Gloria Rekarte
Gloria Rekarte | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | 1958 |
Heriotza | Tafalla, 2025eko apirilaren 25a (66/67 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak |
Gloria Rekarte Gutiérrez (1958 - Tafalla, 2025eko apirilaren 25a) kazetari eta politikari nafarra, 19 urte eman zituen Espainiako hainbat espetxetan. Gero Etxerat elkartean aritu zen presoen familiei laguntzen. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa ordezkatu zuen Gernikako Akordioaren sinaduran. Hogei urtez zutabe bat idatzi zuen Gara egunkarian.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1981ean atxilotu zuten ETAko kide izateagatik, eta espetxean eman zituen 19 urteetan sakabanaketa-politikaren gorabeherak jasan zituen: El Puerto de Santa María, Ávila, Tenerife edo Yeserías bezalako kartzeletatik pasatzea egokitu zitzaion. Puertoko kartzelako baldintza tamalgarrien inguruko bere testigantza eman zuen Garak 2021ean argitaratu zuen artikulu batean.
2000. urtean kartzelatik atera eta gutxira, Gara egunkariarekin kolaboratzen hasi zen. Bi astean behin gizarte eta politika gaien inguruko zutabe bat ateratzen zuen, gaztelaniaz, eta hogei urtez-edo egin zuen lan hura. 2022ko irailaren 27an argitaratu zioten azkenekoa, Despedida y cierre izenburukoa (agurra eta itxiera).
Kartzelatik kanpo, Etxerat erakundean integratu zen eta presoen familiei laguntza eman zien, euren eskaera eta bidaiekin lagunduz. 2007an, ezker abertzalea legez kanpo utzi zuten garaian, bigarren izan zen Nafarroako Abertzale Sozialisten zerrendan. ETAk 2011n jarduera armatua behin betiko utzi baino lehentxeago, Jon Agirre Agirianorekin batera, Rekaldek EPPK ordezkatu zuen Gernikako Akordioaren sinatzean,[1] Euskal Herrian fase berri bat irekitzeko bidea eman zuen mugarrietako bat.[2]Gaixotasun luzea pairatu ondoren 2025ean hil zen.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://www.europapress.es/nacional/noticia-ex-presos-eta-jon-agirre-agiriano-gloria-rekarte-firmaran-nombre-eppk-acuerdo-gernika-20110925120428.html
- ↑ https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20250425/fallece-la-expresa-gloria-rekarte-colaboradora-de-gara-durante-dos-decadas
- ↑ https://www.noticiasdenavarra.com/servicios/esquelas/2025/04/25/gloria-rekarte-gutierrez-9561302.html