Edukira joan

Gerra aizkora

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erdi Aroko gerra aizkora

Gerra aizkora edo guda aizkora bereziki borrokarako diseinatua dagoen aizkora da. Gerra aizkorek, beste aizkora arruntekin alderatuz, diseinu ezberdina zuten, zurezko aizkorek baino xafla zorrotzagoak baitzituzten. Asko esku bakarrarekin erabil zitezkeen; beste batzuk, ordea, handiagoak ziren eta bi eskuekin erabili behar ziren.

Gerrarako sorturiko aizkorek 0,5 eta 3 kilo bitartean pisatzen zuten eta 30 eta 150 zentimetro bitarteko luzera zuten, danimarkar aizkorak edo sparth aizkorak bezala. 150 zentimetro baino handiagoak ziren arma mozgarriak azta-armen kategorian sartzen ziren.

Ikuspegi orokorra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizateriaren historian zehar, objektu arruntak arma gisa erabili izan dira. Aizkorak, nonahikoak direnez, ez dira salbuespen. Gerratarako aizkorez gain, bazeuden gerra-aizkora asko erreminta gisa erabiltzen zirenak. Aizkorak jaurtigai hilgarriak izan zitezkeen (ikus Frantziska, adibide gisa). [1]Batzuetan, aizkorak ezpatak baino merkeagoak ziren eta baita dezente erabilgarriagoak ere.

Orokorrean, gerra aizkorek egungo aizkorek baino gutxiago pisatzen dute, bereziki mailuek, zuraren ordez hankak eta besoak mozteko diseinatu baitzituzten. Ondorioz, ebakitzeko aho estuxeak dira araua. Horrek zauri sakonak eta ikaragarriak eragiten ditu. Gainera, arma arinago bat hobea da alboan eramateko, gerratan erabiltzeko eta arerio baten aurka mugimendu errepikakorrak egiteko.

Brontzezko gerra aizkora

Erromatarren garaian, bai eta erromatarren osteko garaian ere, Europako gerra aizkoren ilargi-erdi formako buruak normalean karbono altzairuz edo burdinez egiten zituzten, eta, Erdi Aroko garaiko mendeak igaro ahala, normalean altzairuzkoak izaten ziren. Aizkora militarren egur gogorrezko kirtenak langets deituriko metalezko bandekin indartzen ziren. Horrela, aurkariek ezin zezaketen kirtena moztu. Ondorengo ale batzuek kirten guztiz metalikoak izan zituzten.

Mendebaldeko iruditeria herrikoian, gerra aizkorak bereziki bikingoekin lotzen ziren. Ziurrenik, eskandinaviar infanteriako soldaduek eta itsas sakeratzaileek erreserbako arma gisa erabili zuten aizkora beren goieneko unean, hain zuzen ere, VIII. mende hasieratik XI. mende bukaerara arte. Aizkoraren bertsio ugari ekoitzi zituzten, besteak beste, jaurtiketa-aizkora berezituak (ikus frantziska) eta «skeggox» (horrela deituak beheko xafla zorrotzagoa zelako eta etsai baten xafla harrapatu eta lurrera botatzeko erabiltzen baitzuten. Horrela, arerioa zaurgarri gelditzen zen). Bikingoen aizkorak esku batekin edo biekin erabil zitezkeen, zurezko kirtenaren luzezaren arabera. Ikus bikingoen garaiko armak eta armadurak.

Prehistoria eta Antzinako Mediterraneoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harrizko aurpegibikoak Paleolitikoan zehar milaka urtez erabili ziren. Badirudi lehenengo harrizko kirtendun aizkorak Mesolitikoan egin zirela, K.a. 6.000 urtean gutxi gorabehera. Neolitikoan garapen teknologikoak aurrera egin zuen. Garai hartan silexaren (chertarekin batera) eta harri gogorren erabilera asko zabaldu zen, baita aizkoraren ezaugarriak hobetzeko argizaria ematea ere. Aizkorak egurra lortzeko oso preziatuak bilakatu ziren, baina kultuzko objektu ere bai (adibidez, Eskandinaviako Gerra aizkora erabiltzen zuten pertsonek estatus altuko objektu kultural gisa ikusten zituzten aizkorak). Aizkora horiek arroka gogor desberdinetatik egiten ziren, hala nola, pikrita eta beste arroka igneoak eta metamorfikoak erabilita, eta Neolitikoan asko zabaldu ziren. Aurkitutako aizkora-buru asko segur aski  enborrak arrailtzeko erabili ziren nagusiki, eta harri mailuak, berriz, eraikitzeko (adibidez, hesolak lurrean sartzeko).

