Gerra Hotza

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Gerra Hotzaren garaiko egoera politikoaren mapa sinplifikatua (1960 inguru).
1945-1990 Gerra Hotzaren gune nagusiak.[1]

Gerra Hotza Bigarren Mundu Gerraren ondoren Estatu Batuak eta Sobietar Batasunak buru zituzten bi herrialde taldek bizitako tentsio garaiari deritzo. Bi modelo ekonomiko, sozial eta politikoren arteko gatazka izan zen, baita Europak munduan galdu berri zuen nagusitasunarengatik ere. Aliatuen arteko tentsioa gerra bukatu aurretik hasia zen eta 1991. urtean Sobietar Batasuna desegartu arte iraun zuen.

Bigarren Mundu Gerran lagun izan baziren ere, AEB eta SESB ez ziren bata besteaz fido. Aliantza bai, baina mesfidantza ere bai. Gerra amaitu zenean, tentsioa begibistan zegoen eta Potsdam, Teheran eta Jaltan behin eta berriro ikusi zen Winston Churchill eta Harry S.Trumanek ez zutela begi onez ikusten Iosif Stalinen Sobietar Batasuna.

Estatu Batuek kapitalismoaren defentsa sutsua egiten zuten eta demokrazia eta askatasunaren ordezkari kontsideratzen ziren. Sobietar Batasunak, berriz, sozialismoa eta justizia soziala denfendatzen zuen, burgesiaren kontra eta gizartearen arazoak konpondu nahian.

Bi erraldoi horien erdian, Europa eta Asia bi bloketan banatu ziren. Mundu guztian ibili ziren bi potentziak aliatu bila eta AEBek Europa Mendebaldea, Ozeania eta Amerika bereganatu zituzten, Kuba edo Nikaragua bezalako kasu isolatuak salbu. SESBak, aldiz, Ekialdeko Europan lortu zituen lagunak eta Ipar Korea ere bai.

Bi potentzia nagusiak ez ziren inoiz gerra batean aurrez aurre elkarren aurka borrokatu, zenbait alditan gertu egon ziren arren, eta guda nuklearrarekiko beldurra handia izan zen arren. Hala ere, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak euren aliatuak erabili zituzten, borroka militarra aurrera eramateko.

Gerra Hotza 1991n amaitu zen; hala ere, haren ondoriozko gatazka batzuek diraute gaur egun oraindik ere, Korea haietako bat da. Ipar Korean erregimen komunista dago, sobietar estalinismoaren eta txinatar maoismoaren oinordekoa. Erregimen politiko horri buruz, lehen erregimen dinastiko komunista dela esaten da. Kim Il-sungek 1945etik 1994ra agindu zuen, eta hil zenean (1994), haren seme Kim Jong-ilek boterea eskuratu zuen eta hura 2011n zendu zenean, biloba Kim Jong-unek.

Gatazkarik ezagunenetakoa Kubako misilen krisia da: hartaz, film eta liburu ugari egin dira. Bi aste soilik iraun zuen, baina momentu horretan tentsio ikaragarri handia egon zen eta Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna gerra nuklear bat hasteko oso gertu egon zirela esaten da.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra hotzaren inguruan hitz egin baino lehen, bere aurrekarien inguruan hitz egin behar dugu, izan ere, gerra hau aurrekariek utzitako faktore desberdinengatik sortu zen. [2]

Hasteko Errusiar iraultza azalduko dugu. Errusiar iraultza, oso garrantzitsua izan zen Errusiar ideologia aldatu zuelako. Iraultzak 1917an izan zuen hasiera, beraz, esan dezakegu, Gerra Hotzaren “hasiera” urte honetan kokatzen dela.[1] Hasiera batean Errusiar gizartea nekazaria edo nomadak ziren hein handi batean, baina mundu gerrak hau aldatu zuen, egoera larrian baitzeuden.  Errusiar inperiora industrializazio arin heldu zen, baina ez zuen indar handirik izan Errusiar herritarren artean.[2] Nekazarian artean aldaketan egon ziren eta nekazal burgesia sortu zen, baina, nekazaritzak zeuzkan arazoak ez ziren burgesiagatik konpondu,izan ere immigrazioaren ondorioz, nekazariek lurrik gabe geratu ziren. Ondorioz, Errusiar gizartea desoreka handian bizi ziren.[2]

Jarraitzeko, Bigarren Munduko Gerrarekin eta bere posterrarekin ibiliko gara. Bigarren Munduko Gerrak eraginak izan zituen mundu guztian, ez zen militarren gerra hutsa izan bakarrik, herritarrek, industriek eta ekonomiak eragin handia izan zuten ere.[2]  Mundu Gerra honetan SESB eta AEB aliatuak izan ziren Hitleren ideien kontra egiteko, baina, haien artean beti tentsioa egon zen, haien ideia desberdinengatik, alde batetik SESB-k estatu berrien bere sistema ekonomiko onartzea espero zuen, beste aldetik AEB-k estatu kapitalistak sortu nahi zituen.[1]

1945eko otsailean Churchill, Stalin eta Roseevetl Yaltan bildu ziren eta Alemaniaren zatiketa erabaki zuten, baina, beranduago ekainean aurretik elkartutako Churchill eta Stalinek, Trumanekin elkartu ziren, Postdamen, baina ez zuten akordiorik lortu, SESB-ren eta AEB-ren artean diferentziak zirela eta, ondorioz, arazo honek ez zuen konponbiderik eduki, eta hau konpontzeko asmoz, Gerra Hotza hasi zen munduan sortu ziren bi potentzien artea, hau da, Ameriketako Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren artean.[2]

Aurretik azaldutako guztiagatik bi bloke sortu ziren, alde batetik bloke kapitalista, bloke honetan NATO sinatu zuten estatuak agertzen dira, eta beste alde batetik, bloke komunista, Varsoviako Paktua sinatu zuten estatuen osatua.[2]

Blokeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bloke nagusiak Ameriketako Estatu Batuak eta Sobietar Batasunak sortutako blokeak dira, baian bloke hauek beste potentzia eta herrialde batzuengatik lagunduak daude. Politika arloan ez ezik, gizartea ere bloketan banandu zen, lehen blokea AEB-en aldeko bloke, hau da komunista eta bigarren blokea SESB-arena kapitalista .[1]

Beraz, bi bloke nagusi desberdindu ziren, alde batetik bloke kapitalista, AEB-k eta bere aliatuek sortutako blokea eta bloke komunista, SESB-k eta bere aliatuek  sortzen dute bigarren blokea.[3]

Bi blokeen artean desberdintasun ugari dauzkagu, bloke kapitalista ekonomia merkatuan oinarrituta egon beharko zela aldarrikatzen du, hau da, jabetza pribatuaren eta komertzio askearen alde dago, modu honetan lan postuak sortu daitezkeelako, aldiz, bloke kapitalistak, ekonomiaren kontrol oso bat eramatearen alde dago, hau da, soldatak kontrolatzearen aldekoa da, beste modu batean esanda komertzio guztiak estatuarenak izatearen aldekoa da.[3]

Gizartean ere diferentzia argiak daude, alde batetik AEB-ko blokeak gizarte estamentuetan sinesten du, hau da, errentaren zenbat eta altuagoa izan orduan eta altuago egongo zara estamentuan, aldiz komunisten gizartearen bizitza nibela baxuagoa da eta dituena dutenak politikariak edo jende garrantzitsua da. [3]

Hainbat gatazka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniako zatiketa (1945)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945eko otsailean, alemaniar lurraldea lau okupazio eremutan banatu zuten: ekialdekoa SESBek kontrolatu zuen, eta mendebaldekoa Frantziak, Britainia Handiak eta Estatu Batuek. Berlin hiriak, sobietar okupazio eremuaren barnean zegoenak, banaketa eskema bera zuen. Estatu Batuek eta Britainia Handiak beren sektoreak ekonomikoki integratzea erabaki zuten, geroago Frantziako sektorea batu zitzaiona.[4]

1948ko ekainean, mendebaldeko aliatuek aldebakarreko moneta-erreforma bat egin zuten, sobietar eskualdean erabilitakoaz bestelakoa. Sobietar Batasuneko agintariek komunikazio sarbide guztiak itxi zituzten (trenbideak, autobideak eta kanalak), baita Berlingo gas eta elektrizitate hornidura ere, eta honela hiria Mendebaldeko Alemaniatik isolatuta geratu zen.[4]

Berlingo Blokeoa (1949)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1948an, Mendebaldeko potentziek aireko zubi baten blokeoari erantzun zioten, Mendebaldeko Berlinen bizi ziren bi milioi pertsonak hornitzeko. Gau eta egun egin ziren hegaldiak salgaiak garraiatzeko (elikagaiak, ikatza eta petrolioa). Aire trafiko honek blokeoaren ondorioak saihestea lortu zuen, azkenean 1949ko maiatzak 12an altxatu zena.[4]

Egun batzuk lehenago, Alemaniako Errepublika Federalaren sorrera berresten zuen konstituzio-testua onartu zen Mendebaldeko Alemanian. Bertan, Alemaniarako konstituzio berri bat idatzi zen, Oinarrizko Legea, besteak beste, iragan berriko ikasgai "antitotalitarioak" islatzen zituena. Urte horretan bertan, sobietar okupazio eremuan, Alemaniako Errepublika Demokratikoa (RDA) sortu zen, non alderdi bakarreko diktadura baten bidez gobernatu zen, zeinu marxista-leninistarekin.[4]

Berlingo harresia (1961)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berlin hiriak bere bi sektoreen arteko komunikazioa mantendu zuen 1961eko abuztura arte, RDAk, mendebalderantz errefuxiatuak igarotzea eragozteko, oso zaindua zegoen banaketa harresi bat eraiki zuen arte. Mendebaldean, zenbait eskualde-itun ezarri ziren, SESBren eta Txina Popularraren inguruan esparru bat sortzeko. Ekialdean berriz, mendebaldeko ekintzak aliantza militar bat eratzea eragin zuen 1955ean, Varsoviako Ituna izenekoa.[4]

Ohiz kanpoko oztopo horrek ez zuen eragotzi Ekialdeko Alemaniako milaka herritar hura gainditzen saiatzea. Harresiaren 28 urteetan, 5.000 pertsona inguruk izan zuten arrakasta. Ihesa koroatzeko metodoak askotarikoak izan ziren: pasaporte faltsuak, tunelak, estolda-sistema, globo aerostatikoak…[5]

1989ko azaroaren 9an, irekiera demokratikoa eskatzeko Ekialdeko Alemanian zenbait elkarretaratze egin ondoren, RDAko gobernuko bozeramaile batek bidaia murrizketak bertan behera utziko zituela iragarri zuen. Oraindik neurri ofiziala ez izan arren, milaka berlindar hurbildu ziren mugetara. Guardiek, argibide argirik gabe, bidea garbitu zieten. Berlingo Harresia erorita zegoen.[5]

Gerra Hotzaren atzean elkar elikatzen zuten bi gatazka zeuden. Alde batetik, borroka inperialista, eta, bestaldetik, borroka ideologikoa ezker-eskuin ardatzean. Berlingo harresia erortzearekin batera, bigarrena amaitu egin zen, baina lehenengoa ez zen desagertu, nahiz eta izozkailuan sartu zen 1990eko hamarkadan.[6]

