Edukira joan

Gazte delinkuentzia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Gazte delinkuentziari begirada zabala egitekotan egokiena litzateke Brandon C. Welsh eta Larry J. Siegel autoreek diotena aintzat hartzea[1]. Haien hitzetan, gazte delinkuentzia adingabeek egiten dituzten portaera ez zilegien multzoa da; adingabea adin nagusitasun penala gainditzen ez duenaren ikuspegitik ulertuta, maiz adin nagusitasun zibilarekin bat egingo duena. 

Kriminologia eta zuzenbidea dira gazte delinkuentzia lantzen duten diziplina nagusienak. Bakoitzak berorren ikuspegia dauka gazte delitugilea aztertzeko, eta ondorioz, badaude hainbat ezberdintasun nabari bien artean[2]

Zuzenbidearen ikuspegitik delituzko egitateak zigor kodeak delitutzat definitzen dituen jokaera guztiak dira. Espainiaren kasuan, adingabeen zein helduen kasuetarako delituzko portaerak lege berean aurreikusten dira, eta portaera berberak jotzen dira delitu, adina edozein dela ere. Helduen eta adingabeen zigor zuzenbideek bereizten dutena hauxe da: delituei ematen zaien erantzuna. Delitu bat egitearen ondorioz helduei zigorrak ezartzen zaizkie eta adingabeen kasuan, berriz, neurri zuzentzaileak edo hezitzaileak hartzen dira. Erantzun bat ala bestea eman adin nagusitasun penalak zehazten du, eta, gaur egun 18 urtekoa da adin-muga hori Espainiako estatuan. Hori horrela, zuzenbidearen ikuspegitik, gazte delitugilea zigor kodean jasotako portaerak egiten dituen baina helduen zigor zuzenbidea aplikatu ezin zaion pertsona oro da.  

Kriminologiaren ikuspegia hori baino zabalagoa da. Kriminologia marko normatibo baten barruan onartuta dagoen zientzia enpirikoa denez, lege penala oinarritzat izan behar du. Baina zigor kodeak aurreikusten dituen portaeretatik haratago bilatzen du, eta kalte soziala sortzen duten portaera guztiak aztertzen ditu. Adin nagusitasunari ez dio zuzenbideak adinako garrantzirik ematen, eta pertsonaren garapenari erreparatzen dio bereziki. Izan ere, ikuspegi psikologikotik, giza garuna ez omen dago garatuta 21 urte arte gutxienez. Ikuspegi honek gazte delinkuentziari hurbilpen sozialago eta psikologikoagoa egitea ahalbidetzen du. Horrenbestez, aipatutako bi irizpideak elkartuz, kriminologiarentzat gazte delinkuentzia 25 urtetik beherako pertsona orok kalte soziala sortzeko egiten dituen jokabide multzoa da.

Edonola ere, kriminologia eta zuzenbidea ezin dira autonomotzat hartu gazte delinkuentzia aztertzeko; hots, bata bestearen osagarri dira. Zuzenbideak kriminologiari gainditu ezin dituen mugak ezartzen dizkio, eta kriminologiak zuzenbideari errealitateko datuen ezagutza ematen dio, eta horren bidez, gizarteko beharrak arau juridiko bihurtzeko behar dituen tresnak eskaintzen dizkio.

Zuzenbidearen ikuspegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zigor zuzenbidea zientzia normatiboa da eta delituzko egitateak xedatu eta bakoitzarentzat zigorra aurreikusten du.

Legeria Espainian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zigor Kodea da zigor zuzenbidean dagoen legerik oinarrizkoena, eta hori horrela, bestelako izaera duten hainbat lege, erregelamendu eta instrukziok Zigor Kodera egiten dute igorpena: adingabeen erantzukizun penalari buruzko araudiak eta judiziamendu kriminalaren legeak, besteak beste. 

Azaroaren 23ko 1/1995 lege organikoaren bidez adin nagusitasun penala 18 urtetan finkatu zen. Lege honetan delitu kontsideratzen diren portaera guztiak jasotzen dira, eta bakoitzarentzat dagokion zigorra aurreikusten da.

Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen legea[4]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtarrilaren 12ko 5/2000 lege organikoa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena, 2001eko urtarrilaren 13an sartu zen indarrean. Bertan gazte delitugileentzako neurriak, neurri horiek ezartzeko prozedura eta legearen beraren aplikazioa gidatu behar duten printzipioak jasotzen dira.

Bere garaian, oso aurrerakoitzat jo zen, formalki izaera zigortzailea duen arren, materialki hezitzailea delako.

3. artikuluak 14 urte baino gazteagokoei legea aplikatzerik ez dagoela azpimarratzen du.

1-13 urte bitarteko haurren portaerak garrantzia txikikoak dira, adin-tarte horretan ulertzeko gaitasuna eta ulermen horren arabera jarduteko gaitasun egokirik ez dutelako. Ondorioz, 13 urtetik beherakoek delitu edo huts egite bat egiten dutenean, eremu zibileko 1/1996 legeko adingabeen babesari buruzko arauak ezarriko zaizkie.

1. artikuluaren arabera, zigor kodeak zehazturiko portaeraren bat egiten duten 14-18 urte bitarteko gazteei aplikatzen zaizkie lege honetan aurreikusitako neurriak.

Gazte heldua edo erdi heldua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legea indarrean sartu zenean 4. artikuluak 18-21 urteko gazteei kasu zehatzetan eta baldintza batzuk ematen zirenean adingabeen legea aplikatzea aurreikusi zuen.

Baina, artikulu hau ez zen inoiz aplikatu, eta azkenean, 8/2006 Lege Organikoak aukera erabat ezabatu zuen. 

Kriminologiaren ikuspegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kriminologiarentzat delitua krimen sozial eta komunitarioa da. Delitua gizartearen gauza da, bertan jaio eta bertan konpondu behar dena. Hori dela eta, ez du krimena portaera indibidual bezala (delitua bera bakarrik ez) aztertzen, baizik eta delinkuentzian eragin dezaketen eragile indibidual, psikologiko eta sozial oro identifikatu ohi ditu, delinkuentzia etorkizun batean prebenitzeko, edo bestela, berrerortzea saihesteko. 

Arrisku egoerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrisku egoerak dira delinkuentziarako joera areagotu dezaketen ezaugarri eta egoerak[5]. Kriminologiak gazte delinkuentziaren kausak aztertzean gazteen aurrekari pertsonal, familiar eta ingurune sozial eta komunitarioetan jartzen du bereziki arreta.

Jarraian aipatzen diren ezaugarri eta egoera guztiak bete edo bizi izanak ez dakar zuzenean gazte delitugilearen izaera. Gazte hori gainbegiratzeko ardura sortuko da, baldin eta egoerak okerrera egiten badu, eta gizarte zerbitzuek izango dute esku-hartzeko eskumena kasu horretan.  

Norberaren aurrekari pertsonalen ingurukoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauetako batzuk genetikoak izan daitezke; beste batzuk, aldiz, haurtzaroko lehen urteetan bereganaturikoak, buruko lesio, disfuntzio neurologiko eta bestelako zailtasunen ondorioz.

Honako hauek dira bereziki deigarrienak:

  • Erditze aurretik edota ondoren izandako zailtasunak
  • Hiperaktibitatea eta kontzentrazio arazoak (HAGN: hiperaktibitatea eta arreta gabeziaren nahasmendua)
  • Agresibitatea
  • Jokabide antisozialarekiko grina

Familia egoera eskasaren adierazgarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen mailako gizarteratze prozesuko eragilerik garrantzitsuena da familia. Gurasoen papera nabarmenduko da familian, seme-alaben gizarteratzean lagundu eta balore eta arauak transmititu behar dituztelako.

Ondorengo ezaugarriak betetzen dituen familia egoerak familia hautsiaren irudia osatzen du, eta adingabea arrisku larrian jar dezake:

  • Abstinentzia soziala
  • Abusu edo tratu txarrak
  • Heziketa autoritarioa
  • Heziketa axolagabea
  • Banatzeak
  • Guraso delitugileak
  • Drogekin arazoak izan dituzten gurasoak
  • Langabezia: baliabide sozioekonomiko nahikorik ez

Eskolaratze prozesuari loturikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren mailako gizarteratze prozesuko eragilerik garrantzitsuenetarikoa da eskola, ikasleak gizartean moldatzeko behar dituen ezagutzak, balioak eta funtzioak transmititzen dituelako.

