8-13 urtekoentzako bertsioa ikusteko, klikatu hemen.

Gernikako Arbola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Gernikako Arbola
Arbol de Gernika día.jpg
Gernikako arbola zuhaizka berria Batzarretxean ikusgai.
Kokapena
kokapenmapa
Helbidea Gernikako Batzarretxea
Allende Salazar z/g.
48300 Gernika
Koordenatuak 43° 18′ 53″ N, 2° 40′ 47″ W / 43.314722222222°N,2.6797222222222°W / 43.314722222222; -2.6797222222222Koordenatuak: 43° 18′ 53″ N, 2° 40′ 47″ W / 43.314722222222°N,2.6797222222222°W / 43.314722222222; -2.6797222222222
http://www.jjggbizkaia.net/home/casa_juntas/arbol_gernika.asp Gernikako Arbola
Gernikako arbola zaharra

Gernikako arbola Gernikako (Bizkaia) Batzar Etxearen aurrean dagoen haritza (Quercus robur) da. Zuhaitz horrek bai bizkaitarren, bai euskal herritarren askatasun tradizionala eta Euskal Herriko foruak adierazten ditu. Gernikako haritza (bizkaieraz, aretxa) izena ere hartzen du. Hainbat Gernikako arbola izan dira, bata bestearen ondoren, bakoitza aurreko Gernikako arbolaren hazitik etorria. Oraingo zuhaitza 2005eko otsailaren 25ean landatu zuten. Aurrekoa 1860an sartu zuten zin egiteko tribunaren aurrealdean, eta 2004an hiltzat eman zuten, munduan zehar banatuta dauden ondorengo ugari eman eta gero.

Batzar Etxearen lorategian Haritz Zaharra deitutakoaren enborra dago, tenplu itxurako aterpe biribilean babestua. Ez da lehenengo Gernikako arbola, baina gure garaira iritsi den zaharrena bai.

Zuhaitzaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita Haritza (XIV. mendea-1742)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erregistratutako zuhaitz zaharrenaren jaiotza data XIV. mendean ipini ohi da: Lehenengo Haritza edo Aita Haritza izan zen. Garai hartan hariztia zegoen Gernikako Juntetxean.[1] 1811. urtean hil zen Aita Haritza.

1742. urtean Haritz Zaharra deritzonak ordezkatu zuen. Haren enborra gaur egun ikusgai dago Gernikako Batzarretxearen esparru barnean. 1742an tribunaren atzeko aldean landatu zuten.[1]

Haritz Zaharra (1742-1892)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1742an landatua, Aita Haritza ordezkatu zuen. Lehen Gerra Karlista betean, 1835ean, Baldomero Esparterok hura mozteko agindua eman zuen, baina ez zen gauzatu. 1839an Maria Kristina Borboikoa erreginordeak Elisabet II.a Espainiakoa erreginaren izenean Hego Euskal Herriko foruei zin egin zien; usadio hura gauzatu zen azken aldia izan zen. 1892an hil zen, eta enborra tenplu itxurako aterpe batean dago gordeta.[1]

Haritz Semea eta haren ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1859an, kioskoaren aurrealdean zuhaitz bat landatu zuten, baina 1861ean idortu egin zen, eta urte berean beste bat landatu zuten: Haritz Semea delakoa. Haren azpian zin egin zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak. Zuhaitz horrek hartu zuen 1892an hil zenaren lekukoa, 1937an faxisten bonbardaketatik onik atera zen, eta 2004 arte iraun zen.[1]

2004ko apirilaren 20an erretiroa eman zioten, eta 2005eko otsailaren 23an haren kimuetako batek ordezkatu zuen. 2004. urtean 1979an landatutakoak hartu behar zuen lekukoa; baina ez zen hala izan.[1]

2015eko urtarrilaren 15ean jakin zenez, Gernikako arbola ihartu egin zen eta otsail amaiera edo martxo hasierarako bosgarren belaunaldiak hartuko zuen lekukoa.[2] 2015eko martxoaren 2an haren ondorengoa landatu zuten. Haritz berria Arratiako baso batean hazitako 15 urteko zuhaitza da.

Haritz honen ondorengo diren zuhaitz ugari ere badira munduan zehar banatuak, euskal diasporako hainbat komunitatetan landatuak.

