Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Manuel Fraga Iribarne.

Gasteizko gertakariak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen greba orokor baten testuinguruan gertatutako istilu larriei esaten zaie. Istiluotan bost langile hil zituen espainiar polizia militarrak Zaramagako Asisko San Frantzisko elizaren barnean, baita 150 bala-tiroz zauritu ere. Orduko antolakuntza-indarren burua Manuel Fraga Iribarne ministroa zen.

Historia

Asisko San Frantzisko elizaren barnealdea.

1976ko urtarrilean 6.000 bat langilek soldatak mugatzen zituen dekretua salatzeko eta haien lan-baldintzak hobetzeko greba hasi zuten. Bi hilabete geroago, martxoaren 3an, alegia, hirugarren greba orokorrera deitu zuten, deialdiak erabateko jarraipena izan zuela (hedabide ofizialek lantegietako grebaren jarraipena %80koa izan zela onartu zuten). Goizeko lehen orduetatik poliziak manifestazio guztiak gogotik ekiditu zituen. Arratsaldeko 17:00tan, Zaramaga auzuneko San Frantzisko elizan langileen asanblada bat garatu behar zenean, gertakari ilunak jazo ziren. Polizia militarrak -grisak- elizan sartu ziren, apaizaren oharrak mespretxatuz, eta langileak irtenarazi zituzten, gas negar-eragilea erabiliz, esparrua itxia izan arren. Elizaren hustean langile ugari jipoitua izan zen. Hala ere, gertakizun larriena izan zen poliziak pistolaz eta metrailetaz tiro egin zuela, 150 pertsona zaurituz, eta, batez ere, 5 langile erailez. Haietako bi tokian bertan hil zituzten; beste hirurak, ordea, eragindako zauri larrien ondorioz ondorengo egunetan hil ziren.

Hildakoak honakoak izan ziren:

  • Pedro Maria Martinez Ocio, 27 urtekoa, Forjas Alavesas lantegiko langilea.
  • Francisco Aznar Clemente, 17 urtekoa, okindegi-langilea eta ikaslea.
  • Romualdo Barroso Chaparro, 19 urtekoa, Agrator enpresako langilea.
  • Jose Castillo, 32 urtekoa, Grupo Arregui taldeko enpresa bateko langilea.
  • Bienvenido Pereda, 30 urtekoa, Grupos Diferenciales enpresako langilea.

Ondorioak

Biktimen omenezko oroitarria, Bernal Diaz de Luko kalean, Asisko San Frantzisko parrokiaren aurrean.

Manuel Fraga Iribarne —garai hartan Gobernazioaren Ministroa— eta Rodolfo Martin Villa —Sindikatuen Erlazioen Ministroa— jotzen dira sarraskiaren erruduntzat. Biok, Goardia Zibilaren zuzendariarekin batera —Campano jenerala— Gasteiza joan ziren zaurituak bisitatzera, haien aurpegia garbitze aldera. Hala ere, ez dituzte oraindik epaitu.

Gertakariok Espainiako gobernuaren gaineko presioa nabarmenki areagotu zuten, amnistia, sindikatuen askatasuna eta demokrazia-aldarrikapenak biziki handitu zirela.

2005ean Martxoaren 3ko Elkarteari Arabako Domina eman zioten Batzar Nagusiek, gertaeren biktimei ordain morala eta erakundeen aintzatespena emateko asmoz[1]. Hala ere, elkarteak ohorezko saria jasotzea ukatu zuen, PPko Ramon Rabanerak eman behar baitzuen —orduko Arabako Aldun Nagusiak—, Alderdi Popularraren ohorezko presidentea oraindik ere Manuel Fraga Iribarne izaki.

Omenaldiak

Lluis Llach Parisko kontzertu batean

Lluis Llach kantautore kataluniarrak biktimen omenez abesti hunkigarri bat konposatu zuen istiluen gau bertsuan. Abestia Campanades a morts deritzo, eta 1977an Mendizorrotzako polikiroldegian lehen aldiz eman zuen Mikel Laboak lagunduta. Halaber, Gasteizko Araba Pabiloian berriz jo zuen hilketen 30. urteurrenean, Donostiako Orfeoiarekin batera. 2006an, halaber, Lluis Danes kataluniarrak zuzendutako Llach, la revolta permanent izeneko filma aurkeztu zuten, zeinak 1976ko gertakariak eta Llachen abestiaren historia kontatzen dituen[2].

Bestalde, Betagarri musika-talde gasteiztarrak ere gertakarien gorazarre-abesti bat txertatu zuten 2006 urte bereko Hamaika Gara izeneko lanean.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) 2005eko irailaren 2ko Arabako Aldizkari Ofiziala
  2. llachlarevoltapermanent izeneko webgunea

Ikus, gainera

Kanpo loturak

  • (Gaztelaniaz) martxoak3 webgunea
  • (Gaztelaniaz) Polizia armatuaren elkarrizketak gertakarien unean (martxoak 3): 1 eta 2.
  • (Gaztelaniaz) Polizia armatuaren elkarrizketak hileta-elizkizunen unean (martxoak 5): 1, 2 eta 3.