Gilgamexen epopeia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Gilgamexen epopeia
Jatorria
Sorrera-urteaK.a. 2100(e)ko hamarkada
Honen izena daramaGilgamex
Ezaugarriak
Genero artistikoaepopeia
HizkuntzaAkadera
Fikzioa

Gilgamexen epopeia Mesopotamiako idazki zaharrena eta ezagutzen den narrazio zaharrena da,[1] buztinezko 12 taulatan idatzia. Bertsio osatuena akadieraz idatzita dago, idazkera kuneiformean. Gilgamex Uruk hiriko erregea zen K.a. 2700 eta K.a. 2500 urteen inguruan, eta haren abenturak kontatzen ditu epopeiak. Literatura sumeriarraren partea da.[2] Epopeian Gilgameshen arerioetako baten aita bezala aipatzen den Kish hiriko Enmebaragesi erregearekin lotutako objektuen aurkikuntzak (K. a. 2600. urte ingurukoak), sinesgarritasuna eman dio Gilgamexen existentzia historikoari.

Poemak batez ere hiru gai nagusi lantzen ditu: gizakiaren heriotzaren zergatia, hilezkortasuna eta jainkoen jokabidea gizakiekiko. Hori dela eta, sekulako arrakasta izan zuen Ekialde Hurbilean K.a. I. mendera arte, azken batean gizakiarendako garrantzi handiko gaiak baitziren. Halaber, hartzaile nagusiak pertsona kultu, jakintsu eta zibilizatuak izan ziren. Izan ere, jorratzen ziren gaiek horrelako jendea eskatzen zuten; horrekin lotuta gogorarazi behar da filosofiaren sorrera Mesopotamian dagoela eta ez Grezian, uste izan den ez bezala.

Obraren bilakaerari dagokionez, K.a. 1600ean goiti-beheiti, biltzaile batek jatorrizko bost idazki nagusiak batu eta traskribatu zituen. Nolanahi ere, K.a. 650. urtean Asurbanipal erregearen aginduz egin zena bertsiorik erabiliena da. Eta harrigarria badirudi ere, mendebaldeko gizartera arras berant iritsi zen: bertsio horia 1845era arte ez zuten aurkitu, K.a. 612an Asurbanipal erregearen hiria suntsitu baitzuten eta mendeetan zehar egon baitzen isil-gordean; baina itzulpen-lanak 1872an hasi zituen George Smith britaniarrak.

Poemaren muina Gilgamexen laguna hil ondoren bere doluan dago. Kritikarien ustez, jainkoen hilezkortasunaren aurrean giza hilkortasuna azpimarratzen duen lehen literatur lana da. Olerki honek Uholde Handiaren kontakizunaren bertsio bat dakar, Bibliarena baino zaharragoa.[3]

Poemaren ezaugarri batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriz, lanaren izenburua "Sakonera ikusi zuena" (Sha naqba īmuru) edo "Beste errege guztien gainetik" (Shūtur eli sharrī) izan ziren, Gilgamexen izaera aparta aipatzen duten obraren abiaburutik hartutako bertsoak.

Poema buztinezko taulatxoetan idatzi zen, K. a. 2500-2000 urteen arteko idazkera kuneiformea erabiliz. Sumeriar hizkuntzako bertsio honek, bere kontserbazio eskasaren ondorioz, hutsune asko ditu. Sumeriar hizkuntzaz gain, geroagoko bertsioak kontserbatzen dira, akadia eta hitita hizkuntzetan, horiek ere partzialak. Lanaren edizio eta itzulpen modernoek material hori jasotzen dute, sumeriar bertsioaren hutsuneak osatzeko.

Kontserbatzen den bertsiorik osoena K. a. VII. mendeko Asurbanipal asiriar erregearen liburutegiko buztinezko hamabi taulotxoetan agertzen da. Lehenengo hamaika tabletek Gilgamexen Epopeia kontatzen dute, eta hamabigarrenak Enkidu infernuetara jaisteari buruzko poema independente bat du.[4]

Testuak ez ditu bertsoak bereizten, baina erritmoaren arabera, 3500 bertso inguru izan ditzake.

Adituek uste dute olerkia Gilgamex heroi eta errege mitikoari buruzko kondaira sail batean sortu zela, ziur asko Bigarren Dinastia Hasierako Aroaren amaieran (K. a. XXVII. mendean). Elezahar horietako batzuk bertsoz kontatuak izan ziren, eta ondoriozko poemak geroago muntatu ziren, lan zabalago bat sortuz.

