Generoa eta hirigintza

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Emakume bat Amsterdameko kaleetan.

Hirigintza hiriaren antolaketaz arduratzen den diziplina da, beste hainbat jakintza-arlorekin erlazio zuzena duena, hots, arkitektura, lurraldearen antolakuntza, zuzenbidea, ingeniaritza, ekologia, Soziologia eta Zientzia Politikoarekin; hirigintzak hiriaren eraldaketa bideratzeko hiri-errealitatearen gainean esku-hartzea du helburu[1].

Gaur egungo hirigintzaren helburu nagusia hiriaren jasangarritasunean oinarritzen den heinean, ekonomia, gizarte-berdintasun eta ingurumenarekiko errespetu eta babes terminoetan ulertu behar da, izan ere hiri-errealitatean bizi-kalitatea ez da denentzako berdina, genero arteko desberdintasunak barne, etnia eta errentarekin batera. Horrenbestez, beharrizan desberdinak eta baliabideak eskuratzeko aukera desberdinak dituzte, hots, norberaren ongizate bermatzen duten gizarte-, ekonomia- eta natura-baliabideak eskuratzeko aukera desberdinak izatea[1]. Gauzak horrela, genero-desberdintasunak hirietan nabarmen eta adierazgarriak direla esan behar da, emakumeek hirietan dituzten aukerak baldintzatzerainokoak. Generoa sexu desberdintasun biologikoetan oinarritutako eta sozialki eraikitako rol, arau eta instituzioekin lotzen da[2][3]. Genero-hirigintza, hortaz, genero ikuspegia txertatzen duen diziplina litzateke, zeina feminismotik egindako ekarpenetan oinarritzen den.

Bilakaera eta testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genero-ikuspegia berria da hirigintzari dagokionez, diziplina hau 1870an agertu zen Europa kontinentalean. Mundu anglosaxoian 1970ko hamarkadan agertu zen, Bigarren Olatu Feministarekin batera[4]. Hori dela eta, genero ikuspegia duen hirigintzatik egindako ekarpenen baitan feminismotik egindako ekarpenak kokatu behar dira. Generoa oinarritzat hartzen duen hirigintzak mendebaldeko hirietan jarri zuen arreta, hots, gizarte-, ekonomia- eta politika-desberdintasunetan; 70. hamarkadako lehen lanetan Bigarren Olatu Feministaren eta ezker kritikoak teoria hiria eta ekonomia erdigunean zeukan teoria kapitalistarekiko ikuspegien eragina izan zuen. Aldi berean, Hego Globalean kokatutako genero eta hiriari buruzko ikerketak burutu zituztela, baina Mendebaldeko hirietako eta Hegoaldeko hirietako emakumeei buruzko literaturek bide desberdinak hartu zituzten; mundu anglosaxoian aritutako akademiako emakumeek hiri teoria kritikoaren garapenarengan jarri zuten arreta, Hegoaldean hiri eta herrietan bizi ziren emakume pobreengan jarriz.

Mendebaldetik egindako ekarpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hain zuzen ere, mendebaldeko hirietako emakumeei buruz egindako lehen ikerketetan urbanizazio-prozesuei buruzko lanketa teorikoak eta, genero aldetik, hiri-espazioetan gertatzen den polarizazioaz aritu ziren (hots, hirien erdigunea maskulinitate/ekoizpen/soldatapeko lan espazioak izatea, eta periferia feminitate, zaintza lan eta ordaindu gabeko lanen espazioa izatea). Lan hauek marxismo, neo-Marxismo eta Weberren ekarpenek hiriaren garapenei egindako kritiken parean kokatu behar dira[4]. Aipatzekoak dira Erresuma Batuan feminismo sozialistatik egindako ekarpenak, hots, genero eta klase (gizarte-klase) ardatzen gurutzapenetik egindakoa. 1980ko hamarkada aldera, urbanismo feministak emakumeek esparru politiko formal zein informal eta gizarte mugimenduetan zuten parte-hartzeari erreparatzen hasi zitzaien. Bestetik, etxebizitza eta gentrifikazio (lotura), hiri-identitate, emakumeen beldur eta hiri-espazioengan ere jarri zuten arreta.