Distentsioa (1962-1980)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Distentsioaren garaian, aurkakotasun bipolarra jarraitu bazuen ere, elkarrizketaren eta negoziazio diplomatikoen bitartez bideratu ziren Sobietar Batasunaren eta Estatu Batuen arteko harremanak, horrela desagertzen erabateko gerra pizteko arriskua. Negoziazioek fruituak eman zituzten eta akordio garrantzitsuak lortu ziren, batez ere 1968tik 1975era. Esate baterako, 1968ko Arma Nuklearrak ez Ugaltzeko Hitzarmena, arma nuklearrak potentzia gutxi batzuen esku uztea zen bere helburua .[7]

Aipaturiko akordioek erakusten digutenez, AEB zein SESB arma-lasterketa kontrolatu beharra eta arma nuklearrak mugatu beharra ikusten zuten, eta horixe izan zen distentsioaren faktoreetako bat. Distentsioaren garaian ez ziren gatazkak desagertu. Bi superpotentzien lehiak bizirik zirauen. Distentsioa eta tentsioa ziren Gerra Hotzaren berezko ezaugarriak.[8]

1975etik aurrera, nazioarteko harremanen distentsioa agortzen hasi zen. AEBren gainbehera erlatiboa hauteman zitekeen munduan, Nikaraguako iraultza sandinistak (1979) edo Irango iraultza islamikoak (1979) islatzen zutenez. Bitartean, SESBk bere eragina zabaldu zuen 3. Munduko zenbait herrialdetan: Asiako hego-ekialdean (Vietnam bateratuarekiko adiskidetasun-hitzarmena 1977an) eta Afrikan (Mozambiken eta Angolan 1975ean erregimen komunistak ezarri ziren; eta baita Etiopian ere, 1977an). Horrez gain, Afganistango gerra gertatu zen. Distentsioa amaitu zela erakutsi zuen Afganistanera tropak bidaltzeak. Testuinguru hartan, Ronald Reagane-k (1981-1989) AEBko kanpo politika aldatu zuen. Sobietarrekiko distentsioa bultzatu beharrean, Estatu Batuak nagusitzea lortu nahi zuen Reaganen administrazioak. Berriro ere politika gogorra eta, Trumanen garaian bezala, diskurtso antikomunista sutsua plazaratu zuen. Garai hartako (1980-1985) nazioarteko tentsioaren gorakada adierazteko erabiltzen dugu bigarren Gerra Hotza esapidea, Gerra Hotzaren hasierako tentsio-mailara heldu zela adierazi nahian.[9]

Koreako Gerra (1950-1953).

Koreako gerra, Gerra Hotzeko lehen borroka armatua izan zen, Hego Korea eta Ipar Korearen artekoa, ezberdintasun politikoen ondorioz. Bi aldeak munduko potentzia ezberdinek babesten zituzten, eta, beraz, bi alde handi sortu ziren: Hego Korea, Estatu Batuetako indar militarren laguntzarekin eta Ipar Korea, Sobietar Batasuneko eta Txinako Herri Errepublikako indar militarren laguntzarekin.[10]

Sobietar Batasunak eta Estatu Batuek Korea bitan banatzea adostu zuten; Hego Korea Estatu Batuen esku geratuko zen eta Ipar Korea Sobietar Batasunaren esku. Baina 1950ean Ipar Koreak Hego Korea inbaditzea erabaki zuen. Inbasio honen aurrean, Estatu Batuak Hego Korea defendatzera joan ziren eta bi hilabetetan iparraldeko inbasioak geldiaraztea lortu zuten. Hala ere, ekimen honen aurrean, Txinako Herri Errepublikak Ipar Korearen alde egin zuen eta gatazka armatuan sartu zen Estatu Batuen eta penintsulako hegoaldearen aurka.[10]

1953an, Ipar Korea eta Hego Korearen arteko muga berrezarri zen akordio baten bidez eta gerra amaitu egin zen.[10]

Bakezko bizikidetza (1953-1962)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koreako Gerraren ondoren, blokeen arteko tentsioak baretu egin ziren. Stalin hil ondoren, SESBek nazioarteko harremanen etapa berri bati hasiera eman zion. Kruschevek, SESBeko buruzagi politiko berriak, kanpo politika berri bat bultzatu zuen, "Bakezko Bizikidetza" deituko duena. Kontzeptu berri honek, funtsean, SESBek iraultza komunista munduan zehar hedatzeko armak erabiltzea ukatzeaz gain, kapitalismoarekiko gerra saihestezina zelako ideia arbuiatzen zuela esan nahi zuen.[11]

Jean Durosellek "izuaren oreka" deitu dionari esker lortuko zen, funtsean. Azken honek, bi bandoek erabilitako teknologia militarrak erabateko suntsipenaren mugak lehen aldiz gainditzea lortu zuela azaltzen du. Baldintza hauen aurrean, gatazka zuzen bati hasiera emateak, biztanleria bera hiltzera kondenatzea esan nahiko zukeen, alderdi bietako inor arriskatu ez zena.[11]

Kubako misilen krisia (1962)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraultzaren ondoren, Kubaren eta AEBn arteko harremanek okerrera egin zuten. Fidel Castroren politikak eragina izan zuen iparramerikarren interes ekonomikoetan: nekazaritzaren erreforma bultzatu zuen, AEBko konpainien interesen kaltean. Fidel Castroren diskurtso politikoak gogor salatzen zuen iparramerikar inperialismoa. AEBk presio ekonomikora jo zuten. Azukrea zen Kubako ekonomiaren oinarria eta AEBk bezero nagusia; egoera horretan, merkataritza-harremanak murriztea erabaki zuen iparramerikar administrazioak 1960ko uztailean.[12]

