Goi Paleolitoa Euskal Herrian
| Euskal Herriko historia |
|---|
Artikulu honek Goi Paleolito aroan gizakiak Euskal Herrian izan zuen bilakaera du aztergai, hainbat alor hartzen direla oinarri azterketa hori egiteko: kronologia, ingurugiroa, biltegi nagusiak, kultura materiala edo bizimodua. Goi Paleolito aroan edo Leptolito aroan kulturaren alor askotan gertatu zen dinamika berrien sorrera azpimarratzen da; aldaketa horiek iragarri zuten Holozenoaz gero ekoizpen ekonomiarekin gertatuko zen aldaketa.
Kontuan hartu behar da gaur egungo Euskal Herriko zazpi probintzietako herrialdeetan bizi ziren gizakiei buruzko ikerketak direla. Aipagarria da esatea Cro-Magnon gizakiek nekez hitz egingo zutela aintzineuskarako aldaera bat. Denbora tarte handiegia dago Goi Paleolito garaitik aitzineuskara edo akitaniera garaietaraino[1].
Goi Paleolito aroaren kronologia erlatiboa eta ingurugiroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko Goi Paleolito aroa mendebaldeko Europakoaren antzera antolatu ohi da, H. Breuilek eta D. Peyronyk XX. mendeko lehen lau hamarraldietan bereizi zituzten parametro tipologiko eta kulturalak oinarri hartuta, hain zuzen. Bestalde, kultura mailan Pleistozeno aldiaren azken partea gainerakoetatik bereizten duen irizpidea onartu egin da, izan ere, K. a. 35.000. urteaz gero garrantzi handiko aldaketak gertatu ziren Erdi Paleolito arotik Goi Paleolito arora igarotzean (aldaketa antropologikoak, Neanderthalgo gizakitik gizon modernora; arte figuratiboaren lehen aztarnak; hezurrezko tresnagintzaren bilakaera; hosto itxurako harrizko tresnen prozesua; janariez eta lehengaiez hornitzeko teknika berriak, etab.). Goi Paleolito aroko aldaketa horien ezaugarriak zehaztea eta izan zuten garrantzia aztertzea da arkeologia ikerketen ardatz nagusia gaur egun.
Goi Paleolito aroa hiru aldi handitan banatu ohi da: Aurignac aldia, Solutre aldia eta Madelein aldia, hurrenez hurren. Aldi horietako bakoitzak milaka urte hartzen ditu, eta faseetan banatzen dira; fase horietako batzuk kultura maila hartzen dute zenbaitetan.
Aurignac aldiaren barruan, esaterako, Châtelperroniar, Protoaurignaciar, Aurignac eta Gravette aldiak bereizten dira (ordena kronologikoan). Solutre eta Madelein aldien antolamendua soila da: lehen aldia, erdikoa eta goi-azken aldia bereizten dira bietan.
Kronologiari dagokionez, Goi Paleolitoko kultura horien ibilbideak hogeita bost milurteko hartzen ditu; bestalde, Goi Pleistozenoko aldi hotzena izan zen (Pleriglaziar esaten zaio, eta Alpeetako sekuentziako Würm izotzaldiaren III. eta IV. estadioak hartzen ditu). Zenbait epealdi izan baziren ere, aroaren amaiera arte ez zen klima erabat epeldu, Holozeno eta Epipaleolito aldien hasiera izan zen arte K. a. IX. milurtekoa inguruan.
Bizilekuen kokapena eta bizileku motak: arkeologia aztarnategi nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goi Paleolito aroan izan ziren hotzaldiek bi motako eraginak izan zituzten giza taldeetan. Batetik, itsas maila gaur egun baino 120 metro beherago egotera heldu zen garai hartan; Muskiz eta Miarritze arteko kostaldea, esaterako, lau-hamar kilometro zabalagoa zen. Bestetik, garaierak gaur egun duen eragin bera zuenez gero (zenbat eta garaiago orduan eta hotzago), talde haiek nahiago zituzten, "oro har", behe lurrak bizilekuak egiteko. Dena dela, ez zen beti hala izaten; Araban eta, batez ere, Nafarroan aurkitu diren Goi Paleolito aroko zenbait aztarnategiren arabera (aro horretako aztarnategi batzuk gaur egungo 900 metroko garaieran daude), ez da gauza segurua garaiera behin betiko faktorea denik.
Euskal Herriko Goi Paleolitoko aztarnategiak ehunen bat dira guztira, han-hemen sakabanatuak: Bizkaia, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herrian hogeita bosna aztarnategi, eta hamar bat Nafarroaren (gehienak) eta Arabaren artean. Dena dela, aztarnategi horiek guztiek ez dute garrantzi bera, ez bildu diren tresnei dagokionez ezta estratigrafiari dagokionez ere; horrez gainera, aztarnategi horietako hogeiren bati dagokionez, ezin baiezta daiteke Goi Paleolito arokoak direnik.
Bi arrazoirengatik aurkitu dira aztarnategiak han-hemen sakabanaturik: indusketa lanen erritmoa eta arauak batetik, eta landare dentsitatea bestetik. Karst eremuetan, esaterako, haitzulo eta harpeetan egin dira batez ere indusketak, eta hainbat aztarnategi aurkitu dira horietan. Izan ere, baldintza egokiak izaten dira inguru horietan arkeologia aztarnak gordetzeko (kareharrizko eremuak izaten dira eta babesean egoten dira), aterpe termikoaren lana egiten baitute (leku itxiak izaten dira, eta hezetasun maila handikoak). Hala ere, hainbat indusketa egin dira Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Gipuzkoako eta Bizkaiko gaur egungo kostaldean karst erlieberik ez dagoen eremuetan, eta horietan ere garai hartako hainbat bizileku aurkitu dira aire zabalean, haitzuloetako bizilekuak baino hondatuagoak noski; hezurrezko tresnagintzaren aztarnarik, ordea, ez da aurkitu. Dena dela, arkeologia aztarnategien kokagunea aztertzean kontuan hartu behar da ziur asko kostaldeko aztarnategi asko urpean gelditu zirela Pleistozenoaren amaieran itsas mailak gora egin ondoren (Flandriar itsas-goratzea).
Bizilekuaren kokagunea aukeratzeko garaian, goratasunaz gainera beste hainbat faktore hartu ziren kontuan. Arestian aipatu bezala haitzuloetako bizilekuak zituzten gustukoen Goi Paleolito aroko gizakiek. Haitzuloen artean, bestalde, nahiago izaten ziren sarrera handiko sarguneak, lehorrak, hegoaldera edo hego-ekialdera begira, ikuspen handikoak eta gune estrategikoetan kokatuak animalien joan-etorria menderatzeko (kontuan hartu behar da garai hartako gizakien elikaduran garrantzi handikoa zela ehiza) edo beharrezko lehengaiak eskura edukitzeko (suharri azaleratzeak, esaterako).
Bestalde, haitzuloaren inguruko biotopo nagusiaren araberakoa izaten zen ehiza.

Bizitzeko lekuak aukeratzeko garaian hainbat parametro hartzen ziren kontuan, giza taldeak gaur egungo giro eta eguraldi baldintzak baino baldintza gogorragoetan bizirik iraun zezan: bizilekuaren bizigarritasuna batetik, eta beharrezko zituzten gaiak hurbil izatea bestetik. Garai hartako nomaden ekonomia urtaroen araberakoa zenez gero, bizilekuaren inguruan zein baliabide ekoitz zitekeen hartzen zen kontuan: lehengaiak eskuratu, barazkiak bildu, ehiza, arrantza edo itsaskiak, besteak beste. Euskal Herrian, esaterako, Ekain (Gipuzkoa) aztarnategiko Madeleine aldiko aztarnak dira ekonomia mota horren erakusgarri. Ignacio Barandiaranek Euskal Herriko Goi Paleolito aroko aztarnategi nagusiak zortzi taldetan banatu zituen 1980an, eta horietako batzuk, gainera, beste hainbat taldetan bana daitezke: Bizkaiko Mendebala (Enkarterriak batez ere); Ibaizabal-Deba ibaien goi arroak; Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldea; Ataun-Arakil; Aturri Behea eta Lapurdiko kostaldea; Haranbeltzeko basoa (Zuberoa).
Aztarnategi multzo horien artean bizileku gehien dituen ingurua Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldea da; bertan zenbait ibairen behe arroak daude Goi Paleolito aroko aztarna ugari dituztenak (Gernika, Lea-Artibai, Deba, Urola, Oria, Urumea eta Oiartzun).
Artikulu hau ez bada ere arkeologia aztarnategien azterketa zehatza egiteko leku egokiena, ezin aipatu gabe utzi zenbait maila oso interesgarri, horiexek baitira, hain zuzen, euskal Goi Paleolito aroko geruza segida ezaugarriak.
Iparraldeko aztarnategi nagusiak hauek dira: Izturitze eta Otsozelaiko harpeak (Nafarroa Beherea), Gatzarria (Zuberoa) eta Azkonzilo (Nafarroa Beherea).
