Gilen Erregearen uhartea

Koordenatuak: 68°58′N 97°14′W / 68.97°N 97.23°W / 68.97; -97.23
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gilen erregearen uhartea» orritik birbideratua)
Gilen Erregearen uhartea
Datu orokorrak
Mendirik altuenaMount Matheson (en) Itzuli
Garaiera137 m
Motauharte
Luzera175 km
Azalera13.111 km²
EponimoaGilen IV.a Erresuma Batukoa
Geografia
Map
Koordenatuak68°58′N 97°14′W / 68.97°N 97.23°W / 68.97; -97.23
Honen parte daUhartedi Artikoa
KokapenaOzeano Artikoa
Estatu burujabe Kanada
Territory of Canada Nunavut
Ur-gorputzaOzeano Artikoa
Leku geografikoaUhartedi Artikoa

Gilen Erregearen uhartea[1] (ingelesez King William Island, inuktituteraz Qikiqtaq)[2] irla bat da Kitikmeot lurraldean kokatua, Nunavut-en, zeina Kanadako Uhartedi Artikoaren parte baita. Ingurua kontuan hartuta, Gilen Erregearen uhartea dago Adelaida penintsularen iparraldean, Boothia penintsularen mendebalean eta Viktoria uhartearen ekialdean. Eremuz 13.111 km2 ditu, eta horrek egiten du munduko 61. uharterik handiena eta Kanadako 15.a. Biztanleriari dagokionez, 2011n 1.279 biztanle zituen, eta denak Gjoa Haven herrian bizi dira, uharteko herri bakarra.[3]

Ezaguna da munduan bertan esplorazio-talde asko geratu zirelako Ipar-mendebaldeko pasaia zeharkatu guran zebiltzala, tartean Franklinen espedizio galdua eta berorren bila joandako asko eta asko.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James Ross estuguneak ipar-ekialdean eta Rae estuguneak ekialdean bereizten dute uhartea Boothia penintsulatik. Mendebalean Viktoria estuguneak banatzen du Viktoria uhartetik. Hegoaldean, berriz, Simpson estuguneak bereizten du Adelaide penintsulatik. Maud Erreginaren golkoa Gilen Erregearen uhartearen hego-mendebaldean dago.

Horra kostaldean zenbait gune aipagarri (erlojuaren noranzkoaren kontra, ipar muturretik hasita): Felix lurmuturra, Victory gunea eta Gore gunea, Le Vesconte gunea, Erebus badia, Crozier lurmuturra, Terror badia, Irving uharteak, Washington badia, Herschel lurmuturra, Gladman gunea, Simpson estugunerako sarbidea, Todd uhartetxoak, Gjoa Haven, Matheson penintsula, Latrobe badia, Norton lurmuturra, Matty uhartea, Tennent uharteak, Clarence uharteak, Felix lurmuturra.[4]

Basabizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhartea ezaguna da bertan bizi den karibu populazio handiagatik, zeinek uda bertan igarotzen baitute, udazkenean hegoaldera egin aurretik izotz gainean ibilita.

Zeregina Artikoaren esplorazioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

John Ross[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inuitak aspaldi bizi ziren uhartean, eta haien kultura egokitua zen muturreko ingurunera. 1830ean, John Ross britainiar esploratzaileak izendatu zuen "Gilen Erregearen lurraldea", Britainia Handiko erregearen omenez, Gilen IV.a; artean Ross-ek uste zuen penintsula bat zela. 1834an, George Back esploratzaileak ikusi zuen hegoaldeko kostaldea Chantry itsasadarretik, eta ohartu zen uharte bat zela.

John Franklin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamar urte geroago, John Franklin britainiar esploratzaileak espedizio bat zuzendu zuen Artikora. 1846an haren bi ontziak izotzak harrapatuta geratu ziren uhartearen iparmendebalean. Ontzi biak abandonatuta, bertako kide gehienak hil egin ziren goseak, gaixotasunek eta hotzak jota, saiatu bitartean hegoaldera egiten, Kanada kontinentalerantz. Franklinen bi gizon Hall gunean hilobiratu zituzten, uhartearen hegoaldeko kostaldean. Urte luzez uste izan da ontzi biak betiko galdu zirela, espedizio askok porrot egin zuten-eta haiek bilatzeko ahaleginean.

2014ko irailaren 9an, Stephen Harper Kanadako lehen ministroak iragarri zuen aurkitu zutela Franklinen ontzietako bat O’Reilly uhartearen iparrekialdeko uretan, Gilen Erregearen uharteko hegoaldean, eta oso egoera onean.[5] Urriaren hasieran identifikatu zuten ontzia, berau HMS Erebus baitzen.[6] Espedizioko beste ontzia, HMS Terror, 2016an antzeman zuten Terror badian, Gilen Erregearen uharteko hegomendebaleko kostaldean.[7]

Roald Amundsen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1903an, Roald Amundsen norvegiar esploratzaileak, Ipar-mendebaldeko pasaia aurkitu guran, James Ross estugunean zehar nabigatu zuen, eta geratu zen portu natural batean, uhartearen hegoaldeko kostaldean. Izotzagatik aurrera ezin egin eta, bertan igaro zituen 1903-1904 eta 1904-1905 urteetako neguak. Aldi hartan, Netsilik inuitek irakatsi zioten euren hizkuntza eta Artikoan zelan iraun bizirik. 1904ko udan erabili zuen Gjøa ontzia esplorazio-gune moduan, eta Boothia penintsulara eta Ipar Polo magnetikora egin zuen, txakurrek tiratutako elurleraz. 1905eko abuztuan, uhartean 22 hilabete eginda, Amundsen joan egin zen. Justu bera bizi izan zen portuan dago uharteko komunitate bakarra, Gjoa Haven. Geroago, Hego Polora egin zuen espedizioan, Amundsen-ek erabili zituen inuitek Artikoan erakutsitako trebetasunak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .
  2. «Wayback Machine» web.archive.org 2009-03-26 (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
  3. Government of Canada, Statistics Canada. (2012-02-08). «Statistics Canada: 2011 Census Profile» www12.statcan.gc.ca (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
  4. pubs.aina.ucalgary.ca (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
  5. (Ingelesez) Sep 09, CBC News · Posted:; September 10, 2014 7:20 AM ET | Last Updated:; 2014. «A mystery for 166 years, Franklin ship found 'perfectly preserved' on Arctic sea floor | CBC News» CBC (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
  6. (Ingelesez) Agencies. (2014-10-01). Canada identifies long lost British explorer ship. ISSN 0307-1235. (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).
  7. (Ingelesez) Watson, Paul. (2016-09-12). «Ship found in Arctic 168 years after doomed Northwest Passage attempt» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2019-01-10).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]