Muskulu

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gihar» orritik birbideratua)

Muskulu
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latinezsystema musculare
MeSHeta A10.690 A02.633 eta A10.690
TAA04.0.00.000
FMA5022 30316, 5022
Terminologia anatomikoa
Esternokleidomastoideoa, gizakiaren lepoko muskulua

Muskulua[1] edo giharra ehun muskularrez osaturiko organo uzkurgarria da. Muskuluetako zelulek zuntz uzkurtzaileak dituzte, bata bestearen artetik pasatu eta zelulen tamaina aldatzen dutenak. Muskuluaren unitate funtzional eta egiturazkoa zuntz muskularra da. Muskuluak eskeletoarekin erlazionatzen dira (muskulu eskeletikoak), edo hainbat organotako egituretan parte hartzen dute (errai-muskuluak)[2].

Muskulu hitza latinezko musculus hitzetik dator (mus, "arratoia" eta culus, "txikia"), erromatarrek esaten zutelako muskuluak arratoi-forma hartzen zuela uzkurtzean[2].

Muskuluak aponeurosi izeneko ehun konjuntibozko mintz batez inguratuta daude[2].

Muskulu-ehunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Funtsean, hiru muskulu-ehun mota daude: eskeletikoa, kardiakoa eta lisoa. Hirurek dute uzkurtasunaren propietatea, zelulek haien luzera murriztu eta handitzeko aukera ematen duena, baina desberdinak dira ezaugarri mikroskopikoengatik, kokapenagatik eta kontrakzioa erregulatzeko moduagatik. Uzkurdura hori borondatezkoa izan daiteke garunaren lobulu frontalean sortutako aginduen bidez, hau da, automatikoa, nahimenak esku hartu gabe, bihotzeko muskuluan edo hestearen hormako muskuluetan gertatzen den bezala[3]. Muskulu-ehuna miozito izeneko zelulek osatzen dute, eta gainerako ehunetatik bereizten duten lau propietate nagusi ditu[4]:

  • Kitzikagarritasun elektrikoa. Ehun muskularrak nerbio-sistemaren bulkada elektrikoak jasotzen ditu eta horiei erantzuten die mugimendua sortuz.
  • Uzkurgarritasuna. Kontrakzio-indarra izeneko tentsio batek sortzen duen laburtze-ahalmena da. Sortutako tentsioak erresistentzia gainditzen badu, mugimendu bat gertatzen da, muskulua kokatuta dagoen lekuaren arabera desberdina izango dena.
  • Hedagarritasuna. Muskuluak inolako kalterik jasan gabe zabaltzeko duen gaitasuna da. Propietate hori argi eta garbi ikus daiteke urdailaren muskulu-geruzan, digestio-prozesuan urdaila janariz betetzen denean nabarmen lasaitzen baita.
  • Elastikotasuna. Muskulu-ehunak uzkurtze-prozesuaren ondoren edo luzatu ondoren jatorrizko luzerara itzultzeko duen gaitasuna da.

Muskulu-ehuna eta hezurrak osatzen dituen hezur-ehuna alderatzen badira, erraz uler daiteke lau propietate horien garrantzia. Hezur-ehuna ez da kitzikagarria elektrikoki, ez du uzkurtzeko edo forma aldatzeko gaitasunik. Ezin da zabaldu, luzatu egiten bada hautsi egiten da haustura eraginez.

Muskulu-zelulak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskulu-ehuna osatzen duten zelulei miozitoak edo muskulu-zuntzak esaten zaie, luzangak direlako. Muskulu ildaskatuaren miozitoak oso luzeak dira, forma zilindrikoa dute eta nukleo anitzekoak daude, hau da, zelula bakoitzak nukleo ezberdinak ditu. Banakako muskulu-zuntzak faszikuluak osatuz taldekatzen dira. Zuntz bakoitza endomisio izeneko ehun konjuntibozko geruza batez inguratuta dago, faszikulu osoa perimisioan bilduta dagoen bitartean. Faszikulu batzuk elkartzen dira epimisioak inguratzen duen muskulu osoa osatzeko[5].

Muskulu-zuntzek barne-harizpi ugari dituzte, miozuntzexka izenekoak, zelularen ardatz nagusian paraleloki kokatuta daudenak eta ia zelula-masa osoa hartzen dutenak. Muskulu-zuntz lisoen miozuntzexkak homogeneoak dira itxuraz, baina muskulu ildaskatuarenak, aldiz, errefringentzia desberdineko eremuak dituzte, miozuntzexka osagai nagusien, miosina eta aktina proteinen banaketaren ondorioz.

Zelula muskularra inguratzen duen mintzari sarkolema esaten zaio, eta zitoplasmari, berriz, sarkoplasma. Aktina-harizpiak eta miosina-harizpiak dauden eskualdeak sarkomero izena du.

Plaka neuromuskularra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lotura neuromuskularraren eskema: 1. Axoia, 2.Sarkolema, 3.Besikula sinaptiko, 4. Azetilkolinaren errezeptorea, 5. Mitokondria

Plaka neuromuskularra edo lotura neuromuskularra neurona motorraren eta muskulu baten artean ezartzen den konexioa da[6]. Horren bidez, neuronak bulkada elektrikoak transmititzen dizkio muskulu-zuntzari, eta zuntz hori uzkurtu egiten da. Plaka neuromuskularrean bi zelulak parte hartzen dute: neurona motorrak (motoneurona) eta zelula muskularrak (miozitoa). Horien artean arraildura sinaptikoa deritzon espazio bat dago.

Nerbio-bulkada batek (eragiteko potentziala) neurona motore baten axoiaren bidez bidaiatzen duenean, bere ibilbidearen amaieran terminal-botoia deritzon eskualdera iristen da, non azetilkolina neurotransmisorea arraildura sinaptikora askatzen duen[7][8]. Azetilkolina muskulu-zelularen mintzarekin elkartzen da, eta mintzaren potentziala aldatzen du (despolarizazioa). Despolarizazioa zuntz osoan zehar hedatzen da eta haren uzkurdura eragiten du, azken erantzuna. Miozitoaren mintzaren despolarizazioa kaltzio-kanalak irekitzean sortzen da, eta kaltzio estrazelularrari zelula muskularrean sartzeko aukera ematen dio.

Uzkurgarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uzkurgarritasuna muskulu-zuntzek laburtzeko eta lodiagoak egiteko duten propietatea da. Hori posible da zelula bakoitzak aktina eta miosina izeneko bi proteina ezberdinez osatuta dauden zuntz ugari dituelako. Bi proteina mota horiek itxura desberdina dute, aktinazko harizpiak meheak eta kolore argikoak dira, eta miosinazkoak, berriz, kolore ilun eta lodikoak. Elkarren artean txandakatzen dira inbrikatuta, eskuetako hatzak lotzen direnean bezala[9].

Zuntz irristakorraren ereduaren arabera, atseden-egoeran, muskulu-zuntzak gainjartze-maila ertaina du aktina- eta miosina-harizpien artean; kontrakzio-egoeran, gainjartzeak gora egiten du; aldiz, muskulu-elongazioa gertatzen bada, gainjartzeak behera egiten du, eta nulua ere izan daiteke[10].

Uzkurdura motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uzkurdura motak
Uzkurdura isometrikoak edo estatikoak ez du mugimendurik sortzen, baina, muskuluan, tentsioa eta gastu energetikoa dago.
Uzkurdura isotonikoak edo dinamikoak mugimendua sortzen du.

Muskulu eskeletikoak lotuta daude hezurren muturretan tendoien bidez. Horregatik, muskuluak, laburtu ahal izateko, gainditu beharreko erresistentzia bat dago. Erresistentzia, aktibatutako muskuluan ezartzen den tentsioa baino handiagoa denean, hura ezin da laburtu, eta ez da mugimendurik sortzen; erresistentzia, sortutako tentsioa baino txikiagoa denean, berriz, karga zenbat eta txikiagoa izan orduan eta azkarrago laburtuko da. Uzkurdura terminoa muskuluko tentsioaren garapena izendatzeko erabiltzen da hemen, baina horrek ez du, nahitaez, esan nahi laburtzen denik, hori dagoen kanpo-erresistentziaren araberakoa baita. Azaldutakoa oinarri hartuta, kontrakzio mota bat baino gehiago egon daitezke, mugimendua eragiten duten ala ez kontuan hartuta[11]:

  • Uzkurdura isometrikoa edo estatikoa. Uzkurdura mota horretan, muskuluaren tentsioak ez du makurtzeko erresistentzia gainditzen. Muskuluaren luzera ez da murrizten, eta ez da mugimendurik sortzen, nahiz eta gastu energetikoa egon.
  • Uzkurdura isotonikoa edo dinamikoa. Aurrekoa ez bezala, muskulua laburtu edo luzatu egiten da. Uzkurdura isotonikoak dira ohikoenak eguneroko jardunean eta kirol gehienetan; izan ere, giharretako tentsioek muskulu jakin bateko muskulu-zuntzak laburtzea edo luzatzea eragin ohi dute. Bi motatakoa izan daiteke: kontzentrikoa edo eszentrikoa.
    • Isotoniko kontzentrikoa. Artikulazio-segmentuen artean, hurbilketa bat dago lan positibo bat sortuz. Indar aplikatua handiagoa da garaitzeko erresistentzian. Muskulua laburtu egiten da.
    • Isotoniko eszentrikoa. Uzkurdura mota horretan, artikulazio-segmentuak bereizi egiten dira, eta horrek lan negatiboa eragiten du. Aplikatutako indarra garaitzeko erresistentzia baino txikiagoa da. Muskulua luzatu egiten da.

Beste uzkurdura mota batzuk ere defini daitezke, baina, egia esan, lehen aipatutako oinarrizko hiru kontrakzioen konbinazioa baino ez dira:

  • Kontrakzio auxotonikoa. Uzkurdura isotonikoa eta isometrikoa proportzio desberdinetan konbinatzen dira. Uzkurdura horren adibide izan daiteke pisuak altxatzea banku batean.
  • Uzkurdura isozinetikoa. Abiadura finkoko eta irabazteko erresistentzia aldakorreko uzkurdura dinamiko mota bat da. Hiru kontrakzio-motaren konbinazioa da; lehenik eta behin, uzkurdura eszentrikoa; ondoren, gutxieneko isometria-denbora, eta amaierako lan-denbora zentrokidea.

Muskulu-zuntz eskeletikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miozuntzexka sarkomerorekin, bi Z ildaskaz mugatua.

Zuntz muskular ildaskatua forma zilindrikoko zelula luzanga bat da. 50 mikrako diametroa du, eta zenbait zentimetroko luzera har dezake. Hainbat zelularen fusioaren emaitza da, eta, beraz, nukleo ugari ditu bere kanpoaldean (zelula multinukleatua). Mintz batez bilduta dago, sarkolema deitzen dena, eta barnealdeari (zitoplasma), berriz, sarkoplasma esaten zaio[12].

Sarkoplasmak egitura luze ugari ditu (miozuntzexkak), modu trinkoan antolatuta daude, eta bi harizpi mota txandakatuz eratzen dira: Miosinaren molekula proteikoez osatutako harizpi lodiak eta aktinaren molekula proteikoez osatutako harizpi meheak. Bi harizpi mota horiek elkarren artean txandakatzen dira, muskulu-uzkurduraren arduraduna den egitura guztiz ordenatua osatuz. Miozuntzexka erregularki mozten dute Z ildaxkak deitzen diren kolore iluneko ildaxkek. Segidako bi Z ildaxken artean dagoen eremuak sarkomero izena du. Sarkomeroa muskulu-uzkurduraren oinarrizko unitatea da. Muskulu-zuntz bakoitzak sarkomero ugari ditu erregulartasun osoz ordenatutako multzo batean[12].

Muskulu eskeletikoko zuntz baten egitura.

Muskulu-tonua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskulu-tonuaren kontzeptuak tentsio arina eta konstantea deskribatzen du muskuluan, eta erresistentzia gisa agertzen da artikulazio bat modu pasiboan mobilizatzen saiatzen denean. Funtsezko funtzioa du postura mantentzeko, adibidez zutik edo bizkarrik gabeko banku batean eserita egoteko. Gehiegizko tonu muskularrari hipertonia deitzen zaio, eta bere jaitsiera hipotonia da[13].

Gorputz-jarrera jakin bat mantentzeko, nerbio-sistemaren jarduera jarraitua behar da, enborreko eta gorputz-adarretako muskulaturaren jarduera doitzeko; horrela, une bakoitzean, muskulu-tonua artikulazioen egoerara eta kanpoko kargak egotera egokitzen da, adibidez objektu astunak garraiatzen direnean.

Muskulu-zuntz eskeletiko motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskulu eskeletikoaren zeharkako ebaketa, 400 aldiz handitua.

Muskulu ildaskatuen zuntzak hainbat kategoriatan sailka daitezke: I. mota, II. mota eta IIa. mota.

  • I. mota. Uzkurdura moteleko zuntzak edo zuntz gorriak ere deituak, mioglobina ugari izateak eragiten die kolorea; diametro txikikoak dira; odol-hodi askok irrigatzen dituzte, eta, barruan, mitokondrio, ugari, baina oso glukogeno gutxikoak dira. Batez ere, intentsitate gutxiko uzkurdurak behar dituzten baina, denboran, oso luzeak diren jardueretan funtzionatzen dute, adibidez, gorputz-jarrerari eusteko. Mitokondrien ugaritasunak eta oxigenoa biltegiratzeko mioglobinak ematen dion gaitasunak eragiten dute bere prozesuetarako behar duen energia aerobio bidez lortzea, batez ere, Krebs zikloaren bidez[12]. Erraz nekatzen ez diren zuntzak dira, kontsumitutako materia-unitate bakoitzeko energia asko lortzen baitute.
  • II. mota. Uzkurdura azkarreko edo zuriak ere deituak. I. motako zuntzen aurkako ezaugarriak dituzte, eta mioglobina gutxi; diametroa handiagoa da; ez daude oso baskularizatuta; mitokondriarik gutxi dute, eta glukogeno asko. Organismoak, batez ere, iraupen gutxiko baina intentsitate handiko ariketetarako erabiltzen ditu. Oso sentiberak dira nekearen aurrean[12].
  • IIa mota. I. eta II. motakoen tarteko ezaugarriak dituzte. Pertsona batek egiten duen entrenamendu motaren arabera, IIa motako zuntzak I motako zuntz bihur daitezke indar luzeko ariketak nagusi badira, edo II motako zuntz bihur daitezke entrenamenduan jarduera muskular bizia baina iraupen laburrekoa (30 segundo eta 2 minutu artean) behar duten ariketak nagusi badira[12].

Energia-sistemak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sistema energetikoak organismoak (barnekoak) energia lortzeko erabiltzen dituen bide metabolikoak dira. Energia hori lan bat egiteko erabiltzen da, adibidez, kontrakzio muskularra (kanpokoa edo barrukoa).

  • ATP-PC sistema edo sistema anaerobiko alaktikoa. ATP eta fosfokreatinaren muskulu-erreserbak erabiltzen ditu, ez du oxigenorik behar, eta ez du azido laktikorik sortzen. Energia asko sortzen du denbora gutxian, baina erreserbak oso mugatuak dira.
  • Glukolisi anaerobikoa. Glukosa degradatzen du oxigenorik gabe energia lortuz eta azido laktikoa sortuz hondakin-substantzia gisa.
  • Sistema aerobiko edo oxidatiboa. Sistema nagusia da; zelularen mitokondrietan egiten da, eta energia asko sortzen du. Oxigenoa behar du, eta CO2 eta H2O hondakinak ekoizten ditu. Energia lortzeko, metodo hori da nagusi iraupen luzeko eta intentsitate txikiko jardueretan.

Muskulu-motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru muskulu mota daude: muskulu eskeletikoa, muskulu lisoa eta muskulu kardiakoa. Testu gehienetan, muskulu-sistema muskulu eskeletikoek soilik osatzen dutela jotzen da, eta horiek dira borondatezko mugimenduak ahalbidetzen dituztenak. Hala ere, batzuetan, muskulu lisoa eta gihar kardiakoa sistema horretan sartzen dira, nahiz eta haien funtzioak oso desberdinak izan, jarraian aipatuko dugun bezala.

Gihar ildaskatuaren egitura orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskulu baten sekzioa, non endomisioaren, perimisioaren eta epimisioaren egoera ikus daitekeen.

Gihar ildaskatuaren zuntz indibidualak endomisioa deitzen den ehun konjuntiboko geruza batez estalita daude. Zuntz batzuk multzokatu egiten dira, eta perimisioak estaltzen duen muskulu-faszikulu izeneko egitura handiagoa osatzen du. Azkenik, zenbait faszikulu elkartuk muskulu osoa osatzen dute, epimisioak estaltzen duena. Muskulu gehienak hezurrean txertatzen dira ehun zuntzez eta solidoz osatutako tendoien bidez, nolabaiteko elastikotasun-mailarekin. Ohikoena da muskuluaren mutur bakoitzean 2 tendoi egotea[12].

Funtzioaren eta kokapenaren arabera, muskuluen forma oso aldakorra da; gehienak luzanga edo fusiformeak dira, bizeps brakiala, esaterako, beste batzuk, berriz, lauak dira, hala nola sabelaldeko muskulu zuzena; batzuek abaniko forma dute, hala nola bularraldeko muskulu nagusiak. Muskulu batzuek forma bereziak dituzte, eta irekidura bat dute erdian barrunbe batera egokitzeko; besteak beste, ezpainetako muskulu orbikularra eta begietako muskulu orbikularra.

Muskuluaren egitekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Desberdinak dira muskulu motaren arabera: ildaskatua, lisoa edo kardiakoa.

  • Muskulu ildaskatuak: gorputz-mugimenduak eragiten dituzte, beroa sortzen dute, barne-organoen babes gisa balio dute, gorputz-jarrerari eustea ahalbidetzen dute[4].
  • Muskulu lauak: digestioan zehar hesteen eta urdailaren mugimendu peristaltikoak ahalbidetzen dituzte; begi-ninia dilatatzen dute; gernu-maskuria uzkurtzen dute mikzioan zehar; odol-hodien kalibrea handitzen edo gutxitzen dute, piloerekzioa sortzen dute, eta bronkioen kalibrea handitzen edo gutxitzen dute.
  • Muskulu kardiako edo bihotz-muskulua: Odolak higiarazten ditu zirkulazio-sistemaren bidez gorputzeko ehun guztietara irits dadin.

Muskulu ildaskatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Muskulu ildaskatu»
Txerri baten muskulu lisoaren zehar-ebakia.

Muskulu ildaskatua oinarrizko unitatea sarkomeroa duen muskulu mota bat da. Mikroskopio baten bidez ikusten denez, ildaskak ditu, aktinaz eta miosinaz osatutako banda argi eta ilunez osatuak. Ardatz-formako muskulu-zuntzez osatuta dago, mutur oso finekin, eta muskulu lisoak baino luzeagoekin.

Muskulu ildaskatuen funtzio nagusia borondatezko mugimenduak sortzea da. Beste funtzio bat gorputz-egonkortasuna mantentzea da, muskulu-tonua deitzen zaion uzkurdura partzial konstante eta mantendu bati esker. Bestalde, muskulu ildaskatuak dira gorputzeko bero-iturri nagusia, eta organismoaren tenperatura 37º zentigradutik hurbil mantentzen laguntzen dute[9].

Muskulu ildaskatuak animalia bilateral guztietan (ugaztunak, artropodoak, anelidoak...) eta ez-bilateral batzuetan aurki daitezke, adibidez ktenoforoetan eta knidarioetan. Bi talde horietan modu independentean eboluzionatu zuela uste da[14].

Muskulu lisoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Muskulu liso»
Muskulu lisoa mikroskopioan.

Muskulu lisoa, erraietakoa edo borondaterik-gabekoa ere esaten zaiona, ardatz-formako zelulek osatzen dute, eta nukleo zentral bat dute, beste edozein zelularen antzekoa; ez du zeharkako ildaskarik, nahiz eta luzetarako ildaxka txiki batzuk dituen. Muskulu leunak uzkurtzeko estimuluaren erdian nerbio-sistema begetatibo autonomoa dago. Muskulu lisoa ugaltze- eta iraitz-aparatuan, odol-hodietan, larruazalean eta barruko beste organo batzuetan dago.

Muskulu lisoaren funtzioak oso desberdinak dira kokapenaren arabera, digestio-hodia osatzen duten zuntzek mugimendu peristaltikoak uzkurtzean eragiten dituzte, odol-hodien paretetan daudenek hodien kalibrea gutxitzea edo handitzea eragiten dute uzkurtu edo erlaxatu ahala. Bronkioetan kokatutakoek kalibrea handitu edo gutxitu dezakete bronkioetan. Dermisean daudenak biloa tentetu ditzakete. Irisaren muskulu-zuntzek begi-niniaren dilatazioa edo konstrikzioa ahalbidetzen dute, inguruneko argitasun-mailaren arabera[9].

Muskulu kardiakoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bihotzaren muskuluek ekintza etengabea eta sinkronizatua dute.

Muskulu kardiakoa (miokardioak) bihotzaren pareta osatzen du. Muskulu ildaskatu mota bat da, ezaugarri berezi batzuk dituena. Bere funtzioa odola zirkulazio-sistemaren bidez ponpatzea da. Zelulak adarkatuta daude, sinzitio funtzional gisa ezagutzen den egitura bat osatuz; izan ere, lotura komunikatzaileen bidez konektatuta daude, eta lotura horiei disko interkalarrak deitzen zaie. Ondorioz, uzkurdura sinkronizatua izan daiteke. Bi sinzitio funtzional daude: batek aurikulak eratzen ditu eta besteak bentrikuluak.

Muskulu-indarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biologian, indarra da muskuluek erresistentzia bat gaindituz uzkurtzeko duten gaitasuna. Beharrezkoa da eguneroko jarduera gehienetarako; izan ere, mugimendu guztiak indar batek eragiten ditu, bai joan-etorriak egiteko beharrezkoak direnak, bai objektu astunagoak mugitzeko direnak. Indarraren kontzeptuaren barruan, hiru alderdi desberdin sartzen dira:

  • Gehieneko indarra. Une jakin batean ahalik eta indar handiena lortzeko gaitasunari egiten dio erreferentzia. Adibidez, karga bat jasotzean, zenbat eta pisu handiagoa jaso orduan eta handiagoa izango da gehieneko indarra. Harrijasotzaile batek jaso dezakeen pisu handieneko harria jasotzen duenean ematen da.
  • Indarra/erresistentzia. Indarrari ahalik eta denbora gehien eusteko edo askotan errepikatzeko gaitasuna da. Adibidez, objektu astun bat ondoz ondoko zenbat aldiz igo daitekeen. Harrijasotzaile batek pisu jakin bateko harria ondoz ondo hainbat aldiz jasotzen duenean ematen da.
  • Indar leherkorra. Kontzeptu hori indar jakin bat ahalik eta denbora laburrenean lortzeko gaitasunari dagokio, hau da, denbora laburragoan indar lehergarri handiagoa lortzeari. Harrijasotzaile batek harri jakin bat tiraldi batean jasotzeko denbora gutxien behar duenean ematen da.

Gizabanako jakin batek lor dezakeen indarra hainbat faktorerekin lotzen da; faktore horietako bat muskuluaren zeharkako sekzioa da. Muskulu batek 3 eta 4 kg arteko indarra sor dezake zeharkako sekzioko cm² bakoitzeko. Beraz, sekzio handieneko muskuluek garatzen dute indar handiena, nahiz eta muskuluaren tamaina handitzearekin batera ez den beti indar handiagoa izaten.

Muskulu-ehunaren konposizio kimikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskulu eskeletikoa % 75 urak eta % 20 proteinek osatzen dute. Gainerako % 5a gantzak, glukogenoa, sodioa, potasioa, kaltzioa eta fosforoa dira[15].

  • Ura: Muskuluaren pisuaren % 75 da.
  • Proteinak: Ehun muskularraren % 20ri dagozkio; besteak beste, honako hauek bereiz daitezke:
    • Miosina: Proteina muskularraren % 55 inguru da[15].
    • Aktina: Proteina muskularraren % 25 da[15].
    • Mioglobina: Hemoglobinaren oso antzeko hemoproteina muskularra da. 153 aminoazidoko kate polipeptidiko batek eta burdinazko atomo bat duen hemo talde batek osatzen dute. Mioglobinaren funtzioa oxigenoa biltegiratzea da.
    • Tropomiosina
    • Troponina-konplexua.
    • Distrofina: Muskuluaren proteina estruktural bat da, X kromosoman dagoen DMD geneak kodetua. Zelula muskularren mintzarekin bat egin eta uzkurdura-prozesuan, egitura zelularra mantentzeko funtzioa du. Distrofinarik ez izateak edo hura aldatzeak kalte larriak eragiten dizkio muskulu-ehunari. Proteina hori kodifikatzen duen genearen mutazio batek eragiten du Duchenneren muskulu-distrofia.
  • Karbohidratoak: Glukogenoa da talde honetako substantzia nagusia. Muskuluak glukogenoaren % 1 inguru dauka, eta glukosa biltegiratzeko erabiltzen da. Muskuluak jarduera areagotua egiten duenean, glukogeno-erreserbak mobilizatzen ditu, eta glukosa bihurtzen du. Glukosatik abiatuta, zelula muskularrak ATP sortzen du, eta hori da uzkurdura ahalbidetzen duen energia-iturria[16].
  • Lipidoak: Ehun muskularrak duen gantz kopurua aldatu egiten da elikadurarekin, eta desberdina da animalia-espeziearen arabera.
  • Konposatu ez-organikoak: Gatz ez-organiko garrantzitsuenen artean, sodio-gatzak daude, eta horien ioiekin lotuta daude kitzikagarritasuna eta uzkurdura. Potasioa, zeinaren ioiek giharren nekea atzeratzen baitute. Kaltzio ioia eta fosforoa.

Muskulu atrofia eta hipertrofia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskulu-hipertrofia.
  • Muskulu-atrofia: Muskulu-masa galtzean datza. Hainbat arrazoirengatik izan daiteke. Muskulu-atrofia gehien gertatzen den barietateetako bat da ez erabiltzeagatiko atrofia, hain zuzen ere, denbora luzez erabat edo partzialki immobilizatuta egoten diren pertsonengan gertatzen dena[17]. Hala ere, zuntz kopurua egonkor mantentzen da, eta, beraz, jarduerari berriz ekiten bazaio, muskuluak hasierako propietateak berreskuratzen ditu denbora gehiago edo gutxiago igaro ondoren[17].
  • Muskulu-hipertrofia: Hipertrofia terminoak organo baten tamaina handitzea adierazten du. Muskulu bati edo muskulu-talde bati erresistentziaren aurkako errepikapen-ariketak egiten zaizkionean, batez ere uzkurdura isometrikoko ariketak, muskuluak bere tamaina eta indarra handitzen ditu; hipertrofia aktiboa esaten zaion fenomenoa da. Prozesu horren arrazoi nagusia muskulu-zuntzen tamaina handitzea da, zuntz horien kopurua ez baita ia aldatzen. Fenomenoak iraunkorra iraun dezan, beharrezkoa da ariketa jarraitua egitea; bestela, zuntzak hasierako tamainara itzultzen dira, eta hipertrofia desagertu egiten da[18]. Kirolariengan hipertrofia muskularra artifizialki eragiteko, dopatzeko substantziak erabiltzea arriskutsua da, eta, muskuluetan eta tendoietan, lesioak eragin ditzake. Bestalde, helburu horrekin legez kontra erabiltzen diren produktu batzuek, anabolizatzaileek, besteak beste, kalteak eragin ditzakete barne-organoetan, hala nola gibelean eta giltzurrunean[19].

Muskulu gaixotasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Miopatia»

Giharretako gaixotasunak eta nahasmenduak askotarikoak dira, eta hainbat, etiologiakoak.

Anatomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Muskulu-sistema»
Gizakien muskulu-sistema.

Muskuluen eragina kokapenaren araberakoa da; non hasten diren eta non ezartzen direnaren arabera, mugimenduak eragingo dituzte. Euren funtzioa betetzeko, funtsezkoak dira muskulua inguratzen duen aponeurosia eta muskuluak hezurrei lotzeko zurdak. Muskuluen indarra zuntz-kopuruaren araberakoa da; zenbat eta zuntz gehiago uzkurtu, hainbat eta handiago da euren eragina eta, beraz, indar handiagoa izango du[2].

Giza gorputzean 639 muskulu daude gutxi gorabehera; ezinezkoa da, dena den, guztiak zenbatzea, aldakortasun handia dagoelako. Kokapena kontuan hartuz, azaleko muskulua eta sakoneko muskulua bereiz ditzakegu[2].

Itxuraren arabera, hainbat muskulu-mota daude: fusiformeak, lauak, poligastrikoak eta abar[2].

Mugimendu zehatz bat egiteko, muskulu laguntzaileek parte hartzen dute, sinergiko deitzen direnak kasu batzuetan, eta kontrako mugimendua eragiten dutenak edo antagonistak beste batzuetan[2].

Muskuluek uzkurtze-maila bat dute geldi gaudenean, jarrera mantentzeko, eta uzkurtze-maila hori tonu muskularra deitzen da[2].

Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muskuluen funtzioa erraz atzematen da azterketaren eta haztapenaren bidez. Alderdi anatomikoa ikusteko modua gorpuetan disekzioa egitea da, baina bizidunetan elektromiografia erabiltzen da. Elektrikoki kinadak ziztatzen dira muskuluetan, horrela, elektrodo batzuen bidez, zuntzen jarduera (indarra) neurtzeko[2].

Muskulua oso moldagarria da eta asko erabiliz gero hipertrofiatu egiten da eta, aldiz, gutxi erabiltzen denean atrofiatu egiten da. Horregatik oso organo moldagarria da, beharren arabera zuntzak gehitzen edo gutxitzen dituelako[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskararen Teminologia Batzordeak gomendatutako terminoa "Muskulua" da.
  2. a b c d e f g h i j Bidaurrazaga, Angel. «Muskulu» Zientzia eta Teknologia Hiztegi Berria (Elhuyar Fundazioa).
  3. «Estructura y función del músculo esquelético. Propiedades mecánicas pasivas y contractibilidad» web.archive.org 2007-07-01 (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  4. a b Tortora, Gerard J.. (2013). Principios de anatomía y fisiología. (13a ed. argitaraldia) ISBN 978-607-7743-78-1. PMC 853061345. (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  5. Palastanga, Nigel. (2000). Anatomía y movimiento humano : estructura y funcionamiento. (1. ed. argitaraldia) Editorial Paidotribo ISBN 84-8019-500-2. PMC 45619941. (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  6. Levitan, Irwin B.. (2015). The neuron : cell and molecular biology. (Fourth edition. argitaraldia) ISBN 978-0-19-977389-3. PMC 914328307. (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  7. (Ingelesez) Tiwari, Prashant; Dwivedi, Shubhangi; Singh, Mukesh Pratap; Mishra, Rahul; Chandy, Anish. (2013-10-01). «Basic and modern concepts on cholinergic receptor: A review» Asian Pacific Journal of Tropical Disease 3 (5): 413–420.  doi:10.1016/S2222-1808(13)60094-8. ISSN 2222-1808. PMC PMC4027320. (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  8. Lott, Erica L.; Jones, Elizabeth B.. (2022). «Cholinergic Toxicity» StatPearls (StatPearls Publishing) PMID 30969605. (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  9. a b c Cohen, Barbara J.. (2010). Memmler : el cuerpo humano salud y enfermedad. (11a ed. argitaraldia) Wolters Kluwer Health/Lippincott William & Wilkins ISBN 978-84-96921-56-6. PMC 667752573. (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  10. www.facmed.unam.mx (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  11. Fisiología veterinaria. James G. Cunningham
  12. a b c d e f El músculo esquelético. Informe. Federación Española de Enfermedades Neuromusculares. Consultado el 13 de abril de 2018
  13. López Chicharro, José. (2019). Fisiología del ejercicio. (3ª edición. argitaraldia) ISBN 978-84-9110-656-2. PMC 1272875017. (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  14. (Ingelesez) Steinmetz, Patrick R. H.; Kraus, Johanna E. M.; Larroux, Claire; Hammel, Jörg U.; Amon-Hassenzahl, Annette; Houliston, Evelyn; Wörheide, Gert; Nickel, Michael et al.. (2012-07). «Independent evolution of striated muscles in cnidarians and bilaterians» Nature 487 (7406): 231–234.  doi:10.1038/nature11180. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2022-09-01).
  15. a b c (Gaztelaniaz) «Análisis Estructural del Músculo Esquelético» Grupo Sobre Entrenamiento (G-SE) (Noiz kontsultatua: 2023-08-16).
  16. «EL AUTOR COMO PRODUCTOR.» Proveer o transformar. En torno a El autor como productor de Walter Benjamin (Dykinson): 137–160. 2021-12-30 ISBN 978-84-1122-256-3. (Noiz kontsultatua: 2023-08-16).
  17. a b Una visión desde la biología molecular a una deficiencia comúnmente encontrada en la práctica del fisioterapeuta: la atrofia muscular. Carolina Ramírez Ramírez. SALUD UIS. Consultado el 10 de abril de 2018
  18. Sepúlveda, Miguel. (2003-08-01). «Lesiones tumorales y pseudotumorales del sistema musculoesquelético: clínica y generalidades» Medwave 3 (7)  doi:10.5867/medwave.2003.07.3293. ISSN 0717-6384. (Noiz kontsultatua: 2023-08-16).
  19. Libro de la salud del Hospital Clínico de Barcelona y la fundación BBVA. Consultado el 13 de abril de 2018
  20. (Gaztelaniaz) Selva O’Callaghan, Albert; Trallero Araguás, Ernesto. (2008-09-01). «Miopatías inflamatorias. Dermatomiositis, polimiositis y miositis con cuerpos de inclusión» Reumatología Clínica 4 (5): 197–206.  doi:10.1016/S1699-258X(08)72464-1. ISSN 1699-258X. (Noiz kontsultatua: 2023-08-16).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]