90ko hamarkadan gizarte zientzietan izandako garapen eta korronte berriek, hots, postmodernismoa eta postestrukturalismoa, eta, bestetik, Hirugarren Olatu Feministak, genero ikuspegitik egindako hiri-teoriei ekarpen berriak egin zizkien, feminismo sozialistak egindako ekarpenak kritikatuz. Halaber emakume etorkin eta arrazalizatuek egindako lanak agertu ziren, zaintza lanak egiten zituzten emakume eta sexu-langileetan arreta jarriz. Korronte hauek hiri-eremuetan sexualitateari (lotura) eta espazioaren arteko loturetan arreta jarri zuten. Azkenik, emakumeek hiriko kontsumo bizitza eta aisialdi zein plazer hiri-espazioak arakatu zituzten ikerketak ere izan ziren, hirietako pobrezia-espazioak ahaztu barik.

XXI. mende hasieran mendebaldean generoaren alorrak hirian egiten dituen ekarpenak aurretik egindako ekarpenen aurrean berrikuntzarik ez aurkeztea leporatzen dio Peakek. Alde batetik 1990 hamarkada amaieratik emakumeen esperientzia aniztasuna azpimarratzen dituzten gaiak jorratu izan dira, eta bestetik, aurretiaz ezarritako gaiak tentsio berrien bidez heldu dituzte, familia eta lanaren arteko lotura jorratzen dituzten gaietan haurtzaroa eta zaintzak emakumeen rol bikoitza eta lotura tradizionalak ordezkatuz. Aldi berean, mendebaldeko hirietan transnazionalismoak aurrezarritako hierarkiak apurtu ditu, migrazioaren eskutik eratorritako irakaspena, alegia, zeinaren bidez mendebaldeko hiriak kapital-, merkantzia-, ideia- eta pertsona-fluxu globalean integratu eta barneratu diren.

Hegoaldetik egindako ekarpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoalde Globaletik egindako lehen lanak 1960ko hamarkadan argitaratu ziren, nekazaritza-exodoaren ondorioz hirietara joandako emakumeen esperientziak jorratuz. 1970ko hamarkadako ikerketek emakumeek etxean zuten rola hartu zuten jomugatzat. 80ko hamarkadan emakumeen rol hirukoitza, hots, ama, langile eta komunitatearen zaintzaile eta antolatzaile rolak jorratzen zituzten ikerketez gain, egunerokotasuneko kontuetan arreta jartzen ari ziren ikerlariak. Hain zuzen ere, emakumeek hiriko periferia txiro eta slum-etan zituzten egunerokotasuna akademiaren arreta erakarri zuen. 90ko hamarkadan egiturazko politiken aldaketak diru-sarrera urriko etxeetan zuten eragina aztertu zuten, emakumeek mesedegarria ez zen egoera ekonomikoan bizirauteko estrategiak ikerketetan ageriz, genero-indarkeriarekin batera. Ikerketa hauetan ingurumen arazoak ageri izan ziren bestetik,  eta hiri espazioen berezko genero izaeraz gain; hau da, hiriguneen degradazioak emakumeen bizitzetan sortzen zuen eragina. 2000ko hamarkadan hiria eta sexualitateari buruzko ikerketak agertzen hasi ziren.  

