Edukira joan

Gerrako lege

Wikipedia, Entziklopedia askea
Genevako Lehen Konbentzioa sinatu zuten Europako potentzia nagusietako batzuek, 1865ean.

Gerrako legeak Zuzenbide militarrean jasotako xedapen multzo bat dira, gerran parte hartzeko justifikazio onargarriak (ius ad bellum) eta gerran jokatzeko muga onargarriak (ius in bello edo Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa). Gerra eskubidea nazioarteko zuzenbide publikoaren alderdi bat da, eta beste lege multzo batzuetatik bereizten da, hala nola gerran ari den herrialde baten barne zuzenbidetik, bereziki gatazka batean, barne legeriak ere lege mugak ezar baititzake gerraren jokaeraz edo justifikazioaz.

Besteak beste, gerraren lege modernoen artean daude gerra deklarazioak, errenditze militarraren onarpena, gerra presoen tratamendua, beharkizun militarra —bereizkuntza eta proportzionaltasun printzipioekin batera—, eta zenbait armaren debekua, alferrikako sufrimendua eragin dezaketenak.[1]

Lehen iturriak eta historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra egoeran, norbanakoen, nazioen eta beste eragileen jokabidea definitu edo arautzeko eta, horren bitartez, gerraren ondorio izugarriak arintzeko saiakerak aspaldidanik egin izan dira. Ezagutzen diren lehen kasuak Hebrear Biblian (Itun Zaharra) ageri dira, besteak beste, Deuteronomio 20:19-20 pasarteak ingurumen kaltearen muga onargarria xehatzen du:

« 19 «Hiri bat, eraso eta konkistatu aurretik, luzaroan setiatu behar baduzue, ez dituzue inguruko arbolak aizkoraz botako, beraien fruituez janaritu beharko duzue eta. Gizaki ote dira, bada, arbolak, setiatutzat hartzeko?

20 Hala ere, fruta arbolak ez diren zuhaitzak bota ditzakezue, gerran ari zaizuen hiriaren kontrako eraso tresnak egiteko, hiria erori arte.[2]

»

Antzera, Deuteronomio 21:10-14 pasarteak eskatzen du gerra baten garaileekin ezkontzera behartuak ziren emakume gatibuak ezin zirela esklabo gisa saldu:

« 10 «Gerrara atera eta, Jaunak zeuen Jainkoak etsaiak eskura emanik, gatibuak egitean,
11 zuetako norbaitek haien arteko neska ederren bat ikusi eta, hartaz maitemindurik, emaztetzat hartu nahi badu,
12 eraman dezake etxera. Emakumea, ilea eta azkazalak moztu,
13 gatibu-soinekoa erantzi eta etxean geldituko da hilabete batez bere aita-amengatik negar egiten. Dolualdia igaro ondoren elkartuko zaio gizona, eta senar-emazte izango dira.
14 Geroago atsegin ez bazaio, libre joaten utziko dio; ez du salduko diru truke, ezta esklabo egingo ere, berea izatera behartu baitu.[3]
»

VII. mendean, Abu Bakr rasidar kalifak bere armada prestatzen ari zela, gerrari buruzko arau hauek eman zituen:

« Geldi zaitez, oi herria, nik hamar arau eman diezazkizudan borrokarako zure orientabiderako. Ez ezazu traiziorik egin eta ez zaitez bide zuzenetik desbideratu. Ez duzue gorpurik mutilatu behar. Ez ume bat hil, ez emakume bat, ez adin ertaineko gizon bat. Ez kalterik egin zuhaitzei, eta ez itzazue sutan erre, bereziki emankorrak direnak. Ez hil etsaiaren edozein artalde, janaritzat erabiltzen dituzuenak izan ezik. Ziurrenik, bizitza monasterioen zerbitzuan emandakoak gurutzatuko dituzue, utzi lasai.[4] »

Bestalde, Koraneko Al-Baqararen suretan, musulmanei eskatzen zaie, borrokan, haien kontra jokatzen dutenen aurka norbere defentsan emandako kolpea itzultzea bakarrik, baina, aitzitik, etsaiek musulmanei erasotzeari uzten diotenean, erasotzeari uzteko agintzen zaie.

