Gizarte-sare

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gizarte sare baten egitura.

Gizarte-sarea edo sare soziala grafo bat edo gehiagoren bidez irudikatu daitekeen gizarte egitura da. Grafoaren nodoetan indibiduoak jartzen dira (batzuetan aktoreak deituak) eta ertzetan beraien arteko erlazioa. Erlazio horiek adiskidetasuna, sexu harremanak, finantza-harremanak, eta beste hainbeste modukoak izan daitezke.[1] Internet eta teknologia iristean, harremanetarako ohiko gune bihurtu da ingurune digitala, eta edozein unetan eta edonon komunikatzeko aukera ematen du.[2][3]

Gizarte-sare handi bat

Sare sozialen analisiak sareen teoriaren arabera ulertzen ditu gizarte-harremanak, beren nodoekin eta loturekin (alde, esteka edo lotura ere deritze). Nodoak norbanakoak dira, sareetako aktoreak, eta loturak dira aktoreen arteko harremanak. Sortzen diren egiturak, grafoetan oinarrituta daudenak, oso konplexuak izaten dira kasu askotan. Nodoen artean lotura mota asko egon daitezke, gainera. Hainbat eremu akademikotan egindako ikerketek erakutsi dute gizarte-sareak gizarte-maila askotan mugitzen direla, familietatik hasi eta nazioetaraino, eta gaur egun zeregin kritikoa dutela problemak ebazteko moduetan, erakundeak kudeaketan, eta norbanakoek beren helburuak lortzeko izaten duten arrakasta-mailan.

Bertsio sinpleenean, gizarte-sare bat hainbat nodoren artean dauden erlazio zehatzen mapa da, esaterako, "adiskidetasuna" erlazioa. Gizabanako bat beste nodo batzuekin konektatuta dago, gizabanako horren kontaktuak dira horiek, bere "adiskideak" edo "jarraitzaileak". Gizarte-kapitala neurtzeko ere erabil daiteke sarea, hau da, gizabanako batek gizarte-saretik jasotzen duen balioa. Kontzeptu horiek maiz azaltzen dira sare sozialeko diagrama batean, non nodoak puntuak baitira eta loturak lerroak.

Sare sozial motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi sare sozial mota bereiz daitezke:

  • Analogikoak edo lineatik kanpokoak, elkarren artean lotura duten pertsona-taldeek osatuak, sarean konektatutako sistema elektroniko edo informatikorik gabe garatzen direnak.
  • Digitalak edo linean, baliabide informatikoetan eta elektronikoetan sortuak, bertan garatzen baitira.

Aldi berean, beste sare mota bi hauek bereiz daitezke:

