Georgiera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Georgiera / Kartveliera
ქართული ენა — ქართული‎ (Kartuli) — ქართული ენა‎ (Kartuli ena)
Datu orokorrak
Lurralde eremua Georgia, Iran, Azerbaijan, Turkia, Errusia.
Hiztunak 4,1 milioi[1]
Ofizialtasuna Georgia
Eskualdea Kaukaso
Araugilea Ez du
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologia hizkuntza eranskaria, SOV hizkuntza eta hizkuntza ergatiboa
Kasu gramatikalak nominatiboa, ergatiboa, genitiboa, datiboa, instrumentala, Bokatiboa eta transformative case (en) Itzuli
Alfabetoa Mxedrulia eta Georgian Braille (en) Itzuli
Aurrekaria antzinako georgiera
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1 ka
ISO 639-2 geo kat
ISO 639-3 kat
Ethnologue kat
Glottolog nucl1302
Wikipedia ka

Georgiera edo kartveliera[2] Georgiako hizkuntza ofiziala da. Herrialde horretan, biztanleen % 83ren lehen hizkuntza da, eta beste 500.000 bat lagunek mintzatzen dute Georgiatik at. Alfabeto berezi batez idazten da, georgiar alfabetoaz, hain zuzen.

Georgierari kartveliera izena ere ematen zaio, georgiera eta hizkuntza hego-kaukasoarrak nahasiz, kartveliar hizkuntza hego-kaukasiar guztiei emaniko izena baita.[erreferentzia behar] Georgiera hizkuntza horien erreferente literario ia bakarra da, hala ere. Kivrulia, juduek hitz egiten duten aldaera, 20.000 lagunek mintzatzen dute Georgian, eta 65.000k handik kanpo (Israelen, batez ere).

Idazteko georgiar alfabetoa erabiltzen da, hiru aldaera dituena: asomtavruli, nuskhuri eta mxedruli.

Gaur egungo hizkuntzalaritzan oinarrigabetzat baztertu da dene-kaukasoar hizkuntzen hipotesia, georgiera euskararen jatorri berekotzat jotzen zuena.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georgiera deklinabidea duen hizkuntza bat da. Guztira, zortzi kasu daude: nominatiboa, ergatiboa, datiboa, genitiboa, instrumentala, adberbiala, lokatiboa eta bokatiboa, izen, adjektibo eta izenordeekin erabiliak. Plurala eta singularra atzizki batekin markatzen dira kasua markatzen duten izenetan. Halaber, postposizioak erabiltzen ditu. Ez dago genero gramatikalik. Aditzek subjektuarekin, objektu zuzenarekin eta zehar objektuarekin batera komunztadura egiten dute: oso sistema konplexua dute eta iragankorra eta iragangaitza bereizten dira. Aditz-formak orainaldia, aoristoa eta perfektua dira.

Hitzen ordena oso askea da eta SAO, SOA eta OSA eskemak daude (S = Subjektua; A = Aditza; O = Objektua). Guztira, 5 bokal ditu eta 29 kontsonante-fonema, ejektiboak barne. Kontsonanteak elkarren segidan metatzea arrunt-arrunta da: adibidez, მღვდელი (mghvdeli, «apez») eta მწვრთნელი (mcvrt'neli, «entrenatzaile»).[3]

Hiztegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eratorpena oso emankorra da georgieraz. Erro batetik abiatuta, eta aurrizkiak zein atzizkiak itsatsita, izen eta adjektibo berriak eratortzen dira. Horrela -kart- errotik ondoko hitzak eratortzen dira: Kartveli («georgiar»), Kartuli («georgiera») eta Sakartvelo («Georgia»).

Bertako abizen askotako amaieran atzizki berezi bat agertu ohi da: -dze («seme»; Georgiako mendebaldean), -shvili («ume»; Georgiako ekialdean), -ia (Georgiako mendebaldean, Samegrelo), -ani (Georgiako mendebaldean, Svaneti), -uri (Georgiako ekialdean), etab. Garai bateko nobleziarekin lotzen du -eli amaierak (frantsesezko de, alemanezko: von edo polonierazko -ski partikulek egiten duten modu berean).

Hogeian oinarritutako zenbakitze-sistema du georgierak, euskara edo frantsesaren antzera. 20 eta 100 arteko zenbaki bat adierazteko, euskaraz bezala, lehen hitzak adierazten du zenbat aldiz metatu behar den hogei, eta gero hemeretzi arteko adierazpena. Horrela, 93 adierazteko ოთხმოცდაცამეტი erabiltzen da (otkh-m-ots-da-tsamet'i, literalki: «lau-hogei-hemeretzi»).

Georgieraren hiztegi garrantzitsuenetako bat «Georgieraren hiztegi argitzailea» (georgieraz: ქართული ენის განმარტებითი ლექსიკონი, kartuli enis ganmart’ebiti leksik’oni) da, zortzi liburukik eta 115.000 hitzek osatua, 1950 eta 1964 artean sortua.

Adibide bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren lehen artikulua georgieraz:

ყველა ადამიანი იბადება თავისუფალი და თანასწორი თავისი ღირსებითა და უფლებებით. მათ მინიჭებული აქვთ გონება და სინდისი და ერთმანეთის მიმართ უნდა იქცეოდნენ ძმობის სულისკვეთებით.

  • Transliterazioa:

q'vela adamiani ibadeba tavisupali da tanasts'ori tavisi ghirsebita da uplebebit. mat minich'ebuli akvt goneba da sindisi da ertmanetis mimart unda iktseodnen dzmobis sulisk'vetebit.

  • Itzulpena:

Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Glanville Price: Encyclopedia of the Languages of Europe.
  2. 53. araua - Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia Noiz kontsultatua: 2010-12-14.
  3. Aboutgeorgia.net
  4. «Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ospatzeko Euskal kanpaina» www.jusap.ejgv.euskadi.eus 2011-10-28 Noiz kontsultatua: 2021-01-25.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu.