Gela (Sizilia)

Koordenatuak: 37°04′N 14°15′E / 37.07°N 14.25°E / 37.07; 14.25
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gela
Italiako udalerria
Administrazioa
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Sizilia
Free municipal consortiumFree Municipal Consortium of Caltanissetta
Posta kodea93012
ISTAT kodea085007
HerriburuaGela
Geografia
Koordenatuak37°04′N 14°15′E / 37.07°N 14.25°E / 37.07; 14.25
Map
Azalera279.07 km²
Altuera46 m
MugakideakButera, Mazzarino, Niscemi, Acate eta Caltagirone
Demografia
Biztanleria71.217 (2023ko urtarrilaren 1a)
−2.268 (2019)
Dentsitatea255,19 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia0933
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuakEleusis, Wittingen eta Iparraldeko lurmuturra
Katastro kodeaD960
Sailkapen sismikoa2 (Ertaina)
MatrikulaCL
comune.gela.cl.it
Artikulu hau Siziliako hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gela (argipena)».

Gela (antzinako grezieraz: Γέλα[1]) Siziliaren hegoaldeko (Italia) hiri eta comuna bat da, Caltanissettako probintziakoa, Mediterraneo itsasoaren ertzean. Gelatik Caltanissetta hirira 84 km daude. Gelako populazioa probintziako hiriburuarena baino handiagoa da, eta bigarrena landa eremuei dagokienez. 2011n, hiriak 77.360 biztanle zituen[2], eta metropoli-eremu guztia batuz, 138.000. Mugakide ditu Acate (RG), Caltagirone (CT), Butera, Mazzarino eta Niscemi (CL) comunak.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gela Mediterraneoko kostan kokatuta dago, Gela ibaiaren estuarioan, Siziliako hego mendebaldean, Agrigento eta Ragusaren artean. Ondoko comunak Acate, Butera, Caltagirone, Mazzarino eta Niscemi dira. Manfria, kostaldeko herria, bere juristikziokoa da.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gelaren klima erdilehorra (Köppen BSk) eta mediterranearraren artean dago (Köppen Csa). Prezipitazioei esker ez da erdi-lehorra sailkatzen. Neguak euritsuak eta epelak dira. Udak, berriz, lehorrak eta beroak, irlaren barneko eskualdeak itsasoko tenperaturak moderatzen dituelako.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tuzididesen ustez, Rodas eta Kretako kolonoek fundatu zuten hiria K.a. 690an, Sirakusaren fundazioa baino 45 urte geroago. Antifemo eta Entimo ziren rodastarren eta kretarren buruzagiak hurrenez hurren. Rodastarrak Lindostik zetozenez, hiriari jarri zioten lehen izena Lindis izan zen (latinez: Lindii), baina azkenean hiriak Gela ibaiaren izena hartu zuen.

Hasierako mendeetako historia ez da oso ezaguna. Gelatarrek jatorrizko biztanleen kontra borrokatzeaz gain, beraien arteko borrokak izan zituzten ere. Hauetako batean Telinesek (Gelonen arbaso bat) parte hartu zuen. Zabalkundeak, hala ere, estutasun ekonomiko eta sozialak ekarri zituen. Ondorioz, herri xumeak hiritik ihes egin eta Maktorionen finkatu zen. Dianaren apaiz handiak matxinada kontrolatu eta plebeioek Gelara itzularazi zituen. Greziarrek kolonia asko zituztenez Italiaren hegoaldean, nabaria izan zen haien eragina eskualdean. Gela sortu eta mende batera (K.a. 582an), herritarrek Agrigento fundatu zuten, denbora laburrean metropolia baino indartsuago bilakatuko zena, bereziki Falaris tiranoaren garaian.

Gobernua oligarkikoa zen Kleandro Gelakoak botere absolutua izan arte (K.a. 505-498). Kleandro hiltzean, bere anaia Hipokratesek gobernatu eta Lentini, Kalipolis, Naxos, Hergetios eta Zakles (gaurko Messina) konkistatu zituen. Azken hiri hau Samosko kolonoei eman zien. Bestalde, Sirakusak Gelaren aske jarraitu zuen bere metropoliaren laguntzari esker. Korinz, Korzira eta beste hiri batzuk Gelaren menpekotasunaren kanpo geratu ziren. Camarina, Sirakusaren kolonia, K.a. 492an matxinatu zenean, Hipokratesek Sirakusako armada garaitu zuen Heloros ibaian. Jarraian, setio jarri zion Sirakusari, baina azkenean, setiatzeari utzi zion Camarina ordainketan hartu zuelako. Tirano hau hil zen K.a. 491n sikuloen (Siziliako jatorrizko biztanleak) kontrako bataila batean. Gelonek, Hipokratesen ondorengoak, Sirakusa konkistatu zuen 484an. Han ezarri zuen bere gobernua Gelako populazioaren erdia hiri honetara eraman ondoren, bere anaia Hieron, Gelako gobernatzaile zen bitartean.

Agrigentoko Teronek Himera (Kartagoren aliatua) konkistatu zuenean, kartagotar armada lehorreratu zen hiria laguntzeko. Teronek, kartagotarrek setiatuta zegoela, Gelonen eta Hieronen laguntza eskatu zuen. Aliatu hauek garaile irten ziren K.a. 480an Himera harresietako gudan, non Hamilkar buruzagi kartagotarrak bizitza galdu baitzuen. Garaipen honek eta urte bereko kontinenteko greziarrenak, Salaminako guduan, pertsiar inperioaren kontra, mendebaldeko helenismoaren goraldia sinbolizatzen dute.

Gelon hil ondoren K.a. 478an, Hieronek Sirakusa gobernatu zuen, Gelan bere anaia Polizelo utzi zuen artean. Bere agintaldian gelatar asko atzerriratu zuen. Beste anaia batek, Trasibulok, K.a. 466tik 465era Gela eta Sirakusako tiranoa zen. Sirakusarrak matxinatu ziren eta Agrigento, Himera, Selinunte eta sikuloen armadarekin Dinomenidaren familiaren diktadurarekin bukatu zuten, demokrazia moderatua ezarriz. Trasibulo erbestean hil zen, Locrin. Tiranoa egotzirik, exiliatuak itzuli ziren hiria birpopulatzera. Hiriak galdutako boterearen zati bat berreskuratu zuen: Eskilo dramagilea hiri honetan hil zen K.a. 456an. Populazioa handitzen ari zenez, kolono talde bat Camarinara bidali zuten, Gelonen aginduz jendez hustu zelako.

K.a. 466tik 406ra, Gelan eta Sizilian oparotasuna bizi zen. Gela Siziliako Ligaren buruzagiren bat zelarik, ateniar espedizioaren asmoa irla konkistatzeko garaitu zuen K.a. 415ean (Siziliako espedizioa).

Magna Graecia

K.a. 406an, kartagotarrek Agrigento konkistatu eta suntsitu zuten. Gelak laguntza eskatu zion Sirakusako Dioniso I.ari. Hala ere, Dioniso ez zen garaiz heldu eta gelatarrek gogor borrokatu ondoren errenditu ziren. Hiria hondakinak bihurtu zuten eta bere altxorra arpilatuta izan zen, K.a. 405ean. Bizirik atera zirenek Sirakusan babesa bilatu zuten. K.a. 397an Gelara itzuli ziren eta Dioniso II.arekin borroka egin zuten inbaditzaileen kontra, zenbait urte beranduago, K.a. 383an, independentzia lortuz.

K.a. 379an, Gelak abandonatu zuen kartagotar bandoa eta Dionisoren alboan borroka egin zuen mendebaldeko siziliar hirien kontra. Gerrak gorabehera anitz izan zituen, baina Gelak independentziari eutsi zion K. a. 363ko itunak adierazten zuen moduan.

K.a. 357an, Dionen alde jarri zen hau Sizilian lehorreratu zenean. Timoleonen garaipenaren ondoren (K.a. 338), Gela, gainbehera zegoenez kolono batzuk birpopulatu zuten. Hauek, gehi beste hirietako eta Zeos irlako biztanleak, Gelako oparotasuna handitu zuten.