Ondoren, Ekialde Ertainean, artisauak aizkora-buru estuak burdinurtuarekin egiten hasi ziren; Europan, Kobre Aroan eta Brontze Aroan hasi ziren horretan. Lehenengoek ez zeukaten mihiztadurarik.

Aizkora-burua

Hain zuzen ere, brontzezko aizkora-buruak antzinako Txinako eta antzinako Egiptoko Inperio Berriko arkeologia-agirietan agertzen dira. Batzuk erabilera praktikorako egokitu ziren, infanteriarako arma gisa. Kontuan izanda aizkoren apaindurak, esan dezakegu beste batzuk estatus edo autoritate sinbolo gisa adierazteko egokitu zirela.

Epsilon aizkorak Brontze Aroan asko erabili zituzten infanteria irregularrean, ezin zutelako arma hoberik erosi. Soilik Europan eta Ekialde Ertainean erabiltzen ziren.

Burdin Aroan, Mediterraneoko arroaren ekialdean, bi ahodun labris aizkora zen nagusi. Hala ere, Antzinako Grezian, batzuetan, infanteriak brontzez edo, ondoren, burdinez egindako hozka bakarreko aizkorak erabiltzen zituzten gerra arma gisa, bereziki oso blindatuak zeuden aurkarien kontra. Sagarisa, aho bakarrekoa edo bikoa izan zitekeena, greziarrek mitologiako Amazonekin erlazionatzen zuten . Aizkora horiek, ordea, gehien bat zeremonietarako erabiltzen ziren eta ez hainbeste modu praktikoan.

Alpeetako iparraldean erromatarrek aurkitutako tribu barbaroek burdinezko gerra aizkorak erabiltzen zituzten, ezpatekin eta lantzekin batera. Iberiar penintsulako kantabriarrek ere gerra aizkorak erabiltzen zituzten.

Europan, Migrazio Garaian eta ondorengo Bikingoen Aroan, gerra aizkorak oso ohikoak ziren, eta XI. mendeko Bayeux tapizetan agertzen dira. Tapiz horiek irudikatzen dituzte normandiar zaldunak infanteria anglosaxoiaren aurka borrokatzen. Gainerako Erdi Aroan zehar aizkorak erabiltzen jarraitu zuten, eta borrokalari garrantzitsu batzuk aizkora-erabiltzaile gisa ezagutu zituzten XII., XIII. eta XIV. mendeetan.

Eztebe I.a Ingalaterrako erregeak «daniar aizkora» bat erabili zuen 1141eko Lincolneko batailan. Esanek diote aizkora erabili zuela bere ezpata apurtu zelako. [2]Beste batzuek diote aizkora apurtu zelako baizik ez zela hasi ezpata erabiltzen. [3]

Gerra aizkora-buruak

Rikardo I.a Ingalaterrakoak denbora viktoriarrean gerra aizkora luze bat erabiltzen zuen. Halere, erreferentziak batzuetan handitu egiten dira heroi nazionalaren irudiari egokitzeko: «Bere hilobian isilik geratu baino askoz beranduango ere, bere gerra aizkora beldurgarria, burdin ingelesez egindako buru boteretsuan hogei libra Ingelesekin … » – Charles Dickensen A Child’s History of England. Rikardok, ordea, daniar aizkora erabili zuen Jaffan. [4] Godofredo Lusignangoa aizkorarekin erlazionatzen duten beste txapeldun famatu bat da. [5]

Roberto I.a Eskoziakoak, Eskoziako erregeak, 1314ko Bannockburneko guduaren hasieran banakako borroka batean Henry de Bohuni irabazi zion aizkora batekin. Badakigu Roberto zaldi gainean zegoela, orduan, segur aski, esku bakarreko zaldun aizkora bat izango zuen. XV. mendeko armaduradun zaldunek ere askotan erabili zituzten.

