Getak


Getak (grekoz Γέται,, singularrean, Γέτης; latinez, Getae eta Gete, hurrenez hurren), antzinako idazleen idatzietan, Danubioaren ondoan bizi zen Traziako lurraldeko tribua zen, batez ere ibaiaren hegoaldean, gaur egungo Bulgaria iparraldean, eta Munteniako lautadan eta Dobrujan, (Muntenia eta Dobruja probintziak) —Errumaniako bi probintzia historikotan—.
Getak eta daziarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Historialarien artean eztabaida dago getak eta daziarren arteko erlazio mailaren inguruan. Lucien Boia historialari errumaniarrak argudiatzen du antzinako idazleek bi herriak bereizten zituztela, eta traziar talde bitan banatu zituztela, nahiz eta Marko Juniano Justinok, K.o. II.mendeko historialariak esan zuen daziarren estatuak getek osatuta zirela. Historiografia errumaniarrak «geto-daziar» esamoldea asmatu zuen talde bakar bakarrean biltzeko bi herri izenak. Teoria hori Estrabonen pasarte batean oinarritzen da, bere Geografian, bi herriek hizkuntza bera hitz egiten zutela idatzi baitzuen. Horren kontra dago Lucien Boia, eta argudiatzen du inozoa litzatekeela pentsatze Estrabonek traziar dialektoak hain ongi ezagutzen zituela.
Juan Ramón Carbó Garcíarentzat, antzinako iturriek aho batez adierazten dute getak eta daziarrak herri bakarra eta bera zirela, eta haien arteko ezberdintasunak eskualdekoak zirela. Estrabon geografo greziarrak bere izenen eta kokapen geografikoaren arteko aldea azaltzen du. Bada, getak izena ematen zitzaienak ekialdean zeuden, itsasaldean, eta daziarrak mendebaldean.[1]
Herodotoren arabera (iv, 93), getak «tribu traziarren artena ausartenak eta bidezkoenak» ziren. Pertsiarrek, Dario Handiak gidaturik, herri eszitiarren kontrako kanpaina hasi zutenean, Balkanetako traziar tribuek amore eman zioten Dariori, borroka egin gabe. Errenditu zirenak Salmideson bizi ziren traziar eskirmiadarrak eta Apolonia eta Mesenbriako iparraldean zeuden traziar nipsearrak ziren. Getek bakarrik eutsi zioten, eta pertsiarrek berehala mendean hatu zituzten.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Getak beti herri gerlari hutsak zirela uste izan bada ere, diplomazia egiteko gai ere baziren. Traziako Lisimako erregea Danubioko iparraldean bizi ziren getak konkistatzen saiatu zenean, garaitua izan zen. Lisimakok bi aldiz gurutzatu zuen Danubio ibaia geen aurka borroka egiteko eta K.a. 292. urtean garaitua izan zen eta atxilo hartu zuten.
Dromiketes errege getak preso hartu eta ondo tratatu zuen eta Lisimakori sinetsarazi zion hobe zela getak aliatutzat edukitzea etsaitzat baino, eta askatu egin zuen.Geten jainko nagusiak Zalmoksis eta Gebeleikis ziren. Herodotok hau kontatzen du IV. liburuan:
| « | ... getak hilezkorrak direla uste dute... hiltzeko orduan Zalmoksisekin biltzen direla (batzuek Gebeleikis esaten diote). Lau urtean behin mezulari bat bidaltzen dute, zozketaz aukeratua, Zalmoksisekin hitz egitera... hura bidaltzeko ardura dutenek hiru azkon dituzte, eta beste batzuek, berriz, eskuetatik eta oinetatik heltzen dute, eta airean kulunkatu ondoren, azkonen gainera botatzen dute. Baldin, logikoa denez, mezularia zeharkaturik hiltzen bada, jainkotasuna egokia zaiela uste dute. Baina hiltzen ez bada, iraindu egiten dute eta gaiztoa dela esaten dute... Trumoi edo burrunba egiten duen bakoitzean geziak jaurtitzen dituzte airera, zeruarekin haserre, jainkoa mehatxatzen duten bitartean.[2] | » |
Plinio Zaharrak bere Naturalis Historian tiragetak izeneko tribu bat aipatzen du, dirudienez Tira ibaian (gaur egungo Dniesterra) bizi zen tribu bat. Etnonimoa Tira eta Getak konbinatzetik dator.
K.o. IV. mendearen amaieran, Klaudianok, Honorio enperadorearen gorteko poetak eta Estilikon patrizioak, geta etnonimoa erabili ohi zuten bisigodoak poetikoki aipatzeko.
Getak eta godoen arteko nahasmendua iturrietan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinaro Berantiarrean Erdi Aroko historiografian, godoak eta getak nahastu egin ziren, adibidez Orosioren (IV-V- mendeak), Jordanesen (K.o. VI. medena) eta Alfontso X. Gaztelakoaren lanetan, eta horren ondorioz, “Beste herri batzuetako mitoak, legeak eta historia godoen historian sartu ziren, haien iragana handitzeko, justifikatzeko eta legitimazio sozial eta politikorako modu gisa. Bisigodoak Hispanian finkatu eta Isidoro Sibiliakoarekin nazio gotikoaren ideia eratu zenean, geten eta daziarren historiaren zati bat Espainiako historia nazionalean txertatuko zen”.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Carbó García, Juan Ramón. (2001). «Sobre la correcta denominación de los pueblos tracios del norte: dacios y getas» Florentia Iliberritana: Revista de estudios de Antigüedad Clásica (12): 97–115. ISSN 1131-8848. (kontsulta data: 2025-11-09).
- ↑ Herodoto, iv, 94, 2-4.
- ↑ (Gaztelaniaz) Juan Ramón Carbó García. (2004). «Godos y Getas en la historiografía de la tardoantigüedad y del medievo: un problema de identidad y de legitimación socio-política» Studia Historica. Historia Antigua 22 ISSN 2530-4100. (kontsulta data: 2025-11-11).
Kanpo-loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Klaudiano: Geten aurkako gerra. Frantses testua Philippe Remacleren web gunean (1944 - 2011): Charles Héguin de Guerlek (1792 – 1881) eta Alphonse Trognonek itzulia; arg. Charles-Louis-Fleury Panckoucke-ren (1780 - 1844) 1838koa, Parisen.