan Vitoria, «Kongresuko oposizioko alderdiek Garoña ixteko konpromisoa hartu dute», Berria, 2014-12-19
  14. «Araba Garoñarik Gabe-k "mobilizazio handi bat" iragarri du otsailaren 28rako», Berria, 2014-12-26
  15.   «Garoña irekitzeko dekretua Estrasburgora eramatea proposatuko du PSE-EEk», Berria, 2015-01-13, http://www.berria.eus/paperekoa/4622/012/001/2015-01-13/garoa_irekitzeko_dekretua_estrasburgora_eramatea_proposatuko_du_pse_eek.htm .
  16. Garoña ixtea erabaki du Espainiako Gobernuak. 2017ko abuztuaren 1a. Berria.info (Euskaraz)

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]