Gayatri Chakravorty Spivak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gayatri Chakravorty Spivak
Gayatri Spivak on Subversive Festival.jpg
Bizitza
JaiotzaKalkuta1942ko otsailaren 24a (79 urte)
Herrialdea India
Hezkuntza
HeziketaKalkutako Unibertsitatea
Lady Brabourne College (en) Itzuli
Cornell Unibertsitatea
University of Iowa (en) Itzuli
Girton College (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, filosofoa, unibertsitateko irakaslea, itzultzailea eta literatura-kritikaria
Enplegatzailea(k)Columbiako Unibertsitatea
Jasotako sariak
InfluentziakPaul de Man (en) Itzuli
KidetzaArteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia

Gayatri Chakravorty Spivak (bengaleraz: গায়ত্রী চক্রবর্তী স্পিভাক; Kalkuta, 1942ko otsailaren 24a) Indiako akademikoa, filosofoa, literatura-teorialaria eta kritikari feminista da[1]. Columbia Unibertsitateko irakaslea eta Literatura Konparatuaren eta Gizartearen Institutuaren kide sortzailea da.

Postkolonialismoari buruzko intelektualik garrantzitsuenetarikoa da, eta Can the Subaltern Speak? saiakera du lanik ezagunena. Halaber, Jacques Derridaren De la grammatologie liburuaren itzulpenak eta hari buruz idatzitako hitzaurre kritikoak ere ezagun egin zuten[2]. Bestalde, Mahasweta Deviren lanak ere berak itzuli zituen ingelesera, hala nola Imaginary Maps eta Breast Stories.

Spivakek 2012ko Artearen eta Filosofiaren Kyotoko Saria jaso zuen, "mundu teorikoarekin erlazionatutako kolonialismo intelektualaren aurkako humanitateen alde hitz egiten duen teoriko eta hezitzaile kritikoa" izateagatik[3] [4]. 2013an, Padma Bhushan saria jaso zuen[5], Indiako Errepublikak bertako herritarrei ematen dien hirugarren sari nagusia.

Ibilbide akademikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kalkutako Unibertsitatean graduatu zen, Ingelesean, 1959. urtean. 1961ean, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen, eta master bat egin zuen Cornell Unibertsitatean. Doktore-tesia William Butler Yeats irlandar poetari buruz egin zuen; Paul de Man izan zuen zuzendari. Tesia idatzi bitartean, irakasle aritu zen Iowako Unibertsitatean[6].

Ondoren, Spivak Literatura Konparatuko irakasle izan da Iowako, Texaseko eta Pittsburgheko unibertsitateetan, eta 1991. urteaz geroztik, Columbia Unibertsitatean.

1967an, ezezaguna zitzaion idazle baten liburu bat eskuratuta, itzultzea erabaki zuen, bai eta hitzaurre bat idaztea ere. Liburua Jacques Derridaren De la grammatologie[7] zen. Spivaken hitzaurreak (eta itzulpenak) sona handia lortu zuten berehala eta asko hedatu ziren.

Unibertsitate askotan izan da irakasle, esate baterako: Iowako Unibertsitatea, Chicagoko Unibertsitatea, Texasko Unibertsitatea, Emory Unibertsitatea, Pittsburgheko Unibertsitatea eta Columbia Unibertsitatea.

Spivakek itzuli dituen autoreen artean Mahasweta Devi, Ramprasad Sen eta Aimé Césaire daude. 1997an ingeleserako itzulpenengatik Indiako Literatura Akademia Nazionalaren saria lortu zuen.

“Subalternoak hitz egin dezake?” saiakeran (1983) Spivakek historia, geografia eta klasea aintzat hartzen ditu feminismoaz aritzeko .

Bere lanean zehar, ikergai direnen subjektibotasunera iristeko moduak aurkitzen saiatzen da Spivak. Subalternoren posizioa kontuan hartuta, dekonstrukzioaren filosofia feminizatu eta globalizatu duen kritikari gisa goraipatua izan da.

Bere lan aipagarrienak hauek dira: Critique of Postcolonial Reason: Towards a History of the Vanishing Present (1999), In Other Worlds (1987), Outside in the Teaching Machine (1993), Death of a Discipline (2003), Other Asias (2008), eta An Aesthetic Education in the Age of Globalization (2012).

Pentsamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere lanean marxismoa, feminismoa eta dekonstrukzioa batzen dira. Bere pentsaeran hiru gai lotzen dira: kontzeptuarekin duen erlazio taktikoa, borroken intersekzionalitatearekiko apelazioa eta unibertsitateko intelektualari egindako kritika. Cusset-en arabera, bere lana ez-osotasunaren kontzeptuaren bitartez baino ezin da laburbildu, hau da, “monismoaren eta totalizazioaren kultura eta pentsamenduarekiko  mesfidantza sistematiko, politiko, estrategiko eta autobiografiko” baten bitartez, Spivakek, beste pentsalari estatubatuar gehienek ez bezala, ondo ezagutzen baitu kultura eta pentsamendu horien sistema.

Jacques Derridaren De la grammatologie liburuaren itzulpenari eta bertan idatzi zuen sarrerari esker lortu zuen ospea. Horren ostean historia-ikasketetan eta ikuspuntu feministatik inperialismoaren kritika literarioa egiten aritu zen. Sarritan, marxista-feminista-deseraikitzaile gisa aipatzen du bere burua, eta eremu horietako bakoitza beharrezkotzat jotzen du, baina ez nahikotzat. Bere pentsamendu etiko-politikoa erakundeek eta kultureksubalternoak, eta bereziki emakumeak, baztertzeko duten joeraren kritika egitean oinarritzen da.

Jeremy Munday, bere Introducing translation studies[8] lanean,“Hirugarren Munduko” lanen ingeleserako itzulpenek ekarritako ondorio ideologikoen inguruan Spivakek duen interesari buruz aritzen da. Itzultzaile bengaliak bere The politics of translation lanean Europatik kanpoko idazle feministen lanak  hizkuntza ahaltsuetara, ingelesera adibidez, itzuli nahi dituzten Mendebaldeko feministen kontra egiten du. Spivaken ustez, itzulpen mota horiek politikoki ahulak diren kultura eta pertsonen identitateak ezabatzen dituzte. Berak pentsatzen duena da Mendebaldeko feministak solidarioagoak izan beharko liratekela eta hizkuntza ahulago horiek ikasi beharko lituzketela, itzulpen politikek beti ingelesari nagusitasuna ematen diotelako. Spivaken lanak erakusten duitzulpenak egiteko garrantzitsua izan duela kolonizazioan eta zabaldu duela herri kolonizatuen irudi ideologikoa.

1999. urtean, A Critique of Postcolonial Reason liburuan, Spivakek Europako metafisikarien lan nagusiak aztertu zituen, esate baterako, Kant, Hegel eta Marxenak, eta ikusi zuen subalternoak beren eztabaidetatik kanpo uzteko joera zutela; are gehiago, europarrak ez direnak aktiboki ohartarazten dituztela giza subjektu osoei dagokien posizioa har ez dezaten.

Spivakek esentzialismo estrategiko terminoa sortu zuen. Termino horren bitartez, pentsamendu desberdinetako kolektiboek ekintza sozial zehatz baterako eratzen duten aldi baterako elkartasuna adierazi nahi du. Horrela, ekintzak ugari eta bereiziak izatearen ondorioz gizarte-aktibismoak (feminismoak, adibidez) lorpen zehatzik ez izatea saihestu nahi du. Esentzialismo estrategikoak ekintzaren eraginkortasun maximoa ahalbidetzen duen aldi baterako posizio “esentzialista” bat onartzeko beharra markatzen du.

Hala ere, batzuek haien ideia esentzialismo estrategikoan garatu duten bitartean, Spivak kritiko agertu da kontzeptu honi eman zaion erabilerarekin. Azken elkarrizketetan terminoa baztertu du, nahiz eta ez duen kontzeptua bera erabat alboratu.

Guggenheimeko bekaduna izan da, ohore akademiko ugari jaso ditu, Oberlin Collegeko ohorezko doktoretza bat barne, eta aldizkari akademikoetako kontseilu editorialean egon da, adibidez Boundary 2n. 2007ko martxoan, Columbiako Unibertsitateko presidenteak, Lee Bollingerrek, Spivak unibertsitate irakasle izendatu zuen.