« [2:190]: Borrokatu Alaren alde zuen kontra borrokatzen dutenen aurka, baina ez zaitezte urrunegi joan. Alak ez ditu urrunegi doazenak maite.
[2:191]: Hil itzazue aurkitzen dituzuen lekuan, eta bota itzazue kanporatu zaituzten lekutik. Hiltzea baino larriagoa da tentatzea. Ez borrokatu haien kontra Meskita Santuaren ondoan, han eraso egiten ez badizuete. Beraz, zuen aurka borrokatzen badira, hil itzazue, hori da fedegabeen ordaina.
[2:192]: Baina, eteten badute, Ala bihozbera da, errukitsua.
[2:193]: Borroka zaitezte haien kontra, zuek apostatatzera bultzatzen utzi eta Ala gurtzen duten arte. Eteten badute, ez bedi izan fedegabeen kontra etsaitasun gehiagorik.
»

Erdi Aroko Europan, Eliza katolikoa bidezko gerraren irakaspenak aldarrikatzen hasi zen, neurri batean, Jainkoaren bakea eta menia mugimenduan islatu zirenak. Gerraren hedadura murrizteko eta, batez ere, borrokatzen ez zirenen bizitza eta ondasunak babesteko ahaleginari jarraitu zitzaion Hugo Grotius, gerraren legeak idazteko saiatu baitzen.[5]

Immanuel Kantek gerraren estatus juridikoa ukatu zuen, gerraren eskubiderik egon daitekeenik ukatu zuen. Kanten arabera, estatuen artean anarkia besterik ez dago, natura, baina ez zuzenbidea, hau estatuen barneko ezaugarri bat baita.[6]

Iturri modernoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Genevako konbentzioetako lehenak (1864) indar armatuetako gaixoen eta zaurituen egoera arautzen zuen.

Gerraren lege modernoak bi iturri nagusitatik datoz:[1]

  • Nazioarteko itunen edo konbentzioen bidez sortutako legeak: estatuen artean berariaz negoziatu eta adostutako lege arauak dira.
  • Usadioak: nazioarteko itunen bitartez gerrako legeak finkatzen hasi aurretik mendetan zehar finkatutako usadiozko arauak dira. Usadiozko nazioarteko zuzenbide hori nazioen praktika orokorrak ezartzen du, printzipio batean oinarrituta: legeak praktika hori eskatzen duela.

Nazioarteko zuzenbide humanitarioa osatzen dute gerraren legeei zuzenean eragiten dieten itunek, hau da, nazioarteko hitzarmenak, adostasun orokorra lortzeko baimena ematen duten nazioen batasunaren bitartez.

Gerraren lege positiboen alderantzizkoa da usadiozko zuzenbidea,[1] besteak beste Nurenbergeko epaiketetan sakonki aztertu behar izan zena. Usadiozko zuzenbideak estatuen eskubide «permisiboak» —norainoko baimena duten estatuek beren burua defendatzeko— bezala, haien jokabidearen «debekuak» definitzen dituzte —nazioarteko itunen sinatzaile ez diren herrialdeetako indar irregularren kasuan.

Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren aitzindarietako bat da Ameriketako Estatu Batuetako gerra zibilean Batasunak aldarrikatutako Lieber Kodea, funtsezkoa izan zen lurreko gerraren legeen garapenean.[7] Geoffrey Best historialariaren ustez, 1856tik 1909ra bitarteko gerra legeek «ospe handieneko garaia» osatzen dute.[8] Aldi hartan, zuzenbide positibo bat ezarri zen, arau idatzietan, alegia, ordura arte estatuek erabili ohi zuten usadioaren ordez, askotan erlijioan, adeitasunean eta ohituretan oinarritua.[9] Aro «moderno» hartan, nazioarteko konferentziak estatuen arteko eztabaida eta adostasun foro bihurtu ziren, eta alde anitzeko itunak kodetzeko mekanismo positibo gisa erabili ziren.

Epaiketa penala Nurenbergeko Nazioarteko Justizia Auzitegian (1946ko irailak 30).

Nurenbergeko epaiketak Nurenbergeko printzipioen araupean egin ziren, eta, 1907ko Hagako Konbentzioko itunak bezala, nazio zibilizatu guztiek onartu zituzten, mende erdi inguruz, gerraren ohiturazko legeen parte bihurtuta, lotesleak alde guztientzat, ituna sinatua izan ala ez.[10]

Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren interpretazioak aldatu egin daitezke denborak aurrera egin ahala, eta horrek gerraren legeei ere eragiten die. Adibidez, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusiak 2001ean adierazi zuenez, jaurtigaietan uranio pobretua erabiltzeko debeku zehatzik ez dagoen arren, eztabaida zientifiko bat dagoenez horretaz, litekeena da etorkizunean nazioarteko esparru juridikoetan adostasuna egotea mota horretako armak debekatzeko, gatazka armatuetan armen erabileraz aplikatu beharreko zuzenbideari dagokionez.[11] Izan ere, uranio pobretuko jaurtigaiek tratatu hauetakoren bat edo gehiago urratzen ahal dituzte: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala; Nazio Batuen Gutuna; Genozidioaren aurkako Hitzarmena; Torturaren aurkako Hitzarmena; Genevako Konbentzioak; eta Zenbait Arma Konbentzionali buruzko Hitzarmena.[12]

Legeen helburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askotan aipatu izan da zentzugabea dirudiela gerra den bezain legez aurkako zerbaitetarako legeak sortzea. Alabaina, gerran izan diren estatuek nazioarteko usadiozko zuzenbide humanitarioari mendetan zehar erakutsitako atxikimenduan oinarrituta, aditu askok ikusi izan zuen, batez ere XVIII. mendetik aurrera, gerrako lege arauemaileak onuragarriak izan zitezkeela.[13] Garrantzizkoa da, baita ere, aintzat hartzea zer gatazka mota gertatzen ari den. Gatazka bat sailkatzeko moduaren arabera, eragile batzuek indarra erabil dezakete edo ez beste botere baten aurka. Horrek gatazka baten sailkapen taktikoa ekar dezake, eragile batek bakarrik izan dezan indarra erabiltzeko eskubidea. Batzuetan, lege gorputz berri bat ere sortzen da hori egiteko.[14]

Gerrako legeen oinarrian dauden printzipio nagusietako batzuk dira:[15][16]

  • Zibilen eta borrokalarien artean bereizketa argi bat egin behar dute gerran diren aldeek.
  • Borrokaz kanpo direnei eraso egitea debeku da gerran diren aldeentzat.
  • Gerra ahaleginean laguntzen ez duten pertsonak eta ondasunak babestu behar dira, nahitaezkoak ez diren suntsipen eta nekeetatik.
  • Proportzionaltasun printzipioa: helburu militarrak lortzeko nahitaezko bitartekoak erabili behar dira, ez gehiago.
  • Gerrak mugatu behar dira gatazka piztu zuten helburu politikoak lortzera —adibidez, lurraldearen kontrola— eta ezin du beharrezkoa ez den suntsipenik sortu behar.
  • Gerrak ahalik eta azkarren amaitu behar dira.

Xede horrekin, gerraren nekeak arintzera zuzenduta daude, oro har, gerraren legeak:

  • Borrokalariak eta, bereziki, ez borrokalariak babestea, beharrezkoa ez den sufrimendutik.
  • Etsaiaren esku erortzen diren pertsonen, batez ere gerrako presoen, zaurituen edo gaixoen, eta biztanleria zibilaren oinarrizko giza eskubide batzuk babestea.
  • Bakea berrezartzeko bidea erraztea.

Gerrarako eskubidea?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerrarako eskubideak ―halakorik badago― baditu bere aurkia eta ifrentzua:

Alde batetik, ius ad bellum dago, gerra egiteko edo gerran sartzeko eskubidea, mehatxu edo arrisku batetik defendatzeko moduko arrazoi bat bere gain hartuz, arerioa ohartarazten duen gerra deklarazioa eginez: ekintza leiala da gerra.

Bestetik, ius in bello dago, hau da, behin gerra egoera dagoenean borroka egiteko modua. Misio jakin baten ardura duten soldaduek jokabide jakin bat erakutsi behar dute, gogoan izanik indarkeria oro ez dagoela onartua.

Nolanahi ere den, gerrarako eskubidearen ideia bera oinarritzen da gerra gatazka armatu gisa defini daitekeen heinean, espazioan mugatua, denboran mugatua, eta helburu jakin batzuk dituena. Deklarazio batekin hasten da gerra, eta amaitzen da edo bake itun batekin, edo amore emateko akordio batekin, partekatzeko ekintza batekin, eta abar.[17] Gerrako legeek balio dute garai bakoitzean gertatzen ari diren gatazketarako. Gatazkak denboran zehar aldatzen diren heinean, arautzen dituzten legeak ere aldatu egin behar dira. Beraz, lege berriak sor daitezke. Horren adibide izan daitezke «terrorismoaren aurkako gerran» hartutako erabakiak.[18]

Gerrako legearen oinarrizko printzipioak jasotzen dituen artikulu bat, The Tacoma Times egunkarian argitaratua (1904).

Gatazka armatu batean indarraren legezko erabilera arautzen duten nazioarteko zuzenbide humanitarioaren bost printzipio hauek onartzen dira, oro har.

Beharkizun militarra: gerran diren aldeek helburuak lortzeko ekintza militarrak garatzeko eginbeharrekoak dira.[19] Alabaina, beharkizun militarrak zenbait muga ditu: eraso edo ekintza batek etsaiaren porrota bilatu behar du; zilegizko helburu militar baten aurkako erasoa izan behar du,[21] eta babestutako zibilei edo ondasun zibilei eragindako albo kalteak, alboratu ezinezkoak badira, proportzionalak izan behar dira, ez gehiegizkoak, aurreikusten den abantaila militar zehatz eta zuzenari dagokionez.[22]

Bereizketa: nazioarteko zuzenbide humanitarioaren printzipio bat da, gatazka armatu batean indarraren legezko erabilera arautzen duena, zeinaren bitartez borrokan ari diren aldeek bereizi egin behar baitituzte borrokalariak eta zibil babestuak.[23]

Proportzionaltasuna: borrokan murgilduta diren aldeek ziurtatu behar dute babestutako populazioari edo ondasun zibilei eragindako kalteak ez direla gehiegizkoak, helburu militar zilegizko baten aurkako eraso batek espero duen abantaila militar zehatz eta zuzenari dagokionez. Hala ere, gerra modernoen esperientziak erakusten du eras militar bat jasan duen aldeak gehienetan indar handiagoz erantzun ohi duela, horrek eragin kaltegarriagoak izan arren etsaiaren populazio edo ondasun zibilen aurka.[24]

Gizatasuna: 1907ko Hagako Hitzarmenean oinarritzen den printzipioa da. Lurreko gerra lege eta ohiturek mugatu egiten dute armak, jaurtigaiak edo materialak erabiltzea, nabarmenki desproportzionatua den sufrimendua edo lesioak eragiteko kalkulatuak badira, helburu militar zilegizkoetarako ematen duten abantaila militarrarekiko. Herrialde batzuetan, armak borrokan erabili aurretik berrikusten dira, jakiteko gerrako arau edo printzipio hori betetzen ote ote duten eta ez ote dauden diseinatuta alferrikako sufrimendua eragiteko, aurreikusitako moduan erabiltzen direnean. Printzipio horrek, gainera, debekatu egiten du beste modu batean zilegizkoa den arma bat erabiltzea, alferrikako sufrimendua eragiteko moduan.[25]

Ohorea: arerioen artean nolabaiteko zuzentasuna eta elkarrekiko errespetua eskatzen duen printzipio bat da. Gatazka bateko alderdiek onartu behar dute elkar erasotzeko bideak hartzeko duten eskubidea ez dela mugagabea, berariaz uko egin behar diote aurkariak legeari dion atxikimenduaz baliatzeari legearen babesak faltsuki aldarrikatuz, eta onartu behar dute zeregin berean ari direla, ez etsaitasun pertsonal batengatik, baizik norbere estatuaren izenean borrokatzen dela.[25]

Gerrako legeen adibideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatutako helburuak lortzeko, gerrako legeek muga zorrotzak jartzen dizkiote gerran murgilduta dagoen estatu baten legezko jarduerari. Oro har, legeek eskatzen dute gerran diren estatuek erabili behar dutela soilik beren helburu militarretarako zentzuzkoa den indarkeria, ez gehiago, eta gatazkan jokatu behar dutela arestian aipatutako printzipioei loturik.

Hala eta guztiz ere, gerrako legeak adostasunean eta edukietan oinarritzen direnez, lege horien interpretazioa zabala, aurkaratua eta etengabeko bilakaeran dago. Atal honetan gerrako legeen muinaren adibide zehatz batzuk ageri dira, aro garaikidean lege horiek interpretatu ohi diren eran.[26]

Gerra deklarazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Gerra-deklarazio»

Nazioarteko hitzarmen batzuek, bereziki Nazio Batuen Gutunak (1945), mugatu egin nahi izan dute estatu kideek gerra deklaratzeko duten eskubidea. Hala egin zuen, adibidez, Briand-Kellogg itunak (1928), hura berretsi zuten herrialdeentzat.

Gerran diren alderdien zilegizko jokabidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerrako lege modernoek —hala nola Genevako Konbentzioek— arau zehatzak ezartzen dituzte borrokalarien jokabideari dagokionez (ius in bello). Legez kanpokoa da borrokan parte hartzea zenbait baldintza bete gabe, besteak beste, uniforme bereizgarri bat edo distantzian ikus daitezkeen beste ikur bereizgarri batzuk erabili gabe, eta armak agerian eraman gabe. Etsaiaren uniformeaz baliatuz, beste alderdiko soldaduen nortasuna ordeztea zilegi da, baina uniforme horrekin borrokatzea edo eta bahituak hartzea.