Genero-ikuspegiaren garrantzia eta ekarpenak hirigintzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirigintzak hiritarrei eragiten dieten eremuetan esku hartzen du, hots, espazio publikoa, pribatuaren eta etxebizitzen antolaketa eta garraioaren gaineko eskumenak ditu. Aldi berean gizarte-talde desberdinek lantegi edo lan-eremuetara, azpiegitura eta zerbitzuetara duten sarbidea baldintzatzen du. Generoari dagokionez, argi geratzen da emakume eta gizonezkoen arteko aldeak nabarmenak direla eta hiri-espazioan beharrizan eta xede desberdinak dituztela. Izan ere, lanaren sexu-banaketak (lotura) gizonezko eta emakumezkoek espazio jakin batera bideratzen ditu[1]; hau da, gizonezkoak espazio publikoan lan egiten duen bitartean, emakumeak lan ez ordainduak betetzen ditu, hots, erreprodukzio lan ez-ordaindua. Baieztapen hau, dena dela, testuinguruaren araberakoa da, izan ere emakumeak ekoizpen alorretik zein erreprodukzio lanetik igaro da, gizona zaintza-lanez oso gutxitan arduratu izan delarik. Lanaren banaketa sexuala hertsiki Industria Iraultzarekin batera agertu zen, izan ere aro historiko, talde sozial jakin batean eta eremu jakin batean gertatu zen: industria gizarte garatuetako klase ertaineko emakumeei eraginez. Langile klaseko emakumeek sarritan etxetik kanpo egiten zuten lan baliabide ekonomiko eskasiari aurre egiteko.

Gaur egungo gizartean lanaren sexu-banaketa eta honek barne biltzen dituen genero-rolak lausotzera bidean daudela esan liteke. Aitzitik, hirigintza planetan generoen araberako rol banaketan oinarritutako irizpideak erabiltzen jarraitzen dute, hots, etxebizitza, azpiegitura eta ekipamenduei buruzko erabakiak[1][5].Hori dela eta, hirigintzak (edo urbanismoa) hiri-eremua denontzako espazio balitz bezala pentsarazi beharko luke, ez desberdintasunetik, ekoizpen-alor eta erreprodukzio-alorrean sortzen diren eskakizunak parekatuz[5].

Errealitatearen analisia egiteko aldagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri-eremuan sare desberdinek hartzen dute parte. Zaida Muxik sei aldagai identifikatu zituen hiriko errealitatearen analisia egite aldera[6][5]: harremanen espazio publikoak, ekipamendu edo azpiegiturak, mugikortasuna eta etxebizitza. Aipatutakoei beste bi aldagai erantsi behar zaizkie, hots, hiriaren dimentsio fisikoan eragiten dituzten bi aldagai: segurtasuna eta parte hartzea.

Harremanen espazio publikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraio publikoa hiriaren mugikortasun efizientea egiteko beharrezkoa da.

Genero-berdintasuna bermatzeko pentsatutako espazioak emakume eta gizonezkoen beharrak kontutan hartuta diseinatu eta sortu dira, pertsonen autonomia eta sozializazioa erraztuz. Ezinbestekoa suertatzen da horretarako espaloiak zabalak izatea, jarduera desberdinak aurrera eramatea ahalbidetzeko. Halaber, itzala ematen duten tokietan bankuak jartzea eta hirian zehar orientazioa errazten duen hiri-altzariak ezartzea beharrezkoa litzateke. Aldi berean, emakumeek espazio publikoan duten presentzia ikusgarri egingo duen ekintzak burutzea bermatu behar da, horretarako kale-izendegia aldatu eta emakumeen izenak jartzea proposatzen delarik.

Ekipamendu edo azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriko azpiegiturak gizarteak genero-rolen ondorioz eratorritako lana aitortu, ulertu eta baloratzen duen heinean zabalduko dira; hau da, hiri-ekipamendua espazio publikoak sozializazio espazio bezala erabiltzeko dituen baliabide guztiak optimizatu behar ditu.

Mugikortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraio-publikoaren eskaintzak eta hiriko eremu desberdinen artean mugikortasunari ahalbidetzen dituzten espazioak hiriaren bizi-kalitatea baldintzatzen dute. Mugikortasunak emakumeei hirian zehar mugitzeko aukerak eman behar dizkiete, era berean, anitzak diren aukerak, ibilbide horiek oinez egitea ahalbidetzeko.

Garraio-publikoari dagokionez, lan-erreproduktiboaren ordutegiak zaintzen ez dituen ordutegi lineal eta uniformeak aldatu behar direla deritzo Muxik[6]. Funtsean, mugikortasunak hiritarren aniztasun eta segurtasunari erantzun behar dio, egunerokotasuneko jarduerak burutzea eta hiritar guztien aukera-berdintasuna bermatzeko erantzukizuna hartzen baitu.

Etxebizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otxarkoaga auzoko etxebizitzak, Bilbo (Bizkaia)

Etxeko lanak eta hauek burutzen dituzten emakumeak aitortu behar dituzte emakumeek, izan ere etxeko lanak elkar banatuak izan beharko lirateke, espazio pribatuaren hormen atzean emakumeek egindako lana izan beharrean. Halaber, etxebizitza eraikinek kapital soziala indartzeko eskaintzen dituzten aukerez baliatzea garrantzitsutzat jo behar da, auzokoen arteko lotura-sareak indartuz, eta bestetik, publiko-pribatuaren arteko trantsizio espazioak garatuz.

Segurtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeen bizitza-esperientzietan segurtasuna hiriaz duten pertzepzioan gehien eragiten duen aldagaietakoa dela ulertu behar da, hirian emakumeek duten autonomia baldintzatzen dutela. Hori dela eta, garrantzitsua litzateke segurtasunaren pertzepzioan eragiten dituzten espazio faktoreetan arreta jartzea[5][6]. Horretarako kalearen argitasuna, ibilbide alternatiboak sortzea, eta kalearen erabilera anitz eta aktiboa bermatuko duten proiektu eta ekimenak sortzea beharrezkoak dira. Segurtasunaren pertzepzioa hobetze aldera, kaleen argiztapena eta irisgarritasun zaila duten espazio ezkutuetan ere jarri behar da arreta. Izan ere emakumeen segurtasun pertzepzioak gauez kalera irtetea eragozten du.

Parte hartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeek hiriguneetan parte hartzeak espazio jakin batean gertatzen dena ulertzea eta ikusgarri izatea ahalbidetzen du, hiri-eremu horren gaineko ezagutzak komunitatean elkarbanatuz. Parte-hartzea hirigintzaren baitan beharrezkoa den diziplina arteko prozesu bat da, izan ere hiri plangintza aurrera eramateko ebaluazioaren berri ematen du[6].

Hirigintza feminista Bartzelonan eta Katalunian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bartzelonako hiriak hirigintza feministan aurrerapauso handiak eman ditu, eta horregatik Bartzelonako kasua aztertzea interesgarria izan daiteke.

Hirigintza feministaren ibilbide laburra Katalunian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genero ikuspegia barneratzen duten legea eta plan hauek nahiko berriak diren arren, XXI. mendekoak batez ere, aldaketa horiek lortzeko borrokak ez dira gauza berria, borroka hauek legegintza urbanistikoan inpaktua izateko denbora luze bat behar izan zuten arren.

Hirigintzaren arloan emakumeek parte hartu egin zuten lehenengo eztabaidarako tokia 1964ko Elkarteen Legeari esker izan zen, auzo-elkarteak legezkotu zituena. Horrela, lehenengo aldiz denbora luzean eta diktaduraren nahia izan ez arren, espazio demokratiko bat eraiki egin zen hirigintzari buruz eztabaidatzeko, beste gai batzuen artean. Elkarte hauek emakumeen parte-hartzea jaso zuten, hirietan zituzten zailtasunak agerian jartzeko lan egiten zutenak. Ekipamendu berriak eta hobeak, hirietan hobekuntzak, zerbitzu berriak eta eguneroko bizitzarako eremu publikoak eskatu zituzten elkarte hauen bidez[7]. Elkarte hauen eragina mugatua izan zen arren, emakumeen beharren eztabaidarako lehengo eremu bat suposatu zuten, horra hor haien garrantzia.