Geroago, harreman diplomatikoa (1961eko urtarrilean) eten zen, eta, azkenik, presio militarrari ekin zioten. 1961eko apirilaren 17an, CIAk antolatuta, Castroren aurkako errefuxiatuen talde bat Cochinos badiatik sartu eta huartea inbaditzen saiatu zen, baina porrot egin zuten. Kubaren eta AEBen arteko harremanek txarrera egiten zuten neurrian, Castrok SESBren laguntza ekonomikoa (Sobietar Batasuna Kubako azukrearen bezero bihurtu) eta babes militarra bilatu eta lortu zuen; lehenbizikoz hedatu zuten sobietarrek beren eragina Latinoamerikara. Izan ere, Kubako Iraultzak sobietar eredua (alderdi bakarreko sistema eta ekonomiaren planifikazio zentrala) ezartzeko politika bultzatu zuen; bide horretan, 1962. urtean, errepublika demokratiko eta sozialista bihurtu zen Kuba, SESBren babesean. Kubako iraultza-prozesuaren emaitza porrot ikaragarria izan zen Estatu Batuentzat, SESBren satelite bat ezarri baitzen iparramerikarren atarian.[13]

Egoera nahasgarri horretan, Kubako misilen krisia piztu zen 1962ko urrian. AEBk Turkian ezarrita zeuzkaten arma nuklearrak parekatzeko, sobietarrek Kuban misilak kokatzea erabaki zuten. Operazio horretaz jabetuta, Kennedyk Kuba itsasoz blokeatu zuen, sobietarrei Kubarako itsasbidea moztuz, misilak ezartzeko operazioa eragozteko. Gerra Hotzeko une arriskutsuena izan zen hori, lehenengo aldiz 2 superpotentzien arteko talka benetan gerta zitekeela ematen zuen eta. Azkenik, urriaren 28an atzera egin zuen Moskuk. Horren truke, Kennedyk Turkian ezarritako misilak kendu eta Kuba ez inbaditzeko hitza eman zuen. Misilen krisiak garbi erakutsi zuen Gerra Hotza Latinoamerikara ere hedatu zela. Bestalde, krisiak eta erabateko gerra pizteko arriskuak agerian utzi zuten superpotentzien arteko komunikazioa hobetu beharra zegoela. Krisiaren ondoren, gehitu egin ziren harremanak, eta Gerra Hotzak garai berri bati eman zion hasiera, distentsioari, alegia. [10]

Vietnamgo Gerra (1955-1975).

Vietnamgo gerra Hego Vietnam eta Ipar Vietnam aurrez aurre jarri zituen gatazka bat izan zen. Gerra honen ezaugarria Estatu Batuen parte hartze zuzena izan zen, Hego Vietnamera dirua, tropak eta armamentuekin joan zena. Ipar Vietnam, berriz, Txinak, Kubak eta Sobietar Batasunak babestu zuten. Gerra Hotzaren testuinguruan, Estatu Batuen parte-hartze zuzena Truman Doktrinan justifikatu zen, Estatu Batuetako atzerri politikaren lehentasun bezala komunismoaren hedapen mundialari eustea ezartzen zuena.[14]

Gerraren arrazoien artean, herrialdea 1954an zatituta geratu zen bi estatu antagonikoen arteko ezberdintasun ideologikoak azpimarra daitezke: Ipar Vietnam, erregimen komunista eta ekonomia planifikatuarekin; eta Hego Vietnam, demokrazia liberala, kapitalismoa eta merkatu-ekonomia defendatzen zituena. Beraz, Ipar Vietnamgo agintariek herrialdea bateratzeko asmoa zuten, Txina eta Sobietar Batasuna babesten zituena eta Estatu Batuak erabat arbuiatzen zituena, eskualde osoa komunismoaren eskuetan eroriko zen beldurrez.[14]

Presio sozialaren ondorioz, 1973ko urtarrilaren 27an, Estatu Batuetako gobernuak Parisko Bake Akordioak sinatu zituen, liskarren amaiera, Indotxinako indar atzerritar guztien erretiratzea eta herrialdearen bateratze progresiboa ezarri zutenak, kanpoko esku-hartzerik gabe.[14]

Vietnamgo bi bandoen arteko gerrak jarraitu egin zuen, eta 1975ean amaitu zen, 1976an herrialdea Vietnamgo Errepublika Sozialista izenarekin bateratu zelarik.[14]

Afganistango gerra (1979-1989) (1979-1989)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979ko irailean, lehen ministroak estatu kolpea eman zuen eta sobietarrek esku hartu zuten 1979an, bertako erregimen komunistari eusteko. Gertakari horrek argi eta garbi adierazi zuen distentsioaren amaiera. Sobietarren armada hamar urtez borrokatu zen Afganistanen, 1989ra arte, baina ezin izan zituzten gerrilla taldeak (AEBren laguntza zuten) menderatu. Honek alQaedaren sorrera ekarri zuen. Gerra Hotzaren azken etapa izan zen. [15]

Marshall Plana eta COMECON[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marshall Plana jaso zuten herrialdeak eta laguntza kopurua

Bigarren Mundu Gerraren ostean Estatu Batuek Europari emandako laguntza ekonomikoen programaren izena. Gerra bukatu zenean, Europa erabat suntsituta geratu zen; nekazaritza ekoizpena gutxitu egin zen, bere merkataritza trukeak bezala. Bitartean, gobernuak kezkatuago zeuden industria astuna berrindartzeko (siderurgia, ikatza...), premia biziko produktuak fabrikatzeko baino, eta, ondorioz, herritarren artean eskasia zegoen. Elikagai garestiak zirela eta, errazionamendu zorrotza aplikatu behar izan zen, eta, aldi berean, prezioen igoera bultzatu zen, krisiak eta langabeziak markatutako testuinguru batean.[16]

Hori horrela izanik, Mendebaldeko demokrazien bideragarritasuna bermatzeko, Estatu Batuek laguntza ekonomiko handiko plan bat jarri zuten martxan. Bere egilea George C. Marshall Estatu idazkari estatubatuarra izan zen. Planak Europa berreraikitzen lagundu nahi zuen, baina ez herrialdez herrialde, izaera globaleko laguntza baten bidez baizik. Horrela, Alemania onuradunen artean sartu ahal izan zen, nahiz eta Frantzia bizilagunaren mesfidantzak izan. Trukean, Etxe Zuriak etekin politikoak lortzea espero zuen, baina baita ekonomikoak ere, europarrek AEBetako inbertsioak babestuko zituztelako.[16]

Horrela, 1947an, Marshall jeneralak horrelako laguntzak proposatu zituen: interes txikiko maileguak eman zituen edo inbertsio publikoak egin, goseari eta miseriari saihestu eta, batez ere, komunismoaren arriskua uxatu nahian. Laguntza jasotzeko gobernuek komunisten aurkako jarrera erakutsi behar izan zuten.