Gurutze Gorria, Ilargi Erdi Gorria, Magen David Adom eta bandera zuria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerrako lege modernoek, hala nola 1949ko Genevako Konbentzioek, debeku argi bat ezartzen dute Gurutze Gorriaren, Ilargi Erdi Gorriaren, Magen David Adomen ikurrik edo Nazioarteko Gurutze Gorriarekin lotutako beste ikurrik erakusten duten mediku, anbulantzia edo ospitale ontziei erasotzeko. Era berean, debekatuta dago pertsonei edo ibilgailuei tiro egitea bandera zuria erakusten badute, amore emateko asmoa edo komunikatzeko nahia adierazten baitu.

Estatuei eta gizabanakoei aplikatzeko gaitasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerrako legeek behartzen dituzte ez bakarrik estatuak beren horretan, baizik ere gizabanakoak eta, bereziki, indar armatuetako kideak. Gerrako legeek borrokan ari diren aldeak behartzen dituzte, non eta ez duten eragozten zilegizko helburu militarrak lortzea. Adibidez, beren esku dagoen guztia egin behar dute borrokan parte hartzen ez duten biztanleen bizia eta jabetzak ez kaltetzeko, baina ez dira gerra krimen baten errudun izango akats batengatik bonba bat bizitegi gune batean lehertzen bada.

Era berean, nahitara zibil babestuak ezkutu gisa edo haien jabetzak babesleku gisa erabiltzen dituzten borrokalariak gerrako legeen urraketen errudun dira, eta babestu beharko luketenari eragindako kalteen erantzule.