Trantsizioan zehar mugimendu feministek garrantzia eta agerikotasun handia lortu zuten, hirigintza eguneroko bizitzan txertatzeko nahiarekin. Adibidez, 1976ko martxoan Bartzelonan “I Jornades Catalanes de la Dona” jardunaldiak antolatu ziren, Gobernuak eta Sección Femeninak emakumeen interesen ordezkari eta solaskide bakar gisa antolatu nahi zituzten ekitaldi ofizialei alternatiba moduan; eta parte-hartze handia eta askotarikoa izanez: Espainia osoko emakumeek baita auzo-elkarte anitzek parte hartu egin zuten. Honelako topaketa egin zen lehenengo aldia izan zen, izan ere, berrogei urteko diktadura frankistan emakumeek ez zuten eztabaidarako berezko espaziorik izan[8].

Jorratu ziren gainerako gaien artean, emakumeen eta haien inguru habitagarriaren arteko erlazioari buruz hitz egin zen. Interes handia duen gaia da hau dudarik gabe, emakumeek beraien eguneroko bizitza han igarotzen dutelako. Emakumeen eta auzoen arteko harreman hau hirigintza feminista baten ernamuina bihurtuko da. Noski, jardunaldi hauek ez ziren izan mota honetako gaiak jorratu zituzten bakarrak garai honetan. Espainiako beste hiri batzuetan ere antolatu egin ziren, Madrilen adibidez. Gainera, Bartzelonan hurrengo urteetan gai hauek lan zituzten hainbat ekitaldi, jardunaldia eta kongresu antolatu ziren[8].

Adibidez, Bartzelonan, 1999an, “Congreso de las Mujeres de Barcelona”-ko lehen biltzarra antolatu egin zen, non etxebizitzari, hiri-espazioari, irisgarritasunari eta hiri-segurtasunari buruzko proposamenak egin ziren[9].

2004. urtean, I Jornadas Urbanismo y Género antolatu ziren Bartzelonan. Inpaktu mediatiko handia izan zuten eta hainbat teknikari nazional eta internazionalek hartu zuten parte. Jardunaldien berezitasuna hainbat erakunderen inplikazioa izan zen, eta haren hedapen zabalaren ondorioz, ez zen gutxi batzuen arteko mahai-ingurua izatera mugatu, eztabaida irekia izan zen[9].

Lege eta plan garrantzitsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekintza hauek zalantzarik gabeko garrantzia eta inpaktua izan zuten arren, erakundeek eta partikularrek burututako proiektuak dira, administrazio publikoek modu zuzenean parte hartu gabe. Oraindik ez zegoen lege edo planik emakumeen interesei eta eskubideei buruz zuzenean hitz egiten zuenik.

Auzoen Legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Genero ikuspegia barneratu zuen lehenengo legea 2/2004 Legea, ekainaren 4koa, auzoen, hiri-eremuen eta arreta berezia behar duten hiribilduen hobekuntzarenakoa (Llei de millora de barris, àrees urbanes i viles que requereixen una atenció especial, de 26 de mayo de 2004) izan zen, Auzoen Legea laburtzeko. Lege hau inflexio-puntu bat suposatu zuen genero ikuspegia agerian jartzeko eta aplikatzeko, ez bakarrik Kataluniako hirigintzan, baizik eta estatu osoko hirigintzan, Espainian genero ikuspegia kontuan hartzen zuen hirigintza-mailako lehen legea izan zelako[7].

Lege honen ideia nagusia da udalerri bakoitzean hobetu behar diren auzoak identifikatzea, haien atzerapen urbanistikoa saihesteko eta ghettizatu ez daitezen. Legeak hainbat parametro eta irizpide sozial, ekonomiko eta fisiko ezartzen ditu, eta parametro hauek udalerriko beste auzoekin konparatzen dira, auzo problematikoak detektatzeko. Parametro hauek lau multzoetan sailkatzen dira, eta hauek hurrengo guztiak demostratu behar dituzte[10][11]:

-Auzoak arazo demografikoak dituela

-Auzoak atzerapen urbanistikoa eta ekipamenduen eskasia pairatzen dituela

-Auzoak arazo ekonomiko, sozial edo ingurumenarekin erlazionatutakoak dituela

-Auzoak defizit urbanoa eta soziala dituela.