Agatoklesen agintaldian, (K.a. 317-289) gatazkak ugariak ziren herritar xumeen eta aristokraten artean. Hasieran, agintari honen tirania popularra zen, baina azkar bere boterea hedatu zen Siziliako beste hiriren gainean. Hori dela eta, Siziliako zenbait hiriren matxinada eta Agatoklesen aurka Espartari laguntza eskatzea. Hala ere, Akrotako espartiarraren armada garaitua izan zen, horregatik hiriek Kartagoari laguntza eskatu zioten. Hamilkar Giskon zen punikoen buruzagia. Honek Agatokles garaitu Ekonomo gudan eta Sirakusa setiatu zuen. Hau ikusirik (K.a. 311), gainontzeko hiriak kartagotarren alde lerrokatu ziren.

Agatoklesen estrategia berria izan zen guda Afrikara eramatea. Hori gauzatzeko, bere etsaien ondasunak konfiskatu zituen eta herritarrei zerga astunak ezarri zizkien. K.a. 310ean hasi zen Afrikako espedizioa, hasieran arrakastatsua izan zen, aliatuak aurkitu zituelako Afrikako hiri eta herrien artean. Bitartean, Siziliako egoera kezkagarria zen, Akragas, Gelak eta beste hiri batzuk, kartagotarrek eta erbesteratutako oligarkek Sirakusa setiatzen zutelako. Azkenean, Agatokles tiranoak Gela menperatu zuen, hango 4.000 biztanle erail ondoren erabaki zuen hiria kartagotarren erasoetatik defendatzea. K.a. 309an, agrigentoarrak, Jenodiko buruzagia zutelarik, altxatu ziren. Gela, Siziliako beste hiriekin batera matxinada honekin elkartu zen.

Hiri-estatu moduan, oparoa izan zen. Baina bere politikari buruz, ez dago albisterik Fintias Agrigentoko tiranoa garaia heldu arte. Agintari honek Gela kontrolatu zuen eta bere izeneko hiri bat fundatu zuen (K.a. 282) Likata hiria eta Himera ibaiaren bokalearen ondoan. Hiri hau populatzeko Gelako bizlanleak eraman zituen eta haien itzulera ekiditzekotan Gela birrindu zuen[3]. Zenbait urte beranduago, antzinako gelatarrak hiria zegoen lekura itzuli ziren. Ezaguna da mamertiarrek suntsitu zutela baina ez da Lehen Gerra Punikoan aipatzen (bakarrik gelatarren Fintias hiriarekin zuten lotura agertzen da).[4]

Erromatar garaian, Gelan zenbait biztanle zeuden Virgiliok, Plinio Zaharrak, Zizeronek eta Estrabonek aipatzen duten bezala. Zizeronek dio Eszipionek Gelari bueltazu zizkion Verresek lapurtutako estatuak, baina Estrabonen ustez, hiria populaziorik gabe zegoen Naxos eta Kalipolis antzineko hiri ospetsuak bezala. Seguruena, ez dugu literalki aipamen hau onartu behar, baizik eta jende gutxiko hiriak. Zentzu honekin Plinio Zaharrak eta Klaudio Ptolomeok diote hiri txikia zela. Geroago aipatzen ez denez, despopulatu omen zen.

Bizantziar agintaldian hiriak ez zuen hainbesteko garrantzirik eta arabiarreko garaian Gela Zutabeen hiria izenarekin ezaguna zen.

Erdiaroa eta Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geroko hiria Frederiko II.ak fundatu zuen K.o. 1233an. Hiri honen hasierako izenak, Terranova, 1928ra arte iraun zuen. Kokapen berriak, antzinako Gelaren mendebaldera, gaztelu bat eta harresiak zituen. Terranova, baita Herakles izenarekin ezaguna ere, 1369ra arte errege jabetza zen. Urte horretan Frederiko III.a Aragoikoak Chiaramonteko Manfred III.ari eman zion. Hala ere, 1401ean, Chiaramonteko Andrearen traizioaren ondoren konfiskatu zen eta esleituta zenbait noble aragoitarreri. Giovanni Tagliavia Aragonak sortu zuen, 1530ean, Terranovaren markesaren titulua eta 1561ean bere semea Karlok, duke titulua lortu zuen. Terranova Aragonatarrek hiria gobernatu zuten 1640 arte. Urte horretan, Giovanna Tagliavia Aragona Ettore Pignatellirekin ezkontzean, azken familiak hartu zuen titulua. Pignatellitarrek eutsi zioten lurraldeari 1812ra arte.