Epopeiaren bosgarren taulatxoa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gilgamexen epopeia ezagutzeko hainbat iturri daude, Kristoren aurreko 2000 urte baino gehiagokoak. Lehen sumeriar poemak, gaur egun, historia ezberdintzat hartzen dira epopeia bakar baten zatien ordez. Antzinako Babiloniako buztinezko taulatxoak "Gilgameshen epikaren" kontakizun bakar batetik kontserbatzen diren zaharrenak dira.[5][6]

Niniveko Asurbanipal erregeak epopeia transkribatzeko agindua eman zuen. Errege horrek mundu ezaguneko dokumentu idatzi guztiak kopiatzeko ahalegina bultzatu zuen. L. a. 612. urte inguruan, Ninive inbaditzaileek suntsitu zuten eta mendetan galduta egon zen. 1845ean Austen Henry Layard esploratzaile britainiarrak hondakinak aurkitu zituen, Mosuletik gertu, egungo Iraken. Liburutegiko edukiari dagokionez, gaur egun 25.000 oholez osatutako zati txiki bat baino ez da gordetzen, Londresko British Museumen.

Antzinako babiloniar taulatxoak eta ondorengo akadierazko bertsioa iturri garrantzitsuak dira gaur egungo itzulpenetarako, eta lehenengo testuak batez ere ondorengo testuetan dauden hutsuneak betetzeko erabiltzen dira. Aurkikuntza berrietan oinarritutako bertsio berrikusi batzuk argitaratu badira ere, epopeia osatu gabe dago oraindik. Bertsio berriena, babiloniar bertsio estandarra ere esaten zaiona, hamabi taulatxoz osatuta dago, eta haren testua Sîn-lēqi-unninni asipuak transkribatuko zukeen K. a. 1300 eta K. a. 1000. urte artean.[7]

Idazkera kuneiformea zuten 15.000 taulatxo inguru Austen Henry Layardek, bere laguntzaile Hormuzd Rassamek eta William Loftusek 1850eko hamarkadaren hasieran aurkitu zituzten Niniveko Asurbanipalen Liburutegian. Hurrengo hamarkadaren amaieran, Museo Britainiarrak George Smith kontratatu zuen haiek aztertzeko. Smithek 1875 eta 1876an itzulpen osoagoak argitaratu zituen, eta horietako azkena The Chaldaean Account of Genesis bezala argitaratu zen.[8] Gilgamexen pertsonaia nagusia hasieran "Izdubar" bezala transkribatu zen, bere izenaren logograma kuneiformeak zehaztasunez ahoskatzeko aukera izan aurretik. 1891n, Paul Hauptek testu kuneiformea bildu zuen, eta, bederatzi urte geroago, Peter Jensen orientalistak edizio oso bat eman zuen; R. Campbell Thompsonek bi lanak eguneratu zituen 1930ean. Hurrengo bi hamarkadetan, Samuel Noah Kramerrek poema sumertarrak berrantolatu zituen.

Lehen Mundu Gerraren ondoren, lehen itzulpen fidagarriak agertu ziren, eta horrek intelektualen interesa piztu zuen, batez ere alemaniarrena: Rilke, Hermann Hesse, Thomas Mann eta Carl Gustav Jungek gogotsu hitz egin zuten hari buruz. Geroago, Gilgamex, bere zalantza existentzialekin eta heriotzarekiko beldurrarekin, Alemanian eta Estatu Batuetan fikziozko hainbat lanetan inspirazio iturri izan da; Gilgamex eta Enkiduren arteko harreman estua batzuetan maitasun homosexualtzat hartu izan da. Jorge Luis Borgesek bere Libro de sueños (1976) liburuan epopeiaren laburpen bat idatzi zuen eta bere Biblioteca Personal (1986) liburuan sartu eta hitzaurrea jarri zuen, hispaniar munduan zabaltzen laguntzeko.[9]

1998an, Theodore Kwasman estatubatuarrak epopeiaren lehen lerroak zituen pieza bat aurkitu zuen Britainiar Museoaren biltegian. Zatia 1878an aurkitu zen eta K.a. 600 eta K. a. 100 urte artean datatuta dago. Adituek berreskuratu zenetik mende bat baino gehiagoz ez zuten aztertu.[10]

Argumentua: 12 taulatxoen laburpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen sei taulatxoek ospearen bilaketa dute solasgai, eta hondar seiek, hilezkortasunarena.