Lehen esan bezala, parametro hauek udalerriko beste auzoekin konparatu behar dira, arazoa auzoarena eta ez udalerriarena dela demostratzeko. Hau da, udalerri batek arazo larriak izan arren, lege honen helburua udalerri horren auzorik behartsuenak hobetzea da, espazioa eta ekipamendu publikoak garapen sozial eta pertsonaleko faktoreak izateko eta kohesio soziala handitzen duten hiri-eremuak sortzeko[12].

Horrela, auzo problematiko hauek hobetzeko proposatzen diren proiektuen gastu totalaren %50koa den dirulaguntza jaso dezakete udalerriek, Generalitatak ordaindua; eta proiektuak lau urteetan garatu behar dira. Legearen arabera, hautatutako auzoek hiru motako hiri-ehunekokoak izan behar dira, lehentasunezko finantziazioko eremuak bezala zehaztu direnak: alde zaharrak eta antzinako guneak, etxebizitza-eremuak eta urbanizazio mugatuko aldeak[11].

Aurkeztutako proiektuek zortzi arloko neurriak barneratu behar dituzte derrigorrez. Eragin-eremu hauek hurrengokoak dira:

1. Espazio publikoaren hobekuntza eta gune berdeen sustapena

2. Eraikinen elementu kolektiboen birgaitzea eta hornikuntza

3. Erabilera kolektiboentzako ekipamenduen hornidura

4. Informazio-teknologiak eraikinetan txertatzea

5. Jasangarritasuna hiri garapenean sustatzea

6. Genero-ekitatea hiri-espazioen eta ekipamenduen erabileretan

7. Auzoarentzat hobekuntza sozialak, urbanistikoak eta ekonomikoak dakarten programak garatzea

8. Eskuragarritasuna eta traba arkitektonikoen ezabapena

Lege honen ekarpenik berritzaileena genero ikuspegia hirien birgaitzerako lege batean barneratzea da, seigarren arloan agertzen dena. Puntu hori da guri aztertzea interesatzen zaiguna, erreforma urbanoen planteamenduetan suposatu duena eta, era orokorrago batean, genero ikuspegiaren barnerapen hau zer suposatu duen Kataluniako hirigintzan.

Legearen lehenengo urteetan, proposatutako hiru interbentzio-mota nagusitu egin ziren genero-ekitatearen inguruan, hau da, hauek izan dira 6. puntu horri esker proposatu ziren aldaketa nagusiak[11]:

1. Genero auziari eta emakume etorkinen integrazioari buruz kontzientziatzeko eta gai hura jorratzeko jarduera sozialak, hala nola era ezberdineko tailerrak eta kanpainak.

2. Aipatutako jarduera hauek jarduteko ekipamenduak.

3. Segurtasuna handitzeko neurriak, batez ere emakumeak babesteko pentsatuak daudenak, hala nola espazio publikoko toki ilunen eta tunelen argiztapena hobetzea.

Zuzenak deitu daitekeen aldaketa hauetaz gain, hau da, auzoetan bertan egin diren aldaketez gain, Auzoen Legearen seigarren puntuak zeharkako hainbat aldaketa ere erakarri ditu.

Adibidez, 6. puntua ekarpen berritzailea izan zenez, bere aplikazioan zalantza asko sortu zituen. Horregatik, udalen esperientzietatik abiatuta, urtero proiektuak aurrera eramateko erabiltzen zen Eskuliburua berrikusten eta hobetzen zen. Eskuliburu hori oso tresna lagungarria da udaletako lan taldeentzat, egiten dituzten proposamenak bideratzeko. Ildo honetatik jarraituz, Administrazio publikoak (Kataluniako Generalitateak, Bartzelonako Diputazioak eta Udalek) hainbat dibulgazio- eta prestakuntza-jarduera egin zituen 2005. urteaz geroztik, hirigintzari eta generoari buruz teknikariei irakasteko. Beraz, legearen beste ondorio bat generoa eta hirigintza irakaskuntzan barneratzea izan zen[10].

