Giorgio Bassani

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Giorgio Bassani

(1974)
Bizitza
JaiotzaBolonia1916ko martxoaren 4a
Herrialdea Italiako Erresuma  (1916ko martxoaren 4a -  1946ko ekainaren 18a)
 Italia  (1946ko ekainaren 18a -  2000ko apirilaren 13a)
Lehen hizkuntzaitaliera
HeriotzaErroma2000ko apirilaren 13a (84 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaBoloniako Unibertsitatea
Hizkuntzakitaliera
Jarduerak
Jarduerakpoeta, gidoilaria, idazlea, literary editor (en) Itzuli, kazetaria, politikaria eta iritzi-kazetaria
Enplegatzailea(k)La Feltrinelli (en) Itzuli
Jasotako sariak
KidetzaBavariako Arte Ederren Akademka
Accademia delle Arti del Disegno (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioajudaismoa
Alderdi politikoa Italiako Alderdi Sozialista

fondazionegiorgiobassani.it
IMDB: nm0060145 Allocine: 84267 Allmovie: p173700
Find a Grave: 18773420 Edit the value on Wikidata
Giorgio Bassani 1974an

Giorgio Bassani (Bolonia, 1916ko martxoaren 4a - Erroma, 2000ko apirilaren 13a) italiar idazlea izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia burges judu batean jaio zen Italiako Bolonia hirian, baina haurtzaroa eta gaztaroa Ferraran igaro zituen eta hiri honek berebiziko garrantzia izan zuen haren lanean[1]; Ferraran bertan hasi zen idazten (1940an Una città di pianura argitaratu zuen, Giacomo Marchi goitizenez), eta, hantxe, gazte intelektual antifaxisten talde baten oso lagun egin eta isilpeko borrokan sartu zen, Boloniako Unibertsitatean ikasten jarraitu bazuen ere.

Gerrak iraun zuen urteetan Erresistentzian parte hartze aktiboa izan zuen eta kartzela ere ezagutu zuen. 1943an Erromara bizitzera joan zen eta, han hil arte bizi izan arren, beti oso harreman estua izan zuen bere sorterriarekin. 1945etik aurrera hasi zen literatura era jarraian lantzen, hala idazle gisa (poesia, narratiba eta saiakera) nola argitaldari gisa; era berean, urte horietantxe Botteghe Oscure nazioarteko literatur aldizkariko erredaktore bilakatu zen[2].

Nazioarteko literaturari buruzko aldizkari hau 1948 eta 1960 urteen artean atera zen argitara, eta, honetan, Bassanik, garaiko Italiako nahiz atzerriko literaturarik onena ezagutzera eman zuen. Gogoratzekoa da Bassani bera izan zela -Feltrinelli argitaletxeko zuzendari bihurtuta- Giuseppe Tomasi di Lampedusaren Gattopardo (1958) lanaren argitalpena bultzatu zuena[3]. Eleberri honetan historiaren ikuspegi lirikoki etsitua nabarmentzen da; Finzi-Continitarren lorategiaren egilearen lanetan aurkitzen den bera, hain zuzen.

Giorgio Bassanik, orobat, telebista munduan lan egin zuen eta 1964an RAIko presidenteorde izatera iritsi zen. Horrez gain, hainbat eskolatan irakatsi zuen eta antzerkiaren historiako irakaslea izan zen Erromako Arte Dramatikoaren Akademian. Aipatzekoa da, gainera, Italia Nostra elkartean -ondare artistiko eta naturalaren alde sortutakoa- presidente gisa egindako ahalegin luze eta etengabea.

Idazle ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait bertso bildumaren ostean (bere olerki guztiak batera argitaratuak izan ziren, 1982an, In rima e senza izenburupean), 1956an, Strega saria irabazi zuen Cinque storie ferraresi argitalpen bateratuarekin[2]. Arrakastarik handiena Finzi-Continitarren lorategiarekin (1962) lortu zuen. Liburu hau Koldo Bigurik euskaratu eta Ibaizabal argitaletxean argitaratu zuen 1997an, Literatura Unibertsala bilduman. 2016an Koldo Bigurik aurreko edizioa orraztu eta zuzendu egin zuen, eta EIZIEren Urrezko Biblioteka bilduman berrargitaratu zen, Elkar argitaletxearen eskutik.[4]

1970ean, Vittorio de Sicak eleberriaren bertsio zinematografiko entzutetsu bat egin zuen[3]. Halaber, zinemaren mundura gerturatu zen eta, beste zuzendari batzuen artean, Antonionirekin eta Soldatirekin kolaboratu zuen gidoien idazketan.

Egilearen hurrengo lanek Ferrara izan zuten ardatz geografiko eta sentimental: Dietro la porta (1964), L'Airone (1968) eta L'odore del fieno (1973). Hirurak ale bakar batean izan ziren argitaratuak, Gli occhiali d'oro (1958) eleberri motzarekin batera, Il romanzo di Ferrara izenburu esanguratsuaz. 70eko hamarkadatik aurrera, Bassanik bolada luzeak eman zituen Estatu Batuetan eta Kanadan. Italiar literatura garaikideari buruzko mintegiak zuzendu zituen hainbat unibertsitatetan. Epitaffio (1974) eta In gran secreto (1978) lanekin poesiara itzuli zen.

Saiakerak ere idatzi zituen eta hauen garrantzitsuenak La parole preparate (1966) eta Di là dal cuore (1984) liburuetan argitaratu ziren[2].

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egilearen zenbait lan:

Narratiba[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Una città di pianura, Milán, s. n., 1940.
  • Cinque storie ferraresi, Turín, Einaudi, 1956
  • Le storie ferraresi, Turín, Einaudi, 1960
  • Finzi-Continitarren lorategia ( Il giardino dei Finzi-Contini ) 1962
  • Il tempo della guerra. Quaderni inediti 1941-1944, Milán, Telecom Italia, 2006.
  • I promessi sposi. Un esperimento, Palermo, Sellerio, 2007.
  • Racconti, diari, cronache (1935-1956), ed. por Piero Pieri, Milán, Feltrinelli, 2014

Poesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Storie dei poveri amanti e altri versi, Roma, Astrolabio, 1945; 1946.
  • L'alba ai vetri. Poesie 1942-'50, Turín, Einaudi, 1963.
  • In rima e senza, Milán, Mondadori, 1982.

Ez fikzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Le parole preparate e altri scritti di letteratura, Turín, Einaudi, 1966.
  • Dentro il romanzo, Bruselas, Istituto italiano di cultura, 1984

Euskaratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bassani, Giorgio. (2016). Finzi-Continitarren lorategia. Elkar, Aurkezpena 7 or. ISBN 978-84-9027-573-3..
  2. a b c Bassani, Giorgio. (2016). Finzi-Continitarren lorategia. Elkar, Aurkezpena 10 or. ISBN 978-84-9027-573-3..
  3. a b Berria.eus. «Eleberri bat galerari» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-11-09).
  4. Bassani, Giorgio. (2016). Finzi-Continitarren lorategia. Elkar ISBN 978-84-9027-573-3..

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]