Ospearen bila (1-6)

1. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poema Gilgamex Uruk-tarraren aurkezpenarekin hasten da. Munduko erregerik handiena da: bi zati jainkotiar ditu, eta zati bat, gizatiar. Aurkezpenak hjaren handitasuna eta garaipenak deskribatzen ditu, eta baita Uruk hiriaren adreiluzko hesiak ere. Hala ere, jendea ez zen zoriontsu, bertako emakumeak nahieran erabiltzen baitzituen. Poemaren hasmentan, Gilgamex errege bihozgabea da bere menekoekin, eta menekoak kexu ageri dira jainkoen aitzinean: asperturik daude erregearen sexu-gosearekin, Uruk hiriko hainbertze emakume bortxatu egiten baititu. Orduan, Ninhursag jainkosak Enkidu gizon basa sortu zuen, eta artzainak gogaikatzen hasi zen. Artzain bat Gilgamexenera joan zen kexuka, eta horrek Shamax prostituta sakratua bidali zuen. Enkiduk harekin harremanak izatean, bere izate basatia leuntzen du. Bien bitartean, Gilgamexek amets arraro batzuk ditu, eta bere amak iragarpen bat egiten dio: lagun on bat etorriko da harengana.

2. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enkidu eta Shamhat Uruken ezkontzeko atera dira. Gilgamex ezkontzara doa, Shamhatekin lo egiteko asmoaz, baina Enkiduk ez dio utzi. Biak borrokan hasi dira, eta azkenean, Gilgamexek amari Enkiduren ezagutza eman dio, eta familiakotzat hartu dute, Endikuk ez baitu halakorik. Orduan, Gilgamexek Zedroen Oihanera joatera gonbidatu du, arbola handi batzuk moztera, eta Humbaba munstroa hiltzeko asmoarekin. Enkidu ez dago ados, baina Gilgamexek konbentzitu egin du.

3. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gilgamex eta Endikuk basoko abentura prestatu dute. Gilgame-ek amari bere asmoak aitortu dizkio eta amak errieta egin dio, ados ez dagoelako eta laguntza eskatu dio Shamax eguzki jainkoari. Endikuri aholku bat eman dio.

4. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi lagunek basora egindako bidea deskribatzen du. Bidaian zehar Gilgamexek bost amesgaizto ditu, baina taulatxoa apurtuta dagoenez, zaila da zer-nolakoak izan ziren jakitea.

5. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finean, Humbaba zuhaitzen zaindariaren aurrera iritsi eta hark eraso egin die. Oraingoan, Gilgamex beldurtuta dago, baina Endikuren hitz batzuek hobeto sentiarazi dute eta bataila hasi da. Haren haserreak Libanoko Sirara mendiak mugitu ditu. Azkenean, Shamaxek bere hamahiru haizeak bidali ditu bi heroiak laguntzeko. Horrela, Humbaba garaitzen dute eta horrek bere biziagatik erregutu dio Gilgamexi. Bera gupidatu da baina Endiku, aldiz, haserretu eta hiltzeko eskatu dio. Humbabak Gilgamexi laguna konbentzitzeko eskatu dio, bizia barka diezaion. Endikuk berriz eskatu duenean, Humbabak madarikatu egin ditu. Heroiek zuhaitz erraldoi bat moztu dute, Endikuk haren zuraz jainkoentzako ate handi bat egin du eta ibaira bota.

6. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gilgamex eta Zeruko zezena.

Gilgamexek Ishka jainkosarekin sexu harremanak izatea deuseztu du, jainkosak lehenago beste batzuekin harremanak izan zituelako, Dumuzi-rekin, adibidez. Mendeku moduan, Ishkak Zeruko zezena bidaltzeko eskatu dio bere aita Anu-ri. Aitak ezezkoa eman dionean, Ishkak hildakoak altxatzearekin mehatxatu du. Aitak amore eman eta eskatutakoa bete du. Zeruko zezena izurrita da: badirudi nolabait urarekin zerikusia duela.