XIV. mendean, Froissartek bere Kronikan gero eta gehiago azpimarratzen zuen aizkoraren erabilera.[6] Kronikak Frantziaren eta Ingalaterrako erresumen konpromisoak jasotzen ditu, bai eta armada profesionalen eta mertzenarioen igoera ere XIV. mendean. Joan II.a Frantziako erregeak 1356ko Poitiersko guduan aizkora bat erabili zuen eta Sir James Douglasek 1388ko Otterburngo guduan. Bretoiek ere aizkorak erabiltzen zituzten, eta haien artean Bertrand du Guesclin eta Oliver de Clisson aizkora-erabiltzaile mertzenarioak aurkitzen ziren. [7] Momentu hartako gerra aizkora mota - daniar aizkora edo proto-alabarda - ez dago zehaztuta.

Europako Erdi Aroko gerra aizkora gehienek mihiztaduradun buruak zituzten (xaflaren ipurdian, zabalagoa zelako, irekidura bat zegoen egurrezko kirten bat sartzeko), eta batzuek metalezko tira batzuk zituzten kirtena borrokan ez hondatzeko. Noizean behin, aizkora-buruek diseinu apaingarriak zituzten grabatuta, zulatuta edo txertatuta. Ondorengo gerra aizkorak metalezkoak izan ohi ziren.

Horrelako Erdi Aroko makiladun armak, adibidez alabarda, oinarrizko gerra aizkoraren aldaerak ziren.

Altzairuzko armadura batek zaldunaren ia gorputz osoa babesten zuen, eta aizkoren eta ezpaten xaflei aurre egiteko zehazki diseinatutako ezaugarriak zituzten. Armadura mota horren erabilera asko hedatu zen XIV. mende bukaeraren eta XV. mende hasieraren artean. Haren garapenak eragin zuen kirtendun armek inpaktua kontzentratzen zuten puntak izatea, armaduran barneratzeko edo armaduraren junturak kaltetzeko. Miserikordia izeneko dagak gero eta gehiago erabiltzen zituzten. Horrela, punta zorrotz bat armaduraren hutsuneetatik sartu zezaketen aurkaria ezindua bazegoen. Ezpatek estilo desberdinagoak izaten hasi ziren; esaterako, bi eskuko zweihänder bat edo punta zorrotzeko arma estuago bat, bil-bil egindako aurkari baten «armaduraren edozein arrailean» sar zitekeena, adibidez, estaka.

Gerra aizkoraren atzekaldean sarritan piku zorrotz eta kurbatu bat jartzen zen aizkora erabili behar zuen erabiltzaileak bigarren mailako sarpen-arma izan zezan.  Ziztatzeko punta bat gehi liteke. Era berean, gerrako mailuak Erdi Aro amaieran garatu ziren eta haien burua ildaskatua edo zorrotza izaten zen, horrek laguntzen baitzuen armadurari “hozka egiten” eta bere energia eramaileari ematen, armaduraren gainazala jo beharrean. Armadura sarkor horiekin egindako erasoak ez ziren beti hilgarriak izaten. Badaude kontu asko plakaz eginiko armadura erabiltzen zuten zaldunen inguruan. Kontu horiek azaltzen dute arma horiekin zaldunak erasotu zituztela eta, armadura hondatuta egon arren, zalduna bizirik irtetzen zela eta, kasu batzuetan, kalterik gabe. [8]

Azkenean, orokortu egin zen erabat metalezkoak ziren armen fabrikazioa, eta, beraz, egur gogorreko kirtenak ez zituzten gehiago erabili.

Goi Erdi Aroko gerra aizkoren gida bisual erabilgarri bat, bere lanbide garaikidean,  Maciejowskik Biblian (Morgan Biblia) irudikaturiko gerra-eszenak dira K.a. 1250. urtean. [9]

Gerra aizkorak ere tresna heraldiko gisa erabiltzen ziren zenbait  familia ingelesen eta Europa kontinentaleko armarrietan.