Gerrako legeei buruzko nazioarteko itunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 1856 - Parisko Adierazpena, Frantziak eta Ingalaterrak egina, gerra-garaiko Europako itsas zuzenbideari buruz. Besteak beste, adostu zuten etsaien ondasunak ontzi neutraletan eta ondasun neutralak etsaien ontzietan ez konfiskatzea, baita kortsarioen baimenak indargabetzea ere
  • 1863 - Lieber Kodea edo Ameriketako Estatu Batuetako armadentzako jarraibideak. Mexikok 1873an eta Txilek 1879an onartu zuten.
  • 1864 - Gudu zelaian indar armatuen zauritutako eta gaixotutako egoera hobetzeko Genevako Lehen Konbentzioa.
  • 1868 - San Petersburgoko Adierazpena gerra garaian 400 gramotik gorako jaurtigai leherkorren erabilera debekatzeko.
  • 1874 - Bruselako Adierazpena. Gerrako Lege eta Ohiturei buruzko Nazioarteko Adierazpenaren proiektua.[27] Akordio hori ez zen inoiz indarrean jarri, baina 1899. urteko Hagako Bake Konferentzia gerrako legeen kodifikaziorako oinarriaren parte izan zen.
  • 1880 - Oxfordeko Gerrako Lege eta Ohituren Eskuliburua. Genevan egindako bilera batean, 1874an, Nazioarteko Zuzenbideko Institutuak batzorde bat izendatu zuen urte hartako Bruselako Adierazpena aztertzeko eta Institutuari gaiari buruzko bere iritzia eta proposamen osagarriak aurkezteko. Institutuak 1880an hartu zuen eskuliburua, eta 1899an Hagako Bake Konferentzian gerra legeak kodetzeko oinarriaren parte izan zen.[28]
  • 1899 - Hagako Bake Konferentziak lau atal nagusi eta hiru aitorpen gehigarri zituen:
    • I - Nazioarteko gatazken konponbide baketsua
    • II - Lurreko gerraren legeak eta usadioak
    • III - 1864ko Genevako Hitzarmeneko printzipioak itsas gerrara egokitzea
    • IV - Globoetatik jaurtigaiak eta lehergailuak jaurtitzeko debekua
    • I. Adierazpena - Jaurtigaiak eta lehergaiak globoetatik jaurtitzeari buruz
    • II. Adierazpena - Gas itogarriak edo toxikoak hedatzea helburu duten jaurtigaien erabilerari buruz
    • III. Adierazpena - Erraz zabaltzen diren edo giza gorputza zapaltzen duten balen erabilerari buruz
  • 1907 Hagako Bake Konferentziak hamahiru atal zituen, horietatik hamabi berretsi ziren eta indarrean daude, eta bi adierazpen.
    • I - Nazioarteko gatazken konponbide baketsua
    • II - Kontratu zorrak kobratzeko indarraren erabilera mugatzea
    • III - Liskarrak zabaltzea
    • IV - Lurreko gerraren lege eta usadioak
    • V - Potentzien eta pertsona neutralen eskubideak eta betebeharrak lurreko gerraren kasuan
    • VI - Merkataritza ontzi etsaien estatusa liskarren hasieran
    • VII. - Merkataritza ontziak gerraontzi bihurtzea
    • VIII - Urpeko ukipen minak jartzea
    • IX - Itsas indarrek gerra garaian egindako bonbardaketa
    • X - Itsas gerra Genevako Konbentzioaren printzipioetara egokitzea
    • XI - Itsas gerran harrapaketa eskubidea gauzatzeko zenbait murrizketa
    • XII - Itsas bahituen nazioarteko epaitegia sortzea [berretsi gabea]
    • XIII. - Potentzia neutralen eskubideak eta betebeharrak Bigarren Itsas Gerran
    • I. Adierazpena - 1899ko Konferentziaren II. adierazpena beste hegazkin mota batzuetara hedatzea
    • II. Adierazpena - Derrigorrezko arbitrajea
  • 1909 - Itsas gerraren legeei buruzko Londresko adierazpenak indarrean zegoen legedia berretsi zuen neurri handi batean, erakunde neutralen eskubideekin lotura handiagoa erakutsi zuten arren. Ez zen inoiz indarrean jarri.
  • 1922 - Washingtongo Itsas Ituna ed Bost Potentzien Ituna.
  • 1923 - Hagako Aireko Gerrako Arauen Proiektua.[29]
  • 1925 - Genevako Protokoloa, gerran gas itogarri, toxiko edo antzekoen eta baliabide bakteriologikoen erabilera debekatzekoa.[30]
  • 1927-1930 - Arbitraje Auzitegi Greko-Germaniarra.
  • 1928 - Briand-Kellogg Ituna edo Pariseko Ituna.
  • 1929 - Genevako Konbentzioa, gerrako presoen tratamenduari buruzkoa.
  • 1929 - Genevako Konbentzioa, zauritu eta gaixoen egoera hobetzeari buruzkoa.
  • 1930 - Itsas armamentuak mugatzeko eta murrizteko ituna (Londresko Itsas Konferentzia, apirilaren 22koa)
  • 1935 - Roerich Ituna, arte eta zientzia erakundeen eta monumentu historikoen babesari buruzkoa.
  • 1936 - Londresko Bigarren Itsas Ituna.
  • 1938 - Amsterdamgo Konbentzioa, biztanleria zibila gerrako mekanismo berrietatik babesteko proiektua.[31]
  • 1938 - Nazioen Ligaren adierazpena, «Biztanleria zibila aireko bonbardaketen aurka babesteko, gerra kasuan».[32]
  • 1945 - Nazio Batuen Gutuna, 1945eko urriaren 24an indarrean jarria.
  • 1946 - Nurenbergeko epaiketak.
  • 1947 - Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 1947ko azaroaren 21eko 177 Ebazpenaren bidez formulatutako Nurenbergeko printzipioak.
  • 1948 - Nazio Batuak Genozidio delitua prebenitzeko eta zigortzeko hitzarmena.
  • 1949 - Gudu zelaian indar armatuen zaurituen eta gaixoen egoera hobetzeko Genevako I. Hitzarmena.