Hilezkortasunaren bila (7-12)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

7. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Endikuren ametsean, jainkoek Humbala eta Zeruko zezenaren hilketagatik norbaitek ordaindu behar duela uste dute eta Endiku izan behar dela pentsatu dute azkenean. Shamax horren kontra dago. Endikuk Gilgamexi hori kontatu dio eta jainkoentzat egin zuen atea madarikatu du. Gilgamex oso minduta dago eta Shamaxengana jo du, bere lagunaren biziagatik otoi egiteko. Endikuk Shamax ezagutzeagatik damutu da, berak gizon bihurtu baitzuen. Shamax zerutik hitz egin die eta Endiku zein bidegabeko den ulerrarazi die. Gainera, Gilgamex izan denaren itzala bihurtuko dela esan die, Endikuren heriotzaren ondorioz. Endiku esandakoaz damutu da eta hitzak jan egin du. Horrela, Shamax bedeinkatu du, baina gero eta gaixoago dago eta beste aldearen deskribapena egin du.

8. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gilgamexek Endikuren heriotza sentitu eta jainkoei opariak eskaini dizkie, Endikuren alboan ibiltzeko beste aldean.

9. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Endikuren patua saihesteko, Gilgamexek bidaia arriskutsu bati ekin dio, Utnapishtim eta haren emaztea bisitatzeko asmoarekin, Uholde Nagusiaren ostean bizirik segitu zuten gizaki bakarrak. Jainkoek hilezkortasuna eman zietenez, berak ere hilezkortasuna lortu nahi zituen. Bidaian, Gilgamex eguzkiaren sorrerako bi mendi zeharkatu ditu. Bi mendi horiek bi eskorpioi-izakik gordetzen dituzte baina ez diote oztoporik egiten. Iluntasunetik bidaiatu du eguzkiak gauero egiten duen bide beretik eta eguzkiak harrapatu baino lehen, amaierara iritsi da. Lurra tunelaren bukarerako leku liluragarria da, zuhaitzez beterik eta ostoak bitxiak dira.

10. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gilgamexen irudia, Sargon II.aren jauregian.

Gilgamex Sidurirekin elkartu da eta bere bidaiaren arrazoia azaldu. Siduri Gilgamexek bidaia ez egiteko konbentzitzen saiatu da, alferrik. Urshanabi bidali dute itsasoa zeharkatzeko, Upnapishtimengana iristeko. Urshanabi harrizko erraldoi baturekin agertu da: Gilgamexek gaiztotzat hartu eta hil egin ditu. Urshnabiri laguntza eskatzean, hori kontatu dio eta horrek heriotzaren urak zeharka ditzaketen bi izaki bakarrak hil dituela erantzun dio. Ur horiek ezin dira ukitu eta beraz, 120 arraun mozteko agindu dio, urak zeharkatzeko. Azkenean, Utnapishtimen uhartera iritsi dira. Horrek gauza arraroa sumatu du itsasontzian eta horrexetaz galdetu dio Gilgamexi: gertatutakoa argitu dio, bai eta laguntza eskatu ere. Utnapishtimek gizakien patuaren kontra egiterik ez dagoela eta biziaren alaitasuna hiltzen duela esanez, errieta bota dio.

11. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gilgamexek Utnapishtim bera bezalakoa dela pentsatzen du eta bere historia kontatzeko eskatu. Hark Uholde Nagusiaz hitz egin dio; bere historioa Atrahasis-enaren antzekoa da, jainkoek bidalitako izurriteak salbu. Orduan, Gilgamexi hilezkortasun aukera bat eman dio baina, era berean, Gilgamexi zergatik eman behar dioten berea bezalako boterea galdetuo, bera Uholde Nagusiaren heroia baita, azken finean. Gainera, lo egin gabe sei egun eta zazpi gau egiteko erronka bota dio. Utnapishtimek esaldi hori amaitzen duen une berean, Gilgamex lo geratu da. Utnapishtimek horretaz barre egin du Gilgamexen emaztearen aurrean, eta barra bat ogi egiteko agindu, lo ematen duen egun bakoitzeko. Sei egun eta zazpi gauren ostean Gilgamex gertatutakoaz ohartu da. Orduan, Utnapishtimek Urukera bidali du Urshanabirekin. Irtetzen direnean, Utnapishtimen emazteak egin duen bidaiagatik errukitzeko eskatu dio. Hala izanik, Utnapishtimek ozeano sakoneko alga bati buruz hitz egin dio, gazteago bihurtuko baitu. Gilgamexek oinetan harriak jarriz alga hartu du baina ziur ez dagoenez, Urukeko gizon zahar batengana frogatzera bidaltzea erabaki du. Tamalez, bainu bat hartzen ari denean, alga laku ertzean utzi eta suge batek lapurtu dio. Hori dela eta, azala aldatu zaio eta gazteagotu da. Gilgamexek Urshanabiren aurrean negar egin du. Bere hirira itzuli da; bertan, hiriko harresiei begira denean, lan iraunkorraren handitasuna balioesten ikasi du.

12. taulatxoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken taulatxo horretakoa ez da aurrekoarekin ongi lotzen. Gilgamex Endikuren aurrean damutu da, beraien jokoa beste aldean jauzi delako eta berriz ekartzeko zin egin dio. Gilgamexek beste aldetik itzultzeko egin behar duena eta egin behar ez duena azaldu dio, baina Endikuri ahaztu eta egin behar ez duena egiten duenez, beste aldeak ez dio itzultzen utzi. Gilgamexek jainkoei eskatu die laguna itzul dakion. Enlil-ek eta Sin-ek ez diote erantzun, baina Enki-k eta Shamax-ek lagundu diote. Shamaxek lurrean zulo bat egin du eta Endiku handik irten da. Taulatxoa Gilgamexek Endikuri egin dion galderarekin amaitu da: zer ikusi duen beste aldean, baina ez dago argi Endiku espiritu gisan itzuli den edo bizia berreskuratu duen.

1. taulatxoaren itzulpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(I)

Lurreko bertze muturrerainoko zoko-moko guztiak ikusi zituenak, gauza guztiak bizi izan zituenak, den-dena kontuan hartu zuena, eta jakinduriaz zipriztindu zuena. Isil-gordean zegoena ikusi zuen, eta agerian jarri ezkutuan zena. Jakinarazi zuen uholde handia gertatu baino lehen. Bidaia luzea egin zuen, eta leher egina itzuli ere bai. Bere eginahal osoa harri landu batean zizelkatu zuen. Ezpondan dagoen Uruk hiriko hesia eraikiarazi. Eannal gurtuaren santutegi orbangabea.

Begira haren kanpoko hesia, zeinaren erlaitza kobrezkoa baita! Begira barneko hesia, ez baita halakoa bezalakorik! Ohartu haren atariari, antzinakoa baita!

Hurbildu Eannara, Istarren bizilekura, zeina ezein erregek suntsituko baitu, zeina ezein gizonek berdinduko baitu. Jaiki eta ibil Urukeko harresietan barna, ikus zolako terraza, azter bere adreiluak.

Ez al dira buztin errearekin eginak? Ez al zituzten zazpi jakintsuek oinarriak ezarri?

(II)

Bere bi herenak jainkotiarrak dira, eta bertze herena, gizatiarra. Bere gorputzaren itxura [...] idi basa eta harro bat bezalakoa [...]. Bere armen indarrak ez du parekorik. Urukeko nobleak betilun daude beren ganbaretan:

“Gilgamexek ez dio semea uzten honen aitari; gau eta egun harrokeria neurrigabean aritzen da. Hau al da Gilgamex, Uruk hesituko artzaina? Hau al da gure artzain ausart, hotsandiko eta jakintsua?

Gilgamexek ez dio alaba uzten honen amari. Gerlariaren alaba! Noblearen emaztea! Jainkoek horien kexuak aditu zituzten, Urukeko jaunaren zeruko jainkoek:

“Ez al zuen Aruruk munduratu idi basa sendo hau? Bere armen indarrak ez du parekorik. Bere armen indarrak ez du parekorik. Gigamexek ez dio semea uzten honen aitari. Gau eta egun harrokeria neurrigabean aritzen da.

Hau al da Gilgamex, Uruk hesituko artzaina? Hau al da gure artzain ausart, hotsandiko eta jakintsua?

Gilgamexek ez dio alaba uzten honen amari. Gerlariaren alaba! Noblearen emaztea!

Anuk haien kexuak aditu zituenean, Aruru handiari deitu zioten: “Aruru, zuk sortu zenuen gizakia. Sor ezazu orain bere berdin-berdina. Eta lehian has dadila bere bihotz ekaiztsuari esker. Haien artean borrokatu daitezen, Urukek bakea ezagut dezan”

Aruruk, hori aditzean, Anuren berdin-berdina zen bat sortu zuen bere baitan. Aruruk eskuak garbitu zituen, hartu zuen buztina eta estepara jaurti zuen. Estepan sortu zuen Enkidu ausarta, …-(r)en semea, Ninurtaren esentzia. Ilelatza gorputz osoan. Emakume baten adatsa du. bere ilekizkurrak Nisabalen gisan ernetzen dira.