Espainiari zegokionez, frankismoa galtzaile faxisten lagun zela-eta, plan horretatik at geratu zen, baina Gerra Hotzaren garaian aldaketa batzuk egin ondoren (demokrazia organikoa...), planaren barruan sartu eta, horrela, autarkia deuseztu zen.

Ekialdeko herrialdeek, aitzitik, COMECON osatu zuten, batak besteari Laguntza Ekonomikoa emateko Kontseilua. SESBak eta Europako Ekialdeko bere aliatuek Marshall planari emandako erantzuna izan zen. Herrialde horiek amerikarren asmoetatik kanpo agertu zirenean, SESBak bere erakunde ekonomikoa sortu zuen 1949an. Erakunde horrek sozialisten bide ekonomikoak jorratzen zituen eta, horrekin batera, euren ekonomiak koordinatzen zituen.

Marshall Planari esker, Europa, oso denbora laburrean berreraiki zen. Lau urte eskasetan, ekoizpenak gerra aurreko maila berreskuratu baizuen.[16]

NATO eta Varsoviako Ituna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Varsoviako Ituna»
Sakontzeko, irakurri: «NATO»
NATO eta Varsoviako Ituna munduan
1945-1949 Ekialdeko Europaren sobietartze prozesua.[17]

1949an, AEB eta Kanadak, Europa kapitalistako kideen gehiengoarekin batera, [NATO]] (Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea) sortu zuten, aliantza militarra, balizko erasoren bat gertatuko balitz nazioartean, erantzun ahal izateko. AEBek aurrekontuaren % 40 jarri zuen, baina erakundearen kontrola berea izango zen.

NATOri erantzunez, SESBek Varsoviako Ituna sinatu zuen 1955ean, ofizialki Adiskidetasun, Lankidetza eta Elkarrekiko Laguntza Ituna deitua, estatu sozialistak batu nahian. Kasu honetan, Sobietar Batasunak soldaduen % 80 jarri zuen eta, egoitza bere lurretan izateaz gain, erabateko kontrola zuen.

Varsoviako Itunak aginte militar bateratu bat sortu nahi zuen, Sobietar Batasunaren inperialismoa sendotzeko asmoz. Sobietar Batasunak bere eragin-eremuko edozein herrialdetan esku hartzeko eskubidea zuen, sozialismoa edozein etsairen aurka babesteko. Baina argi geratu zenean ez zela sobietar erasorik gertatuko, bloke komunistako herrialdeek demokratizazio prozesu azkar bat izan zuten, eta Varsoviako Itunak jada ez zuen zentzurik bloke komunistarik gabe, eta, beraz, 1991n desegin zen. Bere kide guztiak NATOn sartu ziren, Errusia izan ezik.[16]

Euskal politikagintzan ere eragin zuzena izan zuen Gerra Hotzak: argigarria da bloke-tirabira horiek nola eragin zieten euskal erbesteratu errepublikarren asmo politikoei, adibidez. Erbesteratuetako batzuek humanismoa bultzatu nahi zuten mehatxu militarrei aterabidea bilatzeko. Erbesteko Eusko Jaurlaritza eta inguruko mundutxoa haize gaizto horien mende zebiltzan.

Blokeen bilakaera politikoa Guda Hotzean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuek bi aldi politiko nagusi izan zituzten.

1945ik 1969ra: ideia aurrerakoiak nagusi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik 1969ra, ideia aurrerakoiak nagusitu ziren. Geroztik, alderdi errepublikanoen kontserbatismoak aurreko aldiaren ideiak ordeztu zituen. Lehenengo aldiko zatirik handienean demokratak egon ziren agintean, eta Franklin Delano Roosevelten New Deal delakoarekin lotutako gizarte-neurriekin jarraitu zuten. Aldi honetako une nagusia John Fitzgerald Kennedyren presidentealdian izan zen. 1960ko hauteskundeetatik aurrerakoa. Politikari hori Estatu Batuetako gizartean oinarrizko alderdiak aldatzen saiatu zen; estatuaren esku-hartze ekonomikoa sustatu zuen, kapital handiaren indarra mugatzeko; gainera, gizarte-neurriak hartu zituen, beharrizan handiena zutenen bizi-baldintzak hobetzeko eta arrazakeria ezabatzeko.

Muga Berria izeneko proiektua sortu zuen, txirotasuna eta bazterkeria ezabatzeko. 1963an erail zuten, eta Lyndon Baines Johnson presidenteak Kennedyk hasitako politikari jarraipena eman zion. Estatu Batuak Vietnamgo Gerran esku hartzearen eraginez, erreforma-politika geldiarazi zen. Izan ere, hurrengo bi hamarkadetan Estatu Batuetako politika errepublikanoek zuzendu zuten.

1969tik 1991ra: ideia kontserbadoreak nagusi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1969an aldi kontserbadoreagoa hasi zen, Richard Nixon presidentearekin, eta hori Ronald Reaganen agintaldiarekin (1981-1989) amaitu zen. Gobernu horien ezaugarri nagusien artean, aipagarriak izan ziren komunismoaren aurkako joera gogorra, asaldura abertzalea, gizarte-programaren bazterkeria, gastu militarra emendatzea eta enpresa nahiz dirutza handiei mesede egin zien liberalismo ekonomikoa. George H. W. Bushen agintaldian (1989-1992), Estatu Batuak eta Mikhail Gorbatxoven Sobietar Batasuna hurbildu egin ziren, eta Guda Hotza bukatu.