2005eko Kataluniako Hirigintzako Legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzoen Legea genero ikuspegia barneratu zuen lehenengo legea izan zen, baita garrantzitsuena ere, baina ez zen bakarra izan. Izan ere, Auzoen Legea hainbat legeen aitzindaria izan zen. 2005. urtean Kataluniako Hirigintzako Legea onartu egin zen. Lege honi esker beharrezkoa egin zen udal planek egiten dituzten proposamenen genero-inpaktua ebaluatzea planean bertan. Plan hauei POUM (Planes de Ordenación Urbanística Municipal edo Hiri-antolamendu Munizipaleko Planak) esaten zaie, eta genero-inpaktua ebaluatzeko “memoria sozial” deitutako dokumentua garatu behar da.

2006. urtean onartu egin zen Hirigintzako Legearen Araudiaren 69. artikuluan deskribatzen da memoria sozial honek bete behar dituen helburuak eta jaso behar dituen atalak hiri-antolamenduaren inguruan. Memoria sozialak, etxebizitza sozialekin erlazionatutako neurriak jasotzeaz gain, analisi sakona garatu behar du egindako proposamenen genero-inpaktuari buruz, baita hainbat kolektibo sozialen gain daukan inpaktuari buruz ere, hala nola etorkinak eta pertsona adinduak[10][12]. Helburua zera da: plangintzan egiten diren erabakiak emakumeen eta gizonezkoen arteko aukera-berdintasunaren alde egitea, baita gainerako kolektiboen alde ere.

Eskakizun normatibo honek, beste askorekin batera, hala nola gizarte-kohesioa eta jasangarritasun sustatzea, biztanleria osoaren eta emakumeen zerbitzura dauden ekipamendu eta berdegune publikoak izatea eta babes ofizialeko etxebizitza-parke zabala lortzea, egin du posible udal-planifikatzaileek eta Generalitateko teknikariek gizarte-premiei erantzuten dieten hirigintza-jarduketak aurrera eramateko tresna legalak izatea[10].

2010reko Kataluniako Hirigintzako Legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005ko Hirigintzako Legea 2010an Hirigintzako Lege berri bategatik ordezkatu egin zen, Hirigintzako Legearen Araudia mantenduz, eta 2010ko Hirigintzako Lege hau 2012. urtean aldatu egin zen. Aldaketa horretan esaten da Kataluniako gobernuko Lurralde eta Jasangarritasun Sailak genero ikuspegia barneratu behar duela, planeamenduko organo elkargokideetako errepresentazioan emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bermatzeko[7].

2015eko Kataluniako Berdintasunerako Legea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garrantzia handiko azken legea 2015. urtean onartu egin zen Kataluniako Berdintasunerako Legea da. Lege honek agintzen du hiri plangintzako, etxebizitzako, mugikortasuneko eta jasangarritasuneko politika guztien fase guztietan genero ikuspegia barneratu behar dela, diagnostikotik ebaluaziora, modu horretan genero ikuspegia hirigintzan behin betiko eta modu eraginkor batean txertatuz. Neurri hauek aurrera eramateko, administrazio publikoak hurrengokoak bermatu behar ditu[7]:

1. Pertsonal teknikoak eta politikoak genero auzian formatzeko aukera dutela

2. Datu estatistikoak biltzen, erabiltzen eta argitaratzen direnean generoaren arabera bereizita egotea

3. Legeek eta politika publikoek daukaten genero-inpaktuari buruzko ikerketak lantzea, baita neurri zuzentzaileen definizioa

4. Hiriak erabilera anitzetakoak izateko hiri plangintzako politiken aplikazioa, horren bidez hiri trinkoagoak lortzeko eta hurbiltasunez pertsonen eguneroko beharrei erantzuteko gai diren hiriak lortzeko

5. Emakumeek etxebizitzak lortzea errazten duten programen eta eguneroko bizitzako jarduerei lehentasuna ematen dieten mugikortasun politiken sorkuntza, batez ere etxeko lanekin eta zainketa lanekin erlazionatuta daudenak