  • 1949 - Itsasoan Indar Armatuetako Zaurituen, Gaixoen eta Itsasoan galdutakoen Egoera Hobetzeko Genevako II. Hitzarmena.
  • 1949 - Gerrako Presoek Eragindako Tratuari buruzko Genevako III. Hitzarmena.
  • 1949 - Gerra garaian zibilak babesteko Genevako IV. Hitzarmena.
  • 1954 - Hagako Hitzarmena, gatazka armatuaren kasuan kultura ondasunak babestekoa.
  • 1971 - Zagrebeko Nazioarteko Zuzenbide Institutuaren ebazpena, Nazio Batuen indarrak deituak izan daitezkeen gatazka armatuen liskarretan arau humanitarioak aplikatzeko baldintzei buruzkoa.
  • 1977 - Nazio Batuen Ingurumen Aldaketari buruzko Hitzarmena.
  • 1977 - Genevako Hitzarmenen Lehenengo Protokolo Gehigarria, nazioarteko gatazka armatuen biktimak babesteari buruzkoa.
  • 1977 - Genevako Hitzarmenen Bigarren Protokolo Gehigarria, nazioartekoak ez diren gatazka armatuen biktimak babesteari buruzkoa.
  • 1978 - Gatazka armatuetan aplikagarri diren nazioarteko zuzenbide humanitarioko Gurutze Gorriaren oinarrizko arauak.
  • 1980 - Nazio Batuen Erakundea, Zenbait arma konbentzionali buruzko Hitzarmena.
    • 1980 - Lehen protokoloa, aurkitu ezin diren zatien
    • 1980 - Bigarren protokoloa, minak, tranpa armak eta bestelako artefaktuak erabiltzeko debekuei edo murrizketei buruzkoa
    • 1980 - Hirugarren protokoloa, arma su eragileak erabiltzeko debekuei edo murriztapenei buruzkoa
    • 1995 - Laugarren protokoloa, laser arma itsugarriei buruzkoa
    • 1996 - Bigarren protokoloaren aldaketa, minak, tranpa armak eta bestelako artefaktuak erabiltzeko debekuei edo murrizketei buruzkoa
    • 2003 - Bosgarren protokoloa, gerrako hondakin leherkorrei buruzkoa (2006ko azaroaren 12an jarri zen indarrean).[33]
  • 1990 - Pertsonen kontrako minak debekatzeari buruzko Ottawako Ituna, lurreko minak erabiltzea debekatzeari buruzkoa.
  • 1994 - San Remoko Eskuliburua, itsasoko gatazka armatuei aplikagarri zaien nazioarteko zuzenbideari buruzkoa.[34]
  • 1994 - ICRC batzar nagusia, eskuliburu militarretarako jarraibideez eta gatazka armatuko garaian ingurumena babesteko jarraibideez.[35]
  • 1994 - Nazio Batuen eta elkartutako langileen segurtasunari buruzko konbentzioa.[36]
  • 1996 - Nazioarteko Justizia Auzitegiaren kontsulta iritzia arma nuklearren mehatxuaren edo erabileraren legezkotasunaz.[37]
  • 1997 - Pertsonen aurkako lur minak debekatzeari buruzko konbentzioa (Ottawako Ituna).
  • 1998 - Nazioarteko Zigor Auzitegia eratzeko Erromako Estatutua, 2002ko uztailaren 1ean indarrean jarria.
  • 2000 - Gatazka armatuetan haurren partaidetzari buruzko hautazko protokoloa, 2002ko otsailaren 12an indarrean jarria.[38]
  • 2008 - Barreiatze lehergailuei buruzko konbentzioa, 2010eko abuztuaren 1ean indarrean jarria.[39]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 (Ingelesez) «What is International humanitarian law?» International Humanitarian Law Research (web.archive.org) 2009 (kontsulta data: 2026-03-26).
  2. «Dt 20,1-20» Biblija.net - Biblia interneten (kontsulta data: 2026-03-26).
  3. «Dt 21» Biblija.net - Biblia interneten (kontsulta data: 2026-03-26).
  4. (Ingelesez) Aboul-Enein, Youssef H.; Zuhur, Sherifa. (2004). Islamic rulings on warfare. Carlisle: Strategic Studies Institute, 22. or. ISBN 979-1584871773. OCLC .57455785.
  5. Grotius, Hugo. Itzulpena: Andres Urrutia. (2005). De iure belli ac pacis - Gerra eta bakearen zuzenbidea. Donostia: Jakin ISBN 978-8495234254. OCLC .863174926.
  6. (Gaztelaniaz) Buchner, Wojciech. (2015-07-29). «Immanuel Kant y la idea de ius gentium» FORO. Revista de Ciencias Jurídicas y Sociales, Nueva Época 18 (1): 171-178. or.  doi:10.5209/rev_FORO.2015.v18.n1.49694. ISSN 2255-5285. (kontsulta data: 2026-03-28).
  7. (Ingelesez) Greenspan, Morris. (2023). The Modern Law of Land Warfare. (1. argitaraldia) University of California Press  doi:10.2307/jj.8306247. ISBN 978-0520345898. OCLC .1476747315 (kontsulta data: 2026-03-28).
  8. (Ingelesez) Best, Geoffrey. (1980). Humanity in warfare. New York: Columbia University Press, 129. or. ISBN 978-0231051583. OCLC .6356396.
  9. (Ingelesez) Oppenheim, L. (2022). International Law, a treatise. London: Longmans, Green & Co. (archive.org), 68-76. or. ISBN 978-0331672565. OCLC .1355202197.
  10. (Ingelesez) «The trial of German major war criminals: proceedings of the International Military Tribunal sitting at Nuremberg Germany» The Avalon Project (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-28).
  11. (Ingelesez) United Nations. (2001). «Final Report to the Prosecutor by the Committee Established to Review the NATO Bombing Campaign Against the Federal Republic of Yugoslavia» International Criminal Tribunal for the former Yugoslavia (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-28).
  12. (Ingelesez) Sik Yuen, Yeung. (2002). E/CN.4/Sub.2/2002/38 Human rights and weapons of mass destruction, or with indiscriminate effect, or of a nature to cause superfluous injury or unnecessary suffering. United Nations (kontsulta data: 2026-03-28).