Truman doktrina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marshall planak Greziari eskainitako materialak, astoak bultzaturiko gurdian.

1947an Grezia Gerra Hotzaren beste jokaleku bihurtu zen. Guda ostean, Britainia Handiak okupatu zuen, herrialdeak irauteko eta berreraikitzeko arazo larriak zituen kolapsotik gertu zegoen ekonomia ahularen ondorioz. Izan ere, Balkanetako herrialdeek, arerio zuzenak zirenak, gogor mehatxatzen zuten herrialde heleniarra. Horrez gain, gerra zibila piztu zen Konstantinos Tsaldaris buruzagi eskumatarraren aldekoek komunista, sozialista eta liberalen koalizioaren aurka jo zutenean.

1947ko otsailean Erresuma Batuak, krisialdi ekonomiko larri batean murgildurik, Grezian ordena mantentzeko laguntza eskaintzeko gai ez zela jakinarazi zien Estatu Batuei. Hala izanik, Harry S. Trumanen gobernua britainiarrek hartu ezin zuten erantzunkizunaz arduratu zen. 1947ko martxoaren 12an, Harry S. Trumanek Kongresuan Estatu Batuak gutxiengo armatu baten presioak jasaten ari diren herri askeak derrigorrez defendatu beharko lituzkeela adierazi zuen. Horrekin batera, presidenteak 300 milioi dolar eskatu zizkion Kongresuari Greziako liberalei laguntza eskaintzeko eta 100 milioi dolar Turkiarentzat, komunismoa garai zezaten.

Harry S. Trumanek Grezia eta Turkiari emandako laguntzak bizitzeko era desberdinen arteko mundu-mailako borroka zati zela adierazi zuen. Halaber, komunismoaren gainbeherak bezalako ondorioak eragingo zituela munduko beste zenbait tokitan segurtatu zuen. Truman doktrina komunismoa garaitzearren nazioarteko gurutzada ideologiko baterako lehen pausua izan zen. Horrela, Marshall Planaren laguntza-ekonomikoak heldu ziren bi herrialde haietara, eta biztanleria nekazaritzako eta manufakturako produktuaz hornitu zuen.

Rioko Ituna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1947ko irailean Estatu Batuak eta beste hemeretzi herrialde latinoamerikarrek Elkarrenganako Laguntzarako Itun Latinoamerikarra sinatu zuten Rio de Janeiro, Brasilen. Edonondik jasotako erasoetatik elkarri laguntzeko akordio mugagabea zen. Segurtasun-esparru honek Hego Amerika eta Ipar Amerika barnean hartzen zituen Latinoamerika babesteko ahaleginean. 1947ko abenduaren 8an, Senatuak akordioa onartu zuen gehiengoarekin: 72 boto alde eta boto bakarra aurka.

1948ko apirilean, Ameriketako Estatuen Erakundea Rioko Itunaren osagarria izan zena sortu zen, Bogota (Kolonbian) egin zen Amerikar Estatuen IX. Nazioarteko Konferentzian. Hogeita bat herrialdek sortu zuten: Estatu Batuak, Mexiko, Guatemala, Nikaragua, Honduras, El Salvador, Costa Rica, Panama, Kuba, Dominikar Errepublika, Haiti, Kolonbia, Venezuela, Peru, Brasil, Ekuador, Paraguai, Bolivia, Uruguai, Argentina eta Txile. Geroago eta 1991 arte, beste hamalau herrialde gehitu ziren. AEEko gutunak bere kideen arteko liskarrak konpontzeko prozedimenduak zeramatzan, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluara bidali aurretik. 1951ko abenduan indarrean jarri zen, kideen bi herenak (14 herrialdek) baietza eman ostean.

68ko Maiatza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian hil hartan ikasleen protestak egon ziren: aldaketa ikaragarria sortu zuen bertan, baina beste herrialde askotan ere. Protestak irakaskuntzako morala kritikatzen zuen: Bigarren Mundu Gerra bizi zutenek moral, erlijio eta bizi era bat zuten, baina hurrengo belaunaldiak horren kontra joan ziren. Aldaketa handienetakoa erlijioan izan zen eta Europa osoko fede erlijiosoa aldatu zuen betirako. Horrekin lotuta, sexu harremanak ere aldatu ziren, eta sexu askatasuna izenaz ezagutzen dena hasi.

Espazioko lasterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espazioko lasterketa espazioa esploratzeko norgehiagoka izan zen, Ameriketako Estatu Batuak eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna lehiakide izan zituena, eta gutxi gorabehera 1957tik 1975 arte iraun zuena. Lasterketa haren emaitza nagusiak izan ziren Satelite artifizialen bidez kanpo-espazioa esploratzea, eta gizakiak Lurretik kanpo eta Ilargira ere eramatea.

Aurreko suziri teknologian eta Bigarren Mundu Gerraren osteko nazioarteko tirabiretan oinarrituta, espazioko lasterketa Sobiet Batasunak Sputnik 1 satelitea jaurtitakoan hasi zen, 1957ko urriaren 4an. Gerra Hotzean, Sobiet Batasunaren eta Estatu Batuen arteko kultura-, teknologia- eta ideologia-norgehiagokan paper garrantzitsua jokatu zuen espazioko lasterketak, alde batetik izan zitezkeen ondorio militarrengatik, eta, bestetik, herrialdearen moralerako zekartzan onura edo kalte psikologikoengatik.