"Can the Subaltern Speak?"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1985ean idatzi zuen Spivakek Can the Subaltern Speak? artikulua. Subjektu subalternoaren estatusari buruz hitz egiten du, zeinak, fisikoki hitz egin badezake ere, ez daukan aukerarik hitz egin eta entzuna izateko. Subjektu subalternoak berariaz talde zapaldu eta ahots gabekoei egiten die erreferentzia; besteak beste, proletarioak, emakumezkoak, nekazariak, tribuetako kideak; eta Indiako emakumearen egoeran jartzen du azpimarra. ​

"Hitz egin al dezake subalternoak?" galderari dagokionez, Spivakek bi zailtasun aipatzen ditu. Batetik, adierazten du subjektu subalternoak ezin duela hitz egin, ez baitauka adierazteko lekurik. Bigarrenik, haren ustez, emakumeak leku erradikal horretan daude, batetik, emakumezkoa izateagatik eta, bestetik, subjektu koloniala izateagatik. Diskurtso dominatzaileak eragiten du kolonizatua edo subalternoa ez izatea gai bere kabuz arrazoitzeko, eta beti behar izango du Spivakek "lehen munduko intelektual" izendatzen duen horren bitartekaritza eta ordezkaritza[9]. Subalternoak ez dauka inolako aukerarik Mendebaldearen lengoaiak ikasteko eta, aldi berean, bere testuinguru natiboan irauteko. Edo lehen munduko intelektuala izango zara, hitz egiteko gaitasun osoarekin, edo isilarazitako subalternoa izango zara[9]. Gainera, saio kritiko honetan zalantza sortzen du, baldin eta subalternoak utziko balio isilarazia egoteari, automatikoki subalterno izateari utziko ote liokeen[9].​

Kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Spivak bere prosa kriptikoagatik kritikatua izan da sarritan. Terry Eagleton-ek deitoratzen duenez, egia bada “gizarte kolonialek Spivakek aipatzen duen  ‘eten multzo bat, konpon ezina den denboraren haustura errepikatua’ jasaten dutela, gauza bera gertatzen da bere prosa eliptiko eta gainkargatuarekin”.  Stephen Howe-ren hitzen arabera, “Spivak eklektikoki nahasgarria da, hainbat nozio elkarren ondoan sintesirik gabe jartzeko joera du, eta, beraz, oso zaila da harengan edozein gairi buruzko jarrera koherente bat antzematea”.

Judith Butlerrek erantzun egin zion Eagletoni. Butlerren arabera, Spivakek “kulturaren paisaia politikoa bere iluntasun eta hurbiltasun osoan eskaintzen digu”. Eta gaineratu zuen Spivaken hizkera ustez konplexuak “milaka aktibista eta akademikoren” pentsaera sakonki aldatu duela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. "Spivak, Gayatri." Encyclopædia Britannica. Encyclopædia Britannica Ultimate Reference Suite. Chicago: Encyclopædia Britannica, 2014.
  2. (Ingelesez) Simons, Jon. (2010-09-10). From Agamben to Zizek: Contemporary Critical Theorists: Contemporary Critical Theorists. Edinburgh University Press ISBN 978-0-7486-4326-4. (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  3. «INAMORI FOUNDATION» web.archive.org 2016-03-16 (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  4. (Ingelesez) Columbia University Professor Gayatri Spivak Selected as 2012 Kyoto Prize Laureate in Arts and Philosophy | Kyoto Prize USA. (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  5. (Ingelesez) List of Padma Bhushan award recipients (2010–2019). 2019-10-15 (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).
  6. (Ingelesez) Morton, Stephen. (2007-02-12). Gayatri Spivak: Ethics, Subalternity and the Critique of Postcolonial Reason. Polity ISBN 978-0-7456-3284-1. (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).
  7. Derrida, Jacques.. (1967). De la grammatologie. Les Éditions de Minuit PMC 742379104. (Noiz kontsultatua: 2020-09-17).
  8. Munday, Jeremy.. (2016). Introducing translation studies : theories and applications. Routledge ISBN 978-1-138-91255-7. PMC 962503719. (Noiz kontsultatua: 2020-09-17).
  9. a b c Miranda, Alejandro. (2006-08-12). «MIRANDA: ¿Puede hablar el subalterno?» MIRANDA (Noiz kontsultatua: 2020-07-09).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]