Isturitzen garrantzi handikoa da maila segida, Goi Paleolitoaren hasieratik Madeleine aroa artekoa; bertan, aztarna ugari dago (isturiztar azagaiaak eta hagaxka apainduak), eta horietako batzuek Europako historiaurreko zenbait garaitako fosil ezaugarritzat hartzen dira. Gatzarriako Goi Paleolito aroko geruzak aroaren lehen herenari dagozkio. Azkonzilon, aldiz, Solutre aldiko maila segida garrantzitsua aurkitu da duela gutxi egindako indusketetan. Iparraldean, aipagarriak dira, bestalde, Lapurdiko kostaldean eta Aturri, Errobi eta Urdazuri ibaietako erdi-behe arroetan dauden Paleolito aroko gaien azaleratzeak.
Gipuzkoan aztarnategi ugari dago euskal Goi Paleolito aroaren ikerketan garrantzi handia izan dutenak. Aitzbitarte IV. aztarnategia izan zen Gipuzkoan induskatu zen lehen aztarnategia. Aztarnategi honetan Solutrear eta Madelein aldiko gizakiak bizi izan ziren, batez ere. Aitzbitarte III.an egin berri diren ikerketetan Madeleine aldia, Solutre aldia eta Gravette aldiko aztarnak aurkitu dira. Urola ibaiaren arroan Ekain haitzuloa (Madeleine aldian erabilia, batez ere), Erralla (Madelein aldikoa hau ere) eta Amalda (Gravettear eta Solutrear aldikoa) aztarnategiak dira nabarmenenak. Gipuzkoako Goi Paleolito aroko hirugarren gunea Deba ibaiaren arroan dago: Goi arroan Lezetxiki eta Labeko Koma daude, biak Chatelperroniar eta Gravettear aldikoak; behe arroan, berriz, Urtiaga, Ermitia edo Langatxo, besteak beste, Madelein aldiko bizileku izan zirenak batez ere, eta Ermitiako Solutrear aldiko maila aberatsak dituztenak aurretik. Nafarroako Goi Paleolito aroaren azterketak azken bi hamarraldietan egin dira gehienbat, baina Nafarroaren iparraldea besterik ez da aztertu. Aztarnategi nagusiak hauek dira: Berroberria (Madeleine aldikoa), Alkerdi (Gravettear aldikoa), Abauntz (Madeleine eta Solutrear aldikoak), Portugain (Madeleine aldikoa), Hego Mugarduia (Gravette aldikoa) eta Koskobilo (erabat hondatua; Aurignac, Gravette, Solutre eta Madelein aldietako arkeologia mailak zeuden ziur asko bertan).
Araban Goi Paleolito aroko aztarna gutxi aurkitu dira, eta aurkitutakoak egoera txarrean gainera: Arrillor haitzuloko Madelein aldiko aztarna erabat hondatua; Mairulegorretako karst egituretako zenbait aztarna, zein garaitakoak diren ezin jakin daitekeela; aire zabalean aurkitutako hainbat aztarna Goi Paleolito aroko aldiren batekoak.
Bizkaiko indusketa kopuruak behera egin du azken urteetan. Aztarnategi aipagarrienak Bolinkoba (Gravette, Solutre, eta Madelein aldietako aztarnekin) eta Santimamiñe (aurrekoaren arkeologia maila berak dituena) dira. Garrantzi gutxiagokoen edo ikertzen ari direnen artean aipagarriak dira: Polvorín (Aurignac aldikoa), Antoliña (Madelein , Solutre eta Gravette aldikoa), Atxurra (Solutre eta Madelein aldikoa), Lumentza, Atxeta, Silibranka eta Laminak II.a (Madelein aldikoak, guztiak). Aipagarriak dira, bestalde, Kurtziako kostaldean, Sukarrietatik Plentzia arteko kostaldeko zatiko hainbat bizilekutan ikus daitezkeen arkeologia materialen azaleratzeak.
Tresnen bilakaera eta teknologia aldaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaur egun, aztarna gutxi batzuk besterik ez daude Goi Paleolito aroko gizakiei buruzkoak: harrien eta zenbait materia organikoen aztarnak besterik ez (hezurrak, adarrak eta soinberen maskorrak, eta egur ikaztuaren aztarnak). Erabiltzen zituzten gainerako tresnak eta armak ezezagunak dira. Hortaz, kulturaren eta jokaeraren inguruko hainbat eta hainbat alderdien azterketarako mugak handiak dira guztiz.
