Gertrude Mary Cox

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Gertrude Mary Cox (Dayton, Iowa, 1900eko urtarrilaren 27a - Durham, Ipar Carolina, 1978ko urriaren 17a) emakumezko estatistikaria izan zen.

1925. urtean Ameseko Iowa State College delakoan matematika eta estatistika ikasten hasi zen, 1931. urtera arte. Ondoren, 1933. urtera arte Berkeleyko Californiako Unibertsitatera sartu zen, bere ikasketak sakontzearren. Ondoren Iowa State College delakora itzuli zen, bertan sortu berria zen estatistika laborategian lan egiteko. Bertan, unibertsitateko irakasle moduan ere lan egin zuen. 1940. urteaz geroztik, Ipar Carolinako Estatu Unibertsitatean irakasle eta ikerlari aritu zen.

1949. urtean International Statistical Institute estatistika erakunderako aukeratu zen lehenengo emakumea izan zen.

Ospetsua da William Gemmell Cochran estatistikariarekin batera 1950. urtean idatzi zuen estatistikan klasiko bihurtu den Experimental Designs liburuarengatik.

1960. urtean bere azken lanpostua izango zen horretan hasi zen, ikerlari buru moduan Ipar Carolinako Durhameko ikerketa zentro batean, 1964. urtean erretiroa hartu zuenera arte. 1978. urtean hil zen leuzemiak jota.