  • Horizontalak, mota guztietako erabiltzaileentzat, gai zehatzik eta helburu zehatzik gabekoak. Horrelako sare ezagunenak hauek dira: Twitter, Mastodon.eus, Facebook, Instagram, eta Identi.ca.
  • Bertikalak, gai batean oinarritzen direnak eta gai edo helburu zehatz horren inguruan erabiltzaile kopuru handia bildu nahi dutenak. Talde horren barruan, sare profesionalak (Viadeo, XING, LinkedIn, Artizarra), aisialdikoak (Pinterest, Wipley, Minube Dogster, Last.fm eta Moterus) edo mistoak izan daitezke. Azpimarratzekoak dira, halaber, hezkuntza-testuinguruari dagozkionak, hala nola Edmodo edo Twiducate, zeinak aukera ematen baitute irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan modu interaktiboan lan egiteko. Hezkuntza-munduko gizarte-sareek berezko dituzten beste ezaugarri batzuk dira ezagutza eraikitzeko lankidetza, sozializazioa eta lana zabaltzeko erraztasuna.[4] Ikasleen arteko harremanak eta ikasleen eta irakaslearen arteko harremanak ere aldatzen ditu. Hala, hezkuntzan aplikatutako gizarte-sareek aukera hauek ematen dizkigute:
    • Iragarki-taula erabiltzea:
      • Egin beharreko lana eta nola egin gogoraraztea.
      • Data garrantzitsuak
    • Langunea
      • Taldeen arteko harremanetarako espazioa (barnekoa/kanpokoa)
      • Informazio-trukea
      • Irakaslearen jarraipena.
    • Kontsultategia
      • Zalantzak argitzeko saioa.
    • Baliabideak
      • Tresnak eta materiala partekatzeko gunea.
    • Ebaluazioa
      • Kalifikazioen eta zuzenketen jarraipena.[5]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1890. urteaz geroztik, bai Émile Durkheimek bai Ferdinand Tönniesek gizarte-sareen ideia iragarri zuten gizarte-taldeen teoria eta ikerketetan. Tönnies-ek argudiatu zuenez, gizarte-taldeak gizarte-lotura pertsonal eta zuzenen bidez definitu daitezke, balio eta sinesmen berak dituzten gizabanakoak biltzen dira taldean (Gemeinschaft, alemanez, eskuarki komunitate gisa itzulia) edo inpertsonalak, formalak eta gizarte-lotura instrumentalak izan daitezke (Gesellschaft, alemanez, gizarte gisa itzulia).[6] Durkheimek gizarte-gertaeren azalpen ez-indibidualista eman zuen, gizabanakoek elkarri eragiten diotenean gizarte-fenomenoak sortzen direla argudiatuz, eta errealitate hori jada ezin da azaldu banakako aktoreen propietateen arabera.[7] Georg Simmel-ek, XX. mendearen amaieran, sareen izaera eta sareak elkarrekintzan duen eragina aipatu zituen, eta taldean ordez ahul elkartutako sareetan elkarrekintza izateko probabilitatea aztertu zuen.[8]

Hungariako Frigyes Karinthy idazleak, 1929an, sei bereizketa-mailak proposatu zituen. Teoria horretan oinarritzen ziren gizarte-sareak. Teoria horren arabera, munduko pertsona guztiak beste edozein pertsona konektatuta gaude gehienez sei pertsonako kate baten bidez (hau da, kateko bitartekari gisa sei pertsonarekin, gehienez ere).[9]

Gizarte-sareen inguruko teorizazioko berrikuntza nagusiak 1930eko hamarkadan agertu ziren, aldi berean psikologiako, antropologiako eta matematikako hainbat taldek sortuak, bakoitzak bere aldetik modu independentean sortuak ere.[10] Psikologian, Jacob L. Morenok talde txikietan gertatzen den gizarte-elkarrekintzaren erregistro sistematikoari eta azterketari ekin zion, bereziki ikasgeletan eta lan-taldeetan (ikus soziometria). Antropologiari dagokionez, gizarte-sareen teoriaren oinarriak Bronislaw Malinowskiren lan teorikoa eta lan etnografikoa dira aipagarrienak.[11]

1960 eta 1970 bitartean, akademiko askok lan egin zuten alderdi teorikoak eta tradizioak konbinatzen. Horietako talde bat izan zen Harrison White eta haren ikasleena, Harvard Unibertsitateko Gizarte Harremanen Sailekoa: Ivan Chase, Bonnie Erickson, Harriet Friedman, Mark Granovetter, Nancy Howell, Joel Levine, Nicholas Mullins, John Padgett, Michael Schwatz i Barry Wellman. Hasierako talde horretan nabarmendu ziren beste pertsona batzuk izan ziren, alde batetik, Charles Tilly, soziologia politikoko eta gizarte-mugimenduetako sareetan arreta jarri zuena; eta, bestetik, Stanley Milgram, «sei bereizketa-graduko» tesia egin zuena. Mark Granovetter-rek eta Barry Wellman-ek, White-ren ikasle ohi zirenak, sare sozialak analizatzeko metodo bat sortu eta zabaldu zuten.[12]

Analisirako elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sare sozialek abantaila, eragozpen edo arriskuak dituzte, haekin egiten dugun erabileraren araberakoak.[13][14][15]