Garai hartatik gaur egunera iritsi diren tresna gehienak harrizkoak dira. Goi Paleolitoan izugarrizko bizkortzea izan zuten aurreko aroetan erabiltzen ziren tresnagintza teknikek. Bizkortze hori eragin zuten gertakarien multzoari leptolitizazio prozesua (edo tresnei hosto itxura emateko joera) esaten zaio: harri xafla edo mikroxaflazko tresnak nagusitu ziren (aurreko aroetakoak baino luzeagoak, estuagoak eta arinagoak,xafla motakoak), eta era askotako harrizko tresnak sortu ziren hari eskerrak. Harrizko tresneria arindu eta txikiagotu egin zen, oro har. Beraz, tresnak gero eta ugariagoak eta hobeak ziren, eta ondorioz egokiagoak zituzten betekizunetarako. Le Moustier aldian erabiltzen ziren tresnez gainera (karrakailuak eta ebakigailu horzdunak, eta gutxiago, gutxi landutako ertzak edo bi aldekoak), karrakak, gubilak, zulatzaileak edo bizkardun muturrak, erabiltzen ziren, besteak beste, Goi Paleolito aroan.
Hezurrezko tresnagintzak aurrerabide handia egin zuen Goi Paleolito aroan, Madelein aldian batez ere. Gai organiko ugari erabiltzen hasi ziren (ez bakarrik hezurra) tresnak eta objektu apaingarriak egiteko; gai horien artean aipagarri dira, izan zuten garrantziagatik, zerbidoen adarrak. Gai inorganikoz landutako apaingarriak ere aurkitu dira, hezurrezko tresnak egiteko erabiltzen ziren teknikekin eginak. Arte mugikorra esaten zaion arte motako aztarnak ere badira.
Paleolito aroko bizilekuen antzinatasuna aztertzeko prozedura absolutuez gainera (karbono-14 eta beste batzuk), baliabide tipologikoak erabiltzen dira gehienbat.
Goi Paleolitoko aldi bakoitzeko harrizko eta hezurrezko tresna sail bat izaten da garai horren adierazgarri, geologian "fosil zuzendari" kontzeptua erabiltzen den moduan.
Châtelperrongo punta, esaterako, Châtelperroniar aldiaren adierazgarri izan ohi da, sardexkadun azagaiak lehen Aurignac aldikoak, Noaillesko zulakaitza edo Gravette punta Gravette aldiarenak, ertz lauko harrizko tresnak Solutre aldiarenak eta azagaiak, hagaxkak eta, batez ere, arrankaziak Madelein aldiko faseenak, hurrenez hurren. Dena dela, salbuespenen bat edo beste eginda, aldiaren adierazgarri horiek ez dira behin betikotzat hartu behar, izan ere, egiaztatu ahal izan da tresna asmatu zenetik arkeologia zerrendatik desagertzen den arteko denbora tartea luzeagoa izaten dela ezaugarritzen bide duten aldia bera baino.
Gizakiaren eragina ingurunean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Goi Paleolito aroan espezializazioa gero eta handiagoa zen gizakien zenbait jardueratan, harrapatzaile ziren aldetik batez ere. Dena dela, prozesu hori testuinguru zabalean hartu behar da kontuan, hau da, historiaurreko taldeak bizirik irauten ahalegintzen ziren eta izadiko baliabideak eskuratzeko zuten ahalmenaren mende zeuden erabat. Ehiza, arrantza, itsaskiak harrapatzea, barazkiak biltzea (fruituak, sustraiak, azalak, hostoak, belarra, abarrak), ura gordetzea, harrizko eta hezurrezko lehengaiez hornitzea, eta antzeko jarduerez gainera, lehengai horiek jateko prestatzea, bizilekuak egokitzea, tresnak lantzea, eta abar egin behar izaten zuten garai hartako gizakiek.
Giza talde horien jardueren espezializazioa Goi Paleolito aroan bizkorra izan zen oso. Bestalde, ez da gauza segurua aldaketa tekniko eta ekonomiko horietara izadiak berak baldintza ekologiko gogorren bidez bultzatu ote zituen; seguruagoa dirudi, dena dela, aztarnategien ingurua ustiatzeko moduaz gero eta ezaupide gehiago zituztela esatea. Goi Paleolitoko ehiztari-biltzaile taldeen espezializazioak zenbait emaitza izan zituen; atal honetan adibide batzuk aipatuko dira. Harrizko tresnagintzari dagokionez, suharra ez beste lehengaiak gero eta gutxiago erabiltzen ziren (kuartzita, kuartzoa, hareharria, kareharria, burdin harria, erupzio harria); gai horiek, dena dela, Erdi Paleolito aroan garrantzizko gaiak ziren tresnagintzan. Ustiaketa mota berriak sortzeak eta ustiaketarako eremuak mugatzeak kultura desberdinak eta tresnagintza tradizio berriak ekarri zituen ondorioz.