Latinoamerika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latinoamerikara ere heldu zen Gerra Hotza garai hartan. Europan edo Asian bezala, Estatu Batuen nagusitasuna eta interbentzionismoa ez zen Gerra Hotzaren garaian hasi. Hego Amerikan lehenago izan zen, XIX. mendean. 1950eko hamarkadaren bukaerara arte Latinoamerika ez zen Gerra Hotzeko tentsio-gune izan; izan ere, eztabaidaezina zen Estatu Batuen nagusitasuna, eta Sobietarrek ez zuten Latinoamerikan zabaltzeko interesik erakutsi. Baina Kubako Iraultzak eta haren bilakaerak erabat aldatu zuten egoera 1959. urtean.

  • Txile (1973)

Salvador Allende 1970eko irailaren 4an heldu zen Txileko Presidentetzara, botoen %36,3rekin, herrialdea erregimen sozialista bat izatera bideratuko zuela aginduta. [18]

1973ko ekainaren hasieran gizarte arazo handiak zeuden, eta Armadako goi-agintea Allenderen Gobernuarekiko konfiantza galtzen hasi zen. Hala, urte horretako ekainaren 29an Blindatuen 2. Erregimentua, Roberto Souper koronelaren agindupean, matxinatu egin zen. Hala ere, Carlos Prats Armadaren komandante-buruaren indar leialek saiakera hori menderatu zuten. Estatu kolpe saiakera horri "El Tanquetazo" deitu zaio, tankeak nonahi ikus zitezkeelako.[19]

Urte horretako abuztuaren 21ean, Prats jeneralak komandante-burua izateari uko egin zion, eta kargu hori Pinochetek hartu zezala gomendatu zion Allenderi, hura gobernuarekin leiala izan zela uste baitzuen. Horrela, presidenteak jeneral "kolpistak" kendu eta Pinochet armadaren buru izendatu zuen 1973ko abuztuaren 23an.[20]

19 egun geroago, Pinochetek berak, armadako beste hiru jeneralekin batera eta AEBetako gobernuaren laguntzarekin, estatu kolpea zuzendu zuen "herrialdea marxismoaren uztarripetik askatzeko", eta 17 urtez iraun zuen diktadura baten agintari gorena bilakatu zen.[21]

Mundu bipolarra (1985-1991)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berrogei urtez iraun zuen nazioarteko agindu bipolarra deuseztatzen hasi zen 1985az geroztik. Sei urte geroago, Gerra Hotza ez ezik, superpotentzia sobietarra ere desagertu zen. Uste da, Sobietar Batasuneko barne krisia izan zela Gerra Hotzaren amaieraren arrazoi nagusia. Izan ere, Raeganek, barne produktu gordinaren %25a defentsarako eman zuten, hau ezinezkoa zen, izan ere, AEBk %7a erabili zuelako.[22]

Gainera sobietar ekonomia egiturazko krisi sakonean murgilduta zegoen, 1960ko hamarkadatik aurrera gero eta motelago hazten ari zen eta. Egoera horri aurre egiteko Gorbatxovek birmoldaketa izeneko egitasmo erreformista zuen helburu nagusi: sobietar ekonomia berpiztea; baina ekonomia gauzatzeko kanpo-politika aldatu behar da defentsako gastu handiak murriztuz; hau da, sobietar ekonomiak ez zion sobietar inperioari eutsi. Horregatik, Gerra Hotza ordez, potentzien arteko lankidetza, elkarrizketa eta adostasuna proposatu zuen Gorbatxovek. [23]

➢ Washington Ituna, 1987ko abenduaren 8a: Irismen ertaineko misilak kentzea erabaki zen. [24]

➢ 1988. eta 1989. urteetan sobietar soldaduek alde egin zuten Afganistanetik. [25]

START, 1991ean: arma nuklear estrategikoak gutxitzea ebatzi ziren. [26]

➢ Sobietarren eragina geroz eta txikiagoa zen. Ondorioz, 1989. urtean zehar herridemokrazia guztiak bata bestearen atzetik jausi egin zuten. 1989an bloke komunista deuseztatu, Berlingo harresia erori eta Sobietar Batasuna desagertu zen. [27]

➢ 1991ko estatu kolpea gertatu zen: laguntzaile kontserbadoreek emanda. Kolpeak porrot egin zuen baina Gorbatxoven gainbehera politikoa ekarri zuen, eta Errusiar Federazioak eta beste errepublikek independentzia aldarrikatu zuten. [28]

➢ Sobietar Batasunaren desagertzearekin, mundu bipolarra ere amaitu zen.[29]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SESB-ren ahultze ekonomikoak gerrari amaiera eman zitzaion eta herrialdea krisi ekonomiko larrian sartu zen, ondorioz, Berlingo harresia behera bota egin zen, eta AEB munduko potentzia bakarra bilakatu zen 1991ean. NATO (AEB-k lideratutatko aliantza militarra), nazioarteko erakunde bat bilakatu zen, eta SESB-ko herri batzuk baita bertan sartu zuren.[30]

64906-Gerra hotza (1945-1991).svg

Gerra Hotzaren ondorioz, beste gerra batzuk eman ziren, hau da, Koreako, Vietnameko eta Afganistaneko gerrak. Gerra hauek hildako asko ekarri zituen eta gainera gaur egun ondorio larriak dituzte oraindik ere.[30]

Gerra hau Gerra Hotza deitzen da ez zelako armatua izan, baina bi potentzien mehatxu nuklearrak botatzearen ondorioz, bi herrialdeek arma nuklear asko zituzten, mundua arma oso arriskutsuekin betaz. [30]

