Gillotina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Marie Antoinetteren hilaraztea, 1793ko urriaren 16an

Gillotina heriotzera kondenatutakoei lepoa mozteko tresna zen, bi haberen artean erortarazten zen aho zorrotzeko xafla metaliko batez osatua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantzian 1792ko iraultzan erabili zen gillotina, baina lehenago ere Eskozian, Inglaterran eta Europako beste herri batzuetan ezagutzen zen. Joseph-Ignace Guillotinek (1738-1814) asmatu zuen. 1792ko apirilaren 25ean ezarri zen Grève plazan. Hasieran Louisette izena eman zitzaion, edo Louison, baina berehala jarri zioten gillotina izena, asmatzailearen deituragatik. Frantzian gillotinaren erabilerak aurrera egin zuen XX. mendean zehar, 1960. eta 1970. urteetan behera egin bazuen ere; 1965etik 1977ra zortzi heriotza zigor izan ziren, eta 1977koa izan zen azkena. 1981eko irailean Frantziak heriotz-zigorra ezeztatu zuen, eta gillotinaren erabilera baztertu zuen.

Gillotinaren erabilera Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, Iraultzaren ikur zen gillotina Izu Garaian erabiltzen hasi zen, garai hartan disidenteak exekutatzeko erabili ohi ziren fusilamenduen artean. 1793ko urrian Baionan ezarri zen, eta 1794ko irailean Donibane Lohizunen.

Baionan, exekutatu ziren zenbait pertsonaren izenak ezagutzen dira:

  • Bernard Darrigol: Milafrangakoa, urteetan Espainiako armadan aritua (bi erresumen arteko erret-familia tratuek ahalbidetzen zuten hori) 1793ko urriaren 27an exekutatua izan zen.[1]
  • Charles Henebron: Angeluko apaiza, 1793ko azaroaren 24an gillotinatu zuten elizan "Errepublikaren eta Konstituzioaren aurka mintzatzeagatik".
  • Salvat de Sorhainde: Beskoitzeko apaiza. Lurraldetik atera izanaren akusaziopean, Baionan epaitua eta absolbitua izan zen; baina beste epaimahai batek epaia errebisatu eta atzera Baionara bidali zuten, absoluzioa emaniko epaimahai beraren aurrean dekapitatua izateko.

1794ko martxotik aurrera 3.000 inguru lapurtarren deportazioa ekarri zuen errepresio-operazioaren baitan, zenbait pertsona gillotinatu zituzten, besteak beste: Domingo Garat, Catherine Sorhainde, Manex Etxeberri, Sébastien Granjean, Jean Gorostarzu eta Pierre Duhalde.[1]

Donibane Lohizunen, 1793ko azaroaren 3an, Elkarte Iraultzailearen kide batek herritarren artean diru bilketa abiatzeko eskatu zion herriko agintariei. Helburua herrirako gillotina bat erostea zen, "traidoreen eta konspiratzaileen" aurka. Horrela egin zuten, eta Askatasunaren Enparantzan ezarri zen (gaurko Louis XIV. enparantza), Louis XIV eta Clairette etxeetan zeuden atxilotze-guneetatik hurbil; handik, kondenatuak pauso gutxi batzuk baizik ez zituzten behar gillotinaraino ailegatzeko.

Donibane Lohizuneko gillotina gaurko Louis XIV enparantzan jarria izan zen, artean Askatasunaren Enparantza izendatua. Bere harrizko oinarrian lau esaldi grabatuak zituen; XX. mende hasieran herritarrek oraindik bi gogoan zituzten: "L’union fait la force" eta "Mort aux tyrans". Gillotina desmuntatu zenean herritarrak harri hauek suntsitzen saiatu ziren, eta beste obretarako erabiliak izan ziren; besteak beste, Umezurztegiko horma bat eraikitzeko (haietatik 16 harri, inskripzio arrastoekin, Villa Ducontenia erakusketa aretoaren atarian ezarri ziren XX. mende hasieran); Pierre Hariztoiek, berriz, Béthanie haurren instituzioaren instalakuntzetan zeuden harri gehiagoren berri eman zuen "Saint-Jean-de-Luz et Ciboure, souvenirs historiques et révolutionnaires" liburuan: "FA LA TERR HESSES TYRANNIE" hitzak aurkitu zituen, zehazki." La Gazette de Bayonne, de Biarritz et du Pays basque" aldizkariko kazetariek, berriz, 1932 urtean, Duconteniako harrietan ikusitako zenbait hizki antzeman zituzten: "TE, CE, RCE, LATE", eta beste batzuk ezin izan zituzten identifikatu.

Donibane Lohizunen exekutatu ziren zenbait pertsonaren izenak ezagutzen dira, hala nola Madeleine Larralde saratar gaztea, 1794ko irailaren 19an eho zuten, "Espainian zeuden Errepublikaren etsaiekin gutunak trukatzeagatik".[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Frantsesez) Darricau, Albert. (2013-09-25). Scènes de la terreur a Bayonne et aux environs : 1793-1794 / par Albert Darricau.. Noiz kontsultatua: 2021-02-23.
  2. D'antan, Euskal Herria Lehen / Pays Basque. (2019-04-08). «EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN: LA GUILLOTINE À SAINT-JEAN-DE-LUZ EN LABOURD AU PAYS BASQUE AUTREFOIS» EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN Noiz kontsultatua: 2021-02-23.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]