Ondorengo egoeretan, adingabeak ez ditu ezagutza, balio eta funtzio horiek behar bezala jasoko:

  • Eskola porrota
  • Eskola barruko bandalismoa
  • Ikasketak bertan behera utzi

Harreman sozialetatik eratorriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adin goiztiarretan haurrak identifikazioa, onespena, integrazioa eta talde babesa bilatuko ditu. Pareko harremanetan oinarrituko da eta bertan bere nortasuna garatuko du.

Harreman sozial horiek adingabearen delinkuentziarako joera bultza dezakete, baldin eta:

  • Anai-arreba delitugileak baditu
  • Lagun delitugileekin elkartzen bada
  • Banda bateko kide bihurtzen bada

Gizarteko balioen araberakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte bateko balio sozial, ekonomiko, historiko eta kulturalak modu batekoak edo bestekoak izan, adingabeak delituak egiteko arrisku handiagoa edo txikiagoa izango du.

Honako ezaugarriak betetzen dituen gizartean bizi den adingabeak delinkuentziarako joera handiagoa izan dezake:

  • Pobrezia
  • Gizarte desegituratua
  • Kriminalitate tasa handiko auzoak
  • Droga eta armen salmenta
  • Arrazismoa

Gazte delitugilearen profilazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazte delitugile orokor baten profila delituak egin dituzten gazteen ezaugarriak bateratuz sortzen den soslaia teorikoa da.

Honakoa da gazte delitugilearen profila, egungo datuen arabera:

  • Mutila
  • 14-18 urte
  • Familia desegituratu bateko kide
  • Klase sozial baxukoa
  • Oldarkorra
  • Auto-estima baxukoa
  • Droga kontsumitzailea
  • Eskola errendimendu baxukoa
  • Emozioak kontrolatzeko zailtasunak dituena
  • Harreman sozialak mantentzeko zailtasunak dituena

Zenbait zalantza interesgarri

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kriminologiarentzat gazte delinkuentziaren inguruan zuzenbideak ematen duen definizioa ez da nahikoa, ondorioz, legeak zehazten duenaz haratago jotzen du eta hainbat aspektu kolokan jartzen ditu:

Adin nagusitasunaren arbitrariotasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adin nagusitasuna tokian-tokian ezberdina da; izan ere, gizarte bakoitzeko balio soziokulturalek eragina dute horretan. Horrela, bada, herrialde batzuetan adin nagusitasunaren muga 18 urteko adina da eta beste batzuetan 21 urtekoa.

Pertsona batek 19 urterekin delituzko portaera bera herrialde batean edo bestean egin, erantzun bat edo beste jasoko luke: zigorra edo neurria.

Adin nagusitasuna eta legezkotasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adin nagusitasunak ez dauka delinkuentzian bakarrik eragina, bestelako ekintza egiteko eta baimenak lortzeko muga ere bada. Tabakoa erosteko adinez nagusi izatea eskatzen da, baita gida baimena lortzeko ere. Haatik, ez da nahitaezko adinez nagusi izatea haurdun geratu, eta ama izan ala abortatzea libreki erabaki ahal izateko.

Honek esan nahi du autoa gidatzeak ama izateak (edo haurdunaldia eten ala ez erabakitzeak) baino erantzukizun handiagoa eskatzen duela? Zertan oinarritzen da Estatua portaera batzuentzat adin nagusitasuna eskatzeko eta beste batzuentzat ez? Kontua ez da sinplea.

Delitua burutu duen horri automatikoki gizarteak etiketa abstraktu bat txertatzen dio ("delitugilearena"), eta etiketa horrek orokorrean sozialki baztertzeko arriskua dakarren oihartzuna sortzen du.

15 urterekin delituzko portaera bat egin, eta bizitza osorako kondenatu behar al du gizarteak gazte delitugilea?

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]