Zeharo aldatu zen hezurrezko tresnagintza (harrizkoa baino askoz gehiago); tresna mota berriak agertu ziren, eta mota bakoitzak bere funtzioa zuen (nahiz eta ez dakigun zehazki zertarako erabiltzen zituzten).
Espezializazio hori nabarmena izan zen apodunen ehizaren alorrean. Goi Paleolito aroko lehen garaietan aldian adiko ehiza egiten zen, hau da, ehizatuko zen animalia mota, adina edo sexua ez zen aurretik hautatzen: bobido handia (bisontea/ uroa), oreina (elur-oreina Ipar Euskal Herrian), zaldia, sarrioa, ahuntza eta beste hainbat animalia mota era anarkikoan harrapatzen ziren Aurignac edo Gravette aldietako mailetan. Solutre aldian eta Madelein aldian erabat aldatu zen, ordea, egoera hori: oro har, Goi Paleolito aroko azken aldiko mailetako aztarnen bi herenak animalia mota bakar bati dagozkio eta inguruko biotopoaren araberakoak dira (elur oreina Ipar Euskal Herrian; Hego Euskal Herrian, aztarnategiaren topografia erregularra denetan oreina eta harkaiztsuetan basahuntza/sarrioa). Bestalde, aldi horietan animaliaren sexua edo adina ere kontuan hartzen zirela ikusi ahal izan da (Ekaingo aztarnategian egindako azterketa arkeozoologikoek, esaterako, hala adierazten dute).
Dena dela, ehizarako estrategia aldaketa horrek ez zuen segur aski inguruaren gaineko presio ekologikoa handitu; izan ere, ustez, inguru bakoitzean ugarien ziren animalia motak ehizatzean oinarritzen zen estrategia hura. Zenbait animalia motaren desagertzea ingurugiroaren aldaketei dagokiela onartzen da eta ez haien gainean egindako presio ekonomikoaren ondorioz. Itsas soinbera mota askorekin, ordea, ez zen hala gertatu; kostaldeko giza taldeek horrenbeste harrapatu bide zituzten ezen soinberen maskorrak gero eta txikiagoak baitziren Madelein aldian.
Aurkitu diren aztarna arkeologikoen ezaugarriek, ordea, muga handiak dituzte gai honen inguruko interpretazioa egin ahal izateko. Landareak, dirudienez, garrantzi handikoak ziren talde haien elikaduran.
Dena dela, barazki horien aztarnak ongi gorde ez direnez gero, ez dago datu zehatzik Euskal Herrian Paleolito aroan zenbat landareki hartzen zen jakiteko.
Kultura ereduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Goi Paleolito aroko giza taldeen kultura jokabideak ezin dira zehaztu arestian aipatu diren arazo berarengatik, kontserbazio arazoengatik alegia. Denborak ez ditu errespetatzen, oro har, egurrezko edo harri bigunezko aztarnak, eta are gutxiago garai hartako taldeek izan zituzten kulturaren alderdi aldakorragoak (hizkuntzak, ohiturak, errituak, pentsamendua, mitoak, estetika edo musika). Kulturaren alderdi horiek, bestalde, behin eta berriz agertu dira Goi Paleolito aroaz geroztiko giza talde guztietan.
Kultura jokaeretan mendez mende irauten duen tresna edo egitura bat erabiltzen denean bakarrik eduki daiteke jokaera horiek ezagutzeko aukera. Gaur egun gizarte "primitibo" deituetatik jasotzen diren zeharkako etnografia lekukoetan oinarritutako iritziak uste hutsa dira, funts gehiago edo gutxiagoko usteak.
Hizkuntzari dagokionez, Goi Paleolitoko gizakien (Gizaki Modernoak esaten zaie) hezurren eta ahoko eta faringeko zati bigunenen itxuraren arabera ondoriozta daiteke garai hartan ebakera osoko hizkuntza erabiltzen zutela; dena den, ez da ezagutzen hizkuntzaren inguruko zehaztasun gehiagorik. Euskal Herriari dagokionez, euskararen oinarri historikoak garai hartakoak direnik esateko ez dago daturik, zenbait ikerketen arabera, ordea, badirudi historiaurre girokoa dela euskararen jatorria.