  13. (Frantsesez) Dunant, Jean-Henry. (1862). Un souvenir de Solferino. Genève: Comité international de la Croix-Rouge ISBN 978-2881630255. OCLC .1040577549.
  14. Erakat 2021, 179-181. or. .
  15. (Ingelesez) «How does law protect in war?» Fundamentals of IHL - Online casebook (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-29).
  16. (Ingelesez) Selim, Alioua. (2024-11-05). «International Humanitarian Law's Principles» Psychology and Education Journal 61 (11): 518-536. or. ISSN 1553-6939. (kontsulta data: 2026-03-29).
  17. (Ingelesez) Stahn, C. (2006-11-01). «Jus ad bellum, jus in bello... jus post bellum? Rethinking the Conception of the Law of Armed Force» European Journal of International Law 17 (5): 921-943. or.  doi:10.1093/ejil/chl037. ISSN 0938-5428. (kontsulta data: 2026-03-30).
  18. Erakat 2021, 187-194. or. .
  19. Genevako Konbentzioen I. Protokolo gehigarriaren 51. artikulua.
  20. Moreno-Ocampo 2005-02-09, 5. or. .
  21. Genevako Konbentzioetako I. Protokolo Gehigarriaren 52. artikuluak helburu militarraren definizio zabala eskaintzen du: «Objektuei dagokienez, helburu militarrak objektu hauetara mugatzen dira: izaera, kokapen, xede edo erabileragatik ekarpen eraginkorra egiten diotenak ekintza militarrari, eta haien suntsiketa osoak edo partzialak, harrapaketak edo neutralizazioak, une horretan nagusi diren inguruabarretan, behin betiko abantaila militarra eskaintzen badu.[20]
  22. Moreno-Ocampo 2005-02-09, 4-5. or. .
  23. Greenberg 2011.
  24. (Ingelesez) Sabel, Robbie. (2023-12-18). «International Law and the Conflict in Gaza» Israel Journal of Foreign Affairs 17 (3): 260-264. or.  doi:10.1080/23739770.2023.2289272. ISSN 2373-9789. (kontsulta data: 2026-03-31).
  25. 1 2 (Ingelesez) Droege, Cordula. (2024-07-18). «War and what we make of the law» Humanitarian Law & Policy Blog (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-31).
  26. (Ingelesez) Parrillo, Vincent N. (2008). «Collateral Damage» Encyclopedia of Social Problems (Thousand Oaks: SAGE Publications, Inc.)  doi:10.4135/9781412963930.n85. ISBN 978-1412941655. OCLC .198757125 (kontsulta data: 2026-03-31).
  27. (Ingelesez) «Project of an International Declaration concerning the Laws and Customs of War. Brussels, 27 August 1874» International Humanitarian Law Databases (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-31).
  28. (Ingelesez) «The Laws of War on Land. Oxford, 9 September 1880» International Humanitarian Law Databases (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-03-31).
  29. (Ingelesez) «The Hague Rules of Air Warfare» Law of War (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-02).
  30. (Frantsesez) «Protocole concernant la prohibition d'emploi à la guerre de gaz asphyxiants, toxiques ou similaires et de moyens bactériologiques. Genève, 17 juin 1925» Bases de données de Droit international humanitaire (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-02).
  31. (Frantsesez) «Projet de Convention pour la protection des populations civiles contre les nouveaux engins de guerre. Amsterdam, 1938» Bases de données de Droit international humanitaire (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-02).
  32. (Ingelesez) «Draft Convention for the Protection of Civilian Populations Against New Engines of War, Amsterdam, 1938.» Human Rights Library - University of Minnesota (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-02).
  33. (Frantsesez) «Protocole relatif aux restes explosifs de guerre (Protocole V à la Convention CAC de 1980), 28 novembre 2003» Bases de données de Droit international humanitaire (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-02).
  34. «San Remo Manual on International Law Applicable to Armed Conflict at Sea» ICRC (web.archive.org/) (kontsulta data: 2026-04-02).
  35. (Ingelesez) «Guidelines for Military Manuals and Instructions on the Protection of the Environment in Times of Armed Conflict» ICRC (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-02).
  36. (Ingelesez) United Nations. (1994). «Convention on the Safety of United Nations and Associated Personnel» Office of the Legal Affaris (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-02).
  37. (Frantsesez) «Licéité de la menace ou de l'emploi d'armes nucléaires» Cour Internationale de Justice (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-02).
  38. (Ingelesez) «Optional Protocol to the Convention on the Rights of the Child on the involvement of children in armed conflict» United Nations Treaty Collection (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-02).
  39. (Ingelesez) «Convention on Cluster Munitions» Cluster Convention (web.archive.org) (kontsulta data: 2026-04-02).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]