Lehendakariaren zina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Antonio Agirrek, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariak, zuhaitzaren pean zin egin zuen. Geroztik, hitz haiek berak erabili izan dituzte agintariek han kargua zin egitean.

Oroitarri batean daude hitzok jasoak:

«

Jaingoikuaren aurrean apalik
Euzko-lur ganian zutunik
asabearen gomutaz
Gernika'ko zuaizpian
nire aginduba ondo betetzia
zin dagit.

 »

2009ko maiatzaren 7an, Patxi López lehendakari hautatu berriak hitzak aldatu zituen, eta hau esan zuen Gernikako arbolaren aurrean:[3]

« Lur gainean zutunik, zuon, hiritarren ordezkarion aurrean, Gernikako Arbolaren azpian, asaben gomutaz, legearen errespetuz, nire agintea ondo betetzeko hitza ematen dut.  »

Gainera, ordu arteko zina, Patxi Lópezek promesa bihurtu zuen. Eta aurrekoetan ez bezala, Espainiako Konstituzio eta Gernikako Estatutu banarekin egin zuen promesa. Aurreko lehendakariek (denak jeltzaleak) gurutze eta euskarazko biblia banarekin egin zuten zin. Horrez gain, euskara batua erabili zuen eta ez bizkaiera.

Iñigo Urkullu lehendakariaren zina, Gernikako arbolaren pean. 4' 35''-ko soinu grabazioa. 2012ko abenduaren 17a.

2012ko abenduaren 15ean, Iñigo Urkulluk, Lehendakari jeltzale berria, betiko zina egin zuen, aldaketa txiki batzuekin:

«

Apal-apalik
Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean
Euzko-lur gainean zutik
eta Gernikako haritzaren azpian
asaben gomutaz
herri-ordezkari zareten zuen aurrean
nire agintea zintzo beteko dudala
zin dagit.

 »

Aldi hartan, lehendakariak Gernikako Estatutu batekin eta Bizkaiko Foru Zaharrarekin egin zuen zina.

Gernikako arbola kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Gernikako arbola (abestia)»

Gernikako arbola Jose Maria Iparragirre musikari eta olerkariak Madrilen zuhaitzaren eta Euskal Herriko foruen omenez idatzitako zortzikoa ere bada.[4]

Kantuaren hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernikako arbola abestia entzungai. Egilea: Jose Mari Iparragirre, 1853.
1
Gernikako Arbola
da bedeinkatua
euskaldunen artean
guztiz maitatua.
Eman ta zabal zazu
munduan frutua
adoratzen zaitugu
Arbola santua
2
Mila urte inguru da
esaten dutela
Jainkoak jarri zuela
Gernikako Arbola.
Zaude bada zutikan
orain ta denbora
eroritzen bazera
arras galdu gera
     
3
Ez zera eroriko
Arbola maitea
baldin portatzen bada
Bizkaiko Juntea.
Laurok hartuko degu
zurekin partea
pakian bizi dedin
euskaldun jendea.
4
Betiko bizi dedin
Jaunari eskatzeko
jarri gaitezen danok
laster belauniko.
Eta bihotzetikan
eskatu ezkero
Arbola biziko da
orain eta gero.
     
5
Arbola botatzia
dutela pentsatu
Euskal Herri guztian
danok badakigu.
Ea bada jendea
denbora orain degu
erori gabetanik
eduki behar degu.
6
Beti egongo zera
udaberrikoa
lore aintzinetako
mantxa gabekoa.
Erruki zaitez bada
bihotz gurekoa
denbora galdu gabe
emanik frutua.
     
7
Arbolak erantzun du
kontuz bizitzeko
eta bihotzetikan
Jaunari eskatzeko.
Gerrarik nahi ez degu
pakea betiko
gure lege zuzenak
hemen maitatzeko.
8
Erregutu diogun
Jaungoiko Jaunari
pakea emateko
orain eta beti.
Bai eta indarra ere
zerorren lurrari
eta bendizioa
Euskal Herriari.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Iker Tubia, «Kimutik kimura», Berria, 2015-01-16.
  2. Lander Muñagorri Garmendia, «Bosgarren belaunaldia ere loratuko da aurten», Berria, 2015-01-16.
  3. Eusko Jaurlaritza - Lehendakaritzaren webgune ofiziala.
  4. Gernikako arbola abestiaren hitzak eta musika, Youtube webgunean.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gernikako Arbola