Erdi Aro osteko aizkorak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendearen bukaeran, gerra aizkorak zaharkituta gelditu ziren, taktika militarretan bolbora gero eta gehiago erabiltzen hasi zirelako. Hala ere, 1640ko hamarkadan, Rupert printzea —jeneral erregezalea eta Ingalaterrako Iraultzan zalditeriaren komandantea— gerra aizkora batekin irudikatu zuten, baina ez soilik autoritatearen sinbolo gisa. Zalditeria erregezale ofizialek alabarda motzak bereganatu zituzten Roundhead soldaduen kaskoetan eta korazetan sartzeko gorputzez gorputzeko borroketan; [10] horrez gain, aurkariek ere erabiltzen zituzten: Parlamentario batek alabarda batekin Sir Bevil Grenville erail zuen Lansdowneko guduan; [11]horrez gain, beste alabarda batekin Sir Richard Bulstrode hil zuten Edgehilleko guduan.

Alabarda

Eskandinavian, ordea, gerra aizkora erabiltzen jarraitu zuten alabardarekin eta baleztarekin batera XVIII. mendearen hasiera arte. Norvegiako lur-eremuak askotan piken eta tiroen taktikak oztopatzen zituen. 1604an ezarritako lege batengatik, baserritarrek armak izan behar zituzten milizian borrokatzeko. Askok nekazari-miliziaren gerra-aizkora norvegiarra aukeratzen zuten. Pika edo alabarda baino erabilgarriagoa zen eta, gainera, zaldunen aurka eraginkorragoa. Horrelako arma askok apaingarriak zituzten. Hala ere, haren erabilgarritasuna agerian gelditzen zen aizkoraren buruaren formarengatik, gorantza egiten zuelako. Horrekin  batera, kirtenean aurrerantza egiten duen kurba handi bat zeukan indarra puntu estuago batean kontzentratzen zuelako. Modu horretan, aurkari korazatuen aurka hobeto borrokatu zezaketen.[12]

Napoleonen garaian, eta beranduago XIX. mendean, armadaren zerbitzura zeuden ferratzaileek aizkora handiak eta pisutsuak zeramatzaten beraien ekipamendu gisa. Nahiz eta larrialdietan borrokarako erabil zitezkeen, haien erabilera nagusia logistikoa zen: hildako zaldi militarren kasko markatuak kendu behar ziren hil egin zirela (eta ez, lapurtu egin zituztela) frogatu ahal izateko. Napoleonen Aitzindari Gorputzak landareria garbitzeko erabili zituen aizkorak, beste armada batzuetako antzeko unitateek erabiltzen zuten praktika bera.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Underwood, Richard. (1999). Anglo-saxon Weapons and Warfare.. ISBN 0-7524-1910-2..
  2. Oman, Sir Charles. (1924). A History of the Art of War in the Middle Ages vol.1.. ISBN 1-85367-100-2...
  3. The Annals of Roger de Hoveden: Comprising The History of England and of Other Countries of Europe from A.D. 732 to A.D. 1201, Vol 1.. , 243-244 or..
  4. W. Edbury, Peter. Old French Continuation of William of Tyre, in The Conquest of Jerusalem and the Third Crusade: Sources in Translation. , 117 or..
  5. Nicholson, Helen. (2004). Medieval Warfare. ISBN ISBN 0-333-76331-9..
  6. Bourchier, John. (1523). The Chronicles of Froissart. .
  7. Vernier, Richard. (2003). The Flower of Chivalry. , 72-77 or. ISBN 1-84383-006-X..
  8. Anglo, Sydney. (2000). The Martial Art of Renaissance Europe. , 150 or..
  9. The Morgan Library & Museum. .
  10. The History of the Rebellion and Civil Wars in England. , 59 or..
  11. History of the Rebellion. , 429 or..
  12. Norwegian military small-arms & blades » The Norwegian Battle axe. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]