Ez du jenderik ez lurrik ezagutzen. Sumuqanen gisa doa jantzirik. Gazelekin batera bazkatzen da larreetan, basapiztiekin elkartzen da aintziretan, izaki-tropelarekin laketzen da urean.

Baina ehiztari batek, tranpa-jartzaile batek, buru egin zion uraskan, egun batean, bi egunetan, hiru egunetan; eta ehiztariak ikusi zuelarik, bere begitartea zurturik gelditu zen.

Bera eta bere animaliak bere etxean sartu ziren, izuturik, geldi-geldia, batere asotsik egin gabe; bitartean, bere bihotza asaldaturik zen, eta bere bisaia, lauso. Zeren eta atsekabea bere sabelean sartu baitzen. Bere begitartea zen urrunetik etorritako bidaiari batena bezalakoa.


(III)

Ehiztariak bere ahoa ireki zuen hitz egiteko, bere aitari erranez:

《Aita, gizon bat etorri da muinoetatik, munduko boteretsuena da, kemena du. Anuren esentzia bezalakoa, hain izugarria bere kemenean! Beti ibiltzen da muinoetan zehar, beti basapiztiekin batera belarra bazkatzen du. Beti jartzen ditu oinak urmaeletan. Hain izututa nago, ez bainaiz ausartzen  harengana hurbiltzen! Estali zituen  nik egindako zuloak, jarri nituen tranpak apurtu zituen, lortu zuen basapiztiek eta izakiek nire eskuetatik ihes egitea, ez dit uzten ehiza egiten.

Bere aitak ahoa ireki zuen hitz egiteko, ehiztariari erranez:

《Seme, Uruken Gilgamesh bizi da. Inor baino indartsuagoa da, Anuren esentzia bezala,, hain izugarria bere kemenean! Joan, bada; jar aurpegia Uruki begira, kontaiozu gizonaren boterea, lor ezazu prostituta bat eman diezazun;  eraman zurekin; botere handiagoa duelako nagusituko zaio. Animaliak urmalera edatera eramaten dituenean, soinekoa erantziko du, eta  bere biluzitasunean heldutasuna nabarmenduko da. Neska ikustean, neskarengana hurbilduko da. Bere estepan hazitako basapiztiek uko eginen diote!》

Bere aitaren aholkua aditu  zuen, eta ehiztariak  Gilgameshengana egin zuen. Ibilbidea hasi zuen, Uruken oin bat jarri zuen.

{Gilgamesh, bada gizon bat muinoetatik etorri dena, munduko boteretsuena; kemena dauka. Anuren esentzia bezalakoa, hain handia da bere kemena. Beti ibiltzen da muinoetan zehar, beti basapiztiekin batera belarrez elikatzen da. Beti jartzen ditu oinak urmaelean. Hain izututa nago, ez bainaiz ausartzen  harengana hurbiltzen! Nik egindako zuloak estali zituen. Nik jarritako tranpak suntsitu zituen. Lortu zuen  basapiztiek eta izakiek nire eskuetatik ihes egitea. Ez dit uzten ehiza egiten!]

Gilgameshek erran zion ehiztariari:

[Joan, ene ehiztari; Eraman zurekin prostituta bat. Animaliak urmalera edatera eramaten dituenean, soinekoa erantziko du, eta  bere biluzitasunean heldutasuna nabarmenduko da. Neska ikustean, neskarengana hurbilduko da. Bere estepan hazitako basapiztiek uko eginen diote!》

Joan zen ehiztaria. Prostituta bat eraman zuen berarekin. Bidea hasi zuten,  norabide zuzeneanan. Hirugarren egunean, leku egokira iritsi ziren. Ehiztaria eta prostituta beraien lekuetan eseri ziren. Egun bat, bi egun, eserita egon ziren urmaelaren ondoan. Basapiztiak urmaelera iritsi ziren ura edatera.

(IV)

Noraezeko izakiak iritsi eta  beraien bihotza uretan laketu zuten. Enkiduk, muinoetan jaioak, gazelekin larratzen du belarretan, basapiztiekin ura edaten du urmaelean, noraezeko izakiekin bere bihotza urean laketzen du.