Bada garai hartako giza taldeen kulturaren inguruko ezaugarri bat gutxi ezagutzen dena, musika hain zuzen; Isturitzeko aztarnategian (Gravette aldikoa), esaterako, hezurrezko txirula txiki batzuk aurkitu dira.
Euskal Herrian ez da aurkitu Goi Paleolito aroko ehorzketarik, baina garai hartako lan artistikoetan oso ondo agertzen da orduko pentsamenduaren eta estetikaren unibertsoa. Labarretako artea lan honetako beste atal batean aztertuko da zehatz mehatz; atal honetan, beraz, arte mugikorraren aipamena besterik ez da egingo.
Materia organikozko (hezurrak eta adarrak) edo inorganikozko (harria, batez ere) euskarri askeetan lantzen zen arte mota hori. Euskal Goi Paleolito aroan gero eta garrantzi handiagoa izan zuten gauzaki horietan grabatzen ziren irudi figuratiboek eta eskematikoek. Aurignac aldian ez zuten garrantzirik izan ia, baina Erdi eta Goi Madelein aldian irudi gehiago eta teknika hobeaz egin ziren; hala erakusten dute, esaterako, Isturitzeko aztarnek (Bolinkoba, Santimamiñe, Urtiaga, Ekain, Torre edo Bourrouillako aztarnak ere aipagarriak dira, besteak beste). Oro har, irudi artistikoak funtzio zehatza duten gauzakietan agertzen badira ere (hagaxkak, azagaiak, mailuak, makil zulatuak, etab.), aurkitu dira zenbait objektu helburu estetikoen arabera eginak bide direnak.
Teknikak eta langaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasiera beretik gizakiaren jarduera horri dagozkie, besteak beste, gaur egun hainbat teknikaren emaitzatzat jotzen ditugun gauzak: pintura, grabatua, erliebea eta baita eskultura ere. Langai mota orokorrari dagokionez ere bi alderdi bereiz daitezke: arte higikorra eta labar-artea.
Tresna higikorrak harrizko xafla gainetan edo errekarrietan aurkitzen dira, baina baita hezur, adar eta marfilezko gaietan ere. Batzuetan, Paleolitoko eskulangilea, lan-tresnen gainean –esate baterako, azagaietan eta arpoietan– eginiko irudi ez-figuratiboetara mugatzen zen. Adituek azpimarratzen dute komeni dela harrizko tresnen langintza eta hezurrean landutako ebakiduren artean bereizkuntza egitea; ohartaraziz, sarritan, erretenak, askak edo ebakidurak ez direla izaten arte-adierazpenak, baizik eta tresnaren eraginkortasunari baino ez dagozkien langaiaren ezaugarriak.
Estetikako jarduera baten hasiera zintzilikarioetan eta lan tresna ez diren bestelakoetan errazago suma daiteke; batzuetan harrian landuak diren arren, sarriagotan hezurrezko xafla eta zatietan, edo harrizko, hezurrezko, adarrezko edo bolizko iruditxoetan ere landuak izaten direnetan.
Kobazuloetako hormetan eginiko labar-artea pinturak ala grabatuak izaten dira. Badira erliebeak ere, baina ezohikoagoak dira. Erliebe kasu bakan haietako bat Izturitzen agertzen zen.
Formak eta irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Paleolitoko gizakiak diseinaturiko formen artean badira figuratiboak eta ez-figuratiboak, arte higikorra nahiz hormakoa izan.
Figuratiboen artean –maizenik azaltzen dira– garai hartako zenbait abereren irudiak dira: bisonteak, zaldiak, oreinak, elur-oreinak, basahuntzak, uroak eta abar. Ia inon ez da giza irudirik azaltzen.
Ez-figuratiboak direnen artean ugaritasun handia dago eta ia beti nekez ulertzen dira. Luzetarako lerro soilak, sigi-sagan eginiko okerrak, ondulatuak, izar irudizkoak, hiruki itxiak, erronboak, obaloak, laukiak, eta abar.
Haitzuloetako artelanen daten arazoa konpontzeko bide eraginkorrak bilatuz, Historiaurrearen ikerlariek arte higikorrarekin loturak egiteko ahalbideak azaldu izan dituzte beti; zeren eta, haiek datatzea errazagoa da, aztarnategiko geruzetan, delako geruza data dezaketen beste gai batzuei loturik azaltzen baita eta, horren ondorioz, beraien data ere jakin baitaiteke.
Hormetako irudiak, aldiz, aztarnategiko geruzetatik aparteko hormetan daude, eta margotu edo grabatu zituzten ertilariak Goi-Paleolitoko edozein garaitakoak izan daitezke. Hortik dator, bada, arkeologoek –eta haien artean, batik bat, Henri Breuil ospetsuak– betidanik bi arte modu horien arteko erlazioa ikusteko izan duten interesa. Baina, metodo hori oso eztabaidatua izan da. Bi arte jarduera horien arteko kronologia paraleloak ez du ia inoiz ziurtasunaren bermerik eskaintzen. Desberdintasun hori, ziur asko, honegatik da: plastika adierazpen horin izaera ez da izan estetikazko sen hutsezko emaitza, baizik eta gaurdaino ziurtasunez ezagutzen ez diren arrazoi sakonago batzuen ondorioa. Horrek guztiak pentsarazten du arte higikorraren eta labar-artearen helburuak eta asmoak desberdinak zirela.
Aldiak, estiloak eta kronologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hala eta guztiz ere, arkeologorik ospetsuenak saiatu dira paleolitoko artearen hainbat zatiren ezaugarriak zehazten, kronologia prozedura bat finkatzeko baliozkoa izan dadin. Henri Breuil saiatu zen sistema bat lantzen. Argudio tekniko eta estilistikoetan oinarriturik, bi ziklotako prozesu bat asmatu zuen: bata, Aurignac-Perigord eta bestea, Solutre-Madeleine aldia.
Egun, Historiaurrea ikertzen dihardutenek André Leroi-Gourhanen irizpidea onartu nahiago izan dute, hau da, oinarrizkoena ez da beti antzinakoena izaten, eta orokorrean Historiaurrearen ikertzaile ospetsu hark finkaturiko sistemari jarraitzen diote. Horretarako, ez zen labar-arteaz baizik baliatu, baita arte higikorraz ere.
Leroi-Gourhan estiloaren zenbait egitura-faktore hautatzetik hasi zen; hain zuzen ere, kokatze, konposatze, artikulatze eta animatze faktoreetatik.[3] Segida horri bigarren mailako beste osagai batzuk erantsi zizkion. Eta haietaz guztiez baliaturik, ehunka arte-laginen ikerketari aplikatuz eta arte ez-figuratiboaren lehen aldi bat ziurtzat hartuz, lau talde edo estilotan zatitu zituen:
- I. estiloa (Aurignac kultura, K. a. 30.000-27.000) oso mugaturiko segida, estilo zakarreko sexu ezaugarrien irudi eta sinboloena.
- II. estiloa (Solutre aldiaren hasiera arte irits litekeena, 25.000-18.000) giza irudietan, animalia-iruditxoetan eta arte higikorretan aberatsa den aldia, esaterako, Izturitzeko kobazuloa; zalantzarik gabeko labar-artearen lehen lanak azaltzen dira: batzuk, naturalista joerakoak eta estilizazio alderakoak, besteak; irudiak, animaliaren lepoa eta bizkarra eta bere espeziea ezagutzeko xehetasunak adierazten dituen marra guztiz oker baten gainean eginda daude; adar eta adajeak guztiz ertzetara edo aurrez aurre (perspective tordue) azaltzen dira, aldiz, behealdera xehetasunak desagertu egiten dira[4].
- III. estiloak (Solutre eta Erdi-Madeleine aldia, 17.000-13.000) II. estiloaren ezaugarri batzuk gordetzen ditu, baina teknika landuagoz eginak dira. Zaldiek gorputz luzexka dute (Ekain). Bisonte, zezen eta ahuntzetan aurrealdearen lodiera handiagotu egiten da; hankak xehetasun handikoak dira, apoak eta azazkalak ere markatuak, baina normalean motzak dira eta horrek animaliak altura txikikoak eta lodiera handikoak zirela azaltzen du; batzuetan, horregatik hitz egin izan da puzturiko animaliez. Adar, adaje eta azkazalak hainbat ikuspegiren arabera azaltzen dira, perspective semi-tordue moduan, halaber[4].