Testuinguru normatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beraz, Kataluniako hirigintzan dagoen testuinguru normatiboa honelakoa da: Kataluniako hirigintzako tresnarik garrantzitsuenak Hiri-antolamendu Munizipaleko Planak, hau da, POUMak dira. Hauek dira planik osoenak eta konplexuenak, eta Hirigintzako Legean arautzen dira. Era berean, Generalitateak onartutako hainbat legeek, hirigintza-eremua berez arautzen ez duten arren, hirigintza zuzenean edo zeharka eragiten duten xedapenak dituzte. Lege hauen artean garrantzitsuena Auzoen Legea da dudarik gabe, Berdintasunerako Legeak xedapen garrantzitsu batzuk izan arren.

Garrantzitsua da azpimarratzea gaur egun Katalunian dagoen marko juridikoa, planifikatzaileei behar dituzten tresna legalak ematen dizkienak genero ikuspegia barneratzen dituzten planak eta neurriak aurrera eramateko, prozesu luze baten ondorioa izan dela. Denboran zehar onartu diren legeei esker lortu den lorpena izan da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Sánchez de Madariaga, Inés.. ([2004]). Urbanismo con perspectiva de género. Instituto Andaluz de la Mujer ISBN 8479211016. PMC 433062142. (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  2. Alsop, Rachel.. (2009). Theorizing gender. Polity Press ISBN 9780745619446. PMC 706983040. (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  3. (Gaztelaniaz) Sosa-Sánchez, Itzel Adriana. (2013). Aproximaciones teóricas sobre el género, la reproducción y la sexualidad. Iberofórum. Revista de Ciencias Sociales de la Universidad Iberoamericana, 184 or. ISBN 2007-0675..
  4. a b (Ingelesez) Peake, Linda J.. 2009. "Urban Geography: Gender in the City" in Kitchin, R. and Thrift, N. (eds.) The International Encyclopedia of Human Geography (London: Elsevier), pp.320-327.. , 332 or. (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  5. a b c d Muxí Martínez, Zaida; Casanovas, Roser; Ciocoletto, Adriana; Fonseca, Marta; Gutiérrez Valdivia, Blanca. (2011). «¿Qué aporta la perspectiva de género al urbanismo?» Feminismo/s (17): 105–129.  doi:10.14198/fem.2011.17.06. (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
  6. a b c d Muxí, Zaida.. (2009). Recomanacions per a un habitatge no jeràrquic ni androcèntric. (1a. ed. argitaraldia) Institut Català de les Dones ISBN 9788439380153. PMC 733696227. (Noiz kontsultatua: 2019-04-09).
  7. a b c d Muxí-Martínez, Zaida. (2020). Aplicación de la perspectiva de género al urbanismo y la arquitectura. Experiencias a escala regional y municipal en Cataluña.. Ciudad Y Territorio Estudios Territoriales, 52(203), 57-70 or..
  8. a b Magro Huertas, Tania. (2014). Hacia la ciudad inclusiva. Prácticas sociales urbanas en Barcelona 1969-1979. [Doktorego tesia.. ] Universitat Politècnica de Catalunya, Departament de Composició Arquitectònica, Espainia.
  9. a b Muxí-Martínez, Zaida. (2006). Ciudad Pròxima. Urbanismo sin Género. Ingeniería y Territorio, (75), 68-75 or..
  10. a b c d Ciocoletto, Adriana. (2014). Urbanismo para la vida cotidiana: herramientas de análisis y evaluación urbana a escala de barrio desde la perspectiva de género. [Doktorego tesia. ] Universitat Politècnica de Catalunya, Departament de Construccions Arquitectòniques, Espainia..
  11. a b c La Ley de barrios en Cataluña: La perspectiva de género como herramienta de planificación. Feminismo/s, (17), 131-153 or..
  12. a b Soriano-Montagut, Laia. (2010). Ciudadanía, género y urbanismo. In Bodelón González, Encarna y Heim, Daniela (coord.), Derecho, género e igualdad (Vol. 2, pp. 147-162). Grupo Antígona UAB..

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]