Sare sozialak aztertzeko hainbat elementu hartzen dira kontuan:

  • Interkonektibitatea: sareko nodo edo elementu bakoitza zenbat nodora konektatuta dagoen.
  • Zentralitatea: sarea zentro baten edo gehiagoren inguruan egituratzen den ala ez.
  • Irekiera: kanpotik elementu berriak sartzeko aukera, iragankortasunarekin lotuta dago.
  • Hedagarritasuna: ea urrutiraino iris daitekeen konexioen bitartez (sarea hedakorragoa edo trinkoagoa izan daiteke).
  • Homofilia: ea nodoak elkarren antzekoak ote diren.
  • Multiplexitatea: sareko elementuen artean zenbat lotura-puntu dauden.
  • Zubiak: sareko atal berezituen arteko lotura egiten duten elementuak aztertzen ditu.
  • Loturak: zer lotura ezartzen diren elementuen artean eta zer intentsitaterekin.

Gehien erabiltzen diren sare sozialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Facebook: munduko gizarte-sare erabiliena da. Sare honen bidez, erabiltzaileak argitalpenak eskegi ditzake, adibidez argazki bat, eta beste pertsona batzuei iruzkinak egin, baita beste pertsona batzuekin hitz egin ere.[16]

Whatsapp eta Telegram: sare sozialek beste pertsona batzuekin mezuekin, deiekin eta bideo-deien bidez hitz egiteko aukera ematen dituzte. Gainera, 24 orduko istorioen bidez ere ikus dezakezu zure egoera.[16]

YouTube: bideoak zintzilikatzeko edo beste pertsonak ikusteko plataforma bat da. Normalean, 16 eta 23 urte bitarteko erabiltzaileak izaten dira influencerrak, YouTube baita gazte horiek gehien erabiltzen duten plataformetako bat.[16]

Instagram: nerabeek gehien erabiltzen duten sare sozialetako bat da, eta bertan aurki ditzakegu instastoriak, 24 ordu irauten duten istorioak-edo. Horrez gain, jarraitzaileak like ("atsegin zait") eta iruzkin egiteko moduko argitalpenak ere jar ditzake. Beste alde batetik, zuzeneko interakzioa ere badago, Whatsappekoaren antzekoa dena, jendearekin elkarreraginean aritzeko.[16]

Twitter eta Mastodon: argitalpen edo albisteei buruz hitz egiteko erabiltzen dira maiz, iritzia emateko eta beste pertsona batzuekin iritziak trukatzeko erabiltzen da batez ere.[16]

linkedln: Plataforma hori, nagusiki, sare profesionalak ezartzeko eta karrera garapenerako erabiltzen da. Erabiltzaile bakoitzabere lan-esperientzia eta trebetasunak libreki ezagutarazten ditu. Webguneak milioika enpresa eta langile jartzen ditu harremanetan. Aukera ematen die kideei (langileei zein enpresaburuei) profilak sortzeko eta elkarrekin harremanetan jartzeko (“konektatzeko”), online sare sozial batean, mundu mailako harreman profesionalak ordezkatzeko. Kideek edonori (kide izan edo ez) "lotura" bihurtzeko gonbita egin diezaiokete. Ez da oso ezaguna gaztetxoen artean.[16]

Artizarra: euskarazko sare profesionala da, Udako Euskal Unibertsitateak sortua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Xarxa Social» terme de la setmana (TERMCAT).
  2. Generalitat De Catalunya. (2018). Xarxes socials. .
  3. Junta De Andalucía. Educar para proteger. .
  4. El uso educativo de las redes sociales. .
  5. Xarxes socials per a l'educació. .
  6. Tönnies, Ferdinand (1887). Gemeinschaft und Gesellschaft, Leipzig: Fues's Verlag. (traduït a l'anglès, el 1957 per Charles Price Loomis com Community and Society, East Lansing: Michigan State University Press.)
  7. Durkheim, Emile (1893). De la division du travail social: étude sur l'organisation des sociétés supérieures, Paris: F. Alcan. (Translated, 1964, by Lewis A. Coser as The Division of Labor in Society, New York: Free Press.)
  8. Simmel, Georg (1908). Soziologie, Leipzig: Duncker & Humblot.
  9. Què són les xarxes socials? :: Educació i Xarxes Socials. .
  10. Scott, John P. (2000). Social Network Analysis: A Handbook (2a ed.). Thousand Oaks, CA: Sage Publications (en anglès)
  11. Malinowski, Bronislaw (1913). The Family Among the Australian Aborigines: A Sociological Study. London: University of London Press.
  12. Mark Granovetter, "Introduction for the French Reader," Sociologica 2 (2007): 1-8; Wellman, Barry. 1988. "Structural Analysis: From Method and Metaphor to Theory and Substance." Pp. 19-61 in Social Structures: A Network Approach, edited by Barry Wellman and S.D. Berkowitz. Cambridge: Cambridge University Press.
  13. Apsis. Xarxes socials a l'adolescència, ¿a favor o en contra?. .
  14. Ferrera, Laura. 8 beneficios de usar las redes sociales en educación. .
  15. Real, Eliseo. (2014). El uso de las redes sociales en Primaria. Gigas de tiza.
  16. a b c d e f Fernández, Jordi Navarrete. Tipus de xarxes socials i característiques. .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Grossetti M (2014) Que font les réseaux sociaux aux réseaux sociaux : Réseaux personnels et nouveaux moyens de communication. Réseaux, n° 184-185, p. 187-209.
  • Emmanuel Lazega, «  », Revue française de sociologie, nos 35-2,‎ 1994, p. 293-320
  • Pierre Musso, «  », Quaderni, no 63 – Nouveaux mots du pouvoir,‎ 2007, p. 82-84
  • Aneja, Nagender; Gambhir, Sapna (August 2013). "Ad-hoc Social Network: A Comprehensive Survey" (PDF). International Journal of Scientific & Engineering Research. 4 (8): 156–160. ISSN 2229-5518.
  • Barabási, Albert-László (2003). Linked: How Everything Is Connected to Everything Else and What It Means for Business, Science, and Everyday Life. Plum. ISBN 978-0-452-28439-5.
  • Barnett, George A. (2011). Encyclopedia of Social Networks. Sage. ISBN 978-1-4129-7911-5.
  • Estrada, E (2011). The Structure of Complex Networks: Theory and Applications. Oxford University Press. ISBN 978-0-199-59175-6.
  • Ferguson, Niall (2018). The Square and the Tower: Networks and Power, from the Freemasons to Facebook. Penguin Press. ISBN 978-0735222915.
  • Freeman, Linton C. (2004). The Development of Social Network Analysis: A Study in the Sociology of Science. Empirical Press. ISBN 978-1-59457-714-7.
  • Kadushin, Charles (2012). Understanding Social Networks: Theories, Concepts, and Findings. Oxford University Press. ISBN 978-0-19-537946-4.
  • Mauro, Rios; Petrella, Carlos (2014). La Quimera de las Redes Sociales [The Chimera of Social Networks] (in Spanish). Bubok España. ISBN 978-9974-99-637-3.
  • Rainie, Lee; Wellman, Barry (2012). Networked: The New Social Operating System. Cambridge, Mass.: MIT Press. ISBN 978-0262017190.
  • Scott, John (1991). Social Network Analysis: A Handbook. Sage. ISBN 978-0-7619-6338-7.
  • Wasserman, Stanley; Faust, Katherine (1994). Social Network Analysis: Methods and Applications. Structural Analysis in the Social Sciences. Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-38269-4.
  • Wellman, Barry; Berkowitz, S. D. (1988). Social Structures: A Network Approach. Structural Analysis in the Social Sciences. Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-24441-1.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkarteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldizkari zientifikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuliburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datutegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]