Edukira joan

Iturritxikiko urka

Koordenatuak: 43°17′59″N 2°11′56″W / 43.29984124°N 2.19891384°W / 43.29984124; -2.19891384
Wikipedia, Entziklopedia askea
Getariako manillak» orritik birbideratua)
Iturritxikiko urka
Map
Motaontzi-hondar
Data1520(e)ko hamarkada
HerrialdeaEuskal Herria
Koordenatuak43°17′59″N 2°11′56″W / 43.29984124°N 2.19891384°W / 43.29984124; -2.19891384
KudeatzaileaFugger
Osatuta

Iturritxikiko urka Gipuzkoako Getarian 1520ko hamarkadan urperatutako urka bat da. Bertan aurkitutako kobrezko lingoteez gain, Afrikan esklaboak erosteko erabiltzen ziren hainbat manilla agertu dira, munduan horrelako kargamentua duen aurkikuntzarik zaharrena. Itsasontzia Flandriatik zetorren, eta litekeena da Getarian gordetzea denboraletik.

Lehen aipamena 1587koa da, Getariako arrantzaleek materialaren zati handi bat atera zutenekoa, baina gaur egungo aztarnategia 1987an aurkitu zen, lehenengo aurkikuntzatik lau mendera. Arkeologoak Getariako itsas-guduaren hondarrak bilatzen ari ziren merkataritza ontziaren karga aurkitu zutenean.

Getariako senadia San Anton mendiak babesten du itsaso irekitik, ohikoak diren ipar eta mendebaldeko enbatak moztuz.

Getaria Antzinarotik erabili da portu gisa, eta baliteke izena ere latineko Cetariatik etortzea, arrainaren kontserbak egiteko instalazio mota bat, nahiz eta horren lekukotza zuzenik ez dagoen[1]. Iturri klasikoek aipatzen dute barduliarren lurraldean bazela Menosca izeneko herri bat, baina ez dakigu zehatz non zegoen[2][3]. Zarauzko parrokiaren azpian aurkitutako erromatar garaiko aztarnetan oinarrituta proposatu da herria Zarautz eta bere inguruak zirela[4], baina Zarautzek ez du portu naturalik, beraz Getariako senadia izango litzateke portu naturala[5].

Ez dakigu Erdi Aroaren hasieran portu izaera mantendu ote zuen, baina Antso VII.a Nafarroakoak Donostiari forua eman zionean Getaria Ipuscuako portu nagusia zen[1]. 1200ean Gaztelak Gipuzkoa konkistatu zuen eta hortik gutxira Alfontso VIII.ak Getariari foruak berretsi zizkion, portu izaera berberarekin. 1270an Alfontso X.ak itsasontziak eta etxeak egiteko Gipuzkoako mendietako zura erabiltzeko baimena eman zien, eta nabarmena da marinelen herria zela, 1248an Sevillaren konkistan parte hartu eta 1327an itsasoan egindako zerbitzuen ondorioz zergak jaitsi zitzaizkielako[6][5]. 1397an Ipuscoako Ermandadea Getariako San Salbador elizan eratu zen[5]. 1452an portua hobetzeko lana egin zen, moila eta harri-lubeta berriarekin. 1490ean portua eta hiribildua elkartzeko kai-muturra egin zen, lehenago flyscharen gainean pasabide bat baino ez zena eraikiz eta San Anton betirako penintsula bilakatuta[7]. XVI. mendean, merkataritza eta arrantza helburuak zituen portuari izaera militarra gehitu zitzaion, Hondarribia eta Donostiarekin batera, Frantziaren erasoetatik babesteko helburuarekin. 1521ean Getariako gotorlekua eraiki zen, urka hondoratu zen garaitik oso gertu[5].

