Garrafeko konplota

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Marcel·lí Perellóren askatasuna ospatzeko ekitaldietako bat, 1930ko apirilaren 1a. Perelló bera argazkiaren erdian agertzen da, Edelmira Valls emaztegaiarekin batera.

Garrafeko konplota, 1925eko maiatzaren 26an, Kataluniako Bandera Negra talde armatu independentistak Alfontso XIII.a Espainiakoa hiltzeko burututako atentatu saiakera izan zen. Bandera Negra zelakoa Estat Català alderdi politiko independentistaren azpitalde armatua zen, Marcel·lí Perelló i Domingo buruzagi zuena.

Atentatua espainiar erregeak Bartzelona hiria bisitatzera zihoan egunean burutzea aurreikusi zen. Berau hiltzeko arrazoia errege horrek Primo de Riveraren diktaduraren ezarpena babestu eta diktadurak katalanismoaren aurka egin eta kataluniar ikurrak legezkanpo utzi zituelako izan zen.

Lehenbiziko egitasmoa Bartzelonatik hurbil zegoen trenbideko tunel batean lehergailua jarri eta erregearen trena igarotzean eztandaraztea izan zen. Garai hartan Bartzelonatik hurbilena zegoen tunel bakarra Garraf eta Sitges udalerrien artean zegoen. Lehergailua jartzeko hainbat saiakeretan huts egin ondoren, tartean lanabez desegokiak izan, inguruetan guardia zibil gehiegi egoteak edota talde armatuko kideek geltokian trena galtzeagatik, jatorrizko egitasmoa alboratu egin zuten.

Azkenean, Joan Terrés kide infiltratuak, ezizenez Josep Talavera, gainontzeko taldekieak salatu eta poliziak honako taldekideak atxilotu zituen: Jaume Compte, Miquel Badia, Deogràcies Civit, Emili Granier, Jaume Balius, Marcel·lí Perelló, Ramon Fabregat, Antoni Argelaguet, Jaume Julià, Josep Garriga, Francesc Ferrer, Pere Manén, Narcís Compte, Antoni Guillamet, Jaume Balius, Ramon Xamar, Josep Papasseit, Vicenç Colominas, Anton Macià, Jaume Macià, Jaume Pons, Lluís Tort, Jaume Pallàs, Josep Marfany, Josep M. Planas, Josep Folch, Raimon Peypoch eta Mateu Sust.

Espainiar poliziak Estat Català alderdiari atentatuaren atzean egotea leporatu eta diktadurak katalanismo osoaren aurk jazarpena egiteko aitzakitzat hartu zuen, Estat Català alderdiko kideak atxilotzeaz gain, ustez moderatuagoak ziren Acció Catalana eta Unió Catalanista alderdietako kideak ere atxilotuz.

1925ean Jaume Compte, Marcel·lí Perelló, Jaume Julià, Miquel Badia, Deogràcies Civit, Francesc Ferrer, Josep Garriga, Emili Granier, Ramon Fabregat eta Antoni Arguelaguet epaituak izan ziren. Azken hiruak fiantzapeko askatasunean laga eta ihes egin zuten. Epaiketa espainiar militarren esku jarri zen, hauei prozedura judiziala ez errespetatzea leporatu zitzaien, bai eta atxilotuak torturatzea eta epaiketan hainbat irregulartasun burutu eta kontsaesanetan oinarritzea. Jaume Compte taldeko buruzagia izatea egotzi zitzaion, eta Perelló, Julià eta Garrigarekin batera garrote bidezko heriotzera zigortuak izan ziren. Halere, beren zigorrak bizi guztirako espetxealdiaz ordezkatuak izan ziren. Badia, Civit eta Ferrer 12 urteko espetxealdira zigortuak izan ziren. 1930ean, Primo de Riveraren diktadura amaitzean, preso guztiak amnistia jaso eta aske gelditu ziren.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]