- IV. estiloa (Azken-Madeleine aldia, 13.000-9.000) irudien ertza argazkietako errealismotik hurbil dago, halakoxe maiztasun batez: adar, adaje eta azazkalak perspektiba arruntean adierazita daude eta irudiak lantzeko moduetan kodifikazioak eta abar azaltzen dira. Gutxi gorabehera, Paleolitoko labar-artearen % 78 aldi horretakoa da.[5]
Leroi-Gourhanen ustez, lau estilootako bakoitza aldietan bana daiteke (antzinako aldi, berri...) eta guztiak, Henri Breuil-ek izendaturiko Madeleine aldiko guztiekin identifika daitezke, gutxi gorabehera. Arkeologoek gaur egun Leroin-Gourhanen zatiketa moduari eusten badiote ere, ez zaie kritikarik falta izan.[6]
Aztarna antropofisikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ontzat hartu izan da Europako mendebaleko Goi Paleolito aroko gizakiak tipo modernokoak zirela (lehen Cro-Magnon esaten zitzaion). Euskal Herrian bildu diren datuek, ordea, ez diote datu handirik eransten Erdi Paleolito = Neanderthal versus Goi Paleolito = moderno dikotomiaren eztabaidari.
Urtiagako D mailako (Madelein aldi aurreratua) aztarnen inguruko eztabaida datazio absolutuen bidez argitu da duela gutxi; horren arabera Urtiagako garezurraren aztarnak Kalkolito arokoak dira, lehen uste zena baino geroagokoak alegia.
Gatzarriako (Zuberoa) aztarnategiko Cbci-Cbf mailan (Antzin Aurignac aldia), giza hagin bat aurkitu da. Beraz, aipatutako aztarna horien guztien arabera Euskal Herrian Goi Paleolito aroko giza aztarna gehienak Isturitzeko (Nafarroa Beherea) aztarnategian aurkitu dira. Haitzulo horretan (E. Passemardek eta R. eta S. de Saint-Périerrek indusi zuten, hurrenez hurren) ehunen bat gizaki aztarna topatu dira; aztarna horiek bederatzi multzotan banatu ohi dira, kronologikoki aldi desberdinei dagozkienak, Aurignac aldi tipikoa, Gravette, Solutre eta Madelein aldiak hartzen dituztenak.
Aipagarria da, bestalde, giza aztarna horien artean garezur eta masailezur kopurua handiagoa izatea beste hezur luzeagoak eta giltzadurak baino, azken horiek baitira ondoen irauten duten giza hezurrak (dena dela, kopuru desberdintasun horretatik ezin atera daiteke ondoriorik, izan ere, indusketetan argi eta garbi gizakien aztarnak zirenak soilik jaso ziren segur asko).
Isturitzeko aztarnategian aipatzekoa da bildutako zenbait giza aztarna erabilita daudela.
Duela gutxi egindako azterketa baten arabera ikusi da gizaki hezur horiei haragi puskak kendu eta manipulazioak egin zitzaizkiela, irudiak grabatu, esaterako. Azterketa horretan bertan bi hipotesi aipatzen ziren: kanibalismoarena batetik, elikatzeko edo errituetarako egiten zena, edo ehorzketa unean gorpuari haragia kentzen zitzaionaren hipotesia bestetik.
Lezetxikiko III. mailan aurkitutako Neanderthal motako haginek azterketa sakona beharko lukete. Izan ere, maila hori Antzin Aurignac aldiari dagokiola baieztatu ezkero, arestian aipatutako dikotomia klasikoaren kontrako aurkikuntza berria izango genuke esku artean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Joseba Andoni Lakarra Andrinua "Ná-De-Ná", Uztaro 31 (1999), 15-84
- ↑ Gezuraga, Xabier. (2019-02-11). «El río del tiempo: Armintxe, paleolithic sky culture» El río del tiempo (kontsulta data: 2019-09-22).
- ↑ Leroi-Gourhan, André.. (1984). Arte y grafismo en la Europa prehistórica. Istmo ISBN 8470901451. PMC 434651871. (kontsulta data: 2019-09-22). Ikusi bere sistemaren laburpen bat Delporte, Henri.. (1990). L'image des animaux dans l'art préhistorique. Picard, 64 or. ISBN 2708404040. PMC 23262726. (kontsulta data: 2019-09-22).
- 1 2 Beltrán Martínez, Antonio, 1916-2006.. (1982). Rock art of the Spanish Levant. Cambridge University Press ISBN 0521245680. PMC 8052289. (kontsulta data: 2019-09-22).
- ↑ Ikusi Leroi-Gourhanen sailkapen honen laburpen bat Eduardo RIPOLLen, (Paris, 1989, “Historia 16”), 104-114. or.
- ↑ Ikus, “pentsamendu tradizionalen krisialdia” hau, Beltrán Martínez, Antonio, 1916-2006.. (1989). Ensayo sobre el rigen y significación del arte prehistórico. (1. ed. argitaraldia) Universidad de Zaragoza, 33-37 or. ISBN 8477331367. PMC 22243510. (kontsulta data: 2019-09-22).
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/9/1 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.