Urka eta Modernitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturritxikiko urka Modernitatearen hasierako testuinguruan ulertu behar da, Europako potentziak Esplorazioen Aroa abiatu eta sare komertzial berriak eratzen ari zirenean. Germaniako Erromatar Inperio Santua eta Portugalen arteko harremana Anberesen errotuta zegoen[8]. Portugalek, era berean, Ginea eta Minako Etxea eta Indiako Etxea sortu zituen, Tordesillasko Itunak esleitzen zion munduaren erdirako bidaiak Lisboatik kontrolatuz. Nurenberg eta Augsburgeko merkatariek Portugalek inportatutako espeziekin negoziatzeko etxeak sortu zituzten Lisboan, eta Manuel I.a Portugalgoak Privilégio dos Alemães izeneko merkataritza eskumen berezia eman zien[5][8]. Alemaniako hiri horien harreman komertzialen buru bankari ezagun batzuk egon ziren: Fugger, Imhoff, Hoechstetter eta Hirschvogel familiak[8][9]. Alemaniako etxe horiek piperbeltza erosten zuten nagusiki, eta trukean kobrea eta zilarra ematen zioten Portugalgo Moneta Etxeari, beharrezko metalak Afrikan zein Asian erosten jarraitu ahal izateko, Iturritxikiko urkan aurkitutako zirenen kasua[5].

Map
About OpenStreetMaps
Maps: terms of use
420km
261miles
Afrika, India
eta Amerikara bideak.
Banská Bystrica
Kobrearen ustezko jatorria.
Sevilla
Amerikako
merkataritzaren zentroa.
Lisboa
Asia eta Afrikako
merkataritzaren zentroa.
Anberes
Europa iparraldeko
porturik garrantzitsuena.
Iturritxikiko
urka
Iturritxikiko urkaren kokapena, Modernitate hasierako Europa mendebaldeko portu nagusiekiko (gorriz) eta bigarren mailako portuekiko (beltzez).

Karlos V.aren inperioan Sevillak lortu zuen Amerikara joateko nagusitasuna, baina porturik garrantzitsuena Anberes zen[10], eta bertatik igarotzen ziren Europako iparraldea eta hegoaldea batzen zituzten merkantziak. Batez ere Bilboko merkatariek bertan jarri zituzten postuak, eta Gaztelako artilea bertan saltzeko zein Europako ondasunak Gaztelan saltzeko bideak Anberes eta Bilbo lotzen zituen[11]. Getaria hirugarren mailako portu bat zen ondasunentzat, baina Anberes eta Bilbo, Lisboa edo Mediterraneorako bidea kabotaje bidez egin zitekeen, eta portu naturalek garrantzi handia zuten babeserako zein elikagaiak lortzeko. Anberes eta Lisboa arteko bide zuzenak bizpahiru hilabete har zitzakeen urka baten abiadura baxuan, eta horregatik, batzuetan, Nantes, Bordele, Baiona, Bilbo eta Coruñako portuak batzen zituzten urkek euren ibilbidean, portu horietan merkantziak utzita edo igota[5].

Lehen aipatutako bankari familiek meatzeak zituzten Europa barnealdean. Bertatik letoia, kobrea eta zilarra ustiatu, eta Anberesen porturatzen zituzten, lingote gisa edo jada eraldatutako objektuen forman. Lisboan lehorreratzen zituzten batez ere piperbeltza eta intxaur muskatuaren truke. Adibidez, Manuel I.aren erregealdian Flandriatik Lisboara 1.195.759 libra kobrezko manilla esportatu ziren, eta 10.538 kintal burdina. Flandriara 1.011 kintal piperbeltz eta 4.288 kintal pastela[12]. Lisboan utzitako metalek beste bidaia bat hasiko zuten, ondoren. Manillak Mendebaldeko Afrikan ondasunak erosteko ziren, maiz esklaboak, gerora Europan edo Amerikan saltzen zirenak, Atlantikoko esklabo merkataritzaren bidez. Beste metalezko objektu batzuk edo lingoteak Asian espeziak erosteko erabiltzen ziren. Iturritxikiko urkak bi motatako merkantziak garraiatzen zituen Lisboarantz.

