Gartxi
| Gartxi | |
|---|---|
| Ezaugarriak | |
| Sexua | emakumezkoa |
| Familia | |
| Ama | Murumendiko Dama |
Gar Txiki, Gartxi euskal mitologiako pertsonaia berri bat da, Beasainen (Gipuzkoa) 2021. urtean sortua. Murumendiko Mari jainkosaren alabatxoa da. Amak Euskararen Sua zaintzeko ardura eman dio eta hortik Euskararen Suzaina da.
Sorburua: Amaren Sua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Patxi Saez Beloki beasaindar soziolinguistaren Amaren Sua artikuluan oinarrituta,[1] Aittu! Euskara Elkarteak 2021ean asmatutako pertsonaia mitologikoa da Gartxi.
| « | Amaren Sua euskaratik eta euskaradun izatetik sortutako izatasuna dugu eta izate horretan datza Euskal Herriaren jarraikortasuna, herri izaten jarraitzearen etorkizuna. | » |
| Patxi Saez Beloki[1] | ||
Gartxiren langintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gartxik Euskararen Sua zaintzeko lantegia du Murumendiko Damazulo haitzuloan. Suzain ardura horretan ari dela, jakin du Euskararen Eguna (abenduak 3) Euskal Herriko bazter guztietan ospatzen dutela, eta berak ere ospakizun horrekin bat egin nahi du. Horregatik Amaren Sua, eta amak eman dion Euskararen Bandera ere, Beasaingo haurrei ekartzen dizkie Amaren Sua zain dezaten eta Euskararen Bandera lau haizetara zabal dezaten.[2][3][4][5]
Abenduaren hirugarren eguneko goizeko 11:00etan, Beasaingo udaletxearen aurreko eskaileretatik eta alboko Zubimuzu plazatik, Gartxiri harrera egiteko herriko ikastetxe guztietatik etorritako 6-8 urteko haurrek, eztarria urratzerainoko garrasien artean, dei egiten diote, behin eta berriro, euskararen suzain txikiari:
| « | Gartxi pitxi hona iritsi ekarri sua ta hemen itxi |
» |
Halako batean, haur guztien harridura eta miresmena sortuz, Gartxi denen aurrera azaltzen da eskuan Euskararen Sua[6] bizi-bizirik dakarrela. Sua suontzian uzten du eta bizkar-zorroan daraman euskararen bandera,[7] berriz, Beasaingo alkateari ematen dio eskura, plazan dagoen mastan lau haizetara jar dezan. Orduan, alkateak eskutik eskura herriko aginte makila ematen dio Gartxiri, Beasaingo herria euskararen agintepean jartzeko.
Gartxiren su ekartzera etorritako haurrek Euskararen Kriseilu bana daramate eskuan eta Gartxik ekarritako Amaren Sua plazako suontzian utzitakoan Euskararen Kriseiluak pizten dituzte su horrekin. Haurrek Euskararen Kriseiluak etxera eramango dituzte Euskararen Sua etxean zaintzeko eta etxekoen artean euskararen erabilerari buruzko hausnarketa egiteko. Hausnarketa aldia amaitutakoan festa bat ospatzen da eta Gartxi opariekin etortzen da festa horretara haurrei egin duten suzain lana eskertzeko eta Amaren Sua Damazulora eramateko.
Pertsonaiaren lanketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aittu! Euskara Elkartearekin elkarlanean Hijos de Martin y Loinaz Beasaingo antzerki taldea arduratzen da Gartxi pertsonaiaren jantziaz, nortasunaz, entseguez eta antzezpenaz. Gidoiaren ardura, berriz, Gartxi pertsonaiaren sorreratik, Joseba Imaz Ganzarain beasaindarrak eta Aittu! Euskara Elkarteko kideak dauka. Gartxi pertsonaiari bizia estreinakoz 11 urteko June Landa gaztetxoak eman zion 2021eko abenduaren 3an.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Saez Beloki, Patxi. (2021-12-03). Amaren sua. patxisaez.eus.
- ↑ U, J.. (2021-11-30). «'Gartxi' Euskararen Eguneko protagonista» El Diario Vasco (kontsulta data: 2025-07-23).
- ↑ «Gartxi, musika eta omenaldiak Euskararen Eguna ospatzeko» El Diario Vasco 2021-12-04 (kontsulta data: 2025-07-23).
- ↑ Zubimendi, Kerman Garralda. (2021-11-29). «Gartxik euskararen epeltasuna Beasainera jaitsiko du» Goierriko Hitza (kontsulta data: 2025-07-23).
- ↑ Goierriko Hitza. (2021-12-03). Gartxik ekarri du Euskararen Eguna Beasainera. (kontsulta data: 2025-07-23).
- ↑ Vierbücher, Ariane. (2022-11-17). «Euskaraldiari hasiera eman diote Beasaingo haurrek Gartxiren laguntzarekin» Goierriko Hitza (kontsulta data: 2025-07-23).
- ↑ Zubimendi, Kerman Garralda. (2021-12-03). «Beasain, euskararen banderaren pean» Goierriko Hitza (kontsulta data: 2025-07-23).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]