Aro Garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siziliako Terranova hiria 1927an Gela izendatu zen. Bigarren Mundu Gerran, Siziliako inbasioaren operazioan, AEB.etako Lehenengo Infanteriazko Dibisioa, 1943ko uztailaren 9an, hondartza hauetan lehorreratu zen. Aliatuek italiarren eta alemaniarren kontraeraso bat egotzi zuten[5]. Geroago, AEBetako armadako ingenieriek zenbait aeroportu egin zuten, Italiako kanpainan 12. Aireko Konpaniak erabili zituen.

Gerra eta gero, petrolioko findegi bat eraiki zen, Enrico Mattei industrial planaren barruan. Asmoa zen eskualdeko ekonomia suspertzea, baina horrek turismo sektoreari kalte handia egin zion. Eraikuntzazko programarik ezak izugarrizko arazo sozialak sortu zituen.

1980an, Stidda izeneko mafia elkartea gailendu zen, bortizkeria eta erailketen protagonista izanik. 2001eko abenduan, probintziako karabinieriek mafiaren kontrako operazio batean, 88 atxiloketa egin zituzten eta Gelako Rinzivillo klanarekin erlazionatuta zeuden zenbait konpaniei, moneta garbitzeaz eta drogen trafikoekin aritzeaz leporatu zitzaien.

Neurri handitan, mafiaren eraginez Gelako turismoa ez da garatu. Bestalde, zentzu horretan egindako ahaleginak, modu misteriotsuan blokeatu egin dira.

Berriki, programa bat sortu da hiria garatzeko eta errekuperatzeko. Cataniako eta Palermoko unibertsitateek fakultateak ireki dituzte Gelan eta alderdi historikoa, kostaldea eta Castelluccio berriztu egin dira.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri zaharraren lekuari buruz luze eztabaidatu da. Alikata, Salso ibaiaren bokalean, proposaturiko lehenengo tokia izan da. Inskripzio bat aurkitu zen baina uste da hiriko hondarrak Fintiasenak direla. Orokorrean, onartu da Terranova modernoan zegoela, 30 km ekialderago, Fiume di Terranova ibaiaren bokalean. Terranovaren gorpuzkinak oraindik ikusgai daude; hala nola, tenpluarenak eta harresiarenak. Indusketetan objektu asko aurkitu dira (monetak edalontziak...). Gela izena, psela (hotz) sikuloar hitzatik dator, latinezko gelu (izotz) hitzekin lotuta. Gelu ibaia jainkotzat hartuta zegoen eta hiriko monetetan giza-buru bat agertzen da Sosipoais izenburuarekin. Oso emankorra den Gelako lurraldea mendebaldera hedatzen zen. Gatza ere lortzen zen, garai hartako oso produktu preziatua. Agrigentorekin muga Himera ibaia zen. Barrualdera, 35 km luzatzen zen. Itinerarioek oraindik toki bat aipatzen dute Gelasium Philosophianis izenarekin (gaurko Piazza), lurraldearen muga markatzen zuena. Hiri honetan Apolodoro Gelakoa jaio zen, poeta komikoa. Hau izan zen Eskiloren bizilekua Atenastik kanporatuta izan zenean eta istripuz hil zena K.a. 456an. Pausaniasen arabera, hiriako altxorra Olinpian gordeta zegoen eta Dedalok egin zituela hiriko zenbait estatuak, baina jadanik desagerturik. Apoloren estatua erraldoia kartagotarrek eraman zuten K.a. 405ean eta Tirora bidali zuten. Han zegoen Alexandro Handia feniziar hirian sartu zenean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Smith, William, ed. (1854–1857). "Gela". Dictionary of Greek and Roman Geography. London: John Murray.
  2. (Italia) Iturria: Istat 2011
  3. Diodorus Siculus, XXII, 2, 4.
  4. Emanuele Zuppardo-Salvatore Piccolo, Terra Mater. Sulle Sponde del Gela Greco, Betania Editrice, Caltanissetta 2005, pgg. 162-163.
  5. La Monte, John L. & Lewis, Winston B. The Sicilian Campaign, 10 July - 17 August 1943 (1993) United States Government Printing Office ISBN 0-945274-17-3 pp.56-96

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]