Edukira joan

Gibel

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gibela» orritik birbideratua)

Gibel
Xehetasunak
Honen parteDigestio-aparatua
Kokapenasabelaldeko barrunbea
Hona
drenatzen du
Bena hepatikoa
Hepatic lymph nodes (en) Itzuli
ArteriaArteria hepatiko propio
ZainaBena hepatikoa
NerbioaNerbio bago
celiac ganglia (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latinezhepar
MeSHA03.620
TAA05.8.01.001
FMA7197
Terminologia anatomikoa

Gibela sabelaren barruko organoa da, gizaki zein animali ornodun guztietan ageri dena. Digestio-aparatuaren osagaia da, eta abdomenaren eskuinaldean kokatuta dago, diafragmaren azpian. Bere inguruko organoak ondoko hauek dira: behazun-xixkua, heste lodia, heste meharra, urdaila, barea eta area edo pankrea.

Gibela ornodunetan bakarrik aurkitzen den organo metaboliko garrantzitsua da, eta funtzio biologiko ugari betetzen ditu, hala nola organismoaren desintoxikazioa eta digestiorako eta hazkuntzarako beharrezkoak diren proteina eta beste hainbat substantzia biokimikoen sintesia[1][2][3]. Bere beste funtzio metabolikoen artean daude karbohidratoen metabolismoa, hainbat hormona ekoiztea, glukosa eta glukogenoa gisako mantenugaien bihurketa eta biltegiratzea eta globulu gorrien deskonposizioa[3]. Terminologia anatomiko eta medikoak, askotan, hepat- aurrizkia erabiltzen du, grezierazko ἡπατο- hitzetik eratorria eta gibel esan nahi duena, hala nola hepatologia eta hepatitisa hitzetan[4].

Gibela digestio-organo osagarria ere bada, behazuna sortzen duena (kolesterola eta behazun-azidoak dituen fluido alkalinoa), eta horrek emultsionatu, eta gantzak deskonposatzen laguntzen du. Behazun-xixkua, gibelaren eskuineko lobuluaren azpian dagoen poltsa huts txiki bat, gibelak sortutako behazuna gordetzen eta kontzentratzen du, eta, geroago, duodenora kanporatzen da digestioa laguntzeko[5]. Gibelaren ehun oso espezializatuak, gehienbat hepatozitoz osatua, bolumen handiko erreakzio biokimiko ugari erregulatzen ditu, besteak beste, molekula organiko txiki eta konplexuen sintesia eta deskonposizioa, eta horietako asko beharrezkoak dira funtzio bizi-normaletarako[6]. Organoaren funtzio kopuru osoari buruzko kalkuluak aldatu egiten dira, baina, normalean, 500 inguru direla aipatzen da[7]. Hori dela eta, batzuetan, gibela gorputzaren fabrika kimiko gisa deskribatu izan da[8][9].

Ez da ezagutzen nola konpentsatu gibelaren funtzio falta epe luzera, nahiz eta epe laburreko gibeleko dialisi teknikak erabil daitezkeen. Gibelik ez dagoenerako, ez dira gibel artifizialak garatu epe luzerako ordezkapena sustatzeko. 2018tik aurrera, gibel-transplantea da gibel-gutxiegitasun osoa dagoen aukera bakarra[10].

Giza-gibelaren kokapena (gorriz)

Gibela eskuineko hipokondrioaren zati handi bat eta ezkerreko hipokondrioaren zati txiki batean kokatzen den gorri-marroi koloreko eta hiruki itxura duen organoa da. Urdailaren aurrealdean kokatuta dago, hura partzialki estaliz, eta, goialdetik, diafragmak estaltzen du. Saihetsek babesten dute, eta, arnasketarekin batera, haren kokapena aldatu egiten da. 1,5 kg-ko[11] batez besteko pisua eta 15 cm-ko[12] luzera du. Hortaz, gibela gorputzeko guruinik handiena eta gorputzaren barruko barrunbeetako organorik pisutsuena da.

Tamaina aldakortasun handia dago gizabanakoen artean, gizonezkoen erreferentzia-tarte estandarra 970-1.860 g zanik[13] eta emakumezkoena 600-1.770 g[14]. Barneko organorik astunena eta giza gorputzeko guruin handiena da. Sabel-barrunbearen goiko eskuineko koadrantean dago, diafragmaren azpian, urdailaren eskuinaldean eta behazun-xixkuaren gainean[5].

Gibela bi odol-hodi handitara konektatuta dago: arteria hepatikoa eta porta zaina. Arteria hepatikoak, aortatik, oxigenoan aberatsa den odola darama enbor zeliakoaren bidez, eta porta zainak, berriz, digeritutako mantenugaietan eta traktu gastrointestinal osotik datorren (baita bare eta pankreatik ere) aberatsa den odola[10]. Odol-hodi hoiriek kapilar txikietan banatzen dira, gibeleko sinusoide izenekoak, eta ondoren, lobulu hepatikoetara daramate.

Gibel-lobuluak gibelaren unitate funtzionalak dira. Lobulu bakoitza milioika hepatozitoz osatuta dago, eta horiek dira oinarrizko zelula metabolikoak. Lobuluak ehun konektibo fin, trinko, irregular eta fibroelastiko batek eusten ditu, gibel osoa estaltzen duen kapsula fibrosotik hedatzen dena, Glissonen kapsula izenez ezagutzen dena Francis Glisson mediku britainiarraren omenez[3]. Ehun hori gibelaren egituran zehar hedatzen da gibel-hilumeko odol-hodiekin, hodiekin eta nerbioekin batera. Gibelaren gainazal osoa, eremu biluzia izan ezik, Peritoneo edo baresaretik eratorritako geruza seroso batez estalita dago, eta hori Glissonen barneko kapsulari ondo itsasten zaio.

Anatomia makroskopikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurpegiak eta ertzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gibelak bi aurpegi ditu: diafragma aldeko aurpegia eta errai aldeko aurpegia. Gainera, hiru ertz ditu: aurrekoa, behekoa eta atzekoa.

Diafragma aldeko aurpegiak goiko, aurreko eta atzeko eremuak osatzen ditu. Oso aurpegi laua da, eta diafragmaren makurdurara egokitzen da. Eremu biluziaren hiruki itxurako zatia antzematen da, baina, bestela, gainazal guztia errai baresarez estalita dago; beraz, baresare barruko erraia dela esan daiteke. Horrek mugikortasuna eskaintzen dio organoari, eta gainerako organoekiko marruskadura txikitzen du.

Baresarea batu egiten da bi orriko lotailu faltziformea edo igitai itxurako lotailua eratzeko, eta, horren azken zatian, gibelaren lotailu borobila kokatzen da. Azken hori garapen enbrionarioko zilborreste zainaren arrastoa da. Lotailu faltziformearen edo igitai itxurako lotailuaren funtzioa gibela abdomenaren aurreko paretara lotzea da.

Lotailu horren bi orriak gibelaren goiko aldean banatzen dira koro lotailuak osatuz, eta horiek diafragma eta gibelaren artean zabalduko dira eremu biluzia mugatuz. Lotailu horiek eskuineko eta ezkerreko diafragma azpiko zokoguneak osatzen dituzte. Koro lotailuen amaieran, lotailu triangeluarrak eratzen dira. Lotailu horien funtzioa gibela diafragmara lotzea da.

Gibelaren goiko ikuspegia. Alde diafragmatikoa. Bi lobuluak (eskuinekoa eta ezkerrekoa) lotailu falziformearen bidez banatzen dira. Eremu biluzia antzematen da.

Diafragma aldeko aurpegian, igitai itxurako lotailuak banatzen dituen bi lobuluak antzeman daitezke: gibelaren eskuineko lobulua eta gibelaren ezkerreko lobulua.

Errai aldeko aurpegia ahurra da, eta ez da diafragma aldeko aurpegia bezain leuna. Ildo ezberdinak erakusten ditu:

  • Ezkerreko aurre-atzeko ildoa edo lotailu biribilaren arteka: Gibela goitik behera zeharkatzen duen ildoa da. Zain lotailuak (garapen enbrionarioan funtzionala den Arantiusen hodiaren arrastoa) haren goiko zatia eratzen du, eta lotailu biribilak (zilborreste zainaren aztarna), behekoa.
  • Eskuineko aurre-atzeko ildoa edo Cantlie-ren lerroa: Aurrealdetik behazun xixkua eta atzealdetik beheko kaba zainaren ildoak eratzen dute.
  • Zeharkako ildoa: Gibelaren hiloak eratzen du, eta beste bi ildoak lotzen ditu.

Errai aldeko aurpegian ikusten diren ildo horiek gibela-lobuluetan banatzen dute.

Gibela diafragma aldetik edo goitik aztertzerakoan, igitai itxurako lotailuak banatutako bi lobulu antzematen dira: gibelaren eskuineko lobulua, eta gibelaren ezkerreko lobulua.

Gibelaren errai aldeko aurpegia. Ildoak eta hauek banatzen dituzten lobuluak, aztarnak eta behazun xiskua ikusten dira.

Behetik edo errai aldeko aurpegitik behaketa egiterakoan, bertan dauden ildoek lau lobulu ezberdinetan banatzen dute gibela:

  • Ezkerreko lobulua: Ezkerreko aurre-atzeko ildoaren ezkerraldean aurkitzen da.
  • Lobulu buztanduna edo Spiegelen lobulua: Lobulu karratuaren atzealdean dago, eta, aurrealdetik, gibelaren hiloak; ezkerraldetik, zain-lotailuak, eta, eskuinaldetik, beheko kaba zainak mugatzen dute.
  • Tuber lobulua: Eskuineko aurre-atzeko ildoaren eskuinaldean dago.
  • Lobulu karratua: Behazun-xixkuak eskuinetik, lotailu biribilak ezkerraldetik eta gibelaren hiloak atzealdetik mugatzen dute.

Diafragma aldeko aurpegitik behatzerakoan ikusten dugun gibelaren eskuineko lobuluak eta errai aldeko aurpegitik lobulu buztanduna dagozkie Tuber lobuluari eta lobulu karratuari.

Gibelaren aztarnak.

Diafragma aldeko aurpegia leuna da. Errai aldeko aurpegian, berriz, hainbat egituren aztarnak antzematen dira. Ezker lobuluan, alde batetik urdailaren aztarna eta bestetik hestegorriko abdomen zatiaren aztarna ikus daiteke. Tuber lobuluan, lau aztarna daude. Lehenik eta behin, lobuluaren aurrealdean, zeharkako eta goranzko kolonarenarteko angeluak osatutako heste lodiaren aztarna kokatzen da. Eskuineko giltzurrunaren goiko poloak giltzurrunaren aztarna uzten du bestearen atzealdean. Giltzurrunaren aztarnaren erdialdean, duodenoaren beheranzko zatiak duodeno aztarna sortuko du, eta, horren atzetik, giltzurrun gaineko guruinaren aztarna ikusi daiteke.

Gibelaren anatomia mikroskopikoa

Anatomia mikroskopikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gibel lobulutxoak, zelulak, porta-zaina eta porta triada
Couinaud sailkapenean oinarritutako segmentu hepatikoak

Mikroskopikoki, gibel lobulu bakoitza lobulu hepatikoez eratuta dago. Lobuluak hexagono itxura dute, eta arteriaren, zainaren eta behazun hodiaren lehen mailako adarren bitartez, baskularizatuta daude.

Couinaud sailkapenak, izan ere, gibela kirurgikoki guztiz independenteak diren 8 segmentutan banatzen du; bigarren mailako behazun hodiren batez drainatuak eta porta zaina eta gibel-arteriaren adar batez odoleztatuak daudenak.

(A) Gibeleko behazuna behazun-hodien bidez jasoko da eta honek hodi-zistikoarekin bat egingo du behazun-xixkura heltzeko. Koledeko-hodiaren bitartez behazuna duodenora askatzen da. (B) Gibel lobulutxoa ageri da, eta bertan, porta triad

Segmentu horiek gibel lobulutxoez osatuta daude; horiek Kuppfer zelulaz eta hepatozitoz eratuta daude, eta lobulutxo bakoitzak erdiko zain bat du, zeinak, azkenean, gibel zainarekin bat egingo duen odola gibeletik ateratzeko.

Lobulutxoen artean, porta triada edo lobulutxo arteko hodiak daude; hau da, porta zainaren, gibel-arteriaren eta gibel-hodiaren bukaerazko adarrak (lobulutxo artekoak) leka berean sartuta.

Gibelaren hiloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gibelaren hiloa, gibelera sartzen diren odol hodiek eta gibeletik ateratzen diren behazun hodiek osatzen dute. Hilo hori osatzen duten hodi guztiak gibel duodenoetako lotailuaren barruan kokatuta daude; hau da, baresarez barrukoak dira. Gibelaren pedikuluan egitura bakoitzak bere lekua du:

Gibelaren hilioa eta bere osagaiak

Hiru egiturak ezkerreko eta eskuineko adarretan banatzen dira, eta adar horien bidez hornitutako gibel areak ezkerreko eta eskuineko lobulu funtzionalak dira. Geroxeago, adar bakoitza adarkatzen jarraitzen du segmentu guztietara sartzeko.

Gibelaren odol itzulia gibel-zainen bitartez egiten da, zeinak beheko kaba zainera drainatuko duten odola. 3 gibel-zain daude, eta haien adarkadurak porta zainarenekin gurutzatzen dira, baina ez dira nahasten. Gibel-zainak ez dira hilotik ateratzen; izan ere, ez dira pedikuluaren parte, eta, gibelaren atzealdetik, beheko kaba zainera doaz zuzenean.

Goi-ezkerraldean porta zaina ikus daiteke, hainbat adarren batuketaren ondorioz sortua.

Odola bi bide desberdinetatik heltzen da gibelera:

Zain hori bare-zainaren, beheko mesenterio-zainaren eta goiko mesenterio-zainaren batuketaren ondorioz sortzen da. Bareko, pankreako, behazun xixkuko eta abdomeneko digestio-hodiko zainen itzulera jasotzen du, eta gibelera bideratzen du odoleko mantenugaiak metabolizatuak izan daitezen. Gibelaren barnean, adarkatu egiten da odola gibelaren segmentu eta lobulutxo guztietara heldu dadin.

Gibelaren berezko arteria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arteria horrek gibelera odol oxigenatua garraiatzen du, eta bere jatorria enbor zeliakoa da. Horrek ematen dituen adarren artean, gibel-arteria batua dago, ondoren bi adarretan bananduko dena:

Urdail-duodenoetako arteria: Beherantz zuzentzen da piloroaren atzealdetik.

Enbor zeliakoa eta bere adarrak. Gibel-arteriak goi-ezkerraldean ikus daitezke.

Gibelaren berezko arteria: Gibelerantz abiatzen da, eta gibel-duodenoetako lotailuan sartuta dago.

Sortu bezain laster eta gibelean sartu gabe, azken arteria horrek eskuineko urdail-arteria (edo piloro-arteria) ematen du.

Gibelaren berezko arteria gibelaren pedikuluan sartzen da, eta porta zainaren azalaldean kokatua da. Gibelean sartu aurretik, bi adar ematen ditu gibelaren eskuineko eta ezkerreko lobuluak odoleztatzeko: eskuineko eta ezkerreko gibel-arteriak, hurrenez hurren. Eskuinekotik behazun-xixkura joango den arteria kistikoa sortzen da, gibelean sartzen ez dena. Eskuineko eta ezkerreko gibel-arteriak gibelaren barruan daudenean segmentu arterietan banatzen dira gibelaren segmentu eta lobulutxo guztiak odoleztatzeko.

Odol-itzulera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gibelaren berezko arteriaren zein porta zainaren odola sinusoideetara heltzen da. Odol hori gibel lobulutxoen zain zentralen bidez biltzen da. Zain horiek gibel-zainak eratzeko batuko dira, eta horiek gibelaren atzealdetik ateratzen dira zuzenean, beheko kaba zainean drainatzeko.

Gibelaren atzeko ikuspegia. Goian gibel-zainak agertzen dira, beheko kaba zainarekin batera.

Linfa itzulera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gibeleko linfa, linfa-hodien bidez, kiloaren zisternara (Pequet zisternara) heltzen da. Hori aortaren atzealdean kokatuta dago, L2 mailan, eta gorantz jarraitzen du torax-hodiaren bidez. Hodiak, aortarekin batera diafragma zeharkatu ondoren, torax barrunbe osoa zeharkatzen du. T5 mailan, ezkerrerantz zuzenduko da, eta bizkarrezurraren erdiguneko marra baino zertxobait ezkerralderago kokatzen da, aorta eta azigos artean, baita hestegorriaren atzean ere. Azkenean, ezkerreko besondo-buruetako enborrean drainatzen du.

Gibelaren inerbazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinapsi aurreko zuntzak T7-T10 arteko mailetatik sortzen dira, eta, nerbio esplakniko nagusi eta txikiaren bitartez, gongoil zeliakoetara iristen dira sinapsia egiteko.

Hortik aurrera, sinapsi osteko zuntzek enbor zeliakoak ematen dituen gibel-adarren ibilbidea jarraitzen dute.

Parasinpatikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inerbazio parasinpatikoa vagus nerbioak bakarrik ematen du. Sinapsi aurreko zuntzak vagus nerbiokoak dira, eta gibel, behazun xixku eta behazun-hodien inguruan antolatzen den gibel-plexura heltzen dira.

Plexua zuntz sinpatiko eta parasinpatikoz osatuta dago, baina bertan kokatzen diren gongoilak parasinpatikoak soilik dira. Azken finean, zuntz sinpatikoak ibilbidea bakarrik aprobetxatzen dute plexu horretan. Gongoil horietatik, sinapsi-osteko zuntzak sortuko dira, eta horiek gibelaren barrura sartzen diren odol hodien eta behazun hodien adarren ibilbidea aprobetxatzen dute gibelera sartzeko.

Gibelak eta behazun xixkuak mina ematen dute noizbehinka. Inerbazio sentikorra, nerbio sinpatikoek eta eskuineko diafragma nerbioak hartzen dute.

Izan ere, eskuinako diafragma-nerbioa gibelean sartzen da zuntz sinpatikoekin batera, eta koroa-lotailuak, igitai itxurako lotailua eta glisson-en kapsula inerbatzen ditu. Egitura horien distentsioak mina eragiten du.

Jatorri enbrionarioa[15]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gibelak jatorri enbrionario desberdineko aldeak izango ditu: mesodermotik eratorritako aldeak eta endodermotik eratorritakoak (hepatozitoen aldea).

Laugarren astean, gutxi gorabehera, gibela Septum Transversum izeneko mesodermo esplaknikotik garatuko da, eta horrek, aldi berean, gibelaren atal mesodermikoa eta diafragma muskulua garatuko ditu. Gibelaren atal mesodermotik, zelula berezi batzuk agertzen dira: Kupffer zelulak. Laugarren aste horretan ere, gibelak beste egitura mesodermiko bat garatuko du: odol-zainen sistemaren paretatik hartuko duena. Horiek sinusoide hepatikoetan ikusiko dira.

Seigarren astean, 3. osagaia sortzen da, lehenengo egitura endodermikoa izango duguna, horretatik, kordoi hepatikoak sortzen dira, eta hepatozitoak agertzen dira. Zelula hauek bi funtzio nagusi dituzte:

  • Ur biliarra jariatu. Hamabigarren astetik aurrera ikusiko da duodenoaren aldean. Nahiz eta digestio sistema erabiltzen ez den feto-enbrioia plazenta bidez elikatzen delako, bere sistema martxan ipintzen da, eta horregatik antzeman daiteke ur biliarra 12. astetik aurrera duodenoan.
  • Metabolismoaz arduratu.

Zuhaitz hepatikoak, kordoi hepatikoak sortzeaz aparte, bide biliar intrahepatikoak sortuko ditu. Horiek likido biliarra jariatzen dute zuhaitz hepatikotik sortzen den hodi batera.

Hodi horrek gibela konektatuko du duodenoaren erdiko aldearekin, eta Koledoko hodia edo Kanpoko bide biliarra deritzo. Hestearen aurre eta erdiko aldeak banatuko ditu.

Koledokoa izango da antzina zuhaitz hepatikoa izan dena, eta, esan bezala, ur biliarrak eramaten ditu gibeletik duodenoaren erdira. Biraketa ematen denean, koledoko hodia duodeno eta urdailaren atzetik pasatzen da, eta jaio zen lekuan bukatzen du, hau da, duodenoaren erdian.

Aurretik aipatu gisa, aldi berean, septum transversumetik diafragma muskulua ere sortzen da. Baresare orrialdeak, gibelaren goialdean estali gabeko leku bat mantentzen du gibelak eta goialdean dagoen diafragmak zelulak konpartitzen dituztelako (jatorri berdina daukate). Beraz, baresareak ezin du zelulen korronte hori eten. Eremu horretara estaldura peritoneala iristen ez denez, gibelaren eremu biluzia deritzo. Bertan, baresarea paretarantz islatzen da.

Gibelaren fisiologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gibela ornodunen eta beste zenbait animalien glandula handiena eta garrantzitsuenetarikoa da. Ezinbestekoak diren funtzio asko betetzen ditu gure organismoan: funtzio metabolikoa, immunea, hemostatikoa, desintoxikatzailea, digestiboa eta gordailu modura aritzea, besteak beste.[16][17]

Behazunaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Behazun xixkua

Behazuna gantzen xurgapenerako beharrezkoa den substantzia da. Gibelean sortzen da kolesteroletik eratorritako gatz biliarrak izanda behazun azidoaren osagai nagusiak. Behazuna gibeletik gibel-hodi batuaren bitartez irteten da behazun xixkura joateko. Behazun xixkuan metatzen da behazuna, eta, horra sartzeko eta irteteko, hodi kistikoa erabiliko du. Elikagaiak digeritu behar direnean, behazuna dudodenora jariatua izango da koledoko hodiaren bidez.

Metabolismoan, paper oso garrantzitsua jokatzen du gibelak:

Gluzidoen metabolismoan:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lipidoen metabolismoa:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Kolesterolaren sintesia: Zelulen mintzetan erabiltzeko eta gatz biliarrak osatzeko erabiltzen dena gehien bat.
  • Triglizeridoen sorrera.
  • Gluzido eta proteinen birmoldaketa gantz azidoak sortzeko.

Proteinen metabolismoa:

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gibeleko Küpffer zelulak

Funtzio immunologikoa[18][19]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Immunoglobulinen produkzioaren erantzule nagusia da. Horiek plasmara jariatzen dira, eta aktibatu egiten dira erantzun immunea sortzeko.
  • C proteinaren sorrera ere gibelean ematen da. Proteina horren sintesia, hanturazko prozesuetan, izugarri handitzen da.[20]

Prozesu desintoxikatzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Etanolaren prozesu metabolikoak ematen dira gibelean alkohol-deshidrogenasa entzimari esker.[21]
  • Toxinen neutralizazioa.
  • Farmako ugariren metabolizazioa ematen da. Parazetamola, adibidez, gibelean katabolizatzen da azido glukuronikoarekin batuz eta gernuaren bidez kanporatuz.
  • Amonioa urean transformatzen du. Prozesu desintoxikatzaile garrantzitsua da urea gernuan oso erraz kanporatzen delako eta amonioa, toxikoa izanda, azkar kanporatu behar da.
  • Bilirrubinaren metabolismoa. Hemoglobinaren degradazioaren ondorioz agertzen den substantzia da bilirrubina. Hori gibeleko behazunarekin kanporatzen da azido glukuronikoarekin konjokatu ostean.

Substantzien gordailua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hematopoiesia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Garapen enbriologikoaren lehenengo 12 asteetan, gibela da organo hematopoietiko nagusia. Aste horretatik aurrera, hezurrek funtzio hori hartuko dute.
A motako hepatitisaren birusa
Zirrosi hepatikoa

Gibelaren patologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Hepatitis:
    • A motakoa: hepatitis akutu mota ohikoena. A hepatitis birusak eragiten du, eta gizakietan agertzen da bakarrik.
    • B motakoa, C motakoa, D motakoa eta E motakoa. Birikoak dira guztiak.
    • Hepatitis ez birikoak.
  • Gaixotasun biliarrak
  • Gaixotasun autoimmuneak: Zirrosi biliar primarioa, hepatitis autoimmunea.
  • Wilson gaixotasuna eta hemokromatosia.
  • Bilirrubinarekin lotutako gaixotasun hepatikoak: Gilbert sindromea, Crigler-Najjar sindromea, Rotorren sindromea eta Dubin-Johnson sindromea, adibidez.
  • Hepatokartzinoma: Gibeleko minbiziari deritzo.
  • Hepatomegalia: Gibel handiegia izateari esaten zaio.
  • Gaixotasun baskularrak: Budd-Chiari sindromea, porta zainaren tronbosia...[23]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Elias, H.; Bengelsdorf, H.. (1952-07-01). «The Structure of the Liver in Vertebrates» Cells Tissues Organs 14 (4): 297–337.  doi:10.1159/000140715. PMID 14943381..
  2. Abdel-Misih, Sherif R.Z.; Bloomston, Mark. (2010). «Liver Anatomy» Surgical Clinics of North America 90 (4): 643–653.  doi:10.1016/j.suc.2010.04.017. PMID 20637938..
  3. a b c Anatomy and physiology of the liver – Canadian Cancer Society. Cancer.ca jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2015-06-26) (kontsulta data: 2015-06-26).
  4. Etymology online hepatic. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2013-12-15) (kontsulta data: 2013-12-12).
  5. a b Tortora, Gerard J.; Derrickson, Bryan H.. (2008). Principles of Anatomy and Physiology. (12.. argitaraldia) John Wiley & Sons, 945 or. ISBN 978-0-470-08471-7..
  6. Maton, Anthea; Jean Hopkins; Charles William McLaughlin; Susan Johnson; Maryanna Quon Warner; David LaHart; Jill D. Wright. (1993). Human Biology and Health. Englewood Cliffs, New Jersey, USA: Prentice Hall ISBN 978-0-13-981176-0. OCLC .32308337.
  7. Zakim, David; Boyer, Thomas D.. (2002). Hepatology: A Textbook of Liver Disease. (4.. argitaraldia) ISBN 978-0-7216-9051-3..
  8. (Ingelesez) Basics, Liver. «VA.gov | Veterans Affairs» www.hepatitis.va.gov (kontsulta data: 2024-07-15).
  9. (Ingelesez) «Function of the Liver» UPMC | Life Changing Medicine (kontsulta data: 2024-07-15).
  10. a b .
  11. Cotran, Ramzi S.; Kumar, Vinay; Fausto, Nelson; Nelso Fausto; Robbins, Stanley L.; Abbas, Abul K.. (2005). Robbins and Cotran pathologic basis of disease. (7th. argitaraldia) St. Louis, MO: Elsevier Saunders, 878 or. ISBN 978-0-7216-0187-8..
  12. «Enlarged liver» Mayo Clinic jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2017-03-21) (kontsulta data: 2017-03-29).
  13. Molina, D. Kimberley; DiMaio, Vincent J.M.. (2012). «Normal Organ Weights in Men» The American Journal of Forensic Medicine and Pathology 33 (4): 368–372.  doi:10.1097/PAF.0b013e31823d29ad. ISSN 0195-7910. PMID 22182984..
  14. Molina, D. Kimberley; DiMaio, Vincent J. M.. (2015). «Normal Organ Weights in Women» The American Journal of Forensic Medicine and Pathology 36 (3): 182–187.  doi:10.1097/PAF.0000000000000175. ISSN 0195-7910. PMID 26108038..
  15. (Gaztelaniaz) Sadler, T.W.. Embriologia Medica Langman. Wolters Kluwer ISBN 978-84-16353-48-4..
  16. «Wayback Machine» web.archive.org 2018-01-27 (kontsulta data: 2020-11-19).
  17. «Wayback Machine» web.archive.org 2017-05-17 (kontsulta data: 2020-11-19).
  18. Farreras-Rozman. (2017). Medicina Interna. .
  19. Clària, J.; Titos, E.. (2004-01). «La célula de Kupffer» Gastroenterología y Hepatología 27 (4): 264–273.  doi:10.1016/s0210-5705(03)70457-9. ISSN 0210-5705. (kontsulta data: 2020-11-19).
  20. Gómez Gerique, Juan Antonio.. (D.L. 2010). Proteina C reactiva como marcador de inflamación. Asociación Española de Farmacéuticos Analistas ISBN 978-84-613-7844-9. PMC 870108895. (kontsulta data: 2020-11-19).
  21. Fernández-Ruiz, Mario; González, Esther; Hernández, Eduardo; Praga, Manuel. (2017-02-03). «Síndrome nefrótico secundario a glomerulonefritis membranosa asociada al tratamiento con litio.» IBJ Clinical Pharmacology  doi:10.24217/2530-4984.17v1.00006. ISSN 2530-4984. (kontsulta data: 2020-11-19).
  22. Cusácovich Torres, Iván. Estudio de la prevalencia del hígado graso no alcohólico en Valladolid. Universidad de Valladolid (kontsulta data: 2020-11-19).
  23. Seijo, Susana; García-Pagán, Juan Carlos. (2012-06). «Trombosis venosa portal» Revista Española de Enfermedades Digestivas 104 (6): 330–330.  doi:10.4321/s1130-01082012000600010. ISSN 1130-0108. (kontsulta data: 2020-11-19).

Aipatutako lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Dorland's illustrated medical dictionary. (32.. argitaraldia) Philadelphia, PA: Elsevier / Saunders ISBN 978-1-4557-0985-4..
  • Young, Barbara; O'Dowd, Geraldine; Woodford, Phillip. (4 November 2013). Wheater's Functional Histology: A text and colour atlas. (6.. argitaraldia) Philadelphia, PA: Elsevier ISBN 978-0-7020-4747-3..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]