Beste alde batetik onura bat ere ekarri zuen, izan ere, espaziora joateko asmoa zutenean teknologia aurrerapen oso handiak eta oso arinak egin zituzten, elkarlanean lan egiten.[30]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..
  2. a b c d e f Ugalde, Ramón.. (D.L. 1988). Mundu garaikidearen historia, U.B.I.. [Servicio Editorial, Universidad del País Vasco] ISBN 84-7585-142-8. PMC 434534571. (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  3. a b c (Gaztelaniaz) «El legado de la Guerra Fría» La Vanguardia 2019-01-30 (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  4. a b c d e (Gaztelaniaz) Welle (www.dw.com), Deutsche. «División de Alemania durante la Guerra Fría (1945-1989) | DW | 13.01.2007» DW.COM (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  5. a b (Gaztelaniaz) «El Muro de Berlín, una frontera casi inexpugnable» stories.lavanguardia.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  6. Munduari so : zenbait gatazka eta prozesuren gakoak ulertzeko XXI : mendeko inperialismoaren analisia. Udako Euskal Unibertsitatea 2015 ISBN 978-84-8438-571-4. PMC 966307157. (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  7. «La Distensión (1962-1975): Los acuerdos entre las superpotencias» www.historiasiglo20.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  8. «La Distensión (1962-1975): Los acuerdos entre las superpotencias» www.historiasiglo20.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  9. «La Distensión (1962-1975): Los acuerdos entre las superpotencias» www.historiasiglo20.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  10. a b c d (Gaztelaniaz) «Guerra de Corea - ¿Qué fue?, causas, consecuencias y más» Enciclopedia de Historia 2019-01-08 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  11. a b (Gaztelaniaz) «GUERRA FRIA FASE 2: 1953 – 1962. LA COEXISTENCIA PACÍFICA. NIKITA KRUSCHEV» Historia1Imagen 2007-09-24 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  12. (Gaztelaniaz) «Crisis de los misiles - ¿Qué fue?, causas, consecuencias y personajes» Enciclopedia de Historia 2019-01-09 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  13. (Gaztelaniaz) «Crisis de los misiles - ¿Qué fue?, causas, consecuencias y personajes» Enciclopedia de Historia 2019-01-09 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  14. a b c d (Gaztelaniaz) «Guerra de Vietnam - ¿Qué fue?, antecedentes, causas y más» Enciclopedia de Historia 2018-11-21 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  15. (Gaztelaniaz) Altares, Guillermo. (2020). Afganistán, el país que se convirtió en una guerra. El País.
  16. a b c d (Gaztelaniaz) «El Pacto de Varsovia, la respuesta soviética a la OTAN» La Vanguardia 2020-05-14 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  17. Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..
  18. (Gaztelaniaz) «El 11-S chileno» La Vanguardia 2018-09-09 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  19. (Gaztelaniaz) «El 11-S chileno» La Vanguardia 2018-09-09 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  20. (Gaztelaniaz) «El 11-S chileno» La Vanguardia 2018-09-09 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  21. (Gaztelaniaz) «El 11-S chileno» La Vanguardia 2018-09-09 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  22. García Heras, Víctor Alberto. (2020-09). «La Guerra de Secesión española en la Educación Secundaria. Contenidos, materiales didácticos y propuesta metodológica» La Historia Moderna en la Enseñanza Secundaria (Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha) ISBN 978-84-9044-400-9. (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  23. García Heras, Víctor Alberto. (2020-09). «La Guerra de Secesión española en la Educación Secundaria. Contenidos, materiales didácticos y propuesta metodológica» La Historia Moderna en la Enseñanza Secundaria (Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha) ISBN 978-84-9044-400-9. (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  24. García Heras, Víctor Alberto. (2020-09). «La Guerra de Secesión española en la Educación Secundaria. Contenidos, materiales didácticos y propuesta metodológica» La Historia Moderna en la Enseñanza Secundaria (Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha) ISBN 978-84-9044-400-9. (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  25. García Heras, Víctor Alberto. (2020-09). «La Guerra de Secesión española en la Educación Secundaria. Contenidos, materiales didácticos y propuesta metodológica» La Historia Moderna en la Enseñanza Secundaria (Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha) ISBN 978-84-9044-400-9. (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  26. García Heras, Víctor Alberto. (2020-09). «La Guerra de Secesión española en la Educación Secundaria. Contenidos, materiales didácticos y propuesta metodológica» La Historia Moderna en la Enseñanza Secundaria (Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha) ISBN 978-84-9044-400-9. (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  27. García Heras, Víctor Alberto. (2020-09). «La Guerra de Secesión española en la Educación Secundaria. Contenidos, materiales didácticos y propuesta metodológica» La Historia Moderna en la Enseñanza Secundaria (Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha) ISBN 978-84-9044-400-9. (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  28. García Heras, Víctor Alberto. (2020-09). «La Guerra de Secesión española en la Educación Secundaria. Contenidos, materiales didácticos y propuesta metodológica» La Historia Moderna en la Enseñanza Secundaria (Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha) ISBN 978-84-9044-400-9. (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  29. García Heras, Víctor Alberto. (2020-09). «La Guerra de Secesión española en la Educación Secundaria. Contenidos, materiales didácticos y propuesta metodológica» La Historia Moderna en la Enseñanza Secundaria (Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha) ISBN 978-84-9044-400-9. (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  30. a b c d (Gaztelaniaz) «Información sobre la Guerra Fría: causas y consecuencias» ACNUR 2018-06-26 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Powaski, R. E. (1998). The Cold War: the United States and the Soviet Union, 1917-1991. New York: Oxford University Press.
  • ¿Qué fue el Plan Marshall?. (2020). La Vanguardia. https://www.lavanguardia.com/historiayvida/historia-contemporanea/20200416/48561 271072/plan-marshall-truman-guerra-fria-churchill-reconstruccion-europea-posguerra -iigm.html
  • Ugalde, R. (1988). Mundu garaikideko historia. Euskal Herriko Unibertsitatea: Bilbo.
  • Vazquez, U. (2015). Munduari so: Zenbait gatazka eta prozesuren gakoak ulertzeko XXI. mendeko inperialismoaren analisia. Udako Euskal Unibertsitatea: Bilbo.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]