Neskak begietsi zuen basatia, estepa sakoneko gizon barbaroa:

[Hor dago, oh neska! Erakutsi zure bularrak, biluztu zure altzoa,  zure lurrin gozoaz goza dezan! Ez zaitez iheskor izan! Har bere sugarra!  Ikusten zaituenean, zuregana hurbilduko da. Bota zure soinekoa, zure gainean etzan dadin. Erakutsi basatiari emakume baten maite-lana! Bere estepan hazitako basapiztiek baztertuko dute, haren maitasuna zure barnean sartzen denean.]

Neskak bere bularrak askatu zituen, bere altzoa biluztu zuen, eta hark neskaren heldutasuna erdietsi zuen. Ez zen iheskor agertu  haren sugarra hartzerakoan. Bere soinekoa bota eta hark neskaren gainean hartu zuen atseden. Emakume baten tratua erakutsi zion basatiari, haren maitasuna prostitutaren barnean sartu zuenean. Sei egunez eta zazpi gauez, Enkidu prostitutarekin bizikideturik ageri da. Bere xarmaz ase eta gero , bere basapiztiei begiratu zien. Enkidu ikusterakoan, gazelek ihes egin zuten, lautadako basapiztiek haren gorputzetik alde egin zuten.

Enkidu zur eta lur gelditu zen, bere gorputza zurrun zegoen, belaunak geldi-geldirik, bere basapiztiek alde egin baitzuten.

Enkiduk pausoa moteldu behar izan zuen, ez zen lehenagokoa, baina orain jakinduria dauka, adimen handiagoa. Jiratu eta prostitutaren oinetan eseri zen. Prostitutaren aurpegia begiratzen du, belarria prest, eta  prostitutak hitz egiten hasi eta Enkiduri erraten dio:

“Zu jakintsua zara, Enkidu, jainko bat bezalakoa zara! Zergatik ibiltzen zara basapiztiekin zelaian barna? Ea! Utz nazazu zu Uruk harresitura eramaten, tenplu santura, Anu eta Istarren egoitzara, non Gilgamex bizi den, indarbeterik, eta idi basati baten antzera agintzen duen bere herrian.

Mintzatzen zaion bitartean, hitzek Enkidurengan oihartzuna dute, bere bihotza argitzen da, lagun baten grina du. Enkiduk erraten dio prostitutari:

“Altxa, neska! Lagundu nazazu tenplu sakratu puru horretara, Anu eta Istarren egoitzara, non Gilgamex bizi den, indarbeterik, eta idi baten antzera agintzen baitu bere herrian. Buru eginen diot, eta ausardiaz zuzenduko natzaio.

(V)

Uruken oihukatuko dut: “Ni naiz boteretsua! Ni naiz patuak aldarazi ditzakedana, zelaian jaio naizena eta boteretsua, kementsua”.

“Altxa, bada, eta goazen, zure aurpegia ikus dezadan. Gilgamexen ezagutza emanen dizut; bai baitakit ongi non dagoen. Goazen, bada, oh Enkidu, Uruk harresitura, non ospakizunetarako janzkeraz distiratzen duen jendeak, non egunero festa den, gorpuzkera ederreko neska-mutilekin, lurrin zaporez beterik. Nagusiak bere ohatzeetatik zokoratzen dituzte! Zuri, oh Enkidu, bizitzaz gozatzen duzun horri, Gilgamexen ezagutza emanen dizut, gizon alegera bera. Ikus ezazu, begietsi ezazu bere aurpegia; haren kemenaren distira indar betean baita. Bere gorputz osoari heldutasun erabatekoa dario, zuk baino kemen handiagoa du, eta ez du atsedenik hartzen ez gauez, ez eta egunez. Oh, Enkidu, uko egiozu zeure harrokeriari! Gilgamex Samasek estimatzen du; Anu, Enlil eta Eak bere jakinduria zabaldu zuten. Zu muinoetatik jaitsi baino lehen, Gilgamexek bere ametsetan ikusiko zaitu Uruken…”

2. Taulatxoaren itzulpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

(VI)(Bost lerro inguru falta dira). Gilgamex(...) estepan(...) hazi(...) Jaiki zen eta(...)(10) bere aurrean

Lurraren Merkatuan zeuden. Enkiduk bere oinarekin atea trabatu zuen, Gilgamex ez sartzeko. Elkarri heldu zioten, indarrez, zezenak  balira bezala. Ate-alboa hautsi zuten, hormak dar-dar egiten zuen bitartean. Gilgamexek eta Enkiduk elkarri heldu zioten,indarrez, zezenen antzera; ate-alboa hautsi zuten, hormak dar-dar egiten zuen bitartean. Gilgamexek bere belauna tolestu zuenean ----oina lurrean zuela---- bere haserrea itzali eta buelta eman zuen urruntzeko.