1987an Getariako itsas-guduaren hondarrak aurkitzeko Iñaki Gutierrez eta Ignacio Etcheverry urpekariak badian murgildu ziren, eta lingote batzuk aurkitu zituzten, itsas-guduarenak baino 100 urte zaharragoak zirenak. Ikerketari ekin eta XVI. mendeko testigantzan aurkitu zituzten. Adibidez, 1587an Filipe II.a Espainiakoaren erregidoreei bidalitako gutun batean aipatzen da: "jakin dut duela hirurogeita hiru urte inguru Hiribildu horretako badian salgaiz betetako urka bat desagertu zela". 1588ko beste agiri batean esaten da: "Gerra kontseiluari jakinarazi zaio Gipuzkoako Probintziako Getaria Hiribilduaren erriberan (…) flandestar ontzi bat (…) aurkitu zela itsasoan (…) duela 66 urtetik gora paraje hartan galdu zena" eta "(...) aipatu aurkikuntzaren antzinatasunaren erakuskarien arabera pentsatzekoa da duela hirurogeita sei urte kostalde horretan galdu ziren Flandesetik etorritako zenbait ontzirena izango zela"[5]. Aipatzen diren datei eta aurkitutako Manuel I.a Portugalgoaren txanpon eta Karlos V.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoaren zigilu bat aurkitu direnez, ikerlariek uste dute 1522-1524 artean hondoratu zela urka hura. Urkak zabalak ziren, oso lauak, merkantzien garraiorako prestatuak, baina maniobratzeko zein azkar aritzeko gaitasun txikia zuten. Oro har, Europa iparraldean erabiltzen ziren, eta flandestarrak bereziki zabalak ziren[5]. Urkako eskifaia, normalean, itsasoko jendeak osatzen zuen; besteak beste, kapitaina, pilotua, maisuak eta kontramaisuak; zurginak eta istinkariak; merkatari edo faktoreak eta garraiatutako salgaiez arduratzen zen ikuskaria; arma-gizonak: kondestablea (artilleriaren eta munizioen arduraduna), bonbardaria, artillariak eta kanoilariak; jakizainak eta sukaldariak; barberuak eta zirujauak (osasun-langileak) eta marinelak, itsasmutilak eta morroiak[13][5]. Getarian urperatu zen urkak 200 eta 400 upel arteko zama eraman zezakeen, arruntak baino nabarmen handiagoa, baina horrek ere geldoagoa eta nabigatzen zailagoa egingo zuen. 20-30 metro arteko luzera, 7-10 metro arteko zabalera eta 4-6 metro arteko zingoa zuela kalkulatu dute[5].

Lehen aurkikuntza: 1587

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Getariako ikuspegia, San Anton mendiarekin, Altzako Harritik (erdian dagoen lurmuturra)[14], 1940 inguruan.

1452an, portu berria eraiki eta San Anton hiribilduarekin batu zenean, Joan II.a Gaztelakoak agindu zuen portuaren mantenua enkantean ateratzea, eta horren truke San Anton uharteko, San Pedro Ugarte baseliza eta Altzako Harriaren[15] artean zegoen lekua[16], hau da, Malkorbe deitzen den senadi osoan arrantza egiteko pribilegioa saltzea. 1560tik aurrera Domingo Camposek eta bere familiak monopolizatu zuten enkante hura, bakarka edo beste familiaren batekin elkartuta. Arrantzan zirela korrokoiak, korrokoi bizkarbeltzak eta sardinak muga batetik aurrera harrapatuz gero, Kale Nagusiko pisuan saldu behar zituzten, derrigor, baina urte batean eraman ez zituztela eta, auzibidea ireki zuen Getariak[5]. Auzibide horri esker dakigu itsasontziaren berri bazutela, Camposek esan zuelako sareak bertan botatzen zituztenean, apurtzen zitzaizkiela eta kobre zatiak berreskuratzen zituztela, maiz oso sakonera txikian. Alkateak agindu zien Camposi eta bere marinelei aurkitzen zuten guztia hiribilduko maiordomoaren esku uzteko[17]. Urte berean Frantzisko Arriolak errepikatu zuen salgai horiek oso sakonera txikian zeudela[5]. Camposek argudiatu zuen arrantza eremuan berak errentan zuenez, bertan aurkitutako kobre eta letoia ere bere jabetzakoak zirela, eta berari arrantzan sortzen zion kaltearen truke horiek saltzea eskubidea eskatu zuen[5][18]. Jaberik gabeko arrastoak izanik, hainbatek argudiatu zuten koroarenak zirela, baina epaiak Camposen alde egin zuen, eta berari eman eskubidea aurkitutakoa saltzeko[5].

1587ko abenduaren 31an egindako inbentarioan esaten da 261 kintal eta 47 libra kobre atera zirela, lingote zein xafletan, baina Frantzisko Arriolaren testuan esaten da oraindik ere gehiago zegoela, eta guztia ateratzeko agindu zuen. Hala ere, argi dago ez zela guztia atera, 1987an egindako indusketan beste tona bat kobre lingote atera baitziren[5].

Bigarren aurkikuntza: 1987

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo aurkikuntza eta lau mendera, Etcheverry eta Gutierrez urpekariek hainbat lingote aurkitu zituzten[19], berez Getariako itsas-guduaren bila ari zirela, Malkorbeko hegoaldeko eremuan. Bertan badago erreka txiki bat, Iturritxiki izenekoa, eta horren izena jarri zioten aztarnategiari[20]. 1988[21] eta 1989an[22] bi indusketa egin ziren, eta bertan hainbat lingote aurkitu ziren. Horrela, ikusi zuten ez zela itsas-guduaren ondorioz urperatutako barku bat, baizik eta merkataritzara lotutako bat. 1990ean lingote gehiago[23], manillak eta itsasoko tresneria aurkitu zituzten, konkrezio bati lotuak. Bonbardak, burdinazko-kanoi-balak, arpeu bat eta aingura aurkitu zituzten urte hartan[5][20]. 1992an egin zen indusketa kanpainan manilla gehiago, milaka orratz, beste aingura bat eta burdinazko objektu batzuk aurkitu ziren, tartean konpas bat, guztiak 100 x 75 metroko gune batean sakabanatuta[5][24].

Getarian aurkitutako 2. motako lingoteak, Gordailuan.

1587an lingote ugari atera bazituzten ere, 1987tik aurrera egindako azterketan oraindik lingote asko zeuden barreiatuta. Hiru motako lingoteak daude, bakoitza bere forma eta zigiluarekin. Lehenengo mota esferaerdi bat da, alderdi bat laua du eta bestea ganbila. Alde ganbilean jartzen zen zigilua, eta kasu honetan bi zigilu mota zeuden, baina biak Fugger familiaren armarria ziren, Augsburgen jatorria zuen bankari-familia. Namibia aurrean aurkitutako Bom Jesus itsasontziko lingoteekin bat datoz[5][25]. Mota honetako 21 lingote aurkitu ziren, 3.450 eta 11.780 gramo artekoak[5].

Bigarren motako lingoteak pisutsuagoak dira (4.040 eta 12.540 gramo artean) eta esferaerdia izanda ere, zapalagoak dira. Guztira 86 ale aurkitu ziren, zigilua alde zapalean zutela. Ez dago argi noren zigilua den, antza duen bakarra aurkitu baita, baina adituek uste dute Thurzó familiaren ikurra dela[5], Eslovakian meatzeak zituen Fugger familiaren bazkide hungariarra. Beste aukera bat badago, ordea, Ambrosius Hoechstetterren ekoizpenekoak izatea, 1522an oso aberatsa zen Augsburgotarra[5]. Hirugarren motak opil forma du, 2.500 eta 6.740 gramo arteko 65 ale aurkitu dira eta bigarren motako zigiluaren antzeko bat du[5].

Lingoteen konposizio kimikoak purutasun handiko lingoteak direla erakutsi du: kobrea % 94,75 eta % 99,38 artekoa da; lehenengo bi motetan ezpurutasunak berun, burdina eta nikelezkoak dira, eta hirugarrenean berun, artseniko eta antimoniozkoak. Azterketak bat datoz Bom Jesus itsasontzian aurkitutakoekin[25]. Berun kontzentrazioa handia da, eta izan liteke galdatzerakoan botatzea, prozesua errazteko, edo berariazkoa izatea arrokan[5]. Fabrikatzaile batzuek beruna bota ohi zuten pisua handitzeko, baina kalitate-zigilua zuten lingoteetan ez zen ohikoa[26].

Kobrea nondik zetorren jakitea ez da erraza, hiru lingote mota desberdin daudelako. Fugger familiak Tirolen kobrea eta zilarra ustiatzen zuen, eta hortik Alemaniara eraman ohi zuten, baina zati handi bat Venezian saltzen zen. Horregatik Thurzó familiari lotutako meatzaritza eremua da probableena[5]. 1494an sortu zuten fuggertarrek Johann Thurzorekin Merkataritza Hungariarra izeneko konpainia, gaur egun Eslovakiako Banská Bystrica inguruan zeuden kobre-hobiak ustiatzeko. Enpresa hori kapitalismoaren lehen aurrekari garrantzitsutzat jotzen da[27]. Eslovakiako meatzaritza gunean zilarra eta kobrea nahastuta zuten mea ustiatzen zuten, eta teknologia berri bati esker biak ustiatu ahal zituzten. Horretarako, Krakovia eta Silesiatik ekartzen zuten beruna behar zen, kobrearekin nahasten zutena. Fugger familiak, ondoren, mea hartu eta Hohenkirschen (Turingia) eta Arnoldsteinera (Karintia) eramaten zuten, eta han fintzen zuten, Elba, Oder eta Vistulatik jaitsiz Hanburgo, Lübeck eta Gdanskera, eta hortik Anberesera eramateko. Anberesko negozioa bilakatu zen euren ekintza zentroa 1494tik aurrera, eta kobre-merkataritzaren erdigunea zen[5][25].

Getariako manillak
Jatorria
Sorrera-urtea1520(e)ko hamarkada
Aurkikuntza lekuaMalkorbe
Ezaugarriak
Materiala(k)kobrea
Dimentsioak11,9 (diametro) × 87,9 (altuera) × 103,4 (zabalera) mm
Pisua305,79 gramo
Honen parte daEuskal Herriko historia 100 objektutan
Iturritxikiko urka
Kokapena
BildumaGordailua
Historia
Gertaera nabarmenak1520(e)ko hamarkada
hondoratze
Sakontzeko, irakurri: «Manilla»

Zamaren bigarren elementurik garrantzitsuena manillak ziren. Dirudienez upel baten barruan zigilatuta garraiatzen ziren, ehuneko taldetan. Manillak Afrikan salerosketa egiteko proto-txanpon bat ziren, palma-olio, urre, boli eta, batez ere Afrikako esklaboak erosteko erabiltzen zirenak[5][28]. Portugalek Afrika mendebaldeko esklaboen salerosketa monopolioa zuen, nahiz eta Genovako Errepublika eta Espainiako Inperioa ere saiatzen ziren trafiko horretan. Erosketa nola egiten zen sekretupean mantentzen zenez, 1587an kargaren parte hori aurkitu zutenean, getariarrek zirgilo gisa aipatu zuten, zer ote zenaren ezjakin. Dokumentazioan esaten da 600 zirgilo atera zituztela, denak letoizkoak; horri gehitu behar zaizkio oraingo indusketan ateratako beste 313 manillak[5]. Manillak nahiko ohikoak dira hainbat itsaspeko aztarnategitan, baina aurkitutako zaharrena Getarikoa da (berriena 1843koa da)[5].

Portugaldar bat eta tacoais motako manillak, XVI. mendeko Beningo brontzeetan, Leipzigeko Museo Etnografikoa.

Portugal bere inperioaren espantsioa hasi zuenean, aurkitu zuen Europan ohikoak ziren metalezko txanponak ez zirela trukerako baliagarriak Afrikako hainbat lekutan. Bertan eskumuturrean eramateko metalezko objektuek askoz sarbide handiagoa zuten, eta hortik abiatu zen manillen ekoizpena. Hala ere, zaila zen jakitea herri batean zein izango zen eredurik onena, edozein zen truke-balioa merkatu batetik bestera. Manilla motek izen oso desberdinak hartu zituzten lekuaren, itxuraren eta beste faktore batzuen arabera, eta Afrikako merkatuetan Abi, Atoni, Ejema, Mkoporo, Nkobnkob, Okombo, Okpowo, Onoudu eta Popo bezalako izenak zituzten. Getarian aurkitutakoak manilla handiak dira Mkoporoen antzekoak, eta Tacoais (singularrean, Tacoal) motan sailkatzen dira, Cabo Verden aurkitutako beste batzuk bezala[29]. Gehienbat Flandrian eta Alemanian ekoizten ziren lehenengo ereduak ziren, litekeena Schertz familiak[28], 300 gramo inguruko pisua zuten, eta loditze jarraitua zuten, ahalik eta muturretan eremurik lodiena izan arte[5]. Letoizkoak ziren, ni heren kobrea, %20 inguru zinka, %10 inguru beruna, eta silizio kopuru baztergarria zuten. Ziurrenik, beruna moldetik hartuko zuen[30]. Denborarekin, manillen tamaina eta pisua gutxitzen joan zen, beraz Tacoais motako manillak dira handienak, eredurik zaharrenetako bat baita.

Piratak, atzerriko potentzien erasoak edo marinelen matxinadak ohikoak ziren itsasoan, eta horregatik itsasontzi gehienek armamentua zeramaten gainean. Iturritxikiko urkan armamentua aurkitu da, baina euren egoera dela eta zaila da tipologia guztiz fintzea. Ohiko armetako bat bonbarda da, oso ohikoa merkataritza-itsasontzietan XVI. mendean. Maiz burdina eta kobrez fabrikatzen ziren, baina Getarian aurkitutako guztiak burdinurtuz egindako armak dira. Aurkitutako neurri txikiko kanoi bat bonbardeta bat da, metro eta erdi ingurukoa, burdinaz egindakoa. Kanoi-gurdiarekin fusionatuta zegoen, konkrezio oso zabalekin. Javier Lopezen arabera, Getariako armek antza handia dute Frisia hegoaldeko Kuinre gazteluko bonbardetekin[5]. Bonbarda osorik ez da aurkitu, baina bai bost bonbarda-ganbara, eta beste bi ganbara txikiago. Horietako baten harrizko kanoi bala bat zuen ertzean, ziurrenik bere munizioa. Bonbarda bakoitzak hainbat ganbara izaten zituen, egunean 5-8 tiro egiteko aukera izan zezaten[5].

Aurkitutako beste arma bat eskuko kanoi edo suzko makila da, suzko arma eramangarrien arbasoak, besoetan eramaten ziren bitartean kargatzen zirenak. Eskifaiak eramateko armadura piezak ere bazeramatzan barkuak, baina salgarriak ere izan zitezkeen. Armadura horiekin lotuta egon daitezkeen ezpatak aurkitu dira, larruzko zorroa eta sagar-heldulekuarekin[5].

Beste objektu batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurkitutako beste objektu metalikoen artean 760 eta 1.220 gramo arteko pisua duten pertzak daude, bata bestearen barruan sartu ahal zirenak[30]. 1587ko dokumentazioan esaten da hainbat pertza berreskuratu zirela, beraz baliteke kargamentuaren parte garrantzitsua izatea hori ere. Kobrezko pertzak Beninen merkaturatzen ziren, hor ere ondasunen zein esklaboen truke, eta horiek Fugger-Thurzóren Hungariako enpresan ekoizten ziren[5]. Helburu berbera edo marinelena izan zitekeen pitxer bat aurkitu zen ere, baina 1992an ekaitz baten ostean objektua itsas hondoan galdu zen[5].

Mertzeriarako erabilitako milaka orratz aurkitu ziren. Horiek Dortmunden eta Essenen ekoizten ziren, artilea kardatzeko erabiltzen zen letoizko alanbrearekin batera. Alanbrea upeletan sartuta garraiatzen zuten, baina ez da horrelakorik aurkitu indusketan, edo, gutxienez, ez da zaharberritutako objektuen artean aurkitu. Orratzekin batera titare bat aurkitu da, eraztun formakoa, erpuruan erabiltzeko modukoa.Ingalaterran urperatutako Mary Rose ontziko titareen oso antzekoa zenez, agian Getariakoa Nurenbergen ekoiztutakoa zen ere[5].

Indusketako beste harribitxi bat letoiz egindako nabigazio konpasa da, bereziki ondo kontserbatuta dagoena. Apur bat kurbatutako mutur dekoratuak ditu, eta zirkuluerdi bat eginez kurbatzen da, neurketak errazteko. Mary Rose ontzian oso antzekoa den bat aurkitu da, pilotuaren kamarotean. Konpas mota hori Herbehereetan egiten zela uste da[5]. Neurketak egiteko zunda bat, paper-labana bat eta pilula-ontzi batek osatzen dute eskifaiari lotutako tresnen katalogoa[5]. Bi txanpon baino ez dira aurkitu, bata Manuel I.aren cetil bat, bestea Alfontso V.a Aragoikoaren dinero bat.

Garai hartako itsasontzi gehienek lau aingura eramaten zituzten, horietako bat handiagoa, "itxaropenaren aingura" izenekoa, istriborren lotzen zena eta besteak galduz gero erabiltzen zena. Iturritxikin aingura handi bat eta beste txikiago batzuk aurkitu ziren. Handia itxaropenaren aingura zela uste dute, eta bertan utzi zen, atera beharrean, kontserbazio arazoak zituelako eta erreferentzia puntu gisa erabil zitekeelako hurrengo jardunaldietarako. Besteak konkrezioz estalita daudenez, ezin izan dira xehetasun gehiago lortu[5].

Kontserbazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasotik ateratako piezen kontserbazioa zaila da, gatza kentzeko instalazio handiak behar direlako, eta ondoren horien zaharberritzea prozesu konplexua izaten delako. Iturritxikiko urkatik ateratako guztia hainbat lekutan landu zen (San Telmon, Arrantzaleen Kofradian...) eta hortik Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitzara, lehenengo, Intxaurrondo auzoan zegoen gordailu arkeologikora, ondoren, eta, gaur egun, Gordailuan daude, ITU siglekin[5].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Alberdi Lonbide, Xabier; Aragón Ruano, Álvaro; Pérez Centeno, Jesús Manuel. (2005). «Quince años de investigaciones histórico-arqueológicas en torno a Getaria» Munibe. Antropología y Arqueología 57 ISSN 1132-2217. (kontsulta data: 2025-08-21).
  2. Emborujo, A., Ortiz de Urbina, E. & Santos, J.. (1992). «Reconstrucción paleogeográfica de autrigones, caristios y várdulos» Complutum (2): 449..
  3. Zaldua Etxabe, Luix Mari. (2020). Gipuzkoa antzinaroan : hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan. Euskaltzaindia, 26-46 or. ISBN 978-84-121889-6-7. PMC 1241067717. (kontsulta data: 2021-04-05).
  4. Ibáñez Etxeberria, Alex. (2003). Entre Menosca e Ipuscua: arqueología y territorio en el yacimiento de Santa María la Real de Zarautz (Gipuzkoa). ISBN 978-84-923033-4-2. (kontsulta data: 2024-03-18).
  5. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa ab ac ad ae af ag ah ai aj ak al am an Benito Dominguez, Ana María. (2022). ITURRITXIKI: Getariako badian murgildutako historia. Donostia: Aranzadi ISBN 978-84-17713-54-6. ISSN 2255-0437..
  6. (Gaztelaniaz) «datos.bne.es» datos.bne.es (kontsulta data: 2025-08-21).
  7. «estudio historico del puerto de getaria. Ana Maria Benito Dominguez. Elkar.eus» www.elkar.eus (kontsulta data: 2025-08-21).
  8. a b c Pohle, Jürgen. (2012-01-01). «O estabelecimento dos mercadores-banqueiros alemães em Lisboa no início do século XVI» O estabelecimento dos mercadores-banqueiros alemães em Lisboa no início do século XVI (kontsulta data: 2025-08-22).
  9. (Ingelesez) «The Commercial House of Hirschvogel | Encyclopaedia of Portuguese Expansion» eve.fcsh.unl.pt (kontsulta data: 2025-08-22).
  10. Stols, Eddy. (2001). Humanistas y jesuitas en los negocios brasileños de los Schetz, grandes negociantes de Amberes y banqueros de Carlos V. (kontsulta data: 2025-08-23).
  11. (Gaztelaniaz) Priotti, Jean-Philippe. (2003). «El comercio de los puertos vascos peninsulares con el noroeste europeo durante el siglo XVI» Itsas memoria: revista de estudios marítimos del País Vasco (4) ISSN 1136-4963. (kontsulta data: 2025-08-23).
  12. (Gaztelaniaz) «ÉTUDE SUR LES COLONIES MERCHANDES MÉRIDIONALES. Goris, J.A.» libreriaclio (kontsulta data: 2025-08-23).
  13. Manera Regueyra, Enrique, ed. (1981). El buque en la Armada española. Silex ISBN 978-84-85041-50-3. (kontsulta data: 2025-08-21).
  14. «Altzako Harria - geoEuskadi» www.geo.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-12-29).
  15. «Altzako Harria GeoEuskadin» www.geo.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-08-21).
  16. «La Getaria de Elcano (1487-1526)» Euskal Itsas Museoa (kontsulta data: 2025-08-21).
  17. SAO: AG, 0649
  18. SAO: AG, 204.
  19. «Getarin itsaspeko berrikuste arkeologikoak» Arkeoikuska: 75-76..
  20. a b (Gaztelaniaz) «La memoria sumergida» Euskal Itsas Museoa (kontsulta data: 2025-08-23).
  21. Benito Dominguez, Ana M.. (1989). «Urpeko miaketa Getarian» Arkeoikuska: 58-59..
  22. Benito Dominguez, Ana M.. (1990). «Iturritxiki» Arkeoikuska: 100-101..
  23. Benito Dominguez, Ana M.. (1991). «Iturritxiki» Arkeoikuska: 94-95..
  24. Benito Dominguez, Ana M.. (1993). «Iturritxiki» Arkeoikuska: 233-237..
  25. a b c (Ingelesez) Hauptmann, Andreas; Schneider, Gabi; Bartels, Christoph. (2016-01-12). «The Shipwreck of Bom Jesus, AD 1533: Fugger Copper in Namibia» Journal of African Archaeology 14 (2): 184–207.  doi:10.3213/2191-5784-10288. ISSN 1612-1651. (kontsulta data: 2025-08-23).
  26. (Ingelesez) Chirikure, Shadreck; Sinamai, Ashton; Goagoses, Esther; Mubusisi, Marina; Ndoro, W.. (2010-10-01). «Maritime Archaeology and Trans-Oceanic Trade: A Case Study of the Oranjemund Shipwreck Cargo, Namibia» Journal of Maritime Archaeology 5 (1): 37–55.  doi:10.1007/s11457-010-9059-9. ISSN 1557-2293. (kontsulta data: 2025-08-23).
  27. Graulau, Jeannette. (2008). «Finance, Industry and Globalisation in the Early Modern Period: the Example of the Metallic Business of the House of Fugger» Rivista di Studi Politici Internazionali 75 (4 (300)): 554–598. ISSN 0035-6611. (kontsulta data: 2025-08-23).
  28. a b (Gaztelaniaz) Benito Dominguez, Ana María. (2024). «Las manillas de Iturritxiki (Getaria), referente de las manillas europeas para la trata en África.» NANS: noticiario de arqueología naútica y subacuática (2952-1149: Museo Nacional de Arqueología Subacuática) 2.
  29. Denk, Rolf. (2020). The West African Manilla Currency: research and securing of evidence from 1439-2019. (Édition révisée et augmentée. argitaraldia) Tredition ISBN 978-3-347-01539-5. (kontsulta data: 2025-08-23).
  30. a b Artica, M. I., & Benito, A. (2005). " Premonedas" portuguesas destinadas al comercio del oro en la Costa Africana en el siglo XVI: estudio de la" manillas" y calderos hallados en un pecio de Getaria (Guipúzcoa). Gaceta Numismática, (157), 63-81.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]