Bueltatu zenean , Enkiduk Gilgamexi erran zion: {Zure amak seme bakar izan zintuen burutu , dehesetako behi basatia, Nissuna! Zure burua gizonen gainean nagusitzen da. Enil jendearenganako erregetza eman dizu!

3. Taulatxoaren Itzulpena (hasiera)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

III Taulatxoa BERTSIO BABILONIKO ZAHARRA Testuaren zatiek agerian uzten dute Gilgamexek bere buruari proposatu diola Huwawa munstroaren aurka ateratzeko (asirieraz: Humbaba), Zedroen Oihanean bizi dena. Enkidu Gilgamex konbentzitzen saiatzen da, baina Gilgamexen irrika nabaria da Bertsio Babiloniko Zaharrak erakusten duenez hurrengo lerroetan: (3) Ireki zuen ahoa Gilgamexek, eta erran zion Enkiduri: “Nire laguna, nork eskalatu dezake zeruraino? Bakarrik jainkoak bizi dira eguzkipean  gizakientzat betiko, azken hauen egunek epemuga bat dute; Ecl 1:2  Egiten duen guztia haizea besterik ez da! Zuk ere beldurra diozu  heriotzari.(10) Non da zure botere heroikoa? Utzi niri zure aurrean joan nadin, egin zeozer zure ahoak oihukatu diezadan: aurrera, ez izan beldur! Ni erortzen banaiz, ospea lortuko dut: “Gilgamex” esango dute,”basati Huwawaren aurka erori da”, nire leinua  nire etxean jaio eta askoz denbora geroago”.

IV. eta V. taulatxoen tetu zatikatuaren arabera, uste da Huwawaren aurka bi heroiek egiten duten espedizio arriskutsua  arrakastaz bukatzen dela.

Eragina ondorengo literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ioannis Kordatos ikertzaile greziarraren arabera, Homeroren Odiseak poema honen eragina izan du, bai formari dagokionez (bertso paralelo ugari daudela dio), bai gai eta pasarteei dagokienez.

Epopeiaren eragina Biblian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Onartuta dago Biblian idatzita dagoen Uholde Nagusiaren istorioa eta Gilgamexekoa berdintsuak direla, baita Bibliak epopeia horretatik jaso zuela ere. Horrez gain, suge batek hilezkortasuna ematen duen landarearen lapurreta ere epopeia horretatik hartuta dagoela ontzat hartzen da.

Beste istorio edo antzekotasun batzuk daude, baina ez dago onartuta kopiatu egin zituztela, kultura berekoek momentu historiko ezberdinetan antzekoak idatzi zituztela baizik. Istorio horien adibideak honako hauek dira: errege eroia, jainkoen justizia, eroien adiskidetasuna eta ametsen garrantzia.

XX. mendearen leheno urteetan zer testu zen bestearen kopia eztabaidatu zen, baina gaur egun Gilgamex epopeia antzinagoa dela jakinekoa da eta, beraz, Biblian zati batzuk kopiatu zirela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. https://www.animalpolitico.com/analisis/autores/lo-que-quiso-decir/la-epopeya-de-gilgamesh
  2. https://www.berria.eus/paperekoa/2313/042/001/2018-01-28/irak-ehun-urte-barru.htm
  3. https://www.bbc.com/mundo/noticias-52896104
  4. https://www.worldhistory.org/trans/es/1-781/gilgamesh/
  5. Mitchell, T.C. (1988). The Bible in the British Museum. The British Museum Press. 70.or. [1]
  6. Dalley, Stephanie, ed. (2000). Myths from Mesopotamia: Creation, the Flood, Gilgamesh, and Others. Oxford University Press. ISBN 978-0-19-953836-2. 45.or.
  7. https://www.muyinteresante.es/historia/34886.html
  8. George, Andrew R. (2008). «Shattered tablets and tangled threads: Editing Gilgamesh, then and now». Aramazd. Armenian Journal of Near Eastern Studies 3: 7-30. [2]
  9. https://phte.upf.edu/dhte/orientales/gilgamesh/
  10. https://www.independent.co.uk/news/first-lines-of-oldest-